Juantxo EGAÑA

Bidebietako tiratzaileak, 1926an

XX. mendearen hasieran emakumeak gero eta parte hartze eraginkorragoa izaten hasi ziren gizarte bizitzan, etxeko esparrua gainditzen hasita. Urte haietan hasi ziren mugimendu feministak, emakumeen eskubideen aldeko borroka. Meatze guneetan emakumeen lehen sindikatuak sortu ziren. Donostian «belle époque» urteak ziren. Modernitate urteak ere izan ziren. Emakumeek lehen aldiz parte hartu zuten Lasarteko auto lasterketetan, golf eta plater tiroketa txapelketetan edo belaontzi estropadetan. Feminismoaren aldarrikapena ere lehen aldiz eraman zuten kaleetara. 1933tik aurrera emakumeei sufragio eskubidea aitortu zitzaien. Artikulua ilustratzen duen argazkian zenbait emakume tiratzaile ageri dira, 1926an, Donostiako Bidebietako eremuan. Argazkiaren egilea Ricardo Martin da, garai haien berri zabaldu zuena. Bitxia izan zen prentsa kontserbadoreak argitaratu izana Martinen argazki bat, prakaz jantzitako emakume batzuk paseatzen ageri zirena.