Iker Barandiaran

Soinu banda txikiak

Aurreko batean gureak baino ume txikiagoak dituen lagun batek aipatu zidan kezkatuta autoan umeen musika entzuteaz nazkatuta dagoela, denbora guztian kantu berak entzuten dituztela eta autoan sartzen den bakoitzean ez duela espiral horretatik irteteko argirik ikusten, autoko soinu banda umeen desioen esparru bilakatu dela ezinbestean, eta jada ezin duela bestelako musikarik entzun. Ulertu nuen laguna, badakidalako umeek behin eta berriro kantu berak entzun nahi dituztela; umeek ezagun dutena maite dute, eta, aldiz, ez zaie askorik gustatzen gauza berriak frogatzea, eta, hein batean, arriskatzea. Zuk eskainitakoa mugatua bada, ez dira hortik irtengo.

Umeek burmuinak erabat irekita dituzten heinean bertute ugari dituzte, baina hauxe, behin eta berriro gauza berak errepikatzearena, muga da nire ustetan. Zer egingo diogu ba? Aldiz, dituzten bertute garrantzitsuenen artean nabarmenduko nuke egoera deseroso edo latz bat atzean uzteko, berehala txipa aldatu eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzeko duten joera apurtzaile eta eraikitzailea. Horretan helduok badugu zer ikasi! Guk hori lortuz gero izugarri hobeto biziko ginateke! Eta, esaterako, egindako gauza bakoitza lehen aldia bailitzan gozatu ahal izango genuke. A ze pagotxa!

Autoko musikara bueltatuta, gure autoan CDak entzuten ditugu eta maletegian daukagu sei disko hornitzeko kartutxoa. Lehen umea jaio aurretik seigarren kartutxoan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Piratak” CDa genuen prest badaezpada-edo. Kontua da umeak etorri eta tarteka jartzen geniela CD hori, beraiek baino gehiago, amak edo amamak eskatuta. Hala, porsiakaso horri luze eutsita, orain dela pare bat urte, CDaren harrera urria ikusita, etxera ekarri nuen CDa eta inork ez du ordutik autoan faltan izan. Hori kontatuta eta inork gure umeek edozelako gustuak dituztela pentsatu aurretik –nahiz eta izan badituzten–, jakin dezala azken zazpi urteotan Euskal Herriko pailazo maitatu eta konprometituenek sortutako ikuskizun guztiak ikusi dituztela –baita errepikatuta ere– eta orain arte beti gozatu izan dituztela. Gauza batek ez baitu bestea kentzen, alajaina, aberastu baizik!

Gauzak horrela eta zehazki umeen musika –zer da umeen musika?– edo, hobe esanda, umeendako egindako musika espresuki gure autoan entzuten ez badute ere, bere egiten dute jartzen diegun musika, betiere horietatik gustukoena aukeratu, hautatutakoa defendatu eta etengabe errepikatzeko ahaleginean. Hartu-eman horretan ondorioztatu dut sasoi honetan behintzat gureek nahiago dutela euskaraz abestutakoa bada eta gai direla horien hitzak buruz ikasteko. Baina beste hizkuntzetako zenbait ere kuttuntzat dituzte musikaren bestelako ñabardurekin ere gozatu eta liluratzen ikasten dabiltzalako beraien kabuz. Horren baitan oso bitxia da lehen aipatutako burmuin ireki horren sintonian oso-oso desberdinak diren musika proposamenak maite dituztela, iraganeko –gure gaztetxo garaiko– estilo lerrotzearen antipodatan. Lerrotze edo itxierak nerabezaroan etorri ahalko dira etortzen badira, baina, momentuz, guk eskaintzen diegunarekin egokitu eta hortik abiatuta aukeratzen dute, negoziazioak tarteko. Jakina, guk ere, malgutasun eta irekitasunez jokatuta, musika aukera desberdinak eskaini eta ezagutarazten dizkiegu.

Umeak umeak direlako ez zaie bakarrik umeendako egindakoa eskaini behar; beste gaitasun batzuen artean badute helduon gidaritza edo laguntzapean erraz eta azkar ikasteko gaitasuna eta bestelako eredu edo aukerak ezagutzekoa. Hala erraztuko diegu irekiak izaten jarraitzeko aurrean duten errepidea. •