Ainara Lertxundi
ARMAK, OSASUN KRISI AEB-ETAN

Armekin lotutako indarkeria osasun krisialdi bihurtu dela ohartarazi du Amnesty International erakundeak

«Gobernu estatubatuarrak suzko armen biolentzia giza eskubideen mailako krisi bihur dadin utzi du», ondorioztatu du Amnesty International erakundeak armen erabilerari buruz egin berri duen txostenean. 2016ean AEBetan 38.000 pertsona hil ziren armen biolentzia tarteko eta 116.000 zauritu egon ziren.

Ameriketako Estatu Batuetan egoera kritikoa da suzko armekin lotutako biolentzia dela eta. Horrela ohartarazi du Amnesty International gobernuz kanpo erakundeak kaleratu berri duen txostenean. Urtero, armen erabileraren ondorioz 38.650 pertsonatik gora hiltzen dira herrialdean eta zaurituak 116.000 inguru dira. «Oinarrizko eskubideak babestu beharrean, Trumpen Gobernuak armen jabetzari ematen dio lehentasuna. Gobernuak berak baimendu eta elikatu du egun bizi dugun eskubide krisia», salatu du gobernuz kanpoko erakundeak.

“Su-lerroan: Giza eskubideak eta armen biolentzia Ameriketako Estatu Batuetan” izenburupean, fenomeno kezkagarriaren gaineko azterketa sakona egin du giza eskubideen aldeko taldeak. Armak mugarik gabe eskuratu ahal izateak bizitzaren esparru guztietan eragiten duela ondorioztatu du.

Eskuragarri dauden azken datuak 2016koak dira. Urte horretan, 38.000 pertsonatik gora hil ziren armen ondorioz; batez beste 106 heriotza eguneko. Horietatik 23.000 suizidioak izan ziren (egunean 62tik gora), eta, 14.415, hilketak. Horrez gain, 116.000 zauritu egon ziren.

Su-armek haurrengan ere ondorio latzak dituzte. 2016an 1.637 adin txikiko hil ziren armekin erlazionaturiko ekintzetan; horietatik 862 hilketak izan ziren, eta, 633, suizidioak. Amnesty Internationalek aditzera eman duenez, 4,6 milioi haur armak dauden etxeetan bizi dira. Hori gutxi izango ez balitz, normalean armak kargatuta egon ohi dira eta ez dira giltzapean izaten, beraz, edonork har ditzake edozein unetan.

Amnesty Internationalen arabera, armen biolentzia gehien pairatzen duen komunitatea afroamerikarra da. Hala, afroamerikarrak herritarren %13 soilik diren arren, suzko armek eragindako biktimen %58,5 dira. Pentsa, 15 eta 34 arteko gazte beltz batek hogei aldiz aukera gehiago ditu armen erabileraren ondorioz hiltzeko bere adin tarteko gazte zuri batek baino.

Genero biolentzia jasaten duten emakumeen kasuan arriskua biderkatu egiten da etxeetan armak daudenean. Horren erakusle, AEBetan hiltzen dituzten emakumeen erdiak genero biolentziaren biktimak dira; hiltzaileak bikotekidea edo bikotekide ohia izaten dira, eta, kasu gehienetan, suzko armak erabilita hiltzen dituzte.

Armak eskuratzeko nolabaiteko kontrola dagoen estatuetan armen trafikoa gutxitu egiten da, baita suizidioak ere. Era berean, genero bortizkeria %47 murrizten da, eta, hildako polizien kopurua, %53.

Armak eskuratzeko, estatubatuarrek ez dute zertan azaldu zergatik erosi nahi dituzten, eta, azalpena ematekotan, ez du zertan sinesgarria izan behar. Amnesty Internationalek hortaz ohartarazi du txostenean. Herrialdean ez dago araudi bateraturik ere. 30 estatutan pistola bat edukitzeko ez da beharrezkoa arma-lizentziarik izatea; hamabi estatutan kalean armak ezkutupean eraman daitezke, armak edukitzeko baimenik eduki ez arren. Soilik zazpi estatutan eskatzen da armak eramateko justifikazio edo argudio sinesgarri bat izatea. Arma lizentzia beharrezkoa den estatuetan, gainera, sistemak ez du ondo funtzionatzen, eta berez armak soinean eramaterik izango ez luketen lagunek ere, esate baterako preso ohiek, inolako mugarik edo arazorik gabe eramaten dituzte.

Armen inguruan Ameriketako Estatu Batuetan dagoen merkatu beltza izugarria da. Horietako asko galdutako edo lapurtutako armak dira. Armen salmentaren negozioa oso errentagarria da. FBI Ikerketa Bulego Federalak emandako datuen arabera, 2005tik 2010era, norbanakoen esku zeuden 1,4 milioi arma lapurtu zituzten herrialdean. Urtero, batez beste, jabetza pribatuko 380.000 arma lapurtzen dituzte. Gainera, herrialdeko 39 estatutan norbanakoak ez daude behartuta beraien jabetzako arma bat lapurtu diotela salatzera edo galdu dutela jakitera ematera, beraz, ez dago zehatz-mehatz jakiterik urtero zenbat arma lapurtzen dituzten edo galdu diren. Horrek, noski, legez kanpoko salmenta areagotzen du, eta, horrekin batera, herritarren pairatzen duten arriskua.

Legedi oso eskasa

«Gobernuak armak izateari lehentasuna ematen dio, dudarik gabe. Armak oinarrizko giza eskubideen gainetik daude. Irtenbide ugari proposatu diren arren, bizitzak salbatzeko borondate politiko eza izugarria da», salatu du Ameriketako Estatu Batuetan Amnesty Internationalen zuzendari exekutiboa den Margaret Huangek. «Nahiz eta merkatuan suzko arma asko egon eta urtero milaka pertsona hil, legedia oso eskasa da. Pertsonen bizitzaz hitz egiten ari gara», ezagutarazi du. «Egunerokotasunean duintasunez eta segurtasunez, beldurrik gabe, bizitzeko eskubidea du gizakiak», nabarmendu du Huangek. «Giza eskubideak bermatu eta errespetatu ahal izateko, agintariek biolentzia murrizteko neurriak hartu behar dituzte. Hori egiten ez duten artean, eskubideak ez dira bermatuta egongo».

Ronniek 33 urte zituen. Musika ekoizlea izan nahi zuen. Chicagoko West Side kaleko parke batean zegoen, auto batean. Buruan tiro egin zioten. 2013ko urtarrilaren 26a zen. Hil baino aste batzuk lehenago telebista programa batean azaldu zuenez, gaztetan gaizkile-talde bateko kidea izan zen eta horregatik espetxeratu zuten. Baina behin aske geldituta, rap kantari gazteei laguntzen zien, biolentziatik urrundu zitezen.

Jeromek 23 urte besterik ez zituen hil zutenean, Chicagon bertan, 2000ko uztailaren 26an. Kalean telefonoz hitz egiten ari zen. Hiru hilabete lehenago, apirilaren 27an, bere 15 urteko arreba leku berean hil zuten. Hiltzaileak 13 urte besterik ez zituen. Bost urte lehenago, 1995eko azaroaren 28an, Carlos izeneko 18 urteko mutil bat hil zuen gelakide batek, beraien institututik gertu.

«Gure seme-alabek sufritzen dutela ulertu behar dute. Gure gazteek terapia eta gizarte zerbitzuak behar dituzte. Nola biziraungo dute horrelako testuinguru bortitz batean? Nola izan dezakete arrakasta? Ume bat hiltzen dutenean, gehienera jota, eskolak psikologo bat ekartzen du egun bakarrerako. Sandy Hookekoak izango bagina, gauzak desberdinak izango lirateke. Bertara, haurrekin lan egiteko terapeutak bidali zituzten urtebeterako! Gure komunitateak ez du inolako garrantzirik Gobernuarentzat. Gure seme-alabek egunero bizi behar dute sufrimendu horrekin, inolako laguntza psikologikorik gabe», kexu da Pam Bosley. Haren semea, Terrell, oraindik guztiz argitu gabeko gertakari batean hil zuten Chicagon, 2006an. Bere testigantza Amnesty Internationalen txostenean jasotzen da.

Sandy Hook lehen hezkuntzako eskolan 20 haur eta sei heldu hil zituzten 2012an. Geroztik armen jabegoa arautzeko ehun proposamen legegile aurkeztu dituzte, baina horietariko bat bera ere ez dute onartu. Amnesty Internationalek erasoko fusil erdiautomatikoak debekatzea eskatu du, baita erabilera militarreko beste armak ere. Izan ere, horiek dira erabilienak sarraskiak egiteko, Sandy Hooken gertatutakoa horren lekuko.

Eskola batean sarraskiren bat gertatzen denean, oihartzun mediatikoa itzela da. Bosleyk salatzen duenez, biktima horiek besteak baino laguntza handiagoa jasotzen dute. Gobernu estatubatuarrak 70 milioi dolarreko aurrekontua onartu berri du ikastetxeetan gertatzen diren tiroketei aurre egiteko. Pasa den otsailaren 14an, Floridako Parlklad eskolan hamazazpi hildako egon ziren, eta beste hamar Texasko Santa Fe ikastetxean maiatzaren 18an. «Trump presidenteak eta Gobernuak eskola guztien segurtasuna bermatuko dute», esan zuen urriaren 3an Jeff Sessions fiskal orokorrak. Azaldu zuenez, diru kopuru hori «segurtasuna indartzeko, ikasleak eta irakasleak trebatzeko eta larrialdietako langileei eta poliziei laguntzeko» erabiliko dute. Dena den, ez zuen inbertsio zehatzen berri eman. Ikasleek mobilizazio ugari egin zituzten egun horietan armak erosteko lege zorrotzagoak aldarrikatzeko. Etxe Zuriaren proposamena, berriz, irakasleak armaz hornitzea izan zen.

Bizirik ateratzen direnak

Sarraskiok sakoneko ondorio psikologikoak eragiten badituzte ere, armek eragiten dituzten heriotzen %1 besterik ez dira. Amnesty Internationalen arabera, batez beste 317 pertsonatik gora ateratzen dira bizirik egunero tiro bat jaso ondoren. Biktima horientzat, berriz, ez da inolako zerbitzurik, nahiz eta eragindako zauri fisiko, ekonomiko eta psikologikoek bizitza osoa iraun.

Thomas Scalea Batimorreko Shock and Trauma R. Adams Cowley zentroko zuzendaria da. «Badut mutiko bat tiro ugari jaso jaso zituena. 18 hilabetetan 15 edo 20 ebakuntza egin dizkiogu osasun arazo asko zituelako eta gaixorik zelako. Baina ebakuntzak gainditu ditu. Garaipen bat izan da», azaldu du. Baina tiro horietako batek besoan eman zion eta nerbioa kaltetu. Tiroketa aurretik mutikoaren ogibidea gauzak biltzea eta etxe-aldaketak egitea zen. Bi besoak behar zituen, eta, egun, bakarrarekin, ezin du ia ezer ere egin, beraz, ez dago lan egiteko moduan. «Baina ez dago formakuntza programarik pertsona hauentzat. Eta desgaitasuna onar diezaieten, administrazioekin eta osasun sistemarekin borrokatu behar dute. Eta niri asko kostatzen bazait, pentsa berari eta bere egoera dauden gazteei!», nabarmendu du Scaleak.

Egoera ikusita, Amnesty Internationalek oinarrizko bost gomendio egin dizkio Gobernuari:

1.- Armak dituztenen aurrekari penalen gaineko kontrol zorrotza. Egun, armen %22 aurrekari penalak eskatu gabe saltzen dira. Eta armak erosteko gutxieneko adina 21 urte izatea.

2.- Norbanakoek erasoko fusil erdiautomatikoak eta erabilera militarreko armak erabili ahal izatea debekatzea; minutu gutxitan pertsona asko hiltzeko gaitasuna dute eta mehatxu larria dira.

3.- Armen lizentzia eta erregistroari dagokionez, araudi bateratua egotea estatu guztietan eta etxean arma bat edukitzeko formakuntza berezi bat jasotzea derrigorrezkoa izatea.

4.- Komunitateetan biolentzia murrizteko eta ekiditeko gizarte programak martxan jartzea.

5.- Armak gordetzeko asegurua derrigorrezkoa izatea.

Las Vegasek ez du ahaztu duela urtebeteko tiroketa

Las Vegaseko biztanleek eta agintariek batasunaren alde egin dute duela urtebete gertatutako tragedia «ahaztezina» gainditzeko. 2017ko urriaren 1ean, tiratzaile bat musika kontzertu batean zeuden 20.000 lagunen kontra tiroka hasi zen Mandalay Bay hoteleko 32. solairuko gela batetik. Bere buruaz beste egin aurretik, 58 pertsona hil zituen. Zaurituak, berriz, 887 izan ziren. 2016ko urritik 2017ko irailera, 64 urteko Stephen Paddockek 55 arma erosi zituen legalki, gehienak kalibre ezberdinetako errifleak. Abiadura azkarragoan tiro egin ahal izateko, 12 errifle erdiautomatiko moldatu egin zituen. Tiroketak 9 eta 11 minutu artean iraun zituen. Gerora, Poliziak 47 arma berreskuratu zituen; Manadalay Bay hotelean 23 arma zituen 10 poltsatan gordeta, eta gainontzekoak Mesquiten eta Renon zituen etxeetan aurkitu zituzten. Hoteleko segurtasun kamerek autotik logelara tamaina handiko poltsak eramaten grabatu zuten sarraskia egin baino egun batzuk lehenago. Poliziak oraindik ez daki zerk bultzatu zuen egin zuena egitera.