Xabier Izaga Gonzalez
NEREA LEKUONA

Askotariko tresnez kontzientzia ekologiko eta soziala eragin nahi duen artista

Gasteizen zehar ez da harritzekoa Nerea Lekuonaren esku-hartzeak topatzea. “Ur azpian” bere azken proiektuarekin joan den mendearen erdialdera Arabako Uribarri Ganboako urtegia egin zutenean etxea eta bizimodua utzi behar izan zituzten lagun haiek omendu ditu. Haien memoriak bizirik jarrai dezan nahi du.

Euskaraz kostata egiten duela dio; hala ere, ez da batere gaizki moldatzen. Euskaraldian parte hartzeko izena eman du Nerea Lekuona artista gasteiztarrak, belarriprest gisa. Euskaraldiak dirauen bitartean jendeari bere azken proiektuaz euskaraz hitz egitea espero du, seguruenik oraindik zabalik egongo baita Zas aretoko erakusleihoan dagoen “Ur azpian” erakusketa, Ekinean Ibiltari programaren baitan Uribarri Ganboan egin duen esku-hartzearen erreprodukzioa eta bideoa.

Artea

Joan den maiatzean, azken urteotan Carabanchelen egiten duten Art Banchel ekimenera gonbidatu zuten Josune Rodriguez artista gasteiztarrarekin batera. Han, ateak irekitako egun bat egiten dute, estudio bakoitzeko artistak beste bat gonbidatuta. Nereak mapak eraman zituen maletatxo batean, mapa ugari, birziklatuak, bidaietan eta azoka txikietan bildutakoak. Bere erakusketa osoa maletatxoan bilduta. Izan ere, Nereak ez du inoiz erabiltzen behar-beharrezko duen materiala baino, ahalik hondakin gutxien sortzeko. Uste duenez, aldatu egin beharra dago obra bat sortzen duen eta jendeak miresten duen artistaren mentalitatea. «Behar dena da jendeak ideiak zalantzan jartzea da, eta, horretarako, ez da material askorik behar, ideia ona bada… Nik ez dut mundu hau txatarraz bete nahi». Horregatik ahalegintzen da dauden gauzei «bizi berri bat ematen».

Bere webean irakurgai duen adierazpenean dioenez, «kontzientzia ekologiko eta soziala» eragin nahi du. Eta adierazpen horrekiko koherentzia konstante bat da haren obran. Besterik ez bada ere, ekonomia eta espazioa direla-eta: «Praktikoa izan beharra dago». Koadro handiak ere izan behar dutela dio, baina berak, orain behinik behin, ez du bere burua horrelakorik egiten ikusten.

«Eta zuk zer egiten duzu?» galdetzen diotenean, oso zaila gertatzen zaio erantzutea. «Margotu?» Ez eta bai. Margotu behar badu, margotu egiten du, bideo bat edo argazkiak egin behar baditu, egin egiten ditu. «Horiek beste diskurtso batzuk sortzeko tresnak besterik ez dira». Haren adierazpena ez da lagungarri txarra Nereak zer egiten duen jakiteko: «Irudiak, ekintzak eta umorez eta ironiaz betetako performanceak, zinismoaz eta gaur egungo identitate galeraz hitz egiten digutenak. Ideiak sortu eta gauzatzeko lehengai ahalik eta gutxien erabiliz. Hori guztia publizitatearen eta diseinuaren munduak iradokitako estetika batekin». Dioenez, gero eta uste sendoagoa du artea egitea duela gogokoen.

Herri kirolen arrastoa

Herri kiroletan ere jardun zuen Nereak duela zenbait urte. Arabako Federazioko presidente ohi Fernando Velez de Mendizabalekin hasi zen, Lopidan zuen herri kirol eskolan. Nerea lasto-fardoa altxatzen ikusi zuenean, fitxatu behar zuela esan zion Velez de Mendizabalek. Trontza mistoko Arabako txapeldun izan zen, Velez de Mendizabalekin hain zuzen. Txinga-proban ere Arabako txapelduna izan da zenbait aldiz. Hamaika erakustaldi eginda dago herrietan zehar, baina lesio batek herri kirolak utzarazi zizkion, «penaz».

Herri kirolek, edonola ere, arrastoa utzi dute bere ibilbidean. Gasteizen zehar ohikoa da autoei bidea mozteko jarritako harri zilindriko zein kuboetan, harri-jasotzean erabiltzen direnetan bezala, pisua adierazten duen zenbaki bat agertzea. Nereak hirian zehar egin dituen esku-hartzeetako bat da. «Niretzat herri kirolak sustraiekin lotzeko modua ziren, nire landa-maisu espirituala; oso iradokitzaileak dira», dio. Herri kirolen bidez Arabako istorio asko ezagutu ditu, bere lanean islatu dituenak. «Artea nolabait zure ideiak eta bizipenak irudikatzeko tresna bat da, gauza askoz mintzarazten zaituen katalizatzaile bat; esate baterako, nik asko hitz egiten dut identitatearen galeraz».

Bere arte lanetan badira beste jardun edo lanbide batzuen arrastoak ere, ordea. Publizitatearen mundutik dator Nerea, eta publizitateak sarritan produktu bat saltzeko artetik edaten duen bezala, «nik maiz publizitatearen erremintak erabiltzen ditut arte lanetan ideia bat adierazteko». Lehenago, “Arabako Egunkaria”-n egon zen argazkilari; beraz, artearen mundura bete-betean sartu zenerako bazuen kamera atzeko eskarmenturik. Arabako Probintzia Artxibo Historikoan ere lan egin zuen, eta bertan ikasitakoa ere baliatu du. Aurten proiektu bat aurkeztu du, berak egin zuen ikerketa baten ondorio. Trantsizio garaian Guardia Zibilak kalean jasotako panfleto eta pegatinekin artxibo bat osatu zuen. Nereak Arabako Probintzia Artxibo Historikoan arakatuz izan zuen haren berri, eta, antzinako mapen bidez, mezu haien berrinterpretazio bat egin du. Rio de Janeirora eraman zuen bere erakusketa, Bitamine Faktoriak eman zion bekari esker. Han tailer bat egin zuen eta hitzaldi bat ere eman zuen.

Kaleko esku-hartzeak

Bitamine Faktoriak gonbidatuta, hain zuzen, Irunen zenbait esku-hartze egin zituen orain aspaldi ez dela. Zenbait hormatako altxatuak mapekin jantzi zituen, han muga bat dagoela kontuan izanda. «Apurtuta dauden gauzetan ere, hormako zartatu batean, esate baterako, edertasuna ikusten jakin beharra dago, pixka bat harago ikusten». Gasteizen ere ikusten dira Nerearen horrelako esku-hartzeak horma zaharretan.

Betidanik ibili da artearen mundutik hurbil, «mokoka». Ikasketak ere bide horretatik bideratu zituen gaztetatik. Gasteizko Mendizabala Institutuan ikus-entzunezkoak ikasi, Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan Goi Teknikari titulua atera eta argiztapen eta soinu laguntzaile gisa hasi zen lanean. Esan bezala, egunkari batean argazkilari gisa ere lan egin zuen, eta, diseinu ikastaro batzuk egin ostean, publizitate agentzia batean hasi zen, argazkigintza utzi gabe. Harik eta, 2006an, bere agentzia zabaldu zuen arte, Puy San Martinekin batera. Bertan ikus-entzunezkoak, komunikazio kanpainak, liburu eta katalogo argitalpenak, promozio bideoak, diseinua... egiten dituzte. Gainera, Amarika Asanblean parte hartu zuen, Zuloa espazioko kudeatzaile gisa, eta, beraz, bazekien zer zen arte erakusketa bat antolatzea. Argazki lehiaketaren batean ere parte hartu zuen, baita sari batzuk eskuratu ere, eta gero eta erakargarriago, gero eta barrurago sumatzen zuen bere burua mundu horretan. Argitaratze munduarekin ere izan zuen harremanik lehenagotik ere, 1995ean “Resiste” aldizkariarekin kolaboratzen baitzuen argazkiak eginez.

Ekinean Ibiltari

Udazken honetan, Artium Museoak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak Ekinean Ibiltari ekimena bultzatu dute, «arte garaikidearen eta lurraldearen arteko elkarreraginerako esparruak sustatzeko asmoz, landa-inguruarekiko eta gizarte-testuinguruarekiko elkarrizketari arreta berezia eskainiz». ZAS Kultur Espazioaren komisariotzak aurkeztu zuen proiektua hautatu zuten, Iñaki Larrimberen, Txaro Arrazolaren eta Nerea Lekuonaren esku-hartzeak, hain zuzen. Zuhatzu Kuartangoko bainuetxean, Atauriko tunelean, Nerbioiko Parke Linealean eta Uribarri Ganboako urtegian garatu dituzte hirurek beren proiektuak.

Txaro Arrazola pintoreak emakumeei arte sisteman dagokien lekua aldarrikatu izan du bere lanean; aspaldi hasi zen emakumearen ugaltzeko gaitasuna edukiontzi huts gisa definitzen duten teorien gainean hausnartzen. Oraingoan orekaren gaineko erakusketa osatu zuen Zuhatzu Kuartangoko bainuetxean: “Weeble-Tentetieso” izenekoa. Kuartangoko esku-hartzerako beti-tente bat egin zuen, tamaina errealean, eta performance batean haren barrura sartzen zen bera. Lanerako gune bat eta atsedenerako beste bat atondu zituen, erakusketara joaten zen jendearekin hitz egin, haiengandik ikasi eta bere sortze prozesuaren muina ulertarazteko asmoz.

Iñaki Larrimberen “Unofficial Tourism Araba” esku-hartzeak kultur turismoaren gaineko hausnarketa sustatu nahi du. Duela hamar urte hasi zen Estatu espainoleko eta Portugalgo zenbait lekutan turismo ibilbide «ez ofizialak» egiten. Udazken honetan, hamar kolaboratzaileren laguntzaz, sei ibilbide alternatibo egin ditu Atauriko tunelean eta Nerbioiko Parke Linealean. Ibilbide horietan inori bisitatzea bururatuko ez litzaiokeen gauzak ikus daitezke, eta jendeak osatu egiten du obra ibilbide horiek eginez. Ibilbideen mapak argitaratu eta banatu egin ditu.

Ur azpian

Nerea Lekuonak Garaioko Parkea aukeratu zuen, Uribarri Ganboako urtegiaren ertzean. Gaztetan inguru hartara joaten zen udan familiarekin bainatzera, egun-pasa egitera, eta hango historia ezagutzeko gogoa piztu zitzaion. Alegia, ur haren azpian zer zegoen eta guztien ongiagatik beren etxea eta ondarea utzi behar izan zuen jende harekin zer gertatu zen jakiteko gogoa. Nereak uste du jende hori guztia nolabait «ur azpian» egon dela, horregatik jarri dio izenburu hori bere esku-hartzeari, lagun horien omenez. Dioenez, oraingo jende gazteak ez daki ezer horretaz. «Nire ilobei horretaz hitz egiten diedanean, uste dute urtegia betidanik dagoela hor. Ez dakite azpian herri osoak daudela. Bere obra egiteko herri horien jatorrizko argazkiak bilatzen hasi zen Gasteizko Udal Artxiboan eta Arabako Artxiboan. Argazki gehienak Gerardo Lopez de Gereñuren funtsekoak dira.

“Ur azpian” proiekturako, andel handi baten hondoan herrixka haien argazkiekin osatutako collage bat prestatu zuen. «Niri beti gustatu zait moztu eta itsastea», dio. Obra aurkeztean, andela urez betetzen zen bitartean, Nerea uretara sartzen zen, «historian murgiltzen naiz, eta jendea gauza bera egitera gonbidatzen dut». Izan ere, berak andel barrutik zipriztindu egiten zuen jendea, «historiaz blaitzeko».

Esku-hartze horren beste pieza bat bandera bat da, urpean dauden herrien bandera, herri haiek utzi behar izan zituen jendearen bandera. Hondartzetan dauden banderen antzekoa da, baina urperatzen ari den dorre bat marraztuta duena. Jende horren memoriak bizirik jarraitzeko modua dela dio Nereak.

Prestaketa lanak egiten ari zela, herri haien urperatzea bizi izan zuten zenbait lagunekin topo egin zuen. Ezustekoa izan zela dio, haietako asko hil egin dira-eta jada. Bestetik, Txus Bilbao historialariaren “A cincuenta años” liburua ere baliatu du bere lanerako. Bilbaoren aitonak etxea eta herria utzi behar izan zituen urtegia egin zutenean, eta, Bilbaok Nereari kontatu zionez, gau oso bat eman zuen etxean ura gerriraino zuela. «Hunkigarria izan da jende horrekin hitz egitea eta haien esker ona jasotzea. Haiek kontuan hartuak izatea besterik ez dute nahi», jarraitu du Nereak. Egin dituen hitzaldietan jende horrentzako aitortza aldarrikatu du; esate baterako, «plaza bat Oreningo bizilagunentzat, Mendizabalgo jendea kale baten izenean agertzea, iturri bat...».

«Zorioneko»

Lan asko eta askotarikoak egin ditu Nereak. Baten batzuk aipatzearren, “Plusmarca Euskadi” erakusketa antolatu zuen Montehermoso Kulturunean, beka bat lortuta, bere lanekin batera beste zazpi artistarenak ikusgai jartzeko. Ondoren, “Praxis” programaren barruan, Artiumen hiru hilabetean zehar arte sorkuntzan jardun zuen. Arbel hutsak eraman zituen, eta jendearen mezuak jasotzen hasi zen, arbeletara eramateko. «Ni asko atera izan naiz kalera; zerbait zuzena egiten duzu, bitartekaririk gabe, nahi duzun eran, eta jendeak nahi duen moduan interpretatzen du». Arbeletara eraman zituen mezu horietako batzuk Zaballako presoek idatzitakoak ziren. Haietako bat soinean, Zaballako kartzelara hurbildu zen, Ertzaintzak bidea moztu zion arte; baina hurrengo egunean tailer bat egin zuen hango presoekin eta haien mezuak arbeletan jaso zituen.

2016an ZAS Kultur Espaziora sartu zen, arte garaikidearekin zerikusia duen abenturara. Ordutik, erakusketak eta osteguneroko ekimenak antolatzen aritzen da bertan: hitzaldiak, aurkezpenak, proiekzioak...

Oso zorioneko sentitzen da artea lanbide izanda. «Biziak zentzua hartzen du, horregatik gustatzen zait kalean ere neure gauzak egitea, gustuko baitut jendeak ikustea, jendea bere ondorioetara iristen dela jakitea. Hori oso interesgarria da». Zalantzarik ez.