Nerea Ibarzabal Salegi

Argazkia

Xelebrea da euskalduna izanda kanpora joatea, neketsua ere bai. Nongoa zara? galderatik aurrerako dena da konplikatua, neurtu behar izaten duzulako ea galdetzaileari benetan interesatzen zaion zure azalpena, ea merezi duen egunean zazpi aldiz mapa ateratzeak, ea ez ote den hobe isiltzea eta ahalik bizkorren lagunak egitea, Erasmuseko presio sozialak agintzen duen gisara. Eta hori deliberatzen duzun bitartean, espainiarren taldeak edo frantsesenak, zure hizkuntzaren ezagupenaren arabera, adoptatzen zaitu.

Elkar neurtzen pasako dituzue hasierako uneak: noraino galdetu zer, zein gai atera zerbeza artean, bakoitzak azken hauteskundeetan nor bozkatu ote zuen irakurtzen saiatu begietan, arropetan, sare-sozialetan. «Baina ez izan hain buru karratua!», pentsatuko duzu gero zeurekiko, «orain ez zaude Euskal Herrian. Ezagutu pertsonak, ahaztu beste guztia». Ai, baina ez da hain erraza, sailkatzen ohituegi zaude. Eta aurrerantzean beldur batekin pasatuko duzu zure egonaldia: banderarekin taldeko argazkia atera nahiko duten momentuaren beldurrez.

Irteerak eta ekintzak antolatzen dituzten talde ofizialek bultzatzen dituzte horrelako argazkiak, gainera. «Orain bakoitza bere herrialdeko banderarekin!». Spanish crew, here! Dena happy, dena friendly, dena international eta open den giro batean, hor zoaz zu, pixkanaka taldetik urrunduz, argazkitik kanpora. Tentsioa sortzen berriro, the basque. Baina egin egiten zenuen, ez zinen argazkian agertzen, nahiz eta talde osoa agertuko zen argazki bakarrenetarikoa izan, denek logelan itsatsiko dutena, etorkizunera igaroko dena. Ofiziala. Zuk ere agertu nahi zenuke beraiekin beste edozein modutan, baina horrela ez.

Argazkiei beti faltako zaielako zehaztasuna; argazki batek esaten duen bakarra da egun hartan zu han egon zinela, eta ez beste inon, eta ez dirudiela behartu zintuztenik, irribarretsu zaudela, eroso zaudela bandera horren aterpean, hor egon nahi duzula. Argazki-oinak ehunka izan daitezke, baina bakar batek ere ez du esango «espainiarrak/frantsesak eta Espainiako/Frantziako banderak ordezkatzen ez duen euskaldun bat». Edo beharbada urrutiegi joan naiz eta argazki bat hori baino ez da izango, argazki bat. Ez itun bat, ez kontratu bat. Egin eta kito. Agian.

Eta buruhauste hauek denak pertsona xumeak izanda baldin baditugu, asko jota Instagramera iritsiko den argazki batekin, gehienez kuadrillakoek adarra joko liguketen zerbaitekin, imajinatu lehendakariak bagina, gobernu bateko ordezkariak, jendeak hautatuak. Ez ote genuke birritan pentsatu behar zeinen ondoan esertzen garen? Zein diskurtso ari garen onartzen eta zein estaltzen gure presentzia hutsarekin? Eta gure absentziarekin? Ze, gure presentziak zerbait sinbolizatzen duen momentutik, gure hutsunea ere hautemangarria da, sinbolikoagoa ia.

Ez dago justifikatuko gaituen argazki-oinik. Lehendakaria han egon zen, berdin dio serio, dudatan, haserre egon bazen ere. Argazkian agertzen da, honekin eta honekin, begira, hemen dago, Madrilen. Deserosoa izan zen, baina deserosoagoa izango zen tentsioa eragingo duen elementua izatea eta argazkitik irtetea. Eta egun hartan denak agertzen ziren, beste aldietan ez bezala. Zelan ez ginen gu ere agertuko, ba? Argazki ofiziala zen. Etorkizun ofizialera igaroko dena. Klik, egin irribarre. •