Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

GORKA BASTERRETXEA

Aitaren itzala luze eta trinkoa da. Ez du inolako zama, ordea; aitzitik, polita iruditzen zaio itzal horrek bere lana erraztea, aitak obra ikaragarria baino askoz gehiago utzi zuen seinale. Haren itzalpean ezagutu zuen artearen mundua, haren itzalpean jarraitzen du mundu horretan Gorka Basterretxea artezale ausartak, Gasteizko Talka galeriatik.

Ez da ohikoa Gasteizen arte galeria bat zabaltzea. Aitzitik, ohikoa izan da galeriak ixtea, denak desagertu arte. Horrenbestez, ausarta da Gorka Basterretxearen apustua. Talka galerian ikusgai dauden pinturen egile Miguel Gonzalez de San Romanek dioenez, gaur egun ez da erraza galeria bat izatea, eta meritu itzela aitortzen dio Basterretxeari.

80ko hamarkadan etorri zen Gorka Gasteizera. Hondarribian, euskara ikastera hara joandako neska gasteiztar bat ezagutu zuen, eta zenbait urtez tarteka Gasteizen eta Hondarribian ibili ondoren, Arabako hiriburuan gelditu ziren, batez ere lan kontuak zirela-eta. «Eta hemen, oso pozik», dio. Hori bai, Hondarribira joaten denean «babazorroa» da eta Gasteizen, berriz, «bikingoa».

Txintxu San Martinekin batera 17 edo 18 urte eman zituen Zuloa liburu-dendan. Komikia da bertako berezitasun nagusia, baina baita arteak eta kultura oro har. Betan dagoen aretoan hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak egiten dituzte, eta noizbehinka arte erakusketak ere bai. Beraz, Gorkak badu horrelako guneak kudeatzeko moduko eskarmentua. Duela urtebete pasatxo GAUR8k biokin hitz egin zuenean, Gorkari proiektu bat zebilkion buruan, eta joan den maiatzean Talka galeriako ateak zabaldu zituen.

Arte mundua txiki-txikitatik du ezaguna, Nestor Basterretxearen seme izanik, «askotan tokatu zaigu galerietara joatea, erakusketak prestatzea, eta mundu hori nahiko gertu izan dugu beti». Horretaz pentsatzen hasi eta arte galeria zabaltzea erabaki zuen, Gasteizen horrelakorik ez zegoelako. Badaude bestelako ekitaldiak antolatzen dituzten eta arte aretoen funtzioa betetzen duten batzuk, baina ez arte galeriarik. Bestetik, familiak badu aitaren bilduma txiki bat eta funts hori beste «aitzakia» bat izan zela dio, horrekin hasteko. Aitzakia indartsua, inondik ere.

Lehenengoa, aitarena

Aitaren zenbait obrak osatu zuten lehenengo erakusketa, joan den maiatzean inauguratua. Ikur gisa, eta Talkaren ildoa seinalatuz, artista bermeotarraren “Lau puntu kardinal” eskultura erabili zuen, «bera oso diziplina anitzekoa baitzen». Izan ere, zinema, pintura, eskultura, marrazkia eta diseinu industriala jorratu zituen, besteak beste.

Ikusgarria izan zen, jakina. Erakusketa zabalik egon zen hilabeteetan, film bat ematen zuten astean behin, aitaren film bat, hain zuzen, eta harekin batera, sorpresaren bat. Esate baterako, “Ama Lur” filma eman zutenean, film horretan agertzen den kantautore batek abesti batzuk eskaini zituen galerian; edo “Pelotari” eman zutenean, Ogeta txapelduna agertzen denez, pilotari arabarraren semeak hitz batzuk eskaini zituen proiekzioaren egunean.

Hasieratik argi izan du arte garaikidea izango zela galeriaren esparrua, eta bere erakusketak «garaia baten eta sentitzeko modu baten isla». Hartara, aitarenaren ostean, beste hiru artista ezagunen erakusketa antolatu zuen Carmelo Ortiz de Elgea eta Juan Mieg pintore gasteiztarren eta Jose Ramon Anda eskultore nafarraren obrekin. Inaugurazioan Ruper Ordorika izan zen, hiru artistei abesti bana eskaintzeko. Izan ere, Juan Miegek erakusketaren berri eman zionean, bertan abestea eskaini zion. Gorka berak hiru artista horiei erakusketa egitea proposatu zienean, berehala baietza jaso zuela dio, eta berarentzat oso gogobetegarria dela, Ortiz de Elgeak eta Miegek aitarekin harreman handia izanda, gauza ederrak esan baitzizkioten hari buruz. Jose Ramon Andak ere esan zion hasi zenean, hogei urtetsurekin, aitaren estudioan izan zela eta oso esku zabala zela. «Eta egia da», dio Gorkak, bere aitak obraz gainera utzi dituen harremanez eta haren izaeraz eta portaeraz harro. Jende askorekin gertatu zaiola dio aitaren arrasto hori sumatzea.

Hiru artista horien lanak Talkan ikusgai zeudela, Jose Ramon Andak aurten Donostian erakusketa antologiko bat egiteko proposamena jaso zuela dio Gorkak pozarren.

Sortzaile berriak ere bai

Batez ere hemengo artistei tartea egitea da Gorkaren asmoa. Nestor Basterretxea, Ortiz de Elgea, Mieg eta horrelako izenak galeriara eramateko aukera izatea zorte handia da, «aitari esker ezagun ditut, gure etxean izan dira eta errazago da haiekin harremanetan jartzea». Beste alde batetik, oso indartsu hasteko aukera ere bazen. Baina gazteei, sortzaile berriei ere tarte bat egin nahi die. Proiektuaren asmo garrantzitsua da gazteen lana ezagutaraztea. Ez da asmo hutsa, ordea. Talkako hirugarren erakusketa zortzi artista gaztek osatu zuten, pintoreak eta beren artelanak egiteko argazkia tresna gisa erabiltzen dutenak: Imanol Marrodan, Anabel Quincoces, Miriam Isasi, Maria Hernandez, Ivan Urarte, Ibon Saez de Olazagoitia, Txaro Arrazola eta Zaloa Ipiña. Erakusketa ederra osatu zuten.

Orain, martxoaren 30era arte ikusgai dagoen erakusketa, Miguel Gonzalez de San Romanena, diziplina bakarrekoa da, baina aurreikusita daukan hurrengoan, pintore baten eta eskultore baten lanak izango dira. Rafa Lafuente pintore gasteiztarra 60ko hamarkadan Orain taldeko kide izan zen Ortiz de Elgea eta Mieg bezala, noiz eta gainerako euskal lurraldetan bezala Araban ere euskal artea aldarrikatzeko beharra sortu zenean. Gorka haren semearekin harremanetan jarri eta aitaren obra berreskuratzea proposatu zion. Harekin batera Ernesto Knör eskultorearen obra erakutsiko dute. «Oso garbia, geometrikoa», dio Gorkak. Lafuenteren azken lanak ere hala iruditzen zaizkio, «garbiak, oso estrukturalak, geometrikoak», eta pentsatu zuen bien lanen artean «elkarrizketa» interesgarria sortu litekeela. Eskultorea eta pintorearen semea harremanetan jarri zituen Gorkak eta oso ideia polita iruditu zitzaien.

Talka galeriak museoekin eta beste eragileekiko harremanak eta lankidetza ere sustatu nahi ditu. Dagoeneko ZAS Kultur Espazioarekin batera hasi dira hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak ere antolatzen, Artgia Sorgunearekin edo Baratza arte eszenikoen aretoarekin hitz egin du... Egunotan, Miguel Gonzalez de San Romanen erakusketa dela-eta, pintore gasteiztar horrek hitzaldiak eskaintzen dizkie Arte Eskolako ikasleei eta gizarte etxeetan egiten diren arte tailerretan parte hartzen dutenei.

Talka

Hurrengo erakusketa ez ezik, besteren bat gehiago ere aurreikusita dauka. Ez, du, beraz, lanik falta, «baina saldu ere egin beharra dago».

Ez genuen Gorka utzi nahi galeriaren izenaz galdetu gabe. Arte garaikidea eta edozein garaitakoa sortzean ordura arteko artearekin halako talka bat gertatu zela dio, hau da, dagoenaren eta sortzen den berriaren arteko talka islatzen duela izenak. «Klasikoak berriak izan ziren beren garaian, Velazquez, Goya...». Eta, dioenez, arteak talka horien bidez egiten du aurrera.

Horra, beraz, Gorka Basterretxearen ekarpena, haren Talka, arteak aurrera egin dezan. •