Iñaki Soto

Sinboloak: koloretako lazoak eta zapatilen sutzarra

Sinboloek garrantzi itzela dute politikan eta, ondorioz, sarri gatazka politikoak eremu horretan garatzen dira. Hori guda beste bitarteko batzuen bidez garatzea ere bada. Printzipioz, sinboloena ez da gatazka politikoaren esparru natural edo zentrala, baina gatazka baten adierazle izan daiteke. Azkenaldion, udatik nabarmenago, Katalunian lazo horien inguruan piztu den gatazka horren adibide garbia da. Ez da, ordea, uneotan zentzu horretan ematen ari den gatazka bakarra. Horregatik, ikuspegia zabaltzea lagungarri izan daitekeela uste dut.

Colin Kaepernicken auzia, adibidez, bete-betean sartzen da gatazka sinbolikoen kategorian. Kaepernick futbol amerikarreko jokalaria da. Diotenez, oso ona zen eta etorkizun handia zuen, politikoki nabarmendu zen arte. Partidak hasi aurretik AEBetako ereserkia entzuten zenean belauniko jartzen hasi zen, beltzek jasaten duten jazarpena eta bazterkeria salatzeko. Trumpek jarrera hori antiamerikartzat jo zuen eta neurriak eskatu zituen. Bere taldeak eta hango ligak, NFL delakoak, jokalaria baztertu egin zuten. Ordutik hona ezin izan du jokatu. Kaepernickek NFL auzitara eraman du, talde guztien artean bera baztertzea adostu omen zutelako. Trumpen desioei men eginez, aurten NFLk horrelako keinuak egitea debekatu du eta zigor gogorrak ezarri ditu aldarrikapenak egiten dituzten jokalarien aurka. Futbol jokalariaren bazterketak elkartasun handia piztu du, txima-luzea sinbolo bihurtzeraino. Aldi berean, ordea, bere aurkako zigorrak bere kideen artean beldurra ere zabaldu du.

Aste honetan jakin denez, Nike zapatila eta kirol jantzien enpresak Kaepernick bere kanpaina baten protagonista bihurtzea erabaki du. Erabaki horren lehendabiziko efektuak zitalak izan dira. Alde batetik, Nike etxearen akzioek behera egin dute, nabarmen behera, gainera. Beste aldetik, enpresaren aurkako kanpaina bat piztu da sare sozialetan. Zintzilikatu dituzten bideoetan, WASP delakoak –hau da, estatubatuar zuri, anglosaxoi eta protestanteak– galtzerdietatik Nike enpresaren logotipoa guraizeekin mozten edo zapatilak erretzen ikus daitezke. [Aipamen labur bat, nire kintakoentzat: bideoak ikustea bitxia da guretzat, aspaldi Ipar Euskal Herrian hedatu zen “Nique la Police” kanpaina gogoratzen digulako (https://bit.ly/2oNajdM), logoa erabiltzen zuena].

Enpresa kapitalista global batek askatasunaren aldeko sinbolo bat bereganatzeak beti pizten du polemika gure artean. Batzuentzat jabetze sinboliko horretan sistemaren zitalkeria nabarmentzen da. Besteentzat, sistemak sinbolook bereganatu nahi izatea garaipen mugatu eta partziala da eta hein batean positiboa da. Irakurketa biak zentzudunak iruditzen zaizkit niri.

Edonola ere, Kaepernicken kasuan bere jarrera askatasunaren eta duintasunaren sinbolo bihurtu da. Haren arerioak Trumpekin lotura zuzena dute, eta, ondorioz, honen balioen transferentzia bat ematen da.

Kataluniaren auzian lazoen gatazkak zalantza gehiago eragiten dizkit. Jakina, ez ados ez nagoelako, baizik eta gatazka irabazten edo galtzen ari diren argi ez dudalako. Jatorrian, askatasunaren sinbolo direla argi dago –lazoak, gurutzeak erabiltzea akatsa dela uste baitut–, baina bilakaera honetan gatazkaren sinbolo ere bihurtzen ari dira, gatazka bera desitxuratzeraino. Agian, nire zalantzen parte bat lazo urdinen aroa gogoratzen didalako da. Hartan, beraiek ez zuten irabazi, baina gu galdu ginen. •