Miren Azkarate Badiola

Edertasunak kontuz gorderik behar du

Sare sozialen garaian bizi garen honetan, aitortu behar dut ez ditudala batere maite baina lanagatik batzuen jarraitzaile naizela, kasu Facebookekoa. Denetik ikusten dut egunero bertan; barrea eragiten didatenak, negarra, haserrea, sorpresa... era guztietako sentimenduak. Eta badira ere oraindik, nahiz eta egunak eta asteak pasatu, zer zakutan sartu ez dakidan albisteak ere. Saiatuko naiz ikusitakoa azaltzen eta ea hitzak jarrita zer sentitzen dudan plazaratu dezakedan.

Argazki bat zen, oso-oso ezaguna den umeen aulkien (edo karroen) marka baten iragarkia. Bertan, emakume bat azaltzen zen banku batean eserita, albora begira, eta bere parean haurraren aulkia. Bularra ematen ari omen zen (omen diot, ez baitziren ez haurra ez bularra ikusten), hori jartzen zuen idatzita, behintzat. Baina, eta hau da saltzen zutena, aulkiko heldulekutik amaren lepo azpira tela bat ateratzen zen aurrealdea eta aldeak tapatzen zizkiona. Kanpin denden oihal berdinekoa eta kolore ezberdinetan eskuragarri! Euria egiten duenerako? Pentsatu nuen, edo, bularrak ez hozteko haizea dabilenean? Baina ez, bularrak agerian ez izateko zen!

Nik oraindik ezin dut sinistu nola den posible XXI. mendeko herrialde “garatu” (=aurreratu?) hauetan emakume bat edoskitzen aritzea gaizki ikusitako edo ezkutatu beharreko ekintza bat izatea. Benetan?

Eta nor izan da oihal hau asmatu duen “iluminatua”? Seguru, bularrak beste edozein lekutan (hondartzan, zineman, pornografian...) gustu handiz ikusten dituen gizon bat. Eta okerrena da merkaturatu badute erosiko eta erabiliko duten emakumeak egongo direlako izango dela…

Dezepzioa eta auzo-lotsa! •