Beñat HACH EMBAREK
KANTA BELTZAK

Krimenen musikak, hitzak eta istorioak

Euskal Herriaren luze zabalean aspaldi batean gertatutako zenbait krimen gordin oso fresko iritsi dira gaur egunera, kultur espresio ezberdinak baliatuta: liburuak, kantuak, ipuin kontagintza, bertsoak… Baita zinema ere, Beizamako krimenaren kasuan aurki ikusi ahalko dugun bezala.

Eman diezaiogun errepaso labur bat Euskal Herria aztoratu zuten zenbait krimeni, baita gertaerok utzitako kanta eta bertsoei ere.

Gaur egun munduan gertatzen den edozein astakeriaren berri jasotzen dugu sakelakoan, unean bertan, eta maiz, eskatu ez arren, bideoz. Informazio uholde etengabea tarteko, gizaki garaikidea basakeria handienak asimilatzera iritsi da, eta lasai demonio jarrai dezake bazkaltzen pareko pantailari bortxa darion bitartean.

Aspaldi batean ere bazen, noski, basakeria, baina koka gaitezen gure arbasoen azalean, azalpen bila. Atzerriko hainbeste albiste etxeko atarira iristen ez ziren garaian, aparteko gertakizun batek har zezakeen dimentsioa erraldoia izan zitekeen. Euskal Herriko zonalde menditsuak baserriz josita zeudenean, etxe bakoitzean jende asko bizi zen aroan eta askotan herria igandetan soilik zapaltzen zenean, isolamenduak norbanakoaren iruditegian sekulako eragina izan zezakeela pentsa daiteke; eta inguruan jazotako krimen batek profil hartako pertsonengan kezka ikaragarriak eragin zitzakeela ondorioztatu.

Ezaugarri antzekoak partekatzen dituzten kasu asko daude, gehienbat, herrian sortu zuten izu, morbo, edo, zergatik ez esan, behin denbora bat pasata, zirrararengatik. Askoren berri bertsoen bidez izan dugu. Izan ere, bertsoa zen orduko kultur adierazpide esanguratsuenetako bat, eta bertsolariak, beti, euren garaiko kontuen kantari izan dira.

Jose Larrañagaren hilketak

Kasu sonatuenetakoa Jose Larrañagak egindako hilketena da, gaurdaino “Hamalau heriotzena” izenburuko bertsopaperean iritsia, Julen Lekuona eta Antton Valverdek duela 40 urte inguru musikatutakoa. Ordutik ere abestiak bere bidea egin du, Oskorrik “The Pub Ibiltaria” egitasmoan sartu baitzuen eta Morau abeslariak ere kantatzen baitu. Ezin da ziurtatu ez bertsoak Jose Larrañagak berak idatzi zituenik (kasu askotan beste norbaitek egiten zituen lehen pertsonan), ez darabilen euskara Mendarokoa denik (bertakoa zela baieztatu da baina ez da ziurra).

Krimen bortitzak egin zituen Larrañangak. Ezagunena, familia oso baten hilketa, kantuan hotzikarak sortzeko moduko detaileekin kontatzen dena. 1825eko urriaren 13an gertatu zen, Migel Galdos eta Katalina Gandiaga senar-emazteak eta bien alaba Joseba Mikaela hil zituenean Etxebarriko Altzibar baserrian.

«Estimatu ninduten Conde bat bezala/ sillan esesirirican afaldu nezala/ Nagusia eta bioc etciñen guiñala/ conformatu ciraden familia ala/ pechutic sartu nion berari puñala».

Berdabio eta Trabuko

Joxe Etxegarai nor izan zen galdetuz gero, oso posible da ideia zipitzik ez izatea. Baina bere etxea Berdabio zela esan, eta bere etsaiaren ezizena Trabuko, eta oroituko zara Goizuetan bazela gizon bat bihotza faltsu zuena.

Etxegarai metal preziatuak lapurtzen zituen laukote bateko kidea zen; ondoren kobazulo batean urtu egiten zituzten diru faltsua egiteko. Trabukok hori salatu zuen, eta Berdabio Iruñeko espetxera bidali zuten. Baina ostean salaketa erretiratu zuen. Zergatik? Berdabiok bazekielako Trabukok Lesakako gizon bat hil zuela Elamako burdinolan, eta tratua egin zuten: batek salaketa erretiratzen bazuen, besteak ez zuen ezer esango.

«Ongi, ongi oroitu hadi zer egin huen Elaman/ Difuntu horrek izatu balu jarraikilerik Lesakan/ orain baino lehen egongo hintzan ni orain nagoen atakan».

Estudiante kondenatua

Historiaren zurrunbiloan galdu ez den beste gertakizun bat, honakoa ere geuregana bertsopaper bidez heldutakoa, Aitzina folk taldeak “Kosinatik kanberala” albumean musikatu zuen: “Estudiante kondenatua”.

Gaiaren inguruko lan mardula egin zuen Xabier Kaltzakortak: “Bertso jarrietatik ahozkora (Urkabe-bertsoak euskaraz: estudiante gaztearenak eta beste)”. Ezin da ziurtasun osoz baieztatu ikaslea nongoa zen, baina, hori bai, bertsoen aldaera gehienak Dima eta Zornotza ingurukoak direnez, ingurumari hartakoa zela esateko atrebentzia har daiteke. Abesti gogorra da, baina kasu honetan errukia ere eragiten du: estudianteak ez ditu oraindik 18 urte bete, hiru daramatza dagoeneko preso, ama eta arreba aipatzen ditu… eta den-dena hiru pezetako karta joko ziztrin batean beste estudiante bat hiltzeagatik.

(Dimako aldaera)

«Estudiantea naiz/ oraindino gaztea amazortzi urte be/ kunplidu bagea/ Iru pezeta zala/ kartazko jokoa/ bertan ilda itxi neuen/ estudiante majoa/ –Ama, gura dau berorrek/ ni libradutea?/ Eriotza egin dot/ ezta posiblea./ Atzo etorri jatan/ arreba gaztia/ lastime emoten daustela/ onelan ikustea./ Ai ene Jaungoikoa/ kanpaiaren otza/ igual izingo da/ urkamendikoa/ Au de urkamendiko/ aizearen otza!/ Gure Jaunen aurrerako/ nik daukedan lotsa».

Aiako Jose Frantzisko Tejeria

Aiako Muatz baserriko Jose Frantzisko Tejeriak bere aita hil zuen, eta horregatik garrotea emanda exekutatu zuten 1900. urteko urtarrilaren 16an, Azpeitiko plazan. Herriko ostatu denak beteta zeuden bezperan, eta 6.000 lagun inguru bildu omen ziren exekuzioa ikustera.

Garai hartako exekuzioetako giroa makur samarra pentsa daiteke ezagutzen ditugun datuak ikusita: umeak behartuta eramaten zituzten (eta batzuk behartu gabe ere joango ziren gustura), apaizak sermoia ematen, kazetariak, hil behar zuten koitadua erromeria dantesko haren erdian… Desgrazia hark bertso-sorta bat utzi zuen, lehen pertsonan idatzia izan arren (garaian asko erabiltzen zen errekurtsoa) Juan Mari Zubizarreta Etxetxo bertsolari azkoitiarrak eginak. Hemen hautatutako hiru:

«Bertso berriak Azpeiti´ko Urkamendiaren gainean jarriak: Jose Tejeria da au nere grazia,/ Gipuzkoa’ko Aia’n jaio ta azia;/ tiroz aita ill nuan, orra desgrazia,/ publikatzera nua asunto guzia./ Deabrubak animua eman biotzera,/ tiroz atrebituba nire aita iltzera;/ Donostia’ra gero zerbait ekartzera,/ egin nuen okerra desemulatzera. (…) Gaizki egin nuala ondo damutzen zat,/ au eskarmenturako beste guzientzat;/ munduban ez da izan oraindikan behintzat/ ume bat txarragorik gurasubarentzat. (…)».

Baina noski, gaizkile guztiak ez ditu justiziak kondenatzen. Maiz, gaizkile handienak justizia maneiatu eta beren alde daukatenak dira. Hori da, esaterako, Leringo Luis Beaumont kondearen kasua. Beaumont, abizenak adierazten duen legez, beaumondarra zen; eta, Bereterretxe, agaramontarra. Erdi Aroko Zuberoatik, 1440tik, iritsi zaigu “Bereterretxen khantoria”, Jean Jaurgain ozaztarrak “Quelques légendes poétiques du pays de Soule” liburuan argitaratua eta Mikel Laboak 1964. urtean modu ezti, zoragarri eta sakonean musikatua.

Kantuak istorio bat kontatzen digu. Beaumont eta Bereterretxe etsai politikoak ziren, baina, horrez gaindi, esaten da emakume bera maite zutela, Ezpeldoiko Margarita. Beaumontek (edo bere gizonek) azpijokoz ateratzen du Bereterretxe etxetik, esanez berehala itzuliko dela; baina azken honek antzematen du ez dela hori gertatuko. Abestiak kontatzen digu, besteak beste, Bereterretxe preso hartu zutela, Ligin txapela lurrera erori zitzaiola eta hartzen ere ez ziotela utzi, eta gero Ezpeldoiko haritz bati lotu eta hil zutela. Bereterretxeren ama, Marisantz, ziztu bizian hasten da bere semearen bila bahitu dutela jakin bezain pronto, baita Margarita Ezpeldoikoa ere.

«Heltü nintzan Ligira, Buneta erori lürrera,/ Buneta erori lürrera eta eskurik ezin behera./ Heltü nintzan Ezpeldoira,/ Han haritx bati esteki,/ Han haritx bati esteki eta bizia zeitan idoki./ Marisantzen lasterra/ Bost mendietan behera!/ Bi belainez herrestan sartü da Lakarri-Büstanobila./ Ezpeldoiko alaba/ Margarita deitzen da:/ Bereterretxen odoletik ahürka biltzen ari da».

Beste koitadu baten ausazko gomutak Joseba Sarrionandiaren lumatik eta Ruper Ordorikaren eztarritik jasoko genituen gehienok, zerua itsaso zikin bat zela esanez. Baina Piarres Larzabalek idatzitako “Bordaxuri” antzezlanak egin zuen lehen aldiz ezagun. Martin Larralde 1782ko urtarrilaren 7an jaio zen Hazparneko Bordaxuri baserrian. Marie ama zendu zitzaionean, Martinek aitari, Guillaume Larralderi, ama zenaren baserri zatia eskatu zion, ama izatez sortetxe horretakoa baitzen. Baina aita (sorpresa, sorpresa), ez zen iritzi berekoa.

1815eko ekainean Guillaumek baimena eman zion bere bizilagunari, Kaselaren bordako Jean Ospitali, haien inguruko lurretan belarra bil zezan. Horretan zebilela, Ospitalek tiro bat jaso zuen bizkarrean. Jendarmeek Martin Larralde jo zuten errudun, eta epaiketan galeretara kondenatu zuten (zazpi epaile erabaki horren alde eta bost kontra). Galeretan bost urte iraun zituen bizirik, 1821eko abenduaren 19ean hil zen arte. Martin Larraldek beti defendatu zuen errugabe zela, idatzita utzi zituen bertsoak lekuko (ez bazituen beste norbaitek lehen pertsonan idatzi). Pantxoa eta Peiok abesti bat sortu zuten, “Galerianoren kantua”. Dozena bat bertso dira, hona bi:

«Kantatzera nihazu alegera gabe,/ ez baitut probetxurik trixkaturik ere;/ nehun ebatsi gabe, gizonik hil gabe,/ sekulazko galereak enetako dire… Ala zorigaitzeko premu izaitea!/ harrek eman baiteraut betikotz kaltea;/ aitari galdeginik sortzeko partea,/ galeretan eman nau, hauxe duk dotea!».

Beizamako krimenaren bertsoak

1926ko azaroaren 14an krimen izugarria gauzatu zen Beizamako Korosagasti baserrian: Bibiana Azkardi ama (66 urte) eta Maria Odriozola ahizpa (27 urte) hilda aurkitu zituen Jazintak igande goiz batean etxera iristean. Albistea ziztu bizian zabaldu zen Gipuzkoa osoan, eta sekulako ezinegona sortu zuen garaiko gizartean. Erreportajearen hasieran aipatu da garaiko lagun askok ia egunero bizi zuten isolamendua aintzat hartuta, inguruan gertatutako krimen bat aparteko gertakizuna zela gehienentzat. Gainera, ezinegon orokor horri garaiko teknologia berrien bidez bazter askotara iristen ari ziren hedabideak gehitu behar zaizkio: irratiak eta egunkariak. Sekulako oihartzuna izan zuten hilketek Gipuzkoako komunikabideetan.

Poliziak jende mordoa atxilotu zuen, tartean, Korosagasti baserritik hurbil dagoen Lizardi auzoko (Itsasondo) Aranzegi eta Mujika sendiak. Gipuzkoako landa eremuan berehala zabaldu zen atxiloketa horiek ez zutela ez hanka eta ez buru, polizia ausaz jokatzen ari zela, eta Azpeitian 2.000 laguneko manifestazio bat egin zen haien askatasuna exijituz. Bien bitartean, Lizardin, ingurukoek baserriko lanak auzolanean egin zizkieten Aranzegi eta Mujika sendietako kideei espetxean egon ziren bitartean.

Atera zirenean, ongietorri bazkaria antolatu zieten Itsasondon, eta horren bueltan, Patxi Erauskin bertsolari zaldibiarrak, Erauskin Errotari bezala ezaguna, bertso hauek idatzi zituen:

«Auxen da era etorri dana bertso batzuek jartzeko/ kulparik gabe preso egon diran itsasondotarrantzako/ letra bat ez da izango inor ofenditutzeko/ eskerrak onak lege-gizonak zeuzkatela libratzeko/ Millaz ondoren bederatzi eun da ogei ta seigarren urtean/ Azaroaren amalauean egun senalamentean/ negargarri bat gertatu zana Gipuzkoa’ko partean/ Beizama erriko Korosagasti baserri etxe batean».

«Etxe orretan bizi ziraden ama ta alaba bakarrik/ lanean zintzo saiatzen ziran egin gabetan oporrik/ egun orretan arkitu ziran biak ill da otziturik/ Euskalerrian ez da gertatu askotan orrelakorik/ Jazinta Odriozola beste alaba neskame zegona Tolosan/ egun orretako amaiketan  etxe ortara igo zan/ bere ama ta aizpea illak billatutzaille bera zan/ aditzerakin ala errira destetxaetan joan zan/ Jazinta bera parte ote zan jarririk errezoloso/ kulparik gabe egotea’re izan zeikean akaso/ zerbaitegatik sartua zuten bigarren aldian preso/ ez da gainera libratu ere garbi jakin arte oso».

«Agintariak saiatu ziran nun billatuko usaiak/ ama-alaba il zituztenak agertutzeko etsaiak/ lendabiziko artu zituzten ijitano ta artzaiak/ kulparik gabe preso, etzeuden aien biotzak lasaiak».

«Andik urrena Itsasondo’ko Lizarditara jo zuten/ aurrean artu Azpeitia’ko kartzelara zuzen-zuzen/ periodiko batzuek berriz gezur aundiak zabaltzen/ oiek kulpante omen zirala baita’re askok sinisten».

«Eriotz aiek bateonbatek egin zituan serio/ esan lezake elkarrengana asko zutela odio/ aizken orduan guztion aitak kontuan artuko dio/ zenbait familik negar egin du kaso ori zan medio».

«Aita-semeak, ama-alabak, senar eta emaztiak/ izan dituzte oso garratzak gau t’egun, jai ta astiak/ kulparik gabe eraman bear oinbeste pena tristiak/ orain etxean libre daude ta aztu bitzaie guztiak».

«Ondo dakigu iltzaile oien billa zorrotz dabiltzala/ denok nai degu gaizki eginak arren argitu ditzala/ merezi du-ta bizia kendu edo betiko itzala/ kulpa gabe preso egotetikan Jainkoak libra gaitzala».

«Maiatz illaren ogei ta batean ta larunbat arratsean/ aitzenekoak aita-semeak erabat libratu zian/ poz-dardara bat sartu zitzaigun askori bai biotzean/ lo-gurerikan inork etzeukan oiek errian sartzean».

«Orra azaldu kulparik gabe nola egonduak diran/ inorentzako mesederik ez, familientzat galeran/ onra emanaz bertsoak kanta mundu guztien aurrian/ iltzaile krimen lapurrik ezta Itsasondo’ko errian».