Iker Bizkarguenaga
ITZALA BEREZKOA DU

Michelle Obamaren memoriek piztutako ikusmina, idazlearen beraren tamainakoa

«Emakumea, beltza eta indartsua». Horrela ikusten du Michelle Obamak bere burua, eta horrela ikusten zuen bere senarra AEBetako presidentea zenean. Eta jende askok ez zuen atsegin, oraindik ere ez zaio gustatzen. Baina Chicagoko abokatuak erakutsi du bera ez dela inoren itzalpean ezkutatuta bizitzeko jaio, eta hori eskertzen diote bere jarraitzaileek. Eta ez dira gutxi.

Amerikako Estatu Batuetako presidentearen emaztea izateagatik ezagutu genuen gehienok Michelle Robinson Obama (Chicago, 1964ko urtarrilaren 17a), baina senarraren karguak itzal luzea izanagatik, berak argi erakutsi zuen ez zela inoren eranskin izateko jaio, bere gerizpea ere tamainakoa dela.

Princeton eta Harvard unibertsitate prestigiotsuetan ikasitako abokatua da Michelle, baina Chicagoko langile giroan hazi eta hezi zen, eta bere arbasoetako bat Jim Smith Hego Carolinako esklaboa da. Badaki, beraz, zer den aurrera ateratzeko lan egitea, borrokatzea. Eta horregatik ez du inoiz Barack bikotekidearen karismaren adarretan habiarik egin. Orain, aterpea bezainbeste kaiola den Etxe Zuria utzi eta bi urtera, memoriak idatzi ditu, inor epel ez uzteko asmoz.

“Becoming” deitzen da aste honetan salgai jarri den liburua, eta dagoeneko hogeita zortzi hizkuntzatara itzuli dute. Izan ere, mundu osoan da ezagun, eta jende askorentzat eredu ere bada. Horren guztiaren jakitun, Michelle Obamak edozein rock izarrek amestuko lukeen bira antolatu du, liburua aurkezteko, eta hitzaldiak emango ditu AEBetako eta Britainia Handiko zenbait estadio handitan. Bide horretan lagun izango ditu aski ezagunak diren Chimamanda Ngozi idazlea eta Reese Witherspoon eta Sarah Jessica Parker aktoreak, beste askoren artean.

Ikusmina norainokoa den neurtzeko, nahikoa da aipatzea sarrerak erabat agortu direla leku askotan, eta ez da izan, inondik ere, salneurria merkea zelako, 30 eta 3.000 dolar artean ordaindu baitituzte bera zuzenean ikusteko.

Nola ez, lehen hitzaldia jaioterrian egin zuen, Chicagon, iragan asteazkenean, eta esan gabe doa arrakasta izan zuela. Saio horretan Oprah Winfrey ezaguna izan zuen Michellek bidelagun, hain zuzen, askok AEBetako hurrengo presidente izateko hautagai gisa ikusten duten telebistako aurkezlea.

Hala ere, aurkezpen-bira apartekoa izan arren, liburua oso intimoa da, barrura begirakoa. Batez ere, “lehen andrea” eskema klasikoa gainditzeko ahalegina egiten du usu “lehen andre” gisa aurkeztu duten emakumea. Horrekin batera, bere lan-esparruan eta familiarekin izandako esperientziak nabarmentzen ditu, bizipen horiek bereak bakarrik izanagatik beste askok izandakoen antzekoak diren ustean.

Edonola ere, liburuaren berri izan eta berehala hedabide askok Michelle Obamak egungo presidente Donald Trumpi buruz esaten dituenak ekarri dituzte beren lerroburuetara. Idazlana intimoa izan daitekeelako, bai, baina berak esaten dituenak mundu guztian erreplikak izan ditzakeen lurrikarak sortzeko gaitasuna duelako. Jakina, Etxe Zuriaren maizter berriarentzat ez du hitz goxorik erabili. Sorpresarako tarterik ez du utzi. «Gau batzuetan ezin nuen lo egin, jazotakoagatik haserre», onartzen du pasarte batetan, New Yorkeko handikiak egindakoak gogora ekarriz. Izan ere, Michelle Obamaren aburuz, «estugarria izan da egungo presidenteak estatubatuar asko beren buruaz zalantza izatera eraman dituela ikustea, besteenganako zalantzak izatera eta beldurra pairatzera nola eraman dituen». Eta bere buruari galdetzen dio ea «inoiz hondoa joko ote dugun».

Michellek «misogino» eta gezurti gisa ikusten du Trump, eta gogor salatzen du 2011an Barack Obama AEBetan jaio ez zela zabaldu izana, zurrumurru faltsu horrek herrialdeko sektore arrazistak aztoratu baitzituen. «Trumpek, bere iradokizun zalapartatsu eta arduragabeekin, nire familiaren segurtasuna arriskuan jarri zuen. Eta hori ez diot inoiz barkatuko», dio zorrotz.

Dena den, memorien gainontzeko atalak polemikari izkin egiten diote, eta, besteren artean, AEBetako presidente baten emazte izateak dakarren pisua jorratzen du. «Inoiz ez nuen pentsatu ardura hori erraza edo xarmagarria izango zenik. ‘Lehen’ edo ‘beltza’ kalifikatzaileak jasaten dituen inork ez luke pentsatuko», azaltzen du, gaineratuz bera «emakumea, beltza eta indartsua» zela, eta horrek, jende mota batentzat, «haserretua» esan nahi zuela. «Hori beste klixe kaltegarri bat zen, gutxiengoetako emakumeak baztertzeko betidanik erabili dena», salatzen du. Estereotipo arrazista horrek sumintzen zuen, baina «amarruan» ez erortzea erabaki zuen, burua beti altu mantentzea, eta hortik heldu zen 2016ko kanpainan ezagun egin zen leloa: “Beraiek maila apaltzen dutenean, guk igo egiten dugu”.

Arrazak, klase sozialak, matxismoak eta hezkuntzak sortzen dituen bereizketak luze jorratzen ditu Michelle Obamak liburuan, eta hautsak harrotuko ditu 2020ko hauteskundeetarako hautagaia bilatzen ari den Alderdi Demokratan. Berak dio ez dela inoiz kargu publiko baterako aurkeztuko, baina zer diote gurtzen duten horiek?