Xabier Mikel Errekondo

Hauteskundeetako egiak eta irainak

Minbera ditut belarriak hauteskundez hauteskunde gezurrak egia bihurtu nahian mila aldiz errepikatzeko ariketa-mailukadengatik. Ez al da ba artelana gezurra egia gisa ikusaraztea, edo bereizezin egitea… hauteskundeak igaro artean behinik behin? Gezurra iraingarria da, ordea, diru sarrerak bermatzeko errenta beharrezko duenari, etxegabetutako herritarrari edo hezkuntza, osasuna edo ingurumenarekin sentibera denari zuzentzen zaionean.

Min ematen du Gipuzkoako ahaldun nagusi Olano jaunak beren politikaren ardatz nagusia «herritarrei entzutea, ahotsa ematea eta elkarlana» direla esatea eta gero ikustea soilik proiektuen %10 inguruan eskatzen dutela iritzia eta jasotakoekin nahi dutena egiten dutela. Olano jauna ikasi herritarrak aintzat hartzeak lau oinarri bete behar dituela: informatu, eztabaidatu, erabaki eta bete (instituzioek).

Eta Donostiako Metroa? Nabarmenkeria galanta da (PSEk Bilborekiko duen konplexuaren ondorio), baina nola arriskuan jarri EAJren enpresa-lagun batzuen negozio biribila herritarrak informatu, eztabaidatu eta erabakiak elkarlanean hartuta? Beste horrenbeste erraustegiarekin? Inozokeriak nekez du gobernatzen. Eta gehiago, aldundiek eta Jaurlaritzak ez dute ulertzen jubilatuen eta langileen duintasuna iraindu egiten dutela pentsio minimoa eta gutxieneko soldata igo ezin dituztela diotenean edo erresidentzietako langileen baldintzak hobetzea beren esku ez dagoela diotenean?

“Egia” eta irainaren mugan, Almeriako hondartzan uretaratutako bonba nuklearrak arriskurik ez zuela harrokeriaz Fraga Iribarnek esan nola, erraustegia berdea eta osasungarria dela dio Olano jaunak. Inork barkatzekotan “Jainkoak diezaiola!”. •