Maider Iantzi Goienetxe
SEARCHING FOR SUPERMAN

«Behar dugunaren bila ateratzen gara eta etxera itzultzen gara aurkitzeko»

David Fernandez eta Amaia Maguregui 16 hilabetez ibili dira Filipinetan, Indonesian, Australian, Zeelanda Berrian, Indian eta Nepalen. Bildutako altxorraren puska bat «Searching for Superman» filmean jaso dute. Tartean, Indiatik mundura zabaltzen ari den metodologia bat, ikasleak beren inguruan laguntzeko hezten dituena.

Amaia Maguregui argazkilaria da eta David Fernandez hezkuntza berrikuntzako irakaslea. 34 urte dituzte, bilbotarrak dira, eta egun batean beren konfort gunetik atera eta mundura abiatu ziren motxila banarekin, bizitza errealeko superheroien bila.

Ideia horri jarraituz, “Searching for Superman” izena jarri zioten bidaiaren bizipenekin osatu duten pelikulari. «Artisau lana izan da, bion artean egin dugu dena, bihotzetik aterata». Nabarmena da hori emaitzan, eta egunotan Donostian eta Bilbon egin dituzten emanaldietan ikus-entzuleengan izan duen eraginean. Galderak, malkoak eta inspirazioa.

Filipinetan hasi zuten bidea, Caridaden. Bertan lotan gelditu ziren hango jendearekin, kanpin denda batean. «Denbora guztian gurekin egon nahi zuten eta kanpin denda gure atsedenalditxoa zen. Arroza barazkiekin bazkaltzera gonbidatzen gintuzten eta arratsean karramarroak hartzen genituen eurekin hondartzan, linternak hartuta», kontatu du Magureguik. «Zuek desberdinak zarete. Turistek ez dute hau egiten», aipatzen zieten.

«Herrira iritsi, hondartza ikusgarrian argazkiak egin eta joan egiten dira. Hori da turistaren jokaera tipikoa. Jende gutxi dago urrunxeago joateko interesa duena, beraiekin bi egun oso gelditzen dena», adierazi du Fernandezek. Horrek mantsoago bidaiatzea eskatzen du, eta hori da polita, bikote honen iritziz. Badakite zaila dela. Ezin gara denok hilabeterako bidaian joan. Baina benetan nahi baduzu, molda zaitezkeela uste dute. «Nahi duenak ahal du».

Bi bidaiariotako bakoitza adibide desberdin bat da. Maguregui freelance argazkilaria da. Autonomoa da eta gutxi gorabehera nahi duena egiteko askatasuna du, zailtasun ekonomikoekin edo ez. Fernandezek kontratu mugagabea zuen enpresa batean. 10 urte zeraman lanean, eta «honaino» erran eta eszedentzia hartu zuen. «Beraz, aukera hor dago. Besterik da jendeari erabakia hartzea kostatzea».

Bidaia egiteko bultzada

Argazkilaria urtero bidaiatzeko dinamika hartzen ari zen. Bere ogibidearekin aukera bazuen. Baina irakasleari egoerak gaina hartu zion lanean. «Arnasa hartu behar nuen, errutinatik atera, eta eszedentzia aprobetxatzeko modurik onena bidaiatzea zela pentsatu nuen. Amaiari proposatu nion. Zoratuta dago eta denera apuntatzen da», agertu du irriz. Bueltako txartelik gabe abiatu ziren. Urtebete eta zazpi hilabeterako hartu zuen eszedentzia eta aske ziren.

Pixkanaka joan ziren ibilbidea marrazten, jendeak erraten zienaren arabera. «Indonesian izan ginen eta handik Australiara joan ginen lanera, zarauztar batek aipatu zigulako egona zela eta ondo irabazten zela. Sei hilabete bidaiatzen ibili eta gero, geldialdi bat egitea pentsatu genuen diru pixka bat aurrezteko».

Indonesia eta Filipinetako hilabete horietan, leku batean astebete egoten baziren gustura zeudelako, mailing bat egiten zuten resort eta toki onetara eta argazkilaritzako lanak eskaintzen zizkieten ostatuaren eta janaren truke.

Bederatzi egun eman zituzten Baliko emakume batekin itsas bidaian, eta gero hilabete oso bat egon ziren berarentzat lanean, Balin bertan. «Negozio asko ditu, gehienbat ostalaritzakoak. Tokiko ehunenak ere bai. Esperientzia zoragarria izan zen. Etxean bezala sentitu ginen».

Australian gauza bera gertatu zitzaien. «Hiru hilabete egon ginen leku berean, bertan ezagutu genuen jende pila batekin, latinoamerikarrak besteak beste. Familia handi bat osatu genuen. Hori behar genuen». Errutina ongi etorri zitzaien. «Gorputzak ere eskatzen dizu. Bost egunero tokiz mugitzen zarenean, sei hilabetez, motxila bizkarrean, nabaritzen da. Zure errutinak behar dituzu: ordu berean jan eta lo, kirol pixka bat egin…».

Egunsentien bila

Aurreztutako diruarekin Zeelanda Berrira joan ziren. Bigarren eskuko kotxe bat erosi zuten bertan. «Indiar asko dago. Onak dira negoziatzen. Japoniatik ekartzen dituzte autoak, eta ekipazioa jartzen diete: ohe bat, 25 litroko bi ur tanke, bat ur garbiarentzat eta bestea zikinarentzat, eta gurpil gaineko etxe bat bezalakoa da. Komuna ere badu. Ohea mahai bihurtzen da, eta bertan jan dezakezu, edo kartetan jokatu». Hiru hilabete bizi izan ziren kotxe hartan.

Hala deskribatu du Magureguik: «Zeelanda Berria erabateko paradisu naturala da. Bakarrik zaude natura betean. Ibai baten ondoan esnatzen zara, bainatzen zara… Ura oso hotz zegoen, baina bi aldiz pentsatu gabe esaten genuen: ‘Goazen!’. Natura maite dut, baina gehiago jendearekin harremana izatea. Eta Zeelanda Berriak txunditu ninduen!».

«Ikuspegiaz edo isiltasunaz gozatzea, ez duzu besterik behar. Baziren lekuak ez zutenak argi kutsadurarik eta zerua zoragarria zen. Egunsentiak bilatzen genituen. Kotxean lo egitearen abantaila genuen; atea ireki eta eguna argitzen ikusi nahi genuen lekuan geunden. Kamera eskuetan, eguzkia atera aurretik lekurik onena bilatzen genuen argazkiak egiteko. Dibertigarria zen», erantsi du lagunak.

Musikak ekarri zuen filma

Australian egon ondotik, bidaia hasi eta bederatzi hilabetera, erabaki zuten dokumentala egitea. Filma egiteko adina material pilatzen ari ginen, eta gure historia pertsonala kontatzeko gogoa genuen. «Proiektu potolo batean sartu nahi genuen, probatu eta ikasi».

Dronea erostea izan zen pentsatu zuten lehen gauzetako bat, bazekitelako produkzioari balio erantsi bat emanen ziola: irudi onak, lekuen kokapenak… «Zeelanda Berrian probatu genuen. Indian ere hegaldarazi genuen eta pozarren gelditu ginen. Nepalen ere bai». Musikan pentsatzen ere hasi ziren. Plataforma ugari dago autore eskubideekin musika eskaintzen duena. «Horietako bat deskubritu genuen, kanta batzuk aditzen hasi ginen, eta ‘badugu gidoia’ esan genuen. Hiru abesti bakarrik ziren (filmean dozena bat daude), baina hiru horiekin pelikula irudikatu genuen».

Magureguik irri egiten du bikoteak Indian egun aunitz ematen zituelako mugikorrarekin hiru abesti horiek aditzen. «Indiako kaos betean geunden, bero beldurgarriarekin eta bertako kaleetako bizitza intentsoarekin. Merkatu batean geunden eta ni kuxkuxean eta hizketan ari nintzen, eta David ikusten nuen sakelakoa belarrira itsatsita».

Itzulera

Ezustean bueltatu ziren. «Etxean astearte batean gentozela abisatu eta ostiral batean iritsi ginen. 27 ordu hegazkin eta aireportuetan ibili eta Madrilera heldu ginen. Handik autobusez Bilbora. 23.00etan iritsi ginen Daviden gurasoen etxera. Ez gintuzten espero. Txirrina jo eta ‘baduzue oherik bi bidaiarirentzat?’ galdetu genien. Ez zuten ezer esan, baina atea ireki zuen. Gu ginela pentsatzen zuten, baina ez zuten sinesten. Nire familiarekin berdin. Gogo handia genuen ikusteko». Maguregui hunkitu egiten da. Izan ere, dokumentalean dioten bezala, «behar dugunaren bila ateratzen gara eta etxera itzultzen gara hori aurkitzeko».

Hala azaldu du Fernandezek: «Zoriontasuna bilatu egin behar dela saltzen digute eta badirudi bilaketa horretan gaudela beti eta ez dugula aurkitzen. Barruan dugulako. Kezkaturik ez gaudenean agertzen da. Etxera bueltatzean ohartu ginen horretaz. Iritsi eta familia ikusi genuen. Betiko tokia zen guretzat, baina oso zoriontsu sentitzen ginen ez genuelako bilatzen jarraitu behar».

Amaia Magureguik hala gaineratu du: «Behar dugun guztia dugu, eta gehiago. Baina konturatzea kostatzen zaigu. Ateratzen zarenean ohartzen zara zer ematen duzun faltan. Zauden lekuan dago, jakina, zure etxean, batez ere jendean. Jendeak egiten du zure etxea zure etxea izatea».

River Side School, Indian

«Orain bagoaz berriro eta zer nahi duzu esatea, oso ondo gaude», berretsi du Fernandezek. Baina joan egin nahi dute. «Gogoa daukagu, hainbeste denbora kanpoan ibili eta gero. Bidaia adrenalina da, aktibatzeko gogoa ematen du», agertu du lagunak.

Gainera, eskoletako proiektua dute eta horrek energia handia ematen die. Europara eginen duten bidaia honetan zoriontasuna baino bertze gauza bat bilatuko dute.

Joan den bidaian ez zuten zerrendarik eraman. Jendearekin solas egin eta bidean topatu zituzten proiektu interesgarriak. Ikusitakotik azken proiektua aukeratuko lukete biek, Indiako River Side School eskolakoa. “Designed for change” izena du eurek diseinatu eta munduan barna zabaltzen ari den metodologiak. Mugimendua Madrilera iritsi da, besteak beste. Datorren astelehenerako kongresu bat antolatu dute, “I Can” izenekoa. 600 pertsona joanen dira, tartean “Searching for Superman” dokumentalaren egileak.

Indar handiko metodologia da Indiakoa. Gainera, sinplea eta ekartzeko erraza. Neska-mutikoek gauza handiak egin eta auzoan dauden benetako arazoak konpon ditzaketela kontuan hartzen du.

«Umeak hezten dituzte beren inguruan lagun dezaten. Ideiak emanez egin dezakete. Oso interesgarria da. Lehenbizi arazoa dutenen lekuan jartzen dira. Haurrak oso emozionatuak zeuden kontatzen zigutenean. Oilo-ipurdia jarri zitzaigun».

Noraino ailegatu diren ikusi eta hunkitu egin ziren. Urteak daramate metodologiarekin. Matematikako problema bat jarri beharrean arazo erreal bat jartzen dute matematika erabiliz konpontzeko. Adibidez, ubide sistema bat diseinatzea herrira ura iristeko. Izugarri motibatuak egoten dira umeak, egiten dutenaren emaitzak ikusten dituztelako».

Australian, ireki

Australian bertze eskola bat ikusi zuten hagitz berritzailea. Urteak daramate autokritikoak izaten eta garatzen saiatzen, martxan jartzen dituzten gauzen ebaluaziotik abiatuta. Irakasleak etengabe ari dira formatzen. «Ikerketa zientifikoekin asko, hezkuntzak asko baitu zientziatik. Garunari buruz egiten diren azterketak, nola ikasten duten ikasleek gehiago eta hobeto… Balioak ere oso kontuan dituzte».

18 urterekin ikasleak ez dira gauzak argi dituztela ateratzen, etorkizunean egin nahi dutena jakinda, baizik eta aukera ugari dituztela jakinda, leku batean hasi eta nahi adina aldiz aldatzeko. Pentsaera zabaltzen diete».

«Ona zara gauza askotan eta alderdi horiek esplotatu behar dituzu. Gainera, gustuko dituzu. Ona zaren gauza horietan hobetzea da egin behar dena. Eta, segur aski, nahi baduzu eta saiatzen bazara (Davidekin hori ikasi dut) gauza horiek lortuko dituzu. Ez badituzu bide horretatik lortzen, aldatu pixka bat eta segi borrokan, hala ikasiko baituzu zu zeu hobetzen eta aurrera egiten», agertu du argazkilariak.

Hezkuntza berrikuntzako irakasle bezala, duela urte batzuk justu kontrakoa pentsatzen zuela aitortu du kideak. «Eskolaren xede nagusia bertatik ateratzean neska-mutikoek etorkizuna erabaki ahal izatea zela uste nuen. Talentuak deskubritzea eta horren alde apustu egitea. Bidaiak txipa aldatu dit: gauza asko dira ikasleak eta dohain asko dituzte. Ez dute zertan kezkatu, ez dute zertan gauza baten alde apustu egin. Nahi dutenean bidea alda dezakete».

Ez dela etiketarik jarri behar gaineratu du Magureguik. «Gauza asko zara. Ez duzu zertan itxi. Zabaldu zure ikusmira eta ausarta izan. Bidaiatzean hori ere ikasi dugu. ‘Zergatik ez?’. Goazen egitera. Ez bada ongi ateratzen, beste modu batera egingo dugu».

Atera eta bizi

Hona bikotearen aholkua: «Atera eta bizi. Emozionatu zaitzan eta zure barruan gelditu dadin. Sinets dezazun. Konfiantza hartzen duzu zure kabuz bizia atera dezakezula jakiteko, jende zoragarria dagoela ikusten duzu, lagun pila bat egiten dituzu, etsaiak baino gehiago. Guk ez genuen inongo arazorik izan. Eta ona da orain familia dugula bazter guztietan».

«Irekia izan behar da horretarako», erran diegu. Seguru erantzun du Magureguik: «Baina zuk jartzen dituzu mugak. Lotsatia zara. Bada, kendu ezazu lotsa hori. Ez zaituzte ezagutzen, pentsa dezatela nahi dutena!».

«Amaia da bietan irekiena», azpimarratu du lagunak barrez, eta argazkilariak jarraitu du: «Jendearengana hurbiltzen zara, kuxkuxeatzen duzu, galdetzen diezu… Argazki kamera aitzakia ona da. Lehenbizi elkarrizketa hasten saiatzen zara. Argazkiak egitean jendea eroso sentiarazten saiatzen zara. Batzuetan argazkiak egiten dituzu, bestetan ez, nahiago duzulako momentua gehiago bizi. Batzuetan ez duzue elkar ulertzen, baina irribarre egiten duzu eta listo». Biak bat datoz honetan: bizia irri batekin hartzea da hoberena, denentzat.

Fernandezek kontatu du Indian, adibidez, ez dela hemen bezala. «Han jendeak begiratu egiten dizu kalean, segituan gurutzatzen dira begiak eta ez duzu hitz egin beste erremediorik. Hemen saihestu egiten ditugu begiradak».

Han interesa dute, gainera. «Zertan lan egiten duzu? Zenbat irabazten duzu?», galdetzen dizute. «Ezkonduak zaudete, bikote zarete? Non daude umeak? Zenbat urte dituzue? Ez dago umerik??».

Beste kultura batzuk dira. Herrialde eta eskualde bakoitzak bizitzeko eta hezteko modu bat du eta hori inportantea da eskolarako. Badago jendea bizitza beste filosofia batekin hartzen duena. Bidaiariok nabarmendu dutenez, lehiakortasuna bultzatzeari utzi behar zaio eta partekatzea eta elkarlana sustatu. «Balioak dira. Eta hori da eskolak egin behar duen aldaketa handia. Umeei beste balio batzuk transmititzea. Behar handia dute horretarako. Interneten eragina izugarria da eta buztinezko hankako ereduak dituzte. Jende arrakastatsua, azkar pasatzen dena. Dena ahaleginik gabe lortzen dela uste dute. Eta ez da hala. Beste eredu batzuk behar dira».

Caridaden «ez dute beren burua kronometratzen hemen bezala. Eguna eguzkia ateratzen denean hasten da. Hondartzan bainatzen dira. Segur aski, guk baino gauza gutxiago dituzte egiteko, ez dituztelako bilatu. Guk, batzuetan, bilatu egiten ditugu arazoak eta bizitza konplikatzen dugu». Filmean hala diote: «Zailena zure bizitza erraztea da. Hain erraza da zailtzea...».

Europako proiektu iradokitzaileen xerka

Hilabete honen hasieran Europara abiatuko dira Amaia Maguregui eta David Fernandez bertze bidaia luze batean. Urtebetez kontinentea zeharkatuko dute furgonetan. Asmoa da iradokitzaileak eta interesgarriak ikusten dituzten hezkuntza proiektuen berri jasotzea eta bueltatzean “Searching for Superman” dokumentalaren bigarren zatia egitea. «Gure historia pertsonalarekin nahasiko dugu kontakizuna, hala hezkuntzaren munduan sartuta ez dagoen jendearengana ere iristeko. Hezkuntzako bideoak jartzen baditugu Youtuben ez dira asko zabaltzen horregatik, oso zehatzak direlako. Baina bila doazen bi pertsonaren istorioa sartzen badugu, jende gehiagori interesatuko zaio. Benetako istorio bat da. Bizi izan duguna eta egin daitekeena. Bidaian bizitzen duzunaren bitartez ikasgaiak transmititzen dituzu, ez proiektuen bidez bakarrik. Hala edozein pertsona inspiratzen ahal da». Bidaia nola doan, nola erlazionatzen diren jendearekin, nola bizi diren eta abar Saldelcamino.com blogean kontatuko dute.