Ion Salgado
ARTEAK IREKI

Ikuskizunak murrizten dituen dekretuaren aurkako plataforma

Euskal Herriko ostalaritzako eta kulturako hainbat eragilek osatu dute Arteak Ireki plataforma. Beraiek azaltzen dutenez, Lakuak «aisialdirako ekintza eta emanaldiak murriztu nahi izatearen kontra» batu dira. Kultura Espazioen kategoria berria sortzea proposatu diete erakundeei, «edukiera txikiko espazio kulturalak babesteko».

Otsailaren 5ean Gasteizko Gobernuak, Segurtasun Sailak eskatuta, jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren lehenengo erregelamendua onartu zuen, «Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen segurtasun juridikoa areagotzeko, lege horretako aginduak zehaztuz». Lakuak komunikabideei bidalitako oharrean azaltzen zenez, «egingo den erregelamenduak lagundu behar du jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak gauzatzen direnean eraginpeko pertsonen segurtasuna bermatzen, erabiltzaileen eta hirugarrenen eskubideak errespetatzen eta aisiarako eskubidea eta herritarrek dituzten gainerako eskubideak era baketsuan bateratzen».

«Erregelamenduaren bidez jarduerak eta ikuskizunak egiteko lekuetan egituren sendotasunari eta higieneari buruz eska daitezkeen baldintzak zehazten dira, bai eta ikuskizunetan eta jolas jardueretan egoteko eta onartzeko baldintzak ere, eta arreta berezia eskaintzen zaie adingabeen babesari eta ekitaldietako bizikidetza baketsuari eta erosotasunari buruzko beste baldintza batzuei, eta ekitaldi jakin batzuei jendea onartzeko, segurtasuneko eta akomodazioko kontrol zerbitzuak ezartzen dizkie, horien ezaugarriak eta edukiera kontuan hartuta», azaldu zuen Gobernuak komunikatuan, erregelamenduaren ustezko onurak nabarmenduz.

Lakuako Gobernuak ez zuen aipatu, ordea, onartutako dekretuak zuzeneko emanaldiak eta aisialdi ekintzak mugatuko dituela. Segurtasun Sailak egindako erregelamenduaren arabera, urtean gehienez hamabi ikuskizun egin ahalko dira tabernetan eta lokal txikietan, eta horrek eragile kultural eta ostalarien haserrea sortu du. Elkarrekin Arteak Ireki plataforma sortu dute Lakuaren dekretua salatzeko, izan ere, Gobernuak «halako erabakiekin, gure gizartearentzat hain inportantea den zerbaitekiko mespretxua erakusten digu, kultura bultzatu eta berau kontsumitu eta gozatzearekiko mespretxua».

«Duela urtebete erakutsi genuen geure haserrea eta kezka Gasteizko Udalak martxan jarri nahi zuen legediaren inguruan. Gogoratzen bazarete, legedi horrek taberna eta lokaletako emanaldiak urtean hogeita laura murriztu nahi zituen, hilean bira. Ba, gaur haserre eta kezka handiagoz gatoz, izan ere, Eusko Jaurlaritzak urtean hamabira murriztu nahi ditu, hilean bi besterik ez egitera. Erakunde horretatik etorrita, dekretu honek Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako herri zein hiriei eragingo die. Gasteiztik Zarautzera, Arrasatetik Durangora, ostalaritzaren sektore handi bati egingo dio kalte, eta eragile kultural guztiek sufritu beharko dute zentzugabekeria hau», adierazi zuten otsailaren 14an Miren Narbaiza eta Iker Zubia plataformako bozeramaileek.

Azaldu zutenez, «murrizketak» uda parteko zuzeneko emanaldiren bat bertan behera uztea eragingo du, edo, «nork daki, herriko, edo hiriko jaietarikoren bat». «Zer gertatuko da Gasteizko Jazzaharrean edo Zornotzako Haizeetara jaialdiekin? Zer pasako da, adibidez, Bilboko Aste Nagusiarekin?», galdetu zuten, eta mugatzeak ikuskizun eta aisialdi ekintzei eragiten diela ohartarazi zuten. «Beraz, ez die kontzertu edo musika emanaldiei bakarrik eragingo, baita antzerki, bertsolari, DJ sesio edota erakusketei ere. Gerta liteke eliz atarietako abesbatzen emanaldiak ere gutxitu behar izatea», gaineratu zuten, eta dekretua «komertzio txikiari, turismoari eta kulturari egindako erasoa» dela nabarmendu zuten.

«Ez da posible festibal handien garapena ulertzea leku txikietan hasi eta garapena bermatuko duen bertako eszena babestu gabe. Dekretu honen moduko neurriak beharrean, elkarrekin eraikitako estrategiak behar dira. Goi mailako eta herrietako musika eskoletatik, eta sorkuntza guneetatik ateratzen diren musikari eta artistei babesa eman, eta euren garapena eta esangura aintzat hartuko duten baliabide eta araudiak behar dira», nabarmendu zuten, eta, dekretua «azken finean, euskal gizarte osoari egindako erasoa dela» salatu zuten.

Egoeraari aurre egiteko, Kultura Espazioen kategoria berria proposatu zuten Arteak Irekiko bozeramaileek, «edukiera txikiko espazio kultural berezi hauek babesteko bideak martxan jartzeko ezinbesteko pauso modura, betiere auzokoekin elkarbizitza bermatuta». «Formatu txikiko arte eta musikarentzako arautegi arau-esparru berri bat lortu behar dugu. Bartzelonako Udala zentzu horretan ari da arautzen eta egungo errealitatera moldatzen: zuzeneko emankizunak bultzatu nahi ditu, urtean, gutxienez 40 izateko. Eusko Jaurlaritzak, berriz, arau kosmopolita, moderno progresista eta europar horretatik lekutara doa», nabarmendu zuten. Eskaera bat ere egin zioten Bingen Zupiria Kulturako sailburuari eta udalerri ezberdinetako zinegotziei: «Eskatzen diegu isilik gera ez daitezen bidegabekeria honen aurrean, ustez bultzatzen dituzten plan estrategikoen kontra egiten baitu zuzenean».

Eztabaida Legebiltzarrean

Otsailaren 22an iritsi zen gaia Gasteizko Legebiltzarrera. Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak azalpenak eskatu zizkion Zupiriari, eta honek babestu egin zuen dekretua. «Edozein kasutan, Estarrona jauna, benetan uste dut Jaurlaritzak onartu duen dekretuak aukera ematen duela malgutasunez jokatzeko eta udalez udal eta kasuan-kasuan kontu hau malgutasunez kudeatzeko. Eta malgutasun hori denon eskuetan dago. Eta alde guztiak kontuan hartuta kudeatu behar da, udalak, ostalariak, musika areto pribatuak, herritarrak eta denen eskubideak kontuan hartuta», esan zuen.

Aste honetako ostegunean bertan jorratu zen berriro gaia Legebiltzarrean. Oposizioko taldeek bat egin zuten Lakuari eskatzeko bertan behera utz dezala Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamenduan jasotzen den urtean hamabi ikuskizun publiko edo olgeta jarduera baino gehiago –eta gehienez bi hilabete berean– antolatzeko debekua. Halaber, eskatu zioten sei hilabeteko epean Eudel, ostalari, kultur eragile, kulturzale, artista eta sortzaileekin erregelamendua parteka eta molda dezala, besteak beste, kategoria ezberdineko lokalei ezarritako irizpideak modu adostuan erabakitzeko.

 

Milaka lagunen babesa jaso du hilaren 23an ekimen kulturalak antolatzeko deia egin duen Arteak Irekik

Arteak Ireki plataformak manifestu bat argitaratu du eta sinadura bilketa jarri du martxan Change.org webgunean. Bertan azaltzen da martxoaren 23an, datorren larunbatean, antolatu duten ekimena. «Datorren martxoaren 23an gure auzo, herri eta hirietako kultura espazioak errebindikatuko ditugu Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri nahi duen urteko hamabi ikuskizuneko muga ezartzen duen dekretuaren kontra», dio plataformak.

Proposamen zehatza ere egiten die Arteak Irekik ostalariei eta herritarrei: «Egunean zehar ekimenen bat antolatu zure herriko taberna edo kaleetan, edozein espresiobide izan daiteke, kalejira bat, bertso saio bat, kontzertu bat, argazkiak egitea, kaleetan kantatzea, ipuin kontaketa bat... Bakoitzak nahi duena, ahal duen moduan, dekretuaren kontra presioa egiteko. Taberna, lokal eta elkarteek gizarte osoarentzat duten balioa azaleratzea da asmoa Euskal Herri zabalean, bakoitzak nahi duen ekimena aurrera eramanez. Horiek direlako kultura herrira hurbiltzen dutenak, bizia ematen dietenak. Kultura, zenbaki bat baino askoz gehiago delako».

Change.org webguneko sinadura bilketarekin 13.000 lagunek egin dute bat dagoeneko. Eta beste 2.500 lagunek ere sinatu dute #ArteakIreki manifestua. Testuan gogoratzen da taberna txikien garrantzia, izan ere, «talde guztiek, hasi Berri Txarrak-etik eta La Oreja de Van Gogh-era arte, lokal eta taberna txikietan egin zituzten euren hastapenak. Zein da beraz, orain hasten ari diren taldeen etorkizuna?». Eta edukiera txikiko aretoak, sektoreak bizi duen prekarietatearen adibide direla ohartarazten da, «historikoki beraien balore kulturalagatik aitortuak izan dira, baina ziurgabetasun juridiko izugarria bizi dute. Horregatik globalki lan egin behar da, espazio hauek bultzatu eta babestuko dituzten neurri sektorial zein publikoak hartuz».

Egoera horren aurren Kultura Espazioa kategoria berria sortzea defendatzen du Arteak Irekiz plataformak, eta Lakuako ordezkarien lana kritikatzen du, izan ere, nahiz eta ez jakin «zer analisi edo gogoeta egin dituzten dekretuaren arduradunek Eusko Jaurlaritzan, badakigu udaletako kultura arloko plan estrategiko guztiekin talka egiten dutela». «Zer du esateko Kultura sailburuak? Zer dute esateko udaletako ordezkariek?», galdetzen du plataformak manifestuan, eta arduradun politikoei dei egiten die «gainontzeko talde politikoekin akordio bat lor dezaten Legebiltzarrean», eta ez dadin dekretua aurrera atera.

«Dei egin nahi diegu EAEko lokal eta ostalari guztiei erne egon daitezen eta ez dezaten beraien kexa agertzeko aukera galdu murrizketa honen eta sektorearen kontrako eraso honen aurrean. Dei egin nahi diogu EAEko kultura arloari beraien ahotsa gora dezaten gehiegikeria honen aurrean. Dei egin nahi diegu EAEko herritarrei hau sektore inplikatuen adostasunik gabe aurrera badoa, datozen udal hauteskundeetan izan dezaten hau guztia kontuan botoa ematerako orduan. Imajinatzen al duzue halako dekretu bat Irlanda moduko herrialde batean? Eusko Jaurlaritza Europara begira ari al da? Nora ari ote da begira?», nabarmentzen du plataformak manifestuan. Artista eta talde ugariren babesa jaso du jada manifestuak, tartean, Soziedad Alkoholika, Eloy Beato, Jon Basaguren, Rafa Rueda, Enrique Villareal, Fermin Muguruza, Fredi Paia, Evaristo Paramos, Eñaut Elorrieta, Anari Alberdi eta Txerra Bolinaga.