joseangel.oria@gaur8.info
FUKUSHIMA

Orria pasatzeko Japoniako Gobernuaren presak kontrako jarrera eragin du

Marrazki bizidunetatik ateratako zerbait dirudi Sun Child estatuak. Egileak itxaropena transmititu nahi zuen, istripu nuklearra eta gero Fukushima normaltasunera itzultzen ari dela, baina egoera zein den ezagutzen duten herritarrei ez zaie batere gustatu: batzuei, beldurra ematen dielako; eta besteei, gezurretan ari delako.

Abuztuaren hasieran jarri zuten Japoniako Fukushima hirian Sun Child izeneko estatua, eta «lehenbailehen kenduko» dute, Hiroshi Kohata alkateak jakinarazi duenez. 2011ko martxoko lurrikara, tsunamia eta istripu nuklearra atzean geratzen ari direla adierazi nahi zuen artelanak baina zatiketa besterik ez du eragin, eta azkenean udal agintariek atzera egitea erabaki dute. Herritarren kontrako iritziek agintarien erabakia aldatzea lortu dute beste behin.

«Berreraikuntzaren ikurra izan behar zuen estatua ikusgai edukitzea ezinezko iruditu zitzaidan herritarrak gai horrekiko zatituta baldin badaude», esplikatu zuen Hiroshi Kohata alkateak. Plazaratu zuen agirian barkamena eskatu zien lanak min egin dien herritar guztiei.

Sei metroko altuera duen estatua abuztuaren hasieran inauguratu zuten. Ume bat da obraren protagonista eta erradioaktibitatearen aurkako jantzi bat darama; kaskoa esku batean, airea dagoeneko garbi dagoela adierazi nahian; eta eguzki bat bestean, itxaropenaren ikur moduan. Jantziaren aurreko aldean, pantaila bat “000” zenbakiekin, erradioaktibitaterik ez dagoela nabarmentzeko.

Interneten erabiltzaile batek baino gehiagok esan zuen estatua ez zela egokia, asmo gaiztokoa zirudiela, eta Fukushimaren izena berreskuratzeko bidean ez duela batere lagunduko. «Sun Child ikusi dut eta beldurra ematen duela esan behar da. Herritar guztiok barregarri uzten gaitu. Fukushimak bere irudi txarra garbitzeko egin duen lana ere barregarri utzi du», idatzi zuen bere Twittereko kontuan herritar batek. «Fukushimak duen fama txarrarekin, egokiena instalazio hori ezabatzea izango litzateke», idatzi zuen beste batek.

Kenji Yanobe egileak jakinarazi du bere asmoa mezu positibo bat plazaratzea zela. «Etorkizunerako itxaropen dirdiratsua erakustea zen nire asmoa, zerura begira ageri den begi handiko ume horren bitartez», idatzi zuen bere webgunean estatuak polemika eragin zuela jakin zuenean. Hiru orrialde bete zituen orain aste batzuk, bere lanaren inguruko esplikazioak emanez. Estatua kentzeko erabakia deitoratu egin du orain, baina nahiago du horrela izatea, bere lana eztabaidaren erdian edukitzea baino.

Jantziaren aurreko aldean, pantaila batek “000” zenbakiak erakusten ditu, erradioaktibitaterik ez dagoela esanez. Baina hori egia bihurtzetik oso urruti dago oraindik ere, Greenpeace talde ekologistak egin dituen neurketen arabera. Mizue Kannori Fukushimako herritarren laguntzarekin kaltetu askorekin hitz egiteko aukera izan zuten. Mizue Kannori berari, bere familiari eta milaka laguni erabat aldatu zaie bizitza istripu nuklearraren eraginez.

Kazue Suzukik eta Shaun Burniek sinatutako artikuluan makina bat etxe, baso eta soroetan egindako neurketen berri eman zuen Greenpeacek. Ondorioa, oso garbia: hamarkadak beharko dira gizakiak Namie eremu menditsura itzultzeko moduko erradiazio mailak izan arte. «Baina gu Namien ikertzen ari ginen bitartean, Gobernuak errepide nagusi bat zabaldu zuen bertan, 114 bidea», salatu dute ekologistek. Errepide horren eraginez, jendea autoarekin pasatzean geratu egiten da eta bada sekulako erradiazio maila duten tokiak bisitatzen duenik ere.

Namieko etxe batetik metro batera 11 mikrosievert orduko neurtu zituzten, eta, 10 zentimetrora, 137, «hau da, istripu nuklearra izan aurretik zuten maila baino milaka aldiz gehiago». Etxe horren kanpoko aldean egonda, sei egunetan gizaki baten gorputzak urte osorako gomendatutako mikrosievert kopurua hartuko luke, «hala ere, bi lagun lanean ari ziren etxetik hamar metrora, dosimetrorik gabe eta erradioaktibitatearen aurkako jantzirik gabe. Kanno andereak eta gure adituek azaldu zieten horrenbesteko erradiazio mailarekin beharrezkoa zela babes neurriak hartzea».

Hondartzak eta hormak

Obori izeneko lekuan ere egin zituzten neurketak Greenpeacekoek. Aurkitu zuten mailaren arabera, langile batek 1.000 mikrosievert hartuko lituzke hamar egun lanean bertan eginda. «Eremu osoak dauzka erradioaktibitate maila handiak, hemendik ehun urtera ere mehatxu izango direnak. Nola pentsa dezake Gobernuak eremu hau 2023an zabaltzeko moduan egongo dela? Eta garrantzitsuagoa dena, zergatik?».

Erantzuna erraza da, artikuluaren egileek beraiek esan dutenez: Japoniako Gobernuak kosta ahala kosta zabaldu nahi ditu erreaktore nuklearrak (ia guztiak geldirik daude oraindik) eta, noski, kutsaduraren eraginez herrialdean gizakientzako itxita dauden eremu zabalak edukitzea oztopo ikaragarria da agintarien anbizio nuklearrentzat, energia nuklearrak dituen arrisku eta ondorioen etengabeko oroigarria baita.

Anbizio berak bultzatuta, nolabaiteko normaltasuna agertu nahian, uztailaren bukaeran Haragamaobamako hondartza zabaldu zuten agintariek, istripua izan zuen zentraletik 40ren bat kilometrora dagoen lekua. Bertako arduradunek esan zuten aspaldiko neurketetan ez dutela erradioaktibitaterik atzeman, baina itxita eduki zutela erabiltzaileentzako ekipamenduak behar bezala jarri arte.

Hondartzetako erabiltzaileen arazo nagusia, kutsadura atomikoa izan beharrean, tsunamiak izango balira bezala, fenomeno horri aurre egiteko horma erraldoi bat eraikitzeko proiektua egin zuten: 12,5 metroko altuera, 400 kilometroko luzera eta 7.000 milioi dolarreko aurrekontua. Batzuek horma hori itsasertzean edukitzea beharrezkotzat jotzen dute, baina beste batzuek uste dute arrantzaleei kalte egingo diola, eta paisaia ere aldatu egiten duela. Gainera, horma erraldoiak beste arazo bat eragiten du, Akie Abe egungo lehen ministro kontserbadorearen emazteak berak onartu izan duenez: horma hor dela jakinda, herritar askok tsunami oharrei kasurik ez egiteko tentazioa izan dezakete, konponbidea tragediaren oinarri bihurtuz.

«Gauzarik seguruena etxebizitzak eremu garaiagoetan eraikitzea da, eta etxeak eta lanpostuak leku berean ez egotea. Hori eginez gero, ez dugu horma erraldoiaren beharrik», adierazi izan du Tsuneaki Iguchi tsunamiak uraren azpian utzi zuen Iwanuma hiriko alkateak.

Fudai eta Kamaishi herrietan hormak eta tsunamiak menderatzeko beste mekanismoak jarri zituzten abian, hamarkada askotako lanaren ondorioz. Lehen kasuan eragingarria izan zen horma, baina bigarrenean ez, eta Kamaishi inolako babesik gabe geratu zen behar gehien zuenean.

«Garrantzitsuena, bizitza»

Horrenbeste lurrikara eta tsunami izaten dituen herrialdean, makroproiektuak kaltegarriak izan daitezke. Bertako herritarrek badakite hori. Rikuzentakata itsasertzean dago. Takeshi Konno alkateak oso argi du: «Edozer gauza sortuta ere, natura garaile aterako da beti. Horregatik gizakiok naturarekin bizitzen ikasi behar dugu, eta arriskua dagoenean ihes egin. Garrantzitsuena bizitza salbatzea da».