Amagoia Mujika Telleria
INDARKERIA MATXISTA

Defendatzeko erreminta teknikoak eta psikologikoak emakumearen eskura

Arte martzialetan eskarmentu handia duten emakumeek osatu dute «En femenino. Autodefensa científica» izeneko gida. Emakumeek emakumeentzat egina, defentsa pertsonaleko teknikak eta bestelako tresna psikologikoak eskaintzen ditu, eraso matxista baten aurrean biktimak erremintak izan ditzan.

Beldurrari aurre egiten laguntzeko proposamen bat da, espazio publikoei uko egin behar ez izateko eta indefentsio sentipena segurtasun eta sendotasun bihurtzen laguntzeko. Halaxe zehazten du emakumeek emakumeentzat egin duten gidak sarrerakoan.

“En femenino. Autodefensa científica” izeneko gida taekwondo eta hapkido arte martzialetan aritzen diren emakumezkoek osatu dute. Ana Agundez Basterra da egilea, arte martzialetan puntako aditua eta autodefentsa ikastaroetan irakaslea. Argitalpena osatzeko, baina, beste emakume askoren laguntza izan du, guztiak arte martzialen munduan aritzen direnak.

«Federatuak gauden eta defentsa pertsonaleko teknikak ondo ezagutzen ditugun emakumeek egin dugu. Hain justu, defentsa pertsonal fisikoaren inguruan emakumeek egindako lehen gida da. Ezaugarri funtsezkoa da guretzat; teknikoki alderdi garrantzitsua delako. Izan ere, esaten da arte martzialak gizonei lotuak egon direla eta hori ez da egia. Arte martzialetan aritzen garen emakume kirolari asko eta asko gaude. Bai taekwondoan bai hapkidoan –arte martzialen funtsa nolabait– eta baita beste modalitate batzuetan ere kirol emaitza oso onak lortu dituzten emakumeak daude. Gida honetan arte martzialetan adituak eta arituak garen emakumeek parte hartu dugu eta defentsa pertsonaleko zenbait teknika moldatu egin ditugu. Guk urte mordoa daramagu arte martzialetan eta urteotan guztiotan ikusi dugu gure gorpuzkeragatik –ez emakumeak izateagatik, gorpuzkera txikiagoa duten gizonak ere badirelako–, teknika batzuk beste batzuk baino hobe menderatzen ditugula. Hori da liburuaren muinetako bat. Izan ere, liburua ez dago arte martzialetan aritzen direnei zuzenduta, emakumeei zuzenduta baizik; bai arte martzialetan aritzen diren emakumeei eta baita aritzen ez direnei ere».

Oinarri zientifikoa

Behar batetik, errealitate batetik sortu da gida. Indarkeria matxistaren kontra egiteko beharretik. «Guk ezagutza zientifikoa daukagu, arte martzialek milaka urte dituzte-eta. Gainera, kontrastatuta daude eta oinarri fisiko baten gainean egiten dira. Teknikak ez badituzu ondo erabiltzen, ez badituzu zuzen burutzen, ez dute ondoriorik. Eta teknika horien baitan aukeraketa bat egin dugu; emakumeok teknikoki ondoen burutzen ditugun proiekzioak aukeratu ditugu. Bestetik, zientifikoa da eta hori nabarmendu beharra dago. Proposatzen ditugun teknika guztiek oinarri zientifikoa daukate, ez dira burutazioak. Fisikatik, neurologiatik eta beste alor askotatik egindako teknikak dira. Hemen ez da ohikoa arte martzialak eta medikuntza lotzea eta elkarrekin ikertzea, baina arte martzialen jatorrizko herrialdeetan bai. Korean, adibidez, giza gorputza ikasten dutenean presio puntuak ikasten dituzte, zaurgarriak diren puntuak, neuroerrezeptoreak… horrek guztiak lotura zuzena du akupunturarekin. Izan ere, sendatzeko balio duten puntuek, mina egiteko ere balio dute. Gauza hauek guztiak ikasteko denbora behar da eta jarraipena. Hori guztia ez da ordu pare bateko tailer batean ondo jasotzen», zehaztu du Agundezek.

Gidaren abiapuntuan duela bi urte martxan jarritako ekimen bat dago: Red Marcial-Punto Lila izeneko taldea. Arte martzialetan profesionalak diren gizon-emakumeek sortu zuten talde hori eta kalitatezko irakaskuntza ofiziala eskaintzea du helburu nagusia, eraso matxista baten aurrean berehalako erantzun bat ematen irakastea. Emakume taldeei zuzendutako zerbitzua da eta doakoa, irabazi asmorik gabekoa. Udaletatik, kolektibo feministetatik, gobernuz kanpoko erakundeetatik, irabazi asmorik gabeko elkarteetatik eta beste jasotzen dituzte ikastaroen eskaerak. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek ere aukeran dituzte ikastarook, ikasketa kredituen truke. Hartara, gidak, gutxi edo gehiago, ikastaro horietan eskaintzen dituzten teknikak biltzen ditu.

«Zure burua defenda dezakezu»

Ana Agundezen hitzetan, lehen urratsa, garrantzitsuena, emakume batek bere burua defendatu dezakeela sinistea da, kontzientzia hori hartzea.

«Hogei urte daramagu emakumeei autodefentsa pertsonaleko klaseak ematen. Lehen mezua garbia izaten da: zuk zure burua defendatu dezakezu teknika batzuk ikasiz gero. Hortik aurrera, gidak pistak ematen ditu, zenbait teknika emakumeen eskura jarriz, eraso baten aurrean tresna bat izan dezaten».

Taekwondoak eta hapkidoak eskaintzen dituzten teknika desberdinen aukera zabala jasotzen du gidak, eraso fisikoa jasan duenak defendatzeko tresna batzuk izan ditzan. «Ezagutza kontua da. Baita zure burua ezagutzeko bide bat ere. Eraso baten aurrean, beldurrak zer eragin izan dezakeen, arnasa nola alda daitekeen, gorputzak nola erantzun dezakeen… hori guztia identifikatzen laguntzeko tresnak ere eskaintzen ditu. Erasoa gertatuz gero, emakume hori ez dadin blokeatuta geratu».

Rakhel Gutierrez Campesino arte martzialetan aditua eta defentsa pertsonaleko irakaslea da. Bere esanean, «akaso egun zabalduago edo sozializatuago dago emakume batek defendatzeko aukera duela. Aldiz, ez dago hain barneratuta defendatzen ikasteko denbora eskaini behar zaiola ikasketa horri, ezagutza horri».

Agundezek segitu dio. «Guk, emakumeok, eskubide osoa daukagu kalean lasai ibiltzeko, espazio guztietan ibiltzeko, errespetatuak izateko… baina hala ez denean, zer egiten dugu? Zer egin dezakegu? Ni neu duela 30 urte hasi nintzen arte martzialetan, hain justu ere, mugimendu feministaren bueltan. Kalea gurea dela aldarrikatzen genuen, baina sentitzen nuen nik zerbait jarri behar nuela nire aldetik. Eraso baten aurrean tresnak izan nahi nituen eskura».

Emakumeak defendatzeko dituen aukeren gaineko kontzientzia gero eta indartsuagoa dela uste dute gidaren bultzatzaileek. «Guk hamabi bat urte daramagu Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean defentsa pertsonaleko ikastaroak ematen eta talde handiak etortzen dira, hogeita hamar lagunetik gorakoak. Emakume gazteen aldetik, gero eta barneratuago dago defendatzeko eskubidea eta gaitasuna dutela».

Ikastaroak egun batekoak dira, bizpahiru ordukoak. «Horri esker mundu hau ezagutu dezakezu, lehen gerturatze bat egin. Baina beharrezkoa ikusten dugu gero jarraitzea, indartzea. Ni emakume feminista naiz eta lan asko egin behar izan dut –eta egin behar izaten dut oraindik– lanean, etxean, kalean gizarte parekide baten alde. Ba defentsa pertsonalarekin, berdin. Ikastaro batean mundu hori ezagutu dezakezu, akaso imajinatu ere egiten ez zenuena, baina gero praktikatzen jarraitu behar da», iritzi dio Agundezek.

«Pausoa aldatzen dizu»

Zure burua defendatzen erakusteaz gain, mundu horrek beste gauza asko ematen dituela nabarmendu dute. Miren Josune Bezi eskuin hapkidoan federatuta dago. «Nire burua defendatuko dut. Hori pentsatzea da, zalantzarik gabe, indartzeko lehendabiziko urratsa, ahalduntzeko pausoa. Zure burua defendatu dezakezula jakiteak pausoa aldatzen dizu kalean zoazenean. Izugarria da. Segurtasuna ematen dizu eta zure jarrera aldatzen du erabat».

Jarrera horrek erasotzailea tokiz kanpo utz dezake, gainera. «Erasotzaileak egiten duen lehen gauza erasotakoa gutxiestea da. Berak ez du espero erantzun bat izango duenik eta segur aski horregatik egiten dio eraso, gainetik dagoela sentitzen duelako. Horregatik, erantzunik espero ez duelako, erantzuna izaten duenean jokoz kanpo gera daiteke. Gerta daiteke erasoa hor geratzea; eta, jarraitzen badu, badituzu beste tresna batzuk. Autodefentsak segurtasuna ematen dizu, autoestimua, ezagutza… eta, batez ere, zerbait egiteko gai zarela erakusten dizu», jarraitu du Bezik.

Ana Agundezek ere garbi dauka. «Defentsa fisikoa ezagutzen dugun emakumeek daukagun arma garrantzitsuena honakoa da: erasotzaileak ez du inondik inora espero horrela defendatuko garenik. Hori da gure indargune handiena. Guk, gainera, gizonekin entrenatzen dugu eta horri esker badakigu nola erantzuten duten, badakigu gorpuzkera handiagoak nola ahuldu, zein diren puntu klabeak… Horiek dira gure arma nagusiak: ezustekoa, defentsa eta ezagutza».

Beldurraren ezagutza

Ezagutza eta beldurra elkarri lotuta daude. «Oso ikertuta dago estresaren aurrean nola jokatzen duen gorputzak; nola entzumena eta beste gaitasun kognitiboak galtzen joaten garen… Baina gertatu dakigukeen hori gero eta hobeto ezagutu, gero eta aukera gehiago ditugu ondo erantzuteko. Estres egoera batean aurrean zure gorputzak nola erantzun dezakeen ez duzunean ezagutzen, blokeatzeko arrisku handia dago. Adrenalinak gerarazi egin zaitzake. Aldiz, zure gorputzak nola erantzun dezakeen jakinez gero, ez zara hainbeste beldurtzen eta egoera kontrolatzeko aukera gehiago duzu», nabarmendu du Rakhel Gutierrezek.

Hori ere jasotzen du liburuak. Estres egoera batean gorputzak nola erantzuten duen: antsietatea, ikara, dardara, pultsazioak azkartzea, entzumena galtzea, ikusmena ahultzea, garrasi egiteko ezintasuna... «Eraso baten aurrean, hori guztia berdin-berdin gerta dakizuke. Baina hori gertatu daitekeela jakitea, egoera hori ezagutzea, abantaila bat da», nabarmendu du Gutierrezek.

Gidak ezagutza eskaintzen du, pistak. Ez bakarrik alderdi teknikoa bakarrik, baita alderdi psikologikoa ere. «Behin liburua irakurrita erabat seguru sentituko naiz kalean? Tira, hori asko esatea da. Defentsako teknikak barneratzeko praktikatu egin behar da. Baina egia da liburuak leiho bat ireki dezakeela», iritzi dio Gutierrezek.

Ideala, behar ez izatea

Autodefentsarekin segitu beharra, defendatzen ikasten segitu beharra, etsigarria ere gerta daiteke mundua hari parekideagoz josi nahi duenaren begietara. Izan ere, berriro emakumearen gainera erortzen da pisua. Rakhel Gutierrezen iritziz, «ideala litzateke autodefentsarik behar ez izatea kalean lasai eta libre ibiltzeko. Zalantzarik gabe. Baina errealitatea bestelakoa da. Gaur egun, zoritxarrez, beharrezkoa da oraindik. Nahiago nuke arte martzialak zaletasun hutsagatik bakarrik egiten diren eguna iritsiko balitz. Nik hogeita bost urte daramatzat honetan eta gorputzak baimena ematen didan bitartean, segitzeko asmoa daukat. Baina gaur-gaurkoz, nahiz eta erasorik ez gertatzeko lan egiten dugun, oraindik gertatu egiten dira».

Ana Agundezek ere garrantzitsu ikusten du defentsarako tresnak eskuratzea. «Defentsa pertsonaleko teknikak jakiteak beste ikuspuntu bat ematen dizu. Begi gehiago dituzu egoerak ikusteko eta aurreikusteko. Adibidez, ni egunero goizeko sei eta erdietan lanera joaten naiz, oinez, beti toki berdinetik. Baina urteko egun batzuetan desberdin joaten naiz, jende gehiago dabilelako kalean eta badakidalako arrisku gehiago daudela. Ez dudala inoiz beldurrez joan behar? Ados. Ez dudala inoiz adi joan beharra sentitu behar? Ados. Aldatu behar dutenak troglodita erasotzaileak direla? Ados. Baina nik nire tresnak ditut eskura, erasotzaileak egotea ezin baitut ekidin».

Miren Bezik antzeko ikusten du. «Bizitzaren ikuspuntu praktiko bati erantzuten dio. Izaerarekin lotuta dago nire ustez. Nik, adibidez, ez dut eraso larririk jasan –emakume guztiek sufritu ditugun egoera desatseginak gertatu bazaizkit ere–, baina oso pertsona praktikoa naiz eta ikasteko beharra daukat. Eraso bat gertatuz gero, hori kudeatzeko tresnak izateko beharra sentitzen dut. Arazoari, irtenbidea. Hori da nire ikuspuntua. Ezin naiz modu pasiboan geratu, zer gertatuko zain».

Gainera, defentsa pertsonaleko jakintza eskuratzea prebentiboa ere izan daitekeela uste dute. «Nik uste dut baietz, prebentiboa ere badela. Defentsa pertsonaleko teknikak ezagutzen dituzunean, beste gorputz jarrera batekin joaten zara kaletik, zure gorputzak beste gauza batzuk kontatzen ditu. Gauez, adibidez, ohikoagoa da egoera deserosoagoak gertatzea. Egoera horietan zure gorputzak segurtasuna transmititzen du, beste pausaje bat. Ez diozu inori erronkarik egiten, badakizulako zer arrisku dagoen eta nola amaitu daitekeen egoera. Baina segurtasuna transmititzen duzu eta erasotzaileak, normalean, hori sumatzen du. Zu zure tokian eta ni nirean. Nahiz eta ikasi ditudan teknikak, zorionez, oraingoz ez ditudan inoiz erabili behar izan, teknika horiek jakite hutsak indartsuagoa eta seguruagoa egin nau, eta, era batean, babestu egiten nau», nabarmendu du Bezik.

Rakhel Gutierrezek bide beretik segitu du hizketan. «Defentsa teknika horiek ezagutzeak eta erabiltzen jakiteak ez du esan nahi erabili egin behar dituzunik. Badakizu, gainera, horiek erabiliz gero zer-nolako egoerak suerta daitezkeen. Baina bizitzari aurre egiteko zure modua beste bat izango da eta segurtasun horrek arazo batzuk ekidin ditzake».

«Defenda naiteke»

«Frogatuta dago, horren inguruko ikerketak egin direlako, erasotzaileak bere biktima aukeratzeko orduan gorputz hizkerak bere partea daukala», gaineratu du Ana Agundezek. Azkarregi edo mantsoegi doanak beldurra iradoki dezake; telefonoari begira doanak edo aurikularrak belarritan dituenak arreta falta... «Ez da gure asmoa, ezta gutxiago ere, emakume batek kaletik libre eta nahi duen jarreran joateko daukan askatasuna murriztea. Baina jakina da erasotzaileak maiz animalia harrapakarien antzera jokatzen duela bere biktima aukeratzerakoan; ahula iruditzen zaiona edo egoera zaurgarrian dagoena aukeratzen duela, alegia», zehazten du gidak.

Zalantzarik gabe emakumeen gorputz hizkeran pisu handia dauka hezkuntzak, kulturak, gorpuzkera txikiagoaren kontzientziak, indarraren etengabeko konparazioak... «Gure mugen jakitun gara. Gimnasioan askotan aritzen gara gizonen aurka eta badakigu zeintzuk diren gure mugak. Baina, era berean, badakigu zenbait teknika erabiliz gero gorpuzkera handiagoko hori ere mendera dezakegula. Gure mugak eta indarguneak ondo ezagutzen ditugu, praktikan jarri ditugulako», nabarmendu du Bezik.

Rakhel Gutierrez ados dago. «Indar handiagoa dauka, baina defenda naiteke. Hori da barneratu behar dugun ideia. Eta ez urte askoan helarazi digutena: indar gehiago daukanez, ezingo zara defendatu. Ez da egia. Horri buelta eman behar zaio».

Liburua autoedizio bat da, erabat borondatez egindakoa eta ez dago salgai ohiko tokietan. Egileekin harremanetan jarri beharra dago eskuratzeko (hapkidoeh@gmail.com).

 

Erakutsi al digute defendatzen?

Emakumeari erakutsi al diote defendatzen? Ba al daki borrokan? Galdera garrantzitsuak dira. Autodefentsarako gidak kapitulu garrantzitsu bat eskaintzen dio lurrari, erasoa jasan duen emakumea maiz lurrera botatzen duelako erasotzaileak eta bertatik defendatu behar izaten duelako.

Ana Agundezen kontatzen duena oso esanguratsua da. «Ikastaro mordoa eman dugu guk eta beti gauza bera gertatzen zait. Emakumeei lurrean etzateko eskatzen diegunean, kasik %100 modu erabat sumisoan etzaten dira, besoak eta hankak zabalik, eraso bat jasango duenaren pasibotasun etsigarritik. Harrigarria da. Lurrean etzatean, hankak eta besoak tolestu behar dira eta burua altxatu, defendatzeko jarreran jarri behar da, alertan, etsitu gabe. Jarrera horietan oso garbi geratzen da emakumea ez dagoela borrokara ohituta, ez dagoela bere burua defendatzera ohituta… Ez zaio natural ateratzen, bere burua behartu egin behar du. Hori erabat kulturala da eta irauli egin behar da».

Gidak jarrera aldaketa horretan laguntzea du helburu nagusi eta, horretarako, baliabide fisikoak ez ezik, psikologikoak eta emozionalak ere eskaintzen ditu. «Ez dira bakarrik teknika fisikoak. Beste gauza asko ematen dizute defentsa pertsonalerako teknikek: nola kokatzen zaren, nola ibiltzen zaren, nola ikusten dituzun gauzak… Eta horrez guztiaz gain, teknika zenbait ematen dizkizu, noizbait behar izanez gero, erabiltzeko».

Miren Bezi duela ez hainbeste gerturatu zen arte martzialen mundura eta bere baitan ari da aldaketa sentitzen. «Jakin minez gerturatu nintzen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Defentsa teknikez aparte, beste gauza asko ere ikasten ari naiz: seguruago sentitzea, indartuta sentitzea, zure tokian sentitzea… Psikologikoa da erabat. Eta parte psikologikoa fisikoa bezain garrantzitsua eta pisutsua da».

Gidaren egileek garbi daukate: arte martzialen munduak erreminta asko eskaintzen dizkio emakumeari.