Antton Izagirre

Natural-natural

Orain gutxi, Gipuzkoako herri txiki batean familiarteko urteurreneko meza horietako batera joatea egokitu zitzaidan, eta, nire harridurarako, Maliko apaiz beltzarana agertu zitzaigun begien aurrean, aldarean. Albora begira jarri eta euskal komunitateak natural-natural hartu zuela jabetu nintzen. Itxoin nuen hitz egiten hasi zen arte eta meza natural-natural euskaraz ematen zuela ohartu nintzenerako bi emozio kontrajarrik hartu ninduten. Batetik, euskaldun izatearen harrotasunak sorturiko emozioaren bulkadaz, apaiz mozkote haren ahalegina eta xalotasuna txalotu nituen isilean. Bestetik, haserreak, ikustean nola ondoko familiartekoak, bere ustez betiko euskal herritarra denak, ez zuen bere burua interpelatua sentitu eta natural-natural gazteleraz mintzatu zen, apaizarena ñabardura exotiko moduko zerbait balitz bezala.

Haserrea lasaitze aldera, pentsa dezaket pertsona horien gaurko hizkuntz joera eta portaera bere garaian ikasi ez izanaren ondorio izan daitekeela eta etorkizunean gaindituko dugula. Halere, askotan, haserrea amorru bihurtzen zait, ikustean nola nire begiko pilotari, futbolari, eta kirolari ugari, ETBk, aurrez natural-natural euskara jatorrean esandakoa, gazteleraz errepikatzera behartzen dituen, «gazteleraz ere badakit» esanarazi nahi baliete bezala.

Hamaika eguneko Euskaraldia, jarrerak eta joerak aldatzen hasteko aldia baldin bada, zain izango gara hamabigarrenean, okertzat jo ditugun jarrera horiek aldatzeko politikari eta arduradunek neurriak hartu dituzten ikusteko. Horrela ez balitz, ahobizi eta belarriprest txapak paparrean eraman izana, haien aldetik, itxurakeria hutsa izan dela pentsatuko dugu. •