Xabier Izaga Gonzalez
GERRA-HOTSAREN ORDEZ...

Rojavan amaitu da musika maite duen herri kurduari instrumentuak eramateko bidaia

Mugarik Gabeko Musikariak erakundeak eta Euskal Herriko musika eskolek Siria aldeko Kurdistanera bidalitako instrumentu tona Rojavako haur eta behartsuen eskuetara iritsi da. Asteon itzultzekoa zen Gani Mirzo musikari kurdua bere sorterritik, bidaia luze eta gorabeheratsu bat elkartasun sinfonia bihurtuta.

Iritsi dira. Biolin, piano zein laute doinuz iritsi da elkartasuna Mendebaldeko Kurdistanera, Rojavara, hain zuzen. Gani Mirzo musikari kurduak joan den abuztuan handik itzuli berritan GAUR8ri iragarri zion bezala, bere sorterrian utzi du Mugarik Gabeko Musikarien izenean eramandako tona bat musika-tresna. Oso prozesu luze eta arazoz betea izan da, baina lortu dute.

GAUR8k Mugarik Gabeko Musikariak elkarteko presidente Jesus Mari Alegria Pinttu-rekin hitz egin zuen joan den urtarrilean, Gasteizen instrumentu bilketa hasi zenean, eta harreman hari eutsita, bilketa amaitutakoan bidaia atzeratu zela esan zigun, Turkiako Armadaren bonbardaketak zirela eta. Uda honetan, bidaia gorabeheratsu bezain luze baten ondoren, Rojavan izan zen Gani Mirzo eta musika-tresnak handik gertu, «leku seguruan», gordeta utzi zituen. Lan kontuak zirela-eta, Bartzelonara itzuli zen, bertan bizi baita, eta berarekin hitz egiteko aukera izan genuen. Irail amaieran Rojavara itzultzekoa zela esan zigun orduan, eta asteon izan dugu atzera haren berri.

Asteartean amaitu zuen musikari kurduak duela bi urte pentsatu eta aurten Mugarik Gabeko Musikarien eskutik gauzatu duen proiektua. Edo proiektuaren lehen partea, Pinttuk dioenez, bigarren bidaia bat egiteko asmoa baitute, besteak beste orkestra bat egiteko falta diren instrumentuak eta txistuak ere eramateko. «Askok ez zuten sinisten gurea bezalako herri txiki bat musika-tresna tona bat bidaltzeko gai izango zenik», dio pozarren, «baina instrumentuak han daude, behar dituztenen eskuetan. Euskaldun hitza. Hemen promesak baino zerbait gehiago dago». Euskal elkartasuna nabarmen gera dadin nahi du Pinttuk, jendearen elkartasuna, eta kexu ageri da instituzioen uzkurtasunaz, hitz gehiegi baina gauza gutxi egiten dutelakoan. «Umeek, zergatik hiltzen dituzten ez dakitenean, munduaren parte batek erreakzionatzea nahi dute, horregatik honek bizia ematen die, haientzako itxaropen argi bat piztea bezala da».

Pinttuk udan aurreratu zuenez, Gasteiztik Kurdistanerainoko bidaia osoa jasoko duen film bat egiten ari dira. Jende profesionala interesatuta zegoela dio, eta dagoeneko bukatzen ari direla. Euren asmo nagusia, lehenik, kanpaina eta bidaia egin ahal izateko laguntza eman duen jendeak filma ikustea da, alegia, instrumentuak nola eraman dituzten eta hango umeen eskutan nola dauden ikustea. Horixe da eurentzat benetako arrakasta, ekimenak izango duen «errentagarritasun humanista». Ondoren, filma Donostian eta nazioarteko beste jaialdi batzuetan aurkezteko asmoa dute.

Ekimen hau Euskal Herritik kanpo ere ez da oharkabean gertatu. Urrunera gabe, joan den larunbatean “Clarín” Argentinako egunkariak Mugarik Gabeko Musikariak elkarteak «Euskadiko herriarekin batera» antolatutako kanpaina eta bidaiaren berri ematen duen erreportaje bat argitaratu zuen. «Honek aurrera jarraitzeko indarra emango digu», dio Pinttuk, besteak beste musika-tresna bankuak jarraitu egingo baitu.