Vessela SERGUEVA (AFP)
BULGARIA

Zer eginik ez daukatela, nekez bizi dira ospitale psikiatrikoetako pazienteak

Nahikoa baliabide ekonomiko ez izatearen eraginez, Bulgariako erietxe psikiatrikoetara ez dira oraindik iritsi tratamendu eta joera modernoenak. Martxa honetan, ez dira iritsiko ere, agintariei modernizazioa bultzatzeko inolako borondate politikorik ez baitzaie ikusten. Egungo inbertsioa laukoiztu egin beharko lukete, beste herrialdeen pare jarri ahal izateko.

Kuriloko ospitale psikiatrikoan ehunen bat lagun nekez bizi dira. Sofia Bulgariako hiriburua inguratzen duten mendixken artean kokatuta dago zentroa, gaur egun hondakinez beteta dauden instalazioetan. Bakartuta daude, beharrezkoa duten zaintzarik gabe, gizarteak erabat ahaztuta… Aro komunistan bezala daude, tankerako baldintzetan, Bulgariako gaixo mentalak.

Drozdstoy Stoyanov irakaslea Osasun Ministerioak izendatutako aholkularietako bat da. Bere iritziz, egoera horren arrazoiak oso garbi daude, tamalez: garai batean sobietar blokean zeuden herrialdeen artean, Bulgaria da zaintza psikiatrikoen zerbitzua erreformatu ez duen bakarra.

Gobernuak Europako Psikiatria Elkartea gonbidatu zuen Kurilora bertako egoera azter zezan. Ikuskari lanak egiteko enkargatu zioten elkarteari eta adituek ikusi zutena psikiatriaren joera modernoetatik oso urruti dago, argi-urteetara.

Azken garapen horiek gizartean integratuta dauden egitura askotara iritsi dira, baina Kuriloko pazienteengana ez. Eguna zer egin ez dakitela pasatzen dute, asper-asper eginda. «Ikaragarri arriskutsua da, osasun fisiko zein mentalerako, orduak ezer egin gabe pasatzea», esan dio AFP agentziari Silvana Galderisi elkarteko presidenteak. Bulgariako Gobernuari neurriak hartzeko eskatu dio aditu italiarrak.

Kurilo ez da salbuespen bat. Aro komunistan sortu zituzten herrialdeko ospitale psikiatriko gehienak eta gaur egun 3.000 pertsona inguru bizi dira leku horietan, baztertuta eta beharrezkoak dituzten baliabiderik gabe. Garai hartako propagandak gizarte dirdiratsu bat aurkeztu nahi zuen, eta gaixo mentalen irudiak ez zuen batere laguntzen. Hobe errealitate hori ezkutatuta eduki.

«Paziente hauek botikak, psikoterapia eta berreziketa behar dituzte beren bizitzak berreskuratzeko, baina hain beharrezkoak dituzten zaintza horiek gabe egon behar dute», esan du Galderisik.

Kuriloko instalazioak ospitale izan aurretik biltegi izan ziren. Udan, labea; neguan, hozkailua. Hogei laguneko, bi komun besterik ez. Pazientearena beste inorena ez den leku bakarra metalezko ohea da. Hori bai, ondoan parke berde bat dauka, «baina horrek, besterik gabe, ez du eskizofrenia sendatzen», Tsveteslava Galabova zentroko zuzendariak gogorarazi duenez.

Egoerak, gainera, atzera egin du makina bat arlotan. Garrantzitsuena, seguru asko, pazienteei lan egiteko aukera eskaintzen zien landetxe publikoa itxi izana izango da. Merkatu librearen erasoek hankaz gora bota zuten eta gaixoek ordura arte zuten jarduera sendagarri bakarra galdu egin zuten.

Psikiatren soldatak

Baliabiderik eza bazter guztietan sumatzen da, baita soldatetan ere: psikiatra batek hilean 450 euro kobratzen ditu; eta erizain batek, 250. Herrialdeko 500 euroko batez besteko soldata baino gutxiago da psikiatrek jasotzen dutena. Eta Bulgariako soldatak dira Europar Batasuneko txikienak.

«Ez dauzkat 630 lev (316 euro inguru) pazienteak birgizarteratzeaz arduratuko den gizarte laguntzaile bat kontratatzeko», esan du, haserre, Maya Stoimenova Pleven iparraldeko hiriko klinika psikiatriko unibertsitarioko zuzendariak. «Barregarria eta burugabea» da esku artean utzi dioten aurrekontua.

Gobernuak aurten abian jarri duen egitasmo baten arabera, zenbait establezimendu itxi egingo dira datozen hiru urteetan, eta eguneko zentroak sortu nahi dituzte, teorian pazienteak gizartean hobeto integratu daitezen.

Baina jendartean hain onartuak dauden aurreiritziak ezabatzea ez da hain erraza izaten. «Oso hedatuta dago gizartean estigmatizazio joera, baita medikuen artean ere», Drozdstoy Stoyanoven arabera. Esaterako, Valentin Rdev Barne ministroak duela gutxi, guraso-hiltze kasu baten harira esan zuenez, «gaixo mentalek giltzapean eta zainduta egon beharko lukete». Aurreiritzi horiek ez dira komenigarriak gaixoentzat, jakina!

Nazio Batuen Erakundeko torturaren aurkako batzordeak iaz zentro psikiatriko horietako baldintzak salatu bazituen ere, familia askok leku horietara jo beste erremediorik ez dute, bestelako harrera zentroak eraiki eta abian jarri arte bederen.

Gainera, itxarote-zerrendak ikaragarriak izaten dira egonaldi luzeko zentroetan. Beraz, ehunka pazientek ospitale zaharrean bizitzen jarraitu behar dute, etxera itzuli ezinik baitaude.

«Erailketa bat egin zuen paziente eskizofreniko bat daukat nire ospitalean bizitzen; 23 urte dagoeneko», esplikatu du Kuriloko zuzendariak.

Europako Psikiatria Elkarteak egin duen irakurketaren arabera, Bulgariak beste herrialdeen pare jarri nahi badu, bere osasun aurrekontuetako %10 psikiatriarentzat gorde beharko luke, egungo %1 eta %3 bitartetik pasata. Horretarako, Galderisiren iritziz, «sekulako garrantzia dauka borondate politikoak».

Baina giroa ez dago horretarako. «Ospitalea Sofia hiriburura eramateko eskaera egin genuen, zentroa hirian integratuta egon zedin, baina alkateak esan zigun gaiari buruzko erreferendum bat antolatzea ezinbestekoa zela», esan du etsipen hasperen artean Kuriloko zuzendariak. Proiektua, besterik gabe, gai-zerrendatik desagertu egin zen.