Oihane Larretxea de la Granja
HITANOA, ATETXO HANDIA

Aberastasuna den edo zantzu sexistak dituen ikertzaileen ahotan eztabaidagai

Hitanoaren baitan tokak eta nokak duten espazioaren eta jokatzen duten paperaz luze mintzatu dira mahaiaren bueltan hainbat ikerlari udako ikastaroetan Donostian. Binarismo zorrotza zalantzan jartzen den garaiotan, nola jokatu hizkera honen aurrean? Ba al dago zer moldatu? Galderak ez dira makalak, ezta erronkak ere.

Miramarren hitanoaz hausnartzen jardun duen taldea. Gorka Rubio|Foku
Miramarren hitanoaz hausnartzen jardun duen taldea. Gorka Rubio|Foku

Robin Lakoff linguista estatubatuarrak ezarri zituen, 1975ean, soziolinguistika feministaren oinarriak. Bere hipotesi nagusiaren arabera, emakumezkoek eta gizonezkoek hitz egiteko modu ezberdinak dituzte. «Genero sistemaren» baitan kokatzen zuen fenomenoa, eta gizartearen eta sozializazioaren pisua aipatzen zituen. Horrela aritzera daude bideratuta sexu bat zein bestea.

«Hizkuntza txanpon bat da», dio Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Antropologia irakaslea den Jone Miren Hernandezek. «Hizkuntza tresna bezala erabil daiteke, sortzailea da. Gizakiok eragiteko duguna da, eta botere performatzailea du». Adibide bat jarri du mahai gainean: «‘Mutilek ez dute negarrik egiten’. Horrek efektu batzuk ditu», baieztatu du. Baina hizkuntzak, aldi berean, gizarte elementu ezberdinak ditu txertatuta, tartean genero sistema. «Ez dago ondo ikusia neskek biraoak erabiltzea», aipatu du eredu gisa. Bere ustez, «hitanoak oso ondo biltzen ditu txanponaren bi aldeak».

Egin duen ikerketa zabalean, hizkuntzari dagokionez behintzat, euskal emakumeak nagusiki bitartekari gisa agertu direla dio Hernandezek, alegia, transmisio lanetan. «Inoiz ez sortzaile edo ordezkari gisa». «Naturaltzat» jotzen da, gainera, emakumezkoen gaitasuna hizkuntzak ikasteko, umetan hizketan hasteko, hizkuntzen irakaskuntzarako… “Ama-hizkuntza” vs “plaza gizona” kontzeptuak jartzen ditu aurrez aurre. Edozein kasutan, eta egile batzuk sostengatzen dutena berreskuratuz, azken urteotan euskararen «feminizazioa» nabarmena gertatu dela dio, datuek behintzat baieztapen hori berresten dutela uste du.

Jaime Altuna antropologoarekin batera, besteak beste, hartu du parte Hernandezek Euskal Herriko Unibertsitateak Miramar jauregian “Hitanoa eta generoa: aberastasuna ala sexismoa?” izenburupean antolatu duen uda ikastaroan. Altunak ere sostengatzen du hizkuntza eta hitza «gizarte egituraren isla» direla, baina baita gizartearen eragile ere. Hitanoa, hizkuntzaren parte den aldetik, beste hainbeste. Galdera edo baieztapena?

Nolako hitanoa eraiki

«Hitanoaren barruan, tokak eta nokak duten osasuna ez da bera», dio Altunak. Adibidez, gazteen artean «nokaren ezagutza eza» orokorra dela azaldu du. Hori baino lehenago, ordea, galdera bat jarri du mahaiaren gainean: «Nola definitu nahi dugu hitanoaren erabilera?». Hau da, «gizarte justu baten ikuspegitik, nolako hitanoa beharko genuke?», galdegin du aretoan.

“Kidetasun” alderdia aipatu du lehenik. Bere erabilerak “adiskidetasuna” adierazten duen aldetik, ahozko hizkuntza ez formala zabaltzeko bide egokia izan daiteke; aitzitik, hainbat ikertzailek baieztatzen dutenez, “kidetasun” hori bereziki mutilen artean ematen da. «Bi aukera ditugu –dio Altunak Lakoffek berak proposatutakoa oroituz–: mutilen arteko lotura beharra murriztu edo emakumeen artekoa, oro har, pertsona guztien arteko lotura, sustatu».

Botere alderdia, bestetik. errespetuarekin lotu badaiteke ere, «estatusa» markatzearekin lotzen da. «Modu justu bat eratzeko» arau horiek mantendu edo aldatu beharko liratekeen hausnartzea planteatzean du.

Eta azkenik binarismo zorrotza. «Nola jokatu hain banaketa binarioa performatzen duen hizkeraren aurrean?». Kasu horretan Judith Butler filosofoa ekartzen du gogora. «Kontua ez da genero kategoriak guztiz desagerraraztea, hori zientzia-fikzioa da, baizik eta binarismo normatibo hegemonikoa arintzea». Hala, moldatu al daiteke hitanoa?

«Binarismo zorrotza zalantzan jartzen ari den garaiotan, nola jokatu hizkera honen aurrean?», galdegiten du Altunak. Bere ustez, hitanoak «etengabe» gogorarazten dizu neska edo mutila zaren, «nahiz eta hitz egiten ari zaren gaiarekin zerikusirik ez izan. Gazteleraz etengabe ‘tú, chica’, ‘tú, chico’ ariko bagina bezala». Gainera, beren burua «kategoria horietan sartzen ez duten pertsonak» gogoratzen ditu. Haien sufrimendua ere aipatzen du.

Eremu publikoa eta pribatua

Iñigo Beitia Zabalak hika eta gazteak gai hartuta egin zuen gradu amaierako lana. Eskoriatzarrak, antropologian graduatua, jaioterriko gazteek hitanoarekin duten harremana ikertu zuen. Miramar jauregian ere izan da bere ahotsa entzuteko parada.

Altunaren baieztapen bera egiten du: gazteen artean nokaren ezagutza ahuldurik dago. «Beharbada –dio– beren bizitzetan tratamendu honekiko figura gutxi izan dituztelako». Gainera, etxeko transmisioan, jendartean, hedabideetan… oso bisibilitate txikia izan du. «Espazio publikoan erreferenteak ez egoteak ere eragina izan du».

Bere hausnarketak egin ditu eta, zera uste du: kalean noka erabiltzen duten emakumeek beren zirkulu pribatuetara mugatu dutela; kafean, tertulian, meza osteko berriketan… «Beraz, tokak gizonen bitartez espazio publikoa eta kaleak hartu dituen bitartean, txikiteoan adibidez, noka espazio pribatuan gelditu da. Eta kaleko galerari etxeko galera gehitu behar zaio. Hori, aldi berean, hikaren galera orokorrean txertatuz».

Beste hipotesi bat du Beitiak: gazteen artean toka neutroa bezala erabiltzen dute hala hartzen dutelako? «Mutil askok neskekin hitanoa gutxi erabiltzen badute ere, erabiltzen duten apurra toka da. Ezjakintasunagatik edo toka neutro gisa ikusteagatik. Eta esango nuke neska batzuek hika erabili behar izanez gero, tokara joko luketela. Ez lukete txarto hartuko».

Eta beste galdera bat mahai gainean. «Nokaren bisibilitate ezak tokaren neutraltasuna bultzatu al du?», bota du. Kontatu duenez, ikerketa egiten ari zela, gazte batek esan zion ez zuela zeinekin noka egin. «Eta gazte horrek kuadrillan neskak ditu, eta arreba ere badu. Berez, irizpideak eta baldintza objektiboak baditu. Beharbada nesken eta mutilen arteko harremanek ere beren eragina izango dute erabileran…».

Eskoriatzarrak erreferente izan du ikerketa lanetan Xabier Alberdi EHUko irakaslea. Berak hiru hutsune aipatzen ditu nokaren galeran: eremuzkoa, batzuetan erabiltzen dute emakumeek, besteetan ez; adinezkoa, gazteek erabili ez baina helduek bai; eta sexuzkoa, emakumeek beren artean bai baino gizonekin ez. «Horri, gainera, euskalki bakoitzean dauden ohiturak gehitu behar dira», dio.

Beste hipotesi bat gehitzen du: emakumeen artean hiztun solaskidearekin kidetasuna edukitzea ez da nahikoa hitanoa erabiltzeko. «Adiskide izatea ez da derrigorrezko baldintza hikan aritzeko, baina gutxiengo kidetasuna behar da», gogoratu du Beitiak. «Badirudi –jarraitu du– gutxiengo kidetasun hori mutilek askoz azkarrago hartzen dutela. Parekoa sexu berekoa bada, gutxiengo kidetasuna hartzen dute, eta, emakumeek, aldiz, hitano solaskidea hautatzeko, antza baldintza gehiago jartzen dizkiote». Alberdik dio «kontuzago» hautatzen dutela hitano solaskidea.

Arauak urratzen, eta botere harremana hausten apurka. Gazteek gaur egun ondo ikusten dute inoiz guraso badira, seme-alabei hitanoz egitea. Erronka, berresten dutenez, nolako hitanoa nahi-behar dugun galdera konplexuari egoki erantzutea da.

Oholtzatik kanpo bakarrik… edo baita gainean ere?

Bertsolaritzak eta, horrenbestez oholtzak, bere kode propioak ditu. Arauak, metrikak eta errimak. Horretan kabidarik ba al du hitanoak? Galdera horri erantzuten saiatu ziren Andoni Egaña eta Elixabet Pagola. Iritziak iritzi, eta aukerak aukera, erronka litzatekeela ez dute ezkutatzen, baina, jakina, bere zailtasunak, eta ez edonolakoak, izango lituzkeela ere aitortzen dute. Aitzitik, sormenaren zirikatzaile ona izan daitekeela bota zuen Egañak. «Eta hori inoiz ez da gauza txarra».

Gauza bitxia da oholtzak irudikatzen duen itsasertza. Handik kanpo «gure artean hika erabili ohi dugu»; bertan zergatik ez? «Gutxi entzuten da hika, eta ez luke hala izan beharko. Bertsogintza jardun herrikoia da, temako jarduna da, eta gainera bertsolari gehienok elkarri hikaz hitz egiten diogu oholtzaz behera».

Oholtza gainean egiten dutenaren «%1-%2 bakarrik» egiten dute hikaz, aipatu duenez. «Eta bada kontraesana». Baina Egañak hainbat arrazoi maneiatzen ditu, bereziki mikrofonoak berak duen pisuagatik. «Publikoari begira egiten dugu bertsotan, haiek egiten dute galbahe lana eta zuka ateratzen da. Zuen bitartez esaten dizkiot sekulakoak, goxoak zein ozpinak, Eliri –bota du adibide gisa–. Eta uste dut horregatik dela». Mikrofonoak, bereziki lurrean hankaz eusten denak, oholtzara eusten ditu bertsolariak, eta parez pare begiratzera derrigortzen ditu, kideari beharrean. Gauza bitxia gertatzen da, baina, dio Egañak, bertsolariak bere buruari kantuan egiten dionean. Orduan bai baliatzen du hika. Lazkao Txikik ispiluaren aurrean bota zuen bertsoa gogora ekarri du. «Aizak nik hiri bota behar dit bertso koxkor bat edo bi,/ behingoan jarri geranez gero, biok aurpegiz aurpegi/ neri begira hortik daduzkat alperrikako bi begi,/ hik ez nauk noski ni ikusiko, baina nik ikusten haut hi. (…)».

1980ko eta 1982ko bertsolaritza txapelketetan Xabier Amurizak hikaz aritzeko ahalegina egin zuela gogoratu du Egañak, eta saio batean Amuriza eta Lazkano horrela aritu zirela, gaia hikaz jarri zitzaielako. Ideia ere bota du: etorkizuneko bertsolaritzak ea nola erantzungo lioken gaiak horrela proposatzeari…

Noiz gehitzen duen eta noiz kendu

Elixabetek «zailtasunak« ikusten dizkio auziari. «Ez dut zuka bezain ondo kontrolatzen erregistroa. Zukaz kantatzen ikasi dut, eta bertsotarako gauza asko pentsatu behar dira, indar handia gal daiteke bat-batekoa den saiorako. Hizkuntza menperatzea ezinbestekoa da», argudiatu du.

Baina ez dute erabat baztertzen, erregistro jakin honek behar zehatzak asetzen dituelako. Hor sartzen da «sinesgarritasuna». «Andoniri amona Anttoniren papera ematen badiote, nokaz egiteak sinesgarritasuna emango lioke, erabat. Kasu horretan, dudarik gabe, hikak balio du. Baina oholtzara ez goaz jolastera, esperimentatzera esan nahi dut. Konpromiso bat duzu eta erantzun egin behar zaio horri. Ez da momentua hikarekin probatzen hasteko», uste du hernaniarrak.

Eskarmentu propiotik hitz eginez, Egañak dio hikaz bertsotan egiteak metrika «deskontrolatu» egiten duela, baita dituen «automatismoak» ere. «Bereziki gauza batek kezkatzen nau: jakiteak hika egiteak noiz gehitzen duen eta noiz ez. Menorreko tonuetan hobeto doa, maiorretan krak egiten dit belarrira».

Eta zer diote tokak/nokak izan dezakeen (edo ez) tendentzia sexistaz? «Egia da hikaz aritu izan naizenetan batzuetan uste errotu sexista batetik aritu izan naizela. Egia da. Rolak esajeratzeko balio izan dute bi kodeek, eta sexistak izan gara, onartzen dut». Adibide bezala jartzen ditu labe garaietako bi langile, gizonezkoak noski, eta bi amona balkoian berriketan herriko festetan. Lehengo kasuan ez dute hika erabiltzen; bigarrenean, berriz, bai. «Eta tranpa da, bi langileek ere egin dezaketelako hika, bi amonek noka bezala».

Oholtzatik kanpo jarri du arreta Pagolak. «Generoa puri-purian dagoen honetan, gazteleran ‘e’ sartzen ari da, ‘nosotres’ adibidez. Hitanoan horri oso bide motza ikusten diot, mugak dituelako. ‘Dizkiat’/‘dizkinat’. A, eta neutroa zein da? Hor beste zerbait behar da edo horrek ez du balio behintzat. Denentzat toka edo denentzat noka… eta gero ikusiko da bidea duten edo ez. Erabilerak markatuko du sexistak diren edo ez, zer balore transmititzen diren, eta zer forma hartzen duten». Elkarrizketa hasieran generoa galdetzeko ohitura hartzea beste aukera gisa aipatzen du.

Kalean ere izan ditu esperientziak, hausnarketara bultzatu dutenak. «Hikaz ari dira, baina zu agertzen zara eta zukaz hasten dira. Ez dakit zein punturaino den umiliazioa edo haien ahulezia… Zalantzak sortzen zaizkit».