Iker Barandiaran

Mutu

GARA proiektuaren izenaren berri lehendabiziko aldiz Anoetako belodromoan izan nuen. “Egin” egunkariaren eta Egin Irratiaren itxiera bortitzaren ostean eta etenik baimendu ez zuen “Euskadi Información”-en ostean proiektu komunikatibo berria babesteko eta aurkezteko egin zen elkartasunezko kontzertu erraldoian.

Ez daukat gogoan osotasunean zein musika taldek osatu zuten kartel hura; bai, ordea, aurkezpen historiko hartan parte hartu zuten binakako bi proiektu: Ruper Ordorika eta Evaristo batetik; eta Enrique Morente eta Lagartija Nick, bestetik. Herri berdinean bizi arren ezinezkoa izango da ia bi euskal abeslariok agertokian elkarrekin berriro ikustea, eta beraiek ere harro baino harrituta gogoratuko dute kultura arteko pasarte bitxi hura. Ez dakit nork konbentzituko zituen; badakigu, ordea, zerk bultzatu zituen. “Egin”-en itxieraren aurrean ez zuten erantzun gabe, mutu, gelditu nahi, eta biak ezagututa –zein baino zein– inork espero ez zuena egitera ausartu ziren.

Beste sorpresa itzela Morente kantaoreak eta Lagartija Nick rock alternatiboko talde ikurrak eskaini zuten; biak Granadatik Euskal Herrira emanaldia egitera espresuki etorriak –garai hartan!– eta biak oso esangura sakona eta injustizia irudikatzen zituen “Omega” lan sentikor bezain erraldoia aurkezten. Beraien jatorri geografiko eta kulturala dena izanik, harrigarria gutxienez eta, jakina, txalogarria izan zen erabat bertan parte hartu izana; are gehiago, Europa erdian proiektu komunikatibo bat ixteak erakundeen aldetik jaso zuen salaketa eskasa ikusita. Andaluziako musikari horien atxikimendu keinu handi hark eta haien erraietako (Morente munstroa zen) proposamen bortitzak ere mutu utzi zuen Anoeta. Kultura arteko artelana gurera ekarrita, Federico Garcia Lorca, Cohen, “Gernika”, Munchen oihua eta deiadar bakarra: adierazpen askatasuna.

Handik gutxira, GARA eratu eta ibiltzen hasi zen. Ilusioak bor-bor egin zuen jario, sendo hasi zuen bere ibilbidea, milaka herritarren babes eta bultzadarekin. Eta, ondorioz, mutu gelditu ziren Espainiako Estatua eta nazioarteko komunitatea jakin zutenean munduko herrialde txiki batean herritar ugari botere taldeetatik kanpo dagoen proiektu komunikatibo bat eraikitzeko gai izan zirela beste behin ere. Mutu, halako proiektuak leku gutxitan eraikitzen direlako munduan, bakarrenean agian.

Jakin badakigu GARA ez dela inoiz izan “Egin” izan zena. Ez zitzaion tokatzen hala izatea. Behar zuen aldatu eta garatu. Gainera, proiektu berri honek ere aterkipeko garai oso ilunak ere bizi izan ditu eta ditu. Lizarra-Garaziren ondorengo garaia: Euskal Herria bat-batean igaro zen itxaropen argia piztu zuen batasun lorpen amankomun batetik, kriminalizazio eta errepresio garai hedatuenetako batera. Ezker abertzalekoa zen oro sar zitekeen zaku berean, eta guztia zegoen begi-puntuan. Eta GARA ere bai, jakina.

Orain ere garai berri bat bizitzen ari gara, baina, kontrara, kriminalizazioak eta adierazpen askatasunaren kontrako jazarpenak indarrean jarraitzen dute muturrean; eta hori bera erakutsi du GARA itotzeko kolpe berri honek. Bada, utz ditzagun mutu berriro, elkartasunetik eta hainbeste gutxiesten duten kultura artekotasunetik gure ahotsa berreraikiz. •