Iñaki Altuna

Berezko argazkia Espainiako hauteskundeetan ere

Estatu espainolean izandako hauteskunde askotan esan izan dugu Euskal Herriko errealitate berezitua edo berezitasun nazionala argi eta garbi agertzen dela, Katalunian agertu ohi den bezalaxe. Hauteskundeetan ez ezik, erreferendumetan ere beste horrenbeste gertatu izan ohi da. Espainiako Konstituzioa indarrean sartzeko egindakoa edo NATOri buruzkoa ditugu adibide argigarrienak. Lehenak ez zuen gutxieneko babesa lortu eta bigarrenak ezezko borobila jaso zuen.

Beste horrenbeste esan dugu azken igandeaz, ezkerreko independentismoak nabarmen gora egin eta EAJk hauteskundeak irabazi ostean (EAEn bakarrik aurkeztu zen, baina, halere, boz gehien pilatu zuen alderdia izan zen Hegoaldeko lau herrialdeak kontuan hartuz gero; hori bai, Geroa Bai gauza jakin baterako produktua dela ikusi zen). Bistan da mapa politiko hori berezia eta berezkoa dela.

Bere berezitasun horretan, “hauteskunde orokor” izendatuak aztertzerakoan, Euskal Herrian beste irakurketa bat egiteak ere merezi du azken hiru hitzorduak kontuan hartuta (2011koa, 2015-2016ko saio bikoitza eta azken igandekoa); hain zuzen ere, ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ondorioz ETAk borroka armatua utzi zuenetik aurrera. Hitzordu horietan beti izan da zerbait jokoan, eta euskal herritarrek aurrera egiteko edo, bederen, atzera ez egiteko aukera txikienari ere erantzun diote. Euskal hautesleriak beti egin du erronkei aurre egiteko hautua. Bistakoa izan zen 2011n, Amaiurrek sekulako emaitzak lortu zituenean (ia 335.000 boz eta sei eserleku). Garai hartan, Aieteko Konferentziaren ondotik egituratu nahi izan zen konponbide prozesuari babes ukaezina agertu zitzaion hautetsontzietan.

2015-2016ko hauteskundeak Espainiako Estatua demokratizatzeko balizko aukerak ezaugarritu zituen. 78ko giltzarrapoa hausteko sortu omen zen Podemos fenomenoak inon baino babes handiagoa izan zuen Euskal Herrian. Boz gehien jaso zuen indarra izan zen hemen, alde handiz. Beste modu batean ikusita: Espainian lortu izan balitu Podemosek Euskal Herrian edota Katalunian lortutako emaitzak, erabateko arrakasta lortzeaz gain, sinesgarria zatekeen aldaketa sakonen aukera. Baina beste irakurketa hau ere egin daiteke: Euskal Herrian eta Katalunian soilik ematen ziren horrelako erronka handi bati aurre egiteko baldintzak.

Eta aurreko igandeko hauteskundeez ere antzeko hausnarketa egin daiteke. Beñat Zalduak NAIZen eta GARAn argitaratutako informazioak agerian utzi zuen bezala, Katalunia eta Euskal Herririk gabe trifachito-ak gehiengo osoa lortuko zuen Madrilgo Kongresuan. Hain zuzen ere, muturreko eskuina gelditzeko zabaldutako mezuari argiki erantzun zion euskal hautesleriak. Horrela, Gipuzkoan PP, Ciudadanos eta Vox, denak elkarrekin, ez ziren bozen %10eko langara ere heldu, EAEn ez zuten eserleku bakar bat bera ere eskuratu eta Nafarroan operazio zinez argigarria egitera behartuta ikusi zuten beren burua, foralismoa ikur izan duen UPNk eta foru aztarna ororekin amaitzea agindu dutenek bat egin baitute porrotean ez itotzeko.

Azterketa larregi optimista izan daiteke honakoa, eta halakoek gabeziak eta arazoak ezkutatzen dituzte maiz. Beharbada orekatu egin beharko litzateke aspektu negatiboak ere kontuan hartuz, baina, edonola ere, ez da komeni etsipenaren arrastotik euskal gizartean dauden indarguneak gutxiestea. •