Mikel Zubimendi Berastegi
Entrevue
Daniel Bernabe
Kazetaria eta idazlea

«Infinitura bitarteko berezkotasunen batura zabal bat bakarrik bagara, ezin da ‘gu’ bat existitu»

«La Trampa de la diversidad. Cómo el neoliberalismo fragmentó la identidad de la clase trabajadora» liburu polemikoaren egileak hautsak harrotu ditu.

Liburu gupidarik gabea idatzi du Daniel Bernabek (Madril, 1980), ezkerraren kontzeptu eta subjektu klasikoak zatitzen omen dituen dibertsitatea aztergai hartuta. Bertan, praktika emantzipatzaileen gaineko begirada kritikoa eskaintzen du.

Hautsak harrotu ditu zure liburuak. Polemika eta eztabaida sutsuak piztu ditu sare sozialetan. Zerk bultzatu zaitu eztabaida hori mahai gainean jartzera?

Duela urte eta erdi inguru, kolaboratzen dudan “La Marea” aldizkarian ultraeskuinaren igoeraz idatzi nuen, kezkatzen nauen gai bat da-eta. Ultraeskuinaz jardutean beti esaten da sistema neoliberalaren krisiaren ondorio dela, baita Europako sozialdemokrazia klasikoaren krisi sakonaren ondorio ere. Nire galdera, aldiz, honakoa zen: izan al du erantzukizunik ezkerrak honetan guztian? Konturatu nintzen ezkerreko jendeak –PSOEtik ezkerrera dagoena, alegia– ezin zuela hitz egin bere lagunekin, bere zirkuluetan hitz egiten zuen gai berberez, ezta hizkuntza bera erabiliz ere. Ikusten nuen kezka handia zegoela kontu sinbolikoen inguruan, lehiaketa bat identitate ezberdinen artean... Horregatik, arazo bat zegoela adierazi nahi izan nuen.

Zaran jantziekin nola, hala hartzen dituela jendeak identitateak besteekiko ezberdintzeko diozu. Horrek eragin handia duela ezkerrarengan. Dibertsitatea merkatuarekin parekatzea alderaketa gogorra da, batik bat bandera horiek askorentzat praktika askatzaileak direlako. «Akusazioa» ez da makala: subjektu iraultzaile klasikoa, hots, langile klasea, zatitzea.

Politikarekin daukagun harremana azken 40 urteetan aldatu egin da, klase mailakoa eta kolektiboa izatetik indibiduala eta aspirazionala izatera pasatu da. Zer zentzutan? Guztion identitateak askoz indibidualistagoak egin dira eta besteekiko ezberdintzeko joera are nabarmenagoa. Gatazka horren antzekotasun handiena, niretzat, merkatu bat da. Alegia, zu saldu eta erosten den merkantzia bat zara, eta hobea, ezberdina, erakargarriagoa egiten zaituzten elementuak bereganatzen joan behar duzu. Joera horrek identitatearen politikan eragin handia izan du. Zergatik? Eragiteko bere formak askoz sinbolikoagoak direlako. Ez da hainbeste, hau argi utzi nahi dut, feminismoak edo LGTB mugimenduak langileria zatitzen dutela, baina bai gertatzen da identitate politiko horiek gero eta modu konpetitibo eta sinbolikoagoan jarduten dutela.

Taifen erreinu identitarioez mintzo zara. Sinonimoa izan litekeen «txikimundu» hitza ezagutzen genuen hemen.

Berezkotasunen gehiketa zabal bat bakarrik bagara, ezin daiteke “gu” bat existitu. Gutasun hori eraikitzeko ez dut exijitzen jendeak bere berezkotasunak alboratzerik, baina batzen gaituen zerbait ere egon behar da ezinbestean. Horretarako itsasgarria, oso transbertsala dena, jendeak lanarekin daukan harremana da. Oso argi daukat langile klaseak existitzen jarraitzen duela, eztabaidatu daiteke zenbat aldatu den, baina ez dut zalantzarik existitu existitzen dela. Ni Fuenlabradakoa naiz, Madril hegoaldeko hiri batekoa; langabeen tasa oso handia da, unibertsitateko ikasleena oso baxua hogei kilometrora dauden Pozuelo edo Las Rozasekin alderatzen baduzu... Espainiako per capita indize handienetakoak dituzte horiek. Jakina existitzen direla klaseak! Adibide oso arrunt bat jarriko dizut: bide batetik bazoaz eta azken hogei urteetan konpondu ez dutelako zulo bat duelako autoarekin kristoren ostia hartzen baduzu, bideko zulo horri berdin dio zure identitateak, guztioi eragiten digun arazoa baita. Nik uste ezkerrak ulertu behar duela gauza bat dela ahots plural bat izatea eta beste gauza bat ahots atomizatu bat izatea. Ezberdintasun handia dago batetik bestera.

Eta nola artikulatzen da aldaketarako edo iraultzarako «gu» hori, subjektu hori?

Identitateak, oinarri erreala duten arren, bitartekaritza kultural denak bezala, kanpoko interbentzioen eraginez sortutakoak dira. Orain jende guztiak klase ertainekotzat du bere burua! Hor badago nolabaiteko errealitate bat, aurrerapen sozial baten aztarna, momentu jakin batean, 80ko hamarkadaren amaieran, koka daitekeena. Baina badauka neoliberalismoaren konkista kulturaletik asko ere. Hor duzu Amancio Ortega bat klase ertainekoa dela esaten! Zaran bertan maila bateko arduraduna izanik egiazki klase ertainekoa dena ere badago, baina, gero, hilero 800 euro irabazten dituen kutxazaina dago, eta azken horrek ere bere burua klase ertainekotzat dauka! Zergatik? Populazio aktiboaren inkestetan, adibidez, ez dizute galdetzen ea langile klasekoa zaren, baizik eta klase baxukoa zaren. Inork ez du klase baxukoa, miserablea, paria bat izan nahi. Ezkerrak izan zuen garai bat non funtzio kultural bat betetzen zuen: langile klasea bere buruaz eta aukerez jabetzearena. Antolaketaren bidez egiten zuen hori eta, horri esker, jendeak osotasun baten parte zela nabari zuen.

Dibertsitatearen auziak protesta moduetan ere eragiten duela diozu, «happening sozialak» lehenesten direla orain. M-15aren biltzarretan bandera gorrien gainean izandako eztabaidak gogoratu dituzu. Nola ulertzen duzu eragin hori?

Oviedon liburua aurkezten ari nintzela hango irakasle batek anekdota oso interesante bat kontatu zidan. Bere campusean, ikasleak manifestatzen ari zirela, honakoa galdetu zioten; «Aizu, ze inprimaki bete behar da errektoretza okupatzeko?». Okupatu eta listo, ezin duzu horretarako baimena eskatu, ezta? Hemen aukera ezberdinak daude. Umorearekin har dezakezu, jende gazteagoa ergeldu egin dela pentsatu, edo arazo politiko serio bat dagoela onartu. Lehenbizi, tradizio bat hautsi egin da. Nik gogoratzen dut Madrilen, bizitza sindikala egiten hasi nintzenean, jende nagusia, bizitza osoan sindikatuan egondako jendea, asko errespetatzen zela; zaharretatik asko ikasten zen, gauzak nola egin, politikara nola hurbildu… Bestetik, ezker bezala aldatu nahi dugunaren horizontea galdu egin dugu, ez dakigu zehazki zer aldatu nahi dugun. Bai, mundu hobeago bat nahi omen dugu, baina, hori, lehen, askoz zehatzagoa zen: banka nazionalizatu, sistema elektrikoa... Arazoa da errealitatea aldatu ezin dugula onartu dugunez gero, errealitatea irudikatzeko formak aldatu nahi izateari heldu diogula. Gure borroka bideak gero eta gehiago doaz sinbolikorantz. Hor dituzu denak eztabaidatzen “Operación Triunfo”-n duela 40 urteko kanta bateko hitz bat esan behar den edo ez... Hori da arazoa.

Ezkerreko populistek diote irabazteko ekuazioa hau dela: identitateen politikak egoki planteatzea, diskurtsoaren antagonismoak ondo zehaztea eta zentzu on periodistiko bati jarraitzea. Hainbeste esanahi mugikor!

Nik polemika handiak izan ditut Podemoseko sektore errejonista edo populistenekin. Alde batetik, badirudi estrategia hori irabazlea dela, Podemosek bere momentua, igoera oso handi bat izan zuelako. Bada, une politiko hura hobeto irakurri zuten gero sortutako aukerak aprobetxatu baino. Belaunaldi oso bat, niretzat hondamendia den ideia batekin hezi dugu: politika ekuazio itxi bat dela. Hau da, halako hitz edo kontzeptu bat jarrita, beti emaitza bera lortzen duzula. Eta eztabaida erabat hutsalak sortu dira: “langile klasea” esaten bazenuen hondoratu egiten zinen, “kasta” esaten bazenuen gorantz egiten zenuen... Sektore komunista tradizionalenak, berriz, alderantzizkoa defendatzen... Baina politikak ez du horrela funtzionatzen.

Besteak errebisionistatzat, traidoretzat... jotzen dituztenak ere badira. Besteen ekintzak gutxiesten dituzte erreformistak, interklasistak... direlakoan. Heterodoxia igitaian eta mailuan, ortodoxia berria. Postmodernismoaren fetitxe berri bat ez al da?

Planteatzen duzuna oso interesgarria da. 30eko hamarkadan mugimendu komunistaren eta anarkistaren arteko ezberdintasunak egungoen guztiz kontrakoak ziren. Orduan langile klasearen osotasuna ordezkatu nahi zuten. Egun, politikarekiko gure harremana gero eta aspirazionalagoa da, deklaratiboa, hots, «ni hau naiz, hau naizela diodalako». Soilik deklaratiboak garenez eta ideologia hori produktu bat balitz bezala erosten dugunez, komunistekin batu eta komunismoa egin beharrean, politika egin beharrean, egiten dugun bakarra esatea da. Komunistak garela esatearekin nahikoa dugu. Hala, kontu sinbolikoekin hasten gara: oso belikoa den hizkuntza batekin, bandera gorriekin, Lenin aipatuz... Berez horrek ez luke txarra izan behar, baina, horren atzean ezer ez dagoenean, fetitxe bilakatzen gara.

Dibertsitatearen auzian eskuina inteligenteagoa da, erretenak gainditzen ditu, jendea batzen du, eta, bitartean, ezkerra odolusten doa.

Bai. Lehenik, politikoki zuzena ez denaren kontua dugu. Lortu behar dena eta lortzen denaren artean hain alde handia dago, hipokrisia sentsazio izugarria sortzen dela... Esan behar ez diren gauza batzuk daudela dirudi, zuzena den kanon bat inposatzen dela, eta horrek aurkakotasun bat sortzen du. Ultraeskuinak, batez ere AEBetan, ongi ulertu du hori eta taula politikoan errebelde bezala kokatu dira, inposizioari erantzuten dioten bakarrak bailiran. Bestetik, eskuinak dibertsitatea bi modutan erabiltzen du. Batetik, ariete bezala, batez ere immigrazioarekin. Eta bestetik, parapeto gisa. Ikusi Europako ultraeskuina, emakumeak edo homosexualak diren liderrak ditu. Ez da kasuala. Horrek dibertsitatearen ustezko aurpegi humanista erabiltzeko parada ematen die, «Ikusten? Ez gara hain txarrak» esatekoa, inbasio musulmanaren bandera xaxatzekoa. Izan ere, “inbasio” horren aurrean zeintzuk dira kaltetuenak? Emakumeak eta homosexualak.

Sistemak badu dibertsitatea barneratzeko ahalmena, dibertsitatearen izenean egiten diren protesta asko bereganatu eta merkantzia bezala saltzeko. Berriak zabaltzen dituzte, audientziak irabazi, «klik» kopuruak biderkatu... eta, horrekin, etekin ekonomikoak datoz.

Sistemak identitatezko zenbait politika erraz onar ditzake, hori egitean lana-kapitala gatazkarekin deslotzen dituelako. Esplikatuko naiz: Ana Botinek esan berri du bere bankuak “kreditu feministak” aterako dituela. Ikusita dut telebista iragarki batean “ur feminista” kontzeptua ere. Mexikon Nike etxeak “zapatila feministak” iragartzen ditu. Zer esan nahi dut horrekin? Feminismoak duela errua? Ez, materialtasunarekiko, lana-kapitala gatazkarekiko harremanak abstraitzean, sistemak erraz barneratzen dituela borrokok. Dena sinbolikoa eta deklaratiboa denean, oso erraza da hori erostea, ia-ia iragarki bat bezalakoa baita.

Kazetarien hizkuntzak kezkatzen zaitu. Adibidez «jendea», «hiritargoa» eta gisakoak nola erabiltzen diren «langile klasea» ez erabiltzeko. Hainbesterainokoa al da?

Hizkuntzak soilik ez ditu gauzak aldatzen, baina garrantzitsua da. Hizkuntzaren bitartez subjektu bat desagerrarazi edo ezkutatu daitekeelako. Niri, adibidez, “hiritargoaren” kontzeptua, ikuspegi errepublikano batetik erabiltzen baduzu, oso interesgarria iruditzen zait. Orain, hemen batzuk ez dute “langile klasea” erabiltzen benetan sinetsi dutelako ez dela existitzen! Jatorrian arazo akademiko bat dago. Akademian, norbait izateko, teoria berriak aurkeztu behar dituzu, originala izan behar duzu. “Jendetzak”, “subjektu politiko berriak” eta horrelakoak erabiltzen hasten bazara, horrek ezberdindu egiten zaitu. Egun akademiak, unibertsitateak, ezkerrean daukan eragina ia erabatekoa da, eta, mundu sindikalak, adibidez, gero eta txikiagoa. Azkenean, AEBetako eredurantz goaz. Ni ez naiz hizkuntzaren fetixista bat, baina kontuz ibili behar da erabiltzen diren maskarekin, izan ere, behin mahai gainean utzita, gero beste batek erabil ditzake. Ikusi, adibidez, Vox alderdiaren Madrilgo mitin handian esandakoak; “suminduen” izenean mintzo ziren, “jendearen” bozeramaile gisa. Italian Salvinirekin berdin gertatzen da.

Borroka ideologikoak etsaiaren puntu sendoenean kolpatzea eskatzen du, eta, borroka politikoak, ahulenean. Liburuan ideologikoki sektore edo mugimendu ahulenak kolpatzen dituzula, praktika emantzipatzaileei egurra ematen diezula uler daiteke, eta ez, ordea, intelektual neoliberalei.

Nik uste liburu hau esku-freno bat dela, alerta bat, bide honetatik ondo ez goazela esateko modu bat. Ez dut nahi pauta ideologiko zehatzik ematerik nahi. Ez dut auzia honela planteatzen: feminismoa, LGTB mugimendua, animalistak versus langile klasea. Nik emakumeek lan egiten dutela, homosexualek arazo fiskalak dituztela diot, hau da, guzti-guztioi eragiten diguten egiturazko arrazoi batzuk daudela, normalean pisatzen duen politikarekin, ekonomiarekin, diruaren munduarekin harremana duten arrazoiak. Horietara lotzeak elkarrekin fronte komun bat sortzea ahalbidetzen du.

Ez dut uste maila berean jar daitekeenik naziotasuna, euskaldun izatea, beganoa edo espezista izatearekin. Hain zaila al da ulertzea klase borrokak nazio askapenerako forma har dezakeela?

Justu kontrakoa esan nahi nuen, ordea. Esaten dudana da XX. mendean hiru identitate sendo egon direla: nazionala, erlijiosoa eta klase mailakoa. Eta identitate horiek, 90eko. hamarkadatik aurrera, ahultzen ari dira. Kataluniako gatazkaz, adibidez, nahi duzun iritzia izan dezakezu, baina objektiboa dena da hau da: independentismoa agregatzaile politiko nabarmena izan da, pertsona aberatsek eta pobreek bat egin dute, ezkerrekoek eta eskuinekoak, landa eremuetakoek eta hirietakoek… Bitxia da, behin butifarrada independentista bat antolatu zuten eta beganoek uko egin zioten joateari. Beste guztia helburu komun baten alde uztea badago, baina beren identitate politikoa, elikadurarekin lotutakoa, ez. Identitate nazionalaren eta klase identitatearen arteko uztarketarena antzinako eztabaida da, baina oso argi dago nazio identitateak erakarmen eta irismen handia duela, indar agregatzaile boteretsua dela. Ultraeskuinak ongi barneratu du hori. Begiratu Espainian ”rojigualdismoarekin” gertatzen ari dena, eskuinaren M-15 bat izaten ari da...

Bukatzeko, harrituta liburuak harrotutako hautsekin?

Saltsa ederrean sartu naiz, bai. Baina oso pozik nago. Seigarren edizioan gaude. Onarpen zabala jaso du. Jakina egon direla sare sozialetan kritika latzak, baina, nire ustez, gaizki bideratutako kritikak izan dira. Izan ere, liburua irakurri ere ez dute egin batzuek, eta, beste batzuk, liburua irakurri arren, nirekin okertu dira. Taberna batera banoa bokata bat jatera, ezin dut eskatu goi mailako chef batek prestatzerik... Jende horrek uste zuen nire liburua goi mailako sukaldaritza zela, eta ez da hori, xumeagoa da, hizkera periodistikoan dago idatzita, ez dago zehatz dokumentatuta... Izan ere, uste dut garai historiko bat hobe ezagutzen dela zabortegiak begiratuz (eguneko informazioa, iragarkiak, telebista), museoak eta dokumentazio zentroak begiratuz baino.