Premal Balan
INDIAN DENA DA ERRALDOIA

Askatasunaren Estatuaren bikoitzak izango diren bi heroi hinduistaren irudiak eraikitzen ari dira

Indiako bazter ezkutu batean, armada baten itxura duen langile taldea munduko estatuarik handiena eraikitzen ari da, azpikontinentearen independentzia bultzatu zuen heroi baten omenez. Egitasmo izugarri sinbolikoa da Indiako politikan. Gainera, ez da bakarra: Gobernu hinduistak beste estatua erraldoi bat eraikitzeko asmoa ere badu.

Abertzaletasuna eta handikeria uztartu dituen Gobernu hinduistak munduko estatua handienak eraiki nahi ditu Indian. Lehena eraikitzen ari dira dagoeneko Indiako mendebaldeko Gujarat estatuan, Narendra Modi lehen ministroaren jaioterrian. Bigarrena 2021erako amaitzea espero dute, eta errege-gerrillari hindu bat irudikatuko du Mumbaiko badian. Bata zein bestea New Yorkeko Askatasunaren Estatua ezagunaren bikoitzak izango dira tamainaz. Biak eraikitzeko aurrekontua 800 milioi eurotik gorakoa izango da.

Estatuon tamaina izugarria eta irudikatzen dituzten aitzindari hinduisten hautaketa ez dira inolaz ere kasualitatearen ondorio, ez behintzat datorren urteko legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina hastear den honetan. 2014an boterea eskuratu zuen Bharatiiya Janata Party (BJP) gobernuan den alderdiak, «bereak bailiran hartu ditu aspalditik ikono hindustak», azaldu du Indian Council of Social Science Research erakunde publikoko Sudha Pai adituak.

Horiek horrela, Gujaraten, amaitzear daude jada Batasunaren Estatua eraikitzeko lanak, independentziaren aldeko borrokan aitzindari izan zen Vallabhbhai Patel buruzagiaren omenez. Sardar Sarovar izeneko presaren gainean milaka langile ari dira lanean 182 metroko altuera izango duen irudia brontzez hornitzeko. Izan ere, datorren urriaren 31n dago aurreikusita inaugurazio ekitaldia, hau da, kolonizazioaren osteko India askearen lehendabiziko lehen ministrordea izan zen gizonaren jaiotze dataren urteurrenean.

«Indiako burdinazko gizona»

Abertzale hinduistek Patel aitzindaritzat dute eta bere irudia goraipatzen dute. “Indiako burdinazko gizona” bezala da ezaguna, batez ere hainbat printzek kontrolpean zituzten estatuak askatutako herrialdeari atxikitzea gogotik eta gupidarik gabe bultzatu zuelako. Hinduisten ustez, historiak bidegabeki ahaztu du Patel, Jawaharlal Nehruren mesedetan. Nehru independentziaren osteko lehendabiziko lehen ministroa izan zen, egun oposizioan den Indiako Kongresu Nazionalaren eskutik.

«Patel erabiltzen ari dira Nehruren ondarea gutxiesteko. BJPk egun indarrean den historiaren irakurketa aldarazi eta britainiar kolonialismoaren aurkako borrokan eskuina ezkerra bezain garrantzitsua izan zela sinestarazi nahi dute», gaineratu du Sudha Paik. «Patel kontserbadorea zen giza auzietan eta ekonomiaren arloan enpresen aldekoa; beraz, bere iritziak egungo BJPtik oso gertu daude», bat dator Ghanshyam Shah, New Delhiko Jawaharlal Nehru Unibertsitateko irakasle ohia. 2013an, Modi lehen ministroak berak honakoa zioen: «Indiar orok gaitzesten du Patel lehen ministro bihurtu ez izana».

Indiako historian Patelek izandako papera aldarrikatzean, eskuin hinduista Nehru eta bere oinordekoen legatua kolokan jartzen saiatzen ari da, hainbat hamarkadaz Indiako norabidea gidatu duen familiarena hain zuzen. «Modik sarri erabili izan du Patelen ondarea hauteskunde kanpainatan eta ziur nago Batasunaren Estatua erabiliko duela datorrenean. Hautesleengan eragin handia izango duen beldur naiz gainera», azaldu du Ghanshyam Shah maisuak.

Marathien errege gerlaria

2016an, Modi lehen ministroak ez zuen zalantzarik egin Mumbaiko badian Chhatrapati Shivaji marathien erregearen memorialaren lehen harria jartzeko. Itsasertzean bertan, harrizko irlatxo baten gainean, eraikitzen ari dira Patel berarena baino 30 metro altuagoa izan den estatua, megalopolisaren aurre-aurrean.

XVII. mendean Mogol Inperio musulmanaren aurka borrokatu izanagatik ezaguna, Chhatrapati Shivaji gerra jauntxo hinduista heroia da Maharashtran, Mumbai kapitala duen estatuan. Bertako aireportua, tren geltoki nagusia eta parke erraldoi bat Shivaji izenarekin bataiatu dituzte.

Lanak hasiak dira dagoeneko Mumbaiko badian itsasoari lurra jateko. Memorialak museoa, anfiteatroa, zinema eta turistentzat egoitzak hartu beharko lituzke, besteak beste, proiektu erraldoiaren arabera. Ingurugiroaren defendatzaileek eta arrantzaleek proiektua gogor salatu dute, lanek ekosisteman eragina izan dezaketelako. Hori bai, jada ordaindu behar izan den faktura izugarria (36.000 milioi errupia, 440 milioi euro) eta lanak bukatzeko epea (hiru urte) kontuan hartuta, Indiako hiriburu ekonomikoan bizi diren askok zalantzan jarri dute estatua egunen baten amaituko ote den ere. Handikeriaren patua.