08/09/2018

Reportage
«AUZOAN JOKOZ KANPO»
Judimendiko gazteek auzoan ireki duten joko aretoaren eragina ikertu dute

Gasteizko Judimendi auzoko Gazte Asanbladak egindako txostenaren ondorioetan agertzen denez, joko aretoak herritarren menpekotasuna bultzatzea du xede. «Ez da prezio baxuak eta musika alaia dituen taberna atsegina, jokoaren normalizazioa baliatuz, gutxien daukagunoi menpekotasuna sortu eta daukaguna lapurtzearen ondorioz dirutza irabaztea helburu duen lokala baizik».

Ion Sagado
0908_jokoa1

Gasteizko Olagibel kalean dagoen joko aretoa «ez da prezio baxuak eta musika alaia dituen taberna atsegina, jokoaren normalizazioa baliatuz, gutxien daukagunoi menpekotasuna sortu eta daukaguna lapurtzearen ondorioz dirutza irabaztea helburu duen lokala baizik». Horixe da Judimendiko Gazte Asanbladak argitaratu berri duen txosten baten ondorioetako bat. Argitaratutako lanak “Auzoan jokoz kanpo. Joko aretoaren inguruko hainbat argipen” du izena eta 2017ko azarotik 2018ko martxora bitartean egin zuten auzokideen laguntzarekin.

«Ireki zutenean ikusi genuen ludopatia sortzen zuela joko aretoak. Ez genekien zer eragin izango zuen auzoan, ezta nola eragingo zigun gazteei ere», azaldu du Ion Uriarte Judimendiko Gazte Asanbladako kideak. Egoera berriari aurre egiteko, gazteek ikerketa bat habian jartzea erabaki zuten. «Fase ezberdinetan antolatu genuen. Hasi ginen inkestak egiten auzokideei, tabernariei eta baita joko aretoko lankide ohiei ere. Eta gero behaketak egin genituen. Lokalera joan eta bertan pare bat orduz egoten ginen, lasai-lasai», nabarmendu du.

Lanaren ondorioetan agertzen denez, auzokideek jokoa gizarte arazo bat dela uste dute, «batez ere, gazteoi eta helduei eragiten diguna». «Jokatzea, dirua jokatzea zein makinetan jokatzea, gaizki ikusita dago auzokideen artean. Judimendiko auzotarrek arazo bat bezala ikusten dute, gero eta jende gehiagok jokatzen baitu», azaltzen dute Gazte Asanbladatik, makinak bezeroengan menpekotasuna sortzeko eginda daudela ohartaraziz.

Bezero gazteak

Bezeroei buruz, txostenean diru iturri baxuko bezero ugari daudela nabarmentzen da. «Auzokide askok tabernatzat hartzen dute, baina ugariak dira ere jokoan aritzeko hurbiltzen diren bezeroak», azaltzen da txostenean, eta adin tarte guztietako bezeroak joaten direla nabarmentzen da, «baita 18 urtetik beherako gazteak ere». Hurbiltzen diren gehienak gizonezkoak direla ere azpimarratzen da. «Gazte eta etorkin kopuru handiak biltzen direla nabarmendu behar da. Horiek ohiko jokalariak dira», dio Gazte Asanbladak.

Gazteen presentzia nabarmentzen da batik bat ikerketan: «Langile ohiek zein joko aretoa gertutik ezagutzen duten bezeroek helarazi bezala, gazte asko bertaratzen dira jokatzeko asmoz –18 eta 35 urte bitartekoak batez ere–, gizonezkoak gehiengoa izanik». Eta, dirudienez, gazteen artean, taldean jokatzeko ohitura dago. «Apustu txikiak egiten dituzte hainbat lagunen artean, eta joko aretoan denbora ugari ematen dute aisialdiaren parte bezala. Inkestek diotenez, jokoak gazteongan eragin kaltegarria dauka eta jokoarekiko menpekotasuna geroz eta nabariagoa da».

Eta joko aretoak eragina du auzoan bertan ere. Izan ere, Judimendiko Gazte Asanbladak egindako ikerketan azaltzen denez, «Olagibel kaleko tabernetan eragin kaltegarria izan du batez ere, joko aretoen kate handien prezio baxuei eta ordutegi zabalari aurre egitea oso zaila baita. Auzoko bi taberna itxi behar izan dituzte».

Gazteek honela azaltzen dute egoera: «Lokaleko atean jarritako agiri batean ikus daitekeen bezala, astean zehar 06.00etan irekitzeko eta 01.00etan ixteko lizentzia dauka joko aretoak, hala ere, ordutegia ez dute betetzen. 05.00etan zabaltzen dute eta 03.00etan itxi, eta asteburuetan ere gauza bera gertatzen da. Sukaldariak 03.00ak baino lehen heltzen dira; eta aretoa 03.00etatik 05.00ak arte soilik ixten dute. Bi ordu horiek garbitzeko erabiltzen dituzte, eta une horretan bezeroak jokatzen ari badira, barruan gelditzeko aukera ematen diete».

Langileen baldintzak

Langileen baldintzei dagokionez, «joko aretoan lan baldintza prekarioak» dituztela azaltzen da txostenean. «Batetik, tabernari laguntzaile kontratuak sinatzera behartzen dituzte, baina, gero, tabernarien eginkizun berdinak dauzkate. Eta kontratuetan zehaztutako orduez aparte, ordu estrak sartzen dituzte, nahiz eta askotan ez dizkieten ordaintzen. Bestetik, kontratuan sinatutako soldata ez diete esandakoan ordaintzen. Hilabete hasieran kobratu beharko luketen arren, atzerapenarekin egiten dute beti eta langileak ibili behar dira euren soldata exijitzen».

«Lan baldintza kaskar hauen ondorioz langile askok taberna uztea erabaki dute, eta, gaur egun, lan bera egiteko hasieran kontratatuta zituzten langileen erdia dituzte kontratatuta. Gainera, jasaten duten kontrola ikaragarria da. Izan ere, lokal guztia kameraz beteta dago, bezeroak eta langileak kontrolatzeko. Azkenik, langile emakumezkoek behin baino gehiagotan jasan behar izan dituzte bezeroen jarrera matxistak, emakume izate hutsagatik», diote ikerketan Gazte Asanbladako kideek.

Halaber, joko aretoaren irekierak auzoan kontrol soziala «areagotzea» ekarri duela diote: «Hainbat auzokideren esanetan, joko aretoaren inguruetan liskarrak gertatu dira, eta, aitzakia hori erabilita, presentzia poliziala handitu dela ikusi dugu. Gainera, ondoriozta dezakegu presentzia hori handitzeak ez duela auzokideak kontrolatzeaz aparte bestelako helbururik, izan ere, jakin badakigu droga trafikatzaileak ibili izan direla tabernan eta inguruetan euren negozioak egiten lasaitasun osoz».

«Judimendiko Gazte Asanbladak eraikitzen duen auzo bizitza ereduarekiko guztiz kontrajarria da joko aretoak ordezkatzen duena: enpresa handia, langileen esplotazioa, harreman inpertsonalak, jokoak eragiten duen menpekotasunaren ondorioz ematen den bezeroen zapalkuntza, taberna txikiei konpetentzia desleiala, kontsumoan, indibidualismoan eta menpekotasunean oinarritutako eta batez ere mutil gazteei zuzendutako ‘aisialdi eredu’ berria…», salatzen dute txostenean. «Honen aurrean auzokideok daukagu hitza, eta Judimendiko Gazte Asanbladak argi dauka berea: joko aretoa auzoan jokoz kanpo!», ondorioztatzen dute gazteek.

Etorkizunera begira orain lana auzoan zabaldu nahi dutela azaldu du Ion Uriartek Gazte Asanbladako kideak. Txostena zenbait tabernetan eskuragarri dago, eta beraien helburua da datozen hilabeteetan gaia lantzea. Elkarte ezberdinekin hitzaldiak emateko prest daude eta Azpeitiko auzokideekin ere harremanetan jarri dira egindako lana partekatzeko, izan ere, udan zehar joko areto baten irekieraren aurkako protestak izan dira bertan.

Gazte Asanbladak egindako lanean jasotzen denez, Judimendiko auzokideek jokoa «gizarte arazo» bezala ikusten dute, eta kezkatuta daude «gero eta jende gehiagok» jokatzen duelako

Joko aretoko langileek «lan baldintza prekarioak» dituztela salatzen da gazteek argitaratutako txostenean: ordaindu gabeko ordu estrak, soldata kobratzeko atzerapenak...