Mikel Zubimendi Berastegi
ROBOTEKIN LARRUTAN

Indartzen ari den joera da robot sexualei ohean leku egin eta aukera bat ematearena

Bihotz taupadak dituzte eta badakite hitz egiten, laztantzerakoan epeltasuna darie, izan lotsati ala basati, programatutako «nortasun» bat badute. Hemen dira eta geratzeko etorri dira: adimen artifizialdun robot sexualak dira. Beren hazkunde ikaragarriak, baina, inplikazio sakon eta arriskutsuak ditu. Asko dago jokoan.

Euskal Herria, 30 urte aurrera egin eta 2050. urtean kokatzen da hausnarketarako hipotesi hau. Jadanik AEBetan, Britainia Handian, Japonian edo Hego Korean gertatzen den bezala, debeku orokor bat ematen ez bada behintzat, gure herriko denda espezializatuetan ere ohikoak izango dira robot sexualak. Egun eredu oinarrizkoenak 10.000 dolarreko prezioan eros daitezkeenez, agian merkeagoak izango dira Euskal Herrira iritsitakoan. “Emakumeak baino hobeak” lelodun iragarkiekin saltzen dira, eta, gainera, erosi aurretik probatzeko aukera ere ematen dute!

Izugarri saltzen ari dira, 15.000 milioi dolarretako negozio bat osatzeraino. Urtetik urtera handitzen doa fenomenoa, normalizatzen ari da merkatua, eta Euskal Herria ez da salbuespena izango. Baina iritsiko al da euskaldunek beren sexu harremanetarako pertsonak baino robotak nahiago izango duten eguna?

Alemaniako Duisburgeko Unibertsitateak egindako ikerketa batek erakusten duenaren arabera, bertako gizonen %40 prest daude robot sexualei beren oheetan leku egin eta aukera bat emateko. Alemaniako gizon heterosexualen ia erdiek beren buruak robot sexualekin txortan irudikatzen dituzten bezala, etorkizun hurbileko gizon euskaldunek berdina egingo al dute? Eta emakumeek?

Litekeena da, bai. Gaur egun, panpina eta robot sexualen merkatu datuek adierazten dutenez, saltzen diren modeloen artean %95ek emakumeak irudikatzen dituzte. Gizonen modeloak ez dira %5era iristen. Haurrak irudikatzen dituzten robot sexualak, berriz, debekatuta daude. Bai, merkatua oso azkar ari da hazten eta gero eta sofistikatuagoak dira robotok. Hortaz, gizonek beren desirak asetzeko lagun min berriak dituzte eskura, aukeran, adimen artifizialdun silikona zati hiztunak.

«Nortasun» hipererrealista

Baina galdetzekoa ere bada: zergatik dira hain erakargarriak gizon heterosexualentzat, egun alemaniarrak izan ala bihar euskaldunak, autonomia eta erabakimenik gabeko “bikotekideok”?

Panpina sexual modernoak asko aldatu eta garatu dira eta askoz gehiago aldatuko dira. Jostailu sexualak aspaldidanik erabil daitezke bikoteen sexu jolasetan edo nor bere buruarekin jolasteko alternatiba bezala. Roboton defendatzaileak sarri erabiltzen dute bibragailuen argudioa. Hots, emakumezkoek bibragailu bat izan badezakete, zergatik ez dute gizonezkoek robot sexual bat izango? Baina ez, ez dira gauza bera.

Silikonazko azala duten robot sexualok gero eta aurreratuagoak eta sofistikatuagoak dira: laztantzerakoan, ukitzerakoan epelak dira, bihotz taupadak dituzte, hitz egiterakoan gizakien antzeko erantzunak ematen dituzte. Eta, gainera, pertsonalizatu ere egin daitezke, nahi den begi eta azazkal kolorea aukeratuz, nahi den ahots tonu, titiburu forma edo aho zirkunferentzia emanez. Asaldagarri egiteraino pertsonaliza daitezke, «nortasun» hipererrealista emateraino, nahieran: neska lotsatia eta esanekoa nahi duzun, edo basatia nahiago duzun aukera dezakezu. Bezeroak nahi duen gisa prestatutako diote robota.

Esklabo atsegingarri

Baina ez, robot sexualok ez dira eta ez dira izango fetix soil, ez dira beste jostailu sexualen pareko. Beren etorrerak eta izango duten sofistikazio geldiezinak gure kulturan ilunagoa eta sakonagoa den zerbait nabarmentzen dute: generoen arteko berdintasun idealarekiko urruntzea eta emakumea menderatzea aukera edo gehigarri bezala eskaintzen duen sexu ereduarekiko gerturatzea.

Roboton «nortasun pertsonalizatuek» ez dituzte egiazko emakumeenak ordezkatzen. Robotok ez dute «bikotekidearekin» harremana mozten. Ez dute ez xederik ezta historia pertsonalik ere. Ez dute independentzia eta borondate librerik: erabateko menpekotasunezko fantasia hutsa dira.

Robot sexuala pasiboa da, jabea sexualki eszitatzen den aldiro dago erabilgarri. Jabeak ez du heldutasun emozionalik behar, ezta emakume erreal batekin izan beharko lukeen sentsibilitaterik ere. Ez du robotaren emozioen aurrean erne eta adeitsu azaldu beharrik. Helburu bakarra du robotak: jabearen sexu gosea asetzea. Robotekin sexua emoziorik gabea da. Abusua onargarri egiten duen sexua, errurik gabea. Azken buruan, adimen artifizialdun eta silikonazko “emakume” hipererrealistok esklabo atsegingarriak baino ez dira. Dontzeila itxurakoak, porno izarren proportzioekin, baina esklaboak.

Emakumea jostailu

Sexu jostailuak aspaldikoak diren arren, robot sexualok emakumeak jostailu gisa irudikatzen dituzte, menpeko, gizonezkoen nahien betetzaile. Emakume errealen itxura handiagokoak dira: beren kabuz berotzen diren ereduak jada merkatuan dira, hitz egin edo poemak errezitatzeko programatuak, edo felazioak egiteko... Pentsa, bihotz taupadak ere badituzte eta jabeekin “ligatzen” dute... Eta gauzak argi: erabakiak hartzea ezinezko duten autonomiarik gabeko “emakume” errealak irudikatzen ari diren heinean, robotok sexurako arimarik gabeko lagungarri edo osagarriak baino zerbait gehiago dira.

Jendearentzat agian ez dira izango berehalako kezka, urruti geratzen den kontu bat izango da akaso. Baina inplikazio asko daude jokoan. Eta horien artean inportanteena, emakumeekin harreman sexualak izatea kontu erraza eta pasiboa izan beharko litzatekeen ideia indartzearena. Alegia, emakumeak ez duela bere borondate, zaletasun sexual, aldarte eta gisakoekin “arazorik” sortu behar, eta, hori “konpontzeko”, zer hobe “emakumea” sexu objektu bihurtzea baino.

Beste inplikazio ilun eta guztiz asaldagarria ere bada tartean: pasibo eta hauskorren diren pertsonak –umeak, edadetuak, abusuak jasan dituzten emakumeak, desgaitasun mentalak dituztenak…– jomuga apropos bihurtzen ditu, “helburu” erraz. Lotsarekiko edo zuzentasun moralarekiko lotura guztiak hautsi dituzten gizonezkoen kapritxo sexualak asetzeko espresuki diseinatutako robotokin gertatzen den bezala.

Ironia betean bizi gara, teknologikoki gero eta garatuago eta harremanetan gero eta isolatuago, atomizatuago, bakartuago. Norbaitekin harremanetan jartzeko edo egoteko sekula ez bezalako aukerak daude (posta elektronikoa, sare sozialak, bideo bidezko komunikazioak…), baina, psikologoek sarri ohartarazten duten bezala, inoiz eman gabeko bakardade mailak, gizakien arteko deskonexioak, ezagutzen ari gara. Belaunaldi berrienetako kideek gero eta gutxiago dakite nola jokatu behar duten gainontzekoekin, nola sor ditzaketen lagunarteko harremanak, harreman afektiboak; bien bitartean, adimen artifizialak sortutako mundu birtualean gero eta harrapatuago, galduago daude.

Hipotesi beldurgarriak

Denbora gutxi barru, logikoa izango al da aitona batek, adibidez, robot batekiko estimu handiagoa izatea ikusten ez dituen semeekiko baino? Dituzten behar zehatzak asetzeko programatutako ohekide sintetikoekin harreman sexualak izatera ohituko balira gizonak, nola jokatuko lukete borondate librea eta berezko nortasun bakar eta errepikaezina duten emakumeekin?

Robotak orgasmo bat emateko baino, laguna, bikotekidea ordezkatzeko diseinatuta daude. Bibragailu batek ez zaitu zure urtebetetze egunean zoriontzen, ez du zure txisteekin barre egiten; robot sexualen modelo berriek, bai, ordea. Bizidunak eta hipererrealistak diruditen robotokin nonahi, nahi beste eta nahieran harreman sexualak izan ondoren, emakume errealekin dominazio handiagoko egoerak espero al daitezke?

Oso beldurgarriak diren kontuak ari dira gertatzen. Hong Kongetik heldutako berriak robot sexualen konpainia batek Scarlett Johansson aktorearen erreplika zehatza ekoiztu duela dio. Johansson informatzeke, are inongo baimenik eskatzeke.

Eta hari beretik tiraka, imajinatu orain hipotesi mingarri hau. Imajinatu neskak utzi berri duen mutil lagun ohiak neskaren begi, ilea, garaiera eta ahots bereko robot bat erosten duela. Eta fantasia kriminalak dituelako robota egunero jipoitzen duela. Ez al da asaldagarria?

Tantaz tanta, uholde

Bortxatzeko, masturbatzeko, desira bitxienak gauzatzeko aukera ematen duten robotak sexu jostailu gisa ari dira psikologia kolektiboan sartzen, tantaz-tanta. Dudarik ez egin, baina, atzean dagoen asmoa uholde bilakatzea dela, azkenean gizakien artekoa ez den sexu jolasa normala, merkatuaren baitako beste aukera bat bilakatzeko.

Kezka adierazten ez duten roboton defendatzaileen argudioetan horrelakoak aditzen dira: desgaitasun funtzionalak dituztenentzat, presoentzat edo zaharren egoitzetan daudenentzat alternatiba bat izan daitezke. Are, robot sexualek bortxaketak gutxitu ditzaketela esan eta idatzi dute, «emakumeak ez direnez, robotak direnez, sexurako onespena behar ez denez...». Ideia hori, baina, okerra da oso. Hasteko, emakumeen kontrako gizonen biolentzia berezkoa eta ekidinezina dela aditzera ematen duelako, hots, asko jota, prebenitu edo konpondu baino, soilik arindu egin daitekeen zerbait.

Ez, bortxaketa ez da pasio sexualezko ekintza, krimena da, botere harremanetan oinarritutako krimen biolentoa. Nola bultzatuko ditugu bortxatzaileak emakume errealen itxurako robotekin aritzera? Horrek ez duela axola? Pederastentzat jostailu bihur daitezkeelakoan haur itxurako robot sexualak debekatu badira, zergatik ez emakume itxurakoak? Ez direlako emakume, makina baizik? Bibragailuak dauden bezala robotak egoteko inongo arazorik ez dagoelako? Debekua etikoki zalantzagarria izango litzatekeelako, ia-ia fotokopiagailu bat fotokopiak ez egitera behartzea bezalakoa? Mesedez!

Robotokin bistan da adimen artifizialaren eta gizakien arteko harremana betiko aldatuko dela. Agian adimen artifizialak gurea gaindituko du eta bere esklabo bihurtuko gaitu. Agian robotok beren mendekua hartuko duten eguna iritsiko da, bai. Eta hipotesi horrek ere izugarri beldurtzen du, bai horixe!