Ion Salgado
infraganti

ROSALIND WILLIAMS

1992ko abenduaren 6an, poliziak identifikatu egin zuen Rosalind Williams Valladolideko tren geltokian, beltza izateagatik. Gertatutakoa salatu eta NBEra eraman zuen bere kasua Williamsek. Genevan dagoen Giza Eskubideen Batzordeak arrazoia eman zion, baina espainiar Estatuak ez du identifikazio arrazistak saihesteko neurririk hartu.

Rosalind Williamsek ondo gogoratzen du 1992ko abenduaren 6an gertatutakoa. Bere familiarekin zegoen Valladolideko tren geltokian, polizia bat gerturatu zitzaionean identifikatzeko eskatuz. «Galdetu genion zergatik erakutsi behar nion nortasun agiria, eta beltza izategatik zela erantzun zigun», gogoratu du iragan hilabetean CEAR Euskadik antolatutako “Ausartak” lelodun hitzaldian parte hartzeko Euskal Herria bisitatu zuen emakumeak.

Williams 1968an iritsi zen Estatu espainolera, bere senarra espainiarra delako, eta, nabarmentzen duenez, 1992ra arte ez zuen inolako arazorik izan. Horregatik arraroa iruditu zitzaion Valladoliden gertatutakoa. «Lehen unean ustekabe desatsegina izan zen, arraroa iruditu zitzaidan, baina ondoren amorrua eman zidan», azaldu du Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako emakumeak.

Neurriak hartu ahal izateko, poliziari identifikazio zenbakia eskatu zion Williamsek. Lagunekin eta familiarekin hausnartu ondoren, salaketa jartzea erabaki zuen. Aldiz, komisarian ez zioten kasurik egin. Egoera ikusita, epaitegietara jo zuen. «Bi bide hartu genituen. Alde batetik, Espainiako arartekoari gertatutakoaren berri eman genion, eta, bestetik, eskubide zibiletan espezializatutako abokatu batekin harremanetan jarri ginen. Abokatuak Auzitegi Nazionalera eraman zuen kasua». Justiziaren babesa jasoko zuela uste zuen, baina Auzitegi Nazionalak ez zion kasurik egin. «Denbora egon ginen itxoiten, eta, erabakia jakinarazi zidatenean, helegite bat aurkeztu genuen», gogoratu du. Urteak pasa eta azkenean Auzitegi Konstituzionalera heldu zen auzia. Alferrik, Konstituzionalak ere Estatuaren aldeko epaia eman baitzuen 2001ean.

Orduan kasua nazioarteko erakunde batera eramatea erabaki zuen Williamsek: «Leku aproposena Nazio Batuen Erakundea zela iruditu zitzaigun, eta Giza Eskubideen Batzordera jo genuen». Genevan egoitzan duen Batzordeak arrazoia eman zion Williamsi 2009an eta Estatu espainolari 180 eguneko epea eman zion neurriak hartzeko, hau da, arrazagatik Poliziak egiten dituen identifikazioak saihesteko.

Baina, beste hainbat kasutan bezala, espainiar Estatuak ez du bete NBEren eskaera. Giza Eskubideen Batzordearen ebazpenak ez dira betebeharrekoak, eta askotan estatuek ez dituzte betetzen. Estatuak, gainera, publikoki Williamsi barkamena eskatzeari uko egin dio. Pribatuan bildu zen Gobernuko kideekin eta elkartasuna adierazi zioten. «Barkamen eskaera bat izan zen, pribatuan egindakoa, eta hori niretzako ez da nahikoa», azpimarratu du.

Williamsek gertatutako ez errepikatzeko neurri eraginkorrak eskatu zizkion Estatuari, eta honek uko egin zion eskaerari. «Hainbeste urtez borrokatu naiz niri Valladoliden gertatu zitzaidana ez errepikatzeko, beste inori horrelakorik ez gertatzeko, Poliziak jendea arrazarengatik ez identifikatzeko...», nabarmendu du emakumeak, eta gertatutakoaren harira ondorio psikologikoak ere jasan dituela azaldu du.

Berriro identifikatu zuten

Borrokak borroka, argi dago egoera ez dela oraindik aldatu Estatu espainolean. Williamsek ondo daki hori, 2010ean berriro identifikatu baitzuten Madrilgo aireportuan beltza izateagatik. New Yorketik zetorren. «Bidaiari guztiek arazo gabe pasa zuten kontrola eta, aldiz, ni gelditu egin ninduten. Ni bakarrik». Salatzen duenez, azkenaldian gora egin dute Estatuak etorkinei ezartzen dizkien kontrolak, eta, gainera, egoera justifikatzeko, askotan «terrorismoaren aitzakia» erabiltzen da.

Williamsen ustez, egoera gero eta okerragoa da Estatuan, alde batetik, eskuin muturreko alderdiak hartzen ari diren indarragatik –«beldurra ematen du», dio–, eta bestetik, identifikazio arbitrarioak pairatzen dituzten herritarrek salaketa ez aurkeztea erabakitzen dutelako sarri. «Ni eraman handiko emakumea naiz, baina beste batzuk ez daude prest borroka luze baterako. Isilik geratzen dira, eta, hala, beraien kasuak ezkutatuan geratzen dira», azaldu du.

Zorionez, oraindik badira salaketak jartzen dituztenak. Horietako bat Zesham Muhammad da. Williamsi bezala, nortasun agiria eskatu zioten zuria ez izateagatik. Pakistanen jaiotako Muhammadek, salaketa aurkeztu zuen iaz Giza Eskubideen Europako Auzitegian Espainiaren aurka identifikazio arrazistak ez saihesteagatik. Williamsek ez zuen bertan helegiterik aurkezterik izan, epez kanpo izateagatik. Tamalez, baina, Estatuko Abokatutzak Konstituzionalak Williamsi 2001ean emandako erantzuna babesten jarraitzen du. Herritarrek jasaten dituzten identifikazio arrazistak babesten ditu, eta, horren erakusle, Atzerritarren Legea aipatzen du Giza Eskubideen Europako Auzitegira bidalitako agirian praktikok justifikatzeko. Estatuko Abokatutzak ez du NBEko Giza Eskubideen Batzordeak esandakoa onartzen, eta poliziek egiten dituzten identifikazio arrazistak defendatzen jarraitzen du.

Estatuak auzitegiari emandako erantzunak argi uzten du ez dela erraza izango arazoa konpontzea. Williamsek «arazo korapilatsua» dela dio, eta arrazakeriari aurre egiteko neurriak hezkuntza arlotik hasita hartu behar direla. «Arrazismoa ez da egun batetik bestera desagertuko, baina beste herrialde batzuetan egiten dutena ikusi behar dugu. Begiratu behar dugu zer egin duten, adibidez, Ingalaterran eta Herbehereetan, herrialdeotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dituztelako», azaldu du.

Ereduak izanagatik, Madrilgo Gobernuak ez ditu martxan jartzen arrazakeriaren aurkako neurriak, ez du hezkuntza arloan neurririk hartzen Williamsen ustez. Zentzu horretan, espainiar Estatuan «pedagogia» arazo bat dagoela uste du Williamsek, «Franco hil arte kultura bakarreko gizartea baitzen nagusi, ez zen ez kulturaniztunik ezta arraza askoko gizarterik ere». Horregatik, bide luzea ikusten du oraindik ere aurretik: «Herritarrengan konfiantza daukat, baina esfortzu global bat beharrezkoa da. Arazo hau ez dute alderdiek konponduko. Arrazakeriarekin amaitzeko gizarte osoa konprometitu behar da. Gizarte arazo baten aurrean gaudelako». •