Miren Azkarate Badiola

Amaiera eta hasiera

Data hauetan idaztea tokatu zait eta ez dut uste batere originala izango naizenik. 2018. urtea atzean utzi dugu eta jada sartu gara 2019an; bata bukatu dugun bezala hasi dugu bestea, eta ez, ez naiz janaz eta edanaz ari, espetxeetan eta erbesteetan ditugun senide eta lagunak gogoan edukitzeaz baizik.

Egunotan, ez dakit zergatik baina bereziki izaten ditugu presente gure artean, eta aurten ez da salbuespena izan, etxe askotan afari eta bazkaritarako aulki huts bat izaten jarraitu dugulako askok eta askok.

Espetxeetara martxak egin ziren duela aste bat, baita Hatortxu Rock jaialdia beste behin ere sarrera guztiak salduta, herri desberdinetan elkartasun lasterketak, Olentzeroak, han eta hemen brindisak… Halaxe amaitu. Eta hasi, aldiz, urteroko zita batzuekin; Oiartzungo Etxeraten bertso saioa bihar edota datorren asteko Bilbo eta Baionako manifestazioekin. Ea azkenak diren! Beti entzun dudan esaldia errepikatuko dut aurtengoan ere, zoritxarrez! Baina esan esango dut, badaezpada, ea aurtengoak azkenak diren benetan!

Bitartean, egunotan barruan daudenen jateko “menu bereziak” kontatu dizkigute lagunek edota Whatsapp bidez Kuban manga motxetan pasa dituzten Gabonen bideoak jaso ditugu.

2018an bazirudien errealitate hori aldatuko zitzaigula, baina 2019an sartu gara ezer aldatu ez dela. Beraz, benetako azkena iritsi arte zuen alde korrika, dantzan, mendi martxetan eta dena delakoa egiten jarraituko dugu. •