Xabier Izaga Gonzalez
IKERGAZTE BAIONAN

Hiru egunez, euskal ikertzaile gazteek beren lanak aurkeztuko dituzte Baionan

Dozenaka euskal ikertzaile gazte bilduko dira hiru egunez Baionako Errobiko campusera hilaren 27an hasiko den Ikergazte kongresuan parte hartzeko: beren lanen berri eman eta elkar ezagutzeko. Kongresuan parte hartuko duten zenbait lagunen iritziak bildu ditugu. Ekimenaren eta egingo den lekuaren garrantzia nabarmendu dituzte.

Otsailaren 27tik 29ra bitartean euskal ikertzaile euskaldunen hirugarren kongresua izango da Baionako Errobiko campusean. 2015etik, bi urtean behin antolatzen du Udako Euskal Unibertsitateak Ikergazte izeneko kongresua, «euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzeko asmoz».

Iaz, UEUko zuzendari Kepa Sarasolak kongresu horren garrantzia azpimarratu zuen GAUR8k egin zion elkarrizketan: «Aipatzekoa da azkeneko hiru urteetan egon diren Ikergazte jardunaldiak. Kongresu moduan 120 lagun baino gehiago bildu ziren 2015ean Durangon eta 2017an Iruñean. Datorren urtean Baionan egin nahi dugu, 2019ko maiatzean. Horietan ikerlari berriak biltzen ditugu. Tesia egiten edo tesia bukatuta unibertsitatean kokatzen dabiltzanak askotan ez daude giro euskaldunean edo ez daukate kontakturik inguru gertuan eta bertan esperientziak trukatzeko aukera daukate». Lehenengo bi kongresuetan 120 lagun bildu zirela zioen Sarasolak; aurten, berriz, askoz gehiago izango dira «euskarazko ikerketari hauspoa» emango diotenak.

Ainhoa Latatu kongresuko koordinatzaile akademikoak dioenez, ikertzaile gazteak zertan ari diren jakitea da kongresuaren helburu nagusietako bat, eta euren artean harremanak sortu eta sendotzea.

Ikertzaileen lanen berri jakiteko

Ikertzaileentzat ezinbestekoa da beste ikertzaileen lanen berri izatea. Baita euskaldunentzat ere, jakina, kongresurako deialdian nabarmentzen duten bezala: «Ikertzaile euskaldunok bagabiltzalako Euskal Herriko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan ikertzen; badaukagulako ikertzen duguna ezagutarazteko ahalmena eta gogoa; nazioartean egiten duguna bertokoari azaldu nahi diogulako; Euskal Herrian zer ikertzen den jakin nahi dugulako; lankide izan daitekeen hori ezagutu nahi dugulako; eta edozein alorretakoak izanik ere, edozertaz euskaraz jarduteko gai garelako».

Ikergazte ikertzaile euskaldunentzako erreferente izateko bidean dagoela uste dute, horregatik gonbidatu dituzte edozein ikerketa-eremutan diharduten gazteak, giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean. Helburua nazioarteko ikertzaileen komunitate euskalduna osatzea da.

Kongresuan parte hartzeko artikuluak, Ainhoa Latatuk azaldu duenez, jakintza-arloka sailkatu eta bi ebaluatzailek aztertzen dituzte. Normalean lan gehienak onartzen dituzte; batzuk, euskara aldetik edo metodologia aldetik osatu ondoren. Azkenik, ebaluatzaile horiek proposatzen dute ahoz edo poster bidez aurkezten diren.

Aurten parte hartuko duten zenbait lagunen iritziak bildu ditu GAUR8k. Guztiak ere bat datoz Kepa Sarasolarekin ekimenaren egokitasuna nabarmentzerako orduan.

Hasi berrientzako aukera

Haizea Abrisketa urruñarra kongresuko batzorde dinamizatzaileko kidea Iker zentroko ikertzailea da eta EHUko Historia Sailean doktore tesia egiten ari da, Kubako independentzia gerlan espainiarren armadan izan ziren euskaldunen gainekoa. «Ikergazte izatea niretzat, lehenik, gure hizkuntzari garrantzia ematea da. Gaur egun oraindik euskararen tokia aldarrikatu beharra baitago», dio. «Euskararen garapenerako garrantzitsua da goi mailako ikerketa euskaraz egotea eta Ikergaztek plaza ederra eskaintzen dio aukera horri».

Haritza Camblong baionarra EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea da, eta ESTIA Bidarteko ingeniaritza unibertsitate-eskolarekin ere kolaboratzen du ikerketa lanetan. Ikergazteko batzorde zientifikoan izango da lehenengoz. «Ikergazte izateak adierazten du, besteak beste, azken milaka urteetan bezala, euskal hiztun komunitateak oraindik egoera berriei egokitzen dakiela, agian beste milaka urtez bizitzeko», dio.

Xume eta labur definitu du Iduzki Soubelet Fagoagak Ikergazte: «Euskaraz ikertzen dugun pertsonon elkargunea da». Donostiako EHUko Psikologiako fakultateko irakasle donibandar honek, halaber, ikertzaileak eta haien lanak ezagutzeko aukera azpimarratzen du. «Euskaraz lan egiten dugunak gutxi garela sentitzen dudan arren, eta maila honetan batzuetan txiki sentitzen naizen arren, sentsazio hori gainditzeko aukera ematen digu Ikergaztek».

Marie Pourquie baionarrak Iruñeko kongresuan parte hartu zuen duela bi urte. Bertan afasiari buruzko lan bat aurkeztu zuen Amaia Munarrizekin batera, eta ziur da Baionakoa ere ikertzaileen arteko topaketa aberasgarria izango dela.

Mariek bezala, Xantiana Etchebest mauletarrak ere parte hartu zuen Iruñeko kongresuan, “Zuberotar dardarkarien bariazio sozio fonetikoaren azterketa akustikoa” lana aurkeztuta. «Esperientzia biziki ona izan zen. Nire doktoretza lantzen ari nintzen eta lanari zentzua eman nion eta plazaratu ere. Ikusi nuen interesa pizten ahal zuela. Motibazioa ekarri zidan ere, eta beste lan interesgarri batzuetan ere oinarritu nintzen».

Ahalduntze esperientzia

Hirugarren aldia du Nahia Idoiaga Mondragonek Ikergazten. EHUko Bilboko Hezkuntza fakultateko irakasle honek gai potolo bat landu du kongresurako: “‘La Manada’ auzia Twitterren: Sare sozialetatik gizartea eraldatuz”. Ikergaztea ikertzaile euskaldun eta gaztea dela esatea asko esatea dela dio. «Ikerkuntzaren munduan gaztea edo hasiberria izatea erronka handia da; gure ikerketaren oinarrian finkatzeko momentua baita, eta, gainera, ezagutzen ez dugun iker munduan sartzen baikara». Aurreko bi kongresuetan ere parte hartu zuen eta nolabait ahalduntze esperientziak izan zirela dio, «alor desberdinetako ikertzaileok, kalitatezko ikerkuntza euskaraz egin dezakegula frogatzeko aukerak».

Batzorde dinamizatzaileko kide da Joseba Fernandez de Landa gasteiztarra. IXA taldearen Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua masterrak ireki zion bidetik sare sozialak ikertzeko teknika berritzaileak bilatzen hasi zen, Eusko Ikaskuntzaren beka bati esker. Orain doktoretza bekaren zain dago, lan horretan jarraitzeko. «Nire ustez aukera paregabea da, bai gazteontzat eta baita euskaraz ikerketa egiten dugunontzat. Bi komunitate horietako partaideok zailagoa izaten baitugu gure lanak argitara ematea eta Ikergazte aukera ezin hobea da. Bestalde, ikerketak erdaraz egiten dituzten ikertzaile euskaldunentzat ere aukera oso erakargarria izan daiteke, motibazio bat 4-8 orriko euskarazko laburpen bat egiteko beraien lanekin, niri gertatu zitzaidan bezala».

Maialen Sagarna Aranburu batzorde zientifikoko kidea EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Arkitektura Saileko irakaslea da. Usurbildar hau duela bi urte ezin izan zen Iruñera joan, baina orduan ere batzorde zientifikoan parte hartu zuen hainbat komunikazio ebaluatzen. «Egia esan, asko harritu ninduten ikerketa lerro batzuk eta haien mailak», dio. Haren ustez, ikergazte izateak ez du esan nahi adinez gaztea den ikertzailea izatea bakarrik. Jakintza arlo gehienetan ez bezala, «arlo batzuetan ikergazteak ez dira (edo ez gara esan beharko nuke) adinez hain gazteak; arkitekturan adibidez. Arkitekturan ez da ikertzeko tradiziorik egon orain gutxi arte eta horrek bere ondorioak izan ditu. Ez da egon ikertzaile gazteak lagunduko dituen ikerketa talde sendorik eta, horren ondorioz, ikertzen hasi garenoi ikerketaren alorrean bideak zabaltzen joatea tokatu zaigu». Bestetik, «Ikergazteri esker, badago feedback bat atzerrian ikertzen ari diren ikertzaile euskaldunen lanari buruz eta hori oso aberasgarria da Euskal Herriko komunitate zientifikoarentzat», bukatu du.

Aurten, Baionan

Kongresua Baionan egitea ere garrantzitsua dela uste dute ikertzaileok. Haizeak honela dio: «Ipar Euskal Herrian euskararen garapenak salto kualitatiboa eman du Euskal Elkargoaren sorrerarekin, baina oraindik ere hizkuntzaren garapena ez dago ziurtatuta. Estatus falta muga handia da zentzu horretan. Halere, espazioak irekitzen ari dira eta euskara esparru guztietara hedatzen ari da herritarren eta gizarte eragileen nahiari esker. Euskara ikerketa arloan ikusgarri egiteak espazio berri baterako ateak irekitzen ditu eta euskal unibertsitate baten beharra eztabaidagai ezartzen du Ipar Euskal Herrian. Euskara, gazteria eta unibertsitatea, geroari begirako aldagaiak, batzen ditu eta aditzera ematen du euskararen garapena hortik ere pasa behar dela». Halaber, «euskarazko ikerketa Euskal Herri osoan kinka larrian baldin badago, zer esanik ez Ipar Euskal Herrian», nabarmendu du; horregatik, Ikergazte jardunaldiek eztabaida hori ere pizteko balio beharko luketela uste du.

Halatsu uste du Iduzkik ere: «Baionan izateak lapurtar bezala nire ikuspegitik garrantzia berezia dauka. Batetik, esan bezala, euskaraz ikertzen dugunak gutxi baikara eta Ipar Euskal Herrian are gutxiago. Euskarari eta euskarazko ikerketari ikusgarritasuna ematea ahalbidetuko dio beraz Baionako Ikergaztek. Bestetik, euskaldunen artean ere, maiz, Ipar Euskal Herria bigarren mailan gelditzen den lurraldea dela uste dut, ahanzten den eremua. Hortaz, Euskal Herri osoko ikertzaile gazteak Baionan biltzea biziki garrantzitsua dela uste dut. Lapurdiko hiriburua ezagutzen ez dutenek hiria ezagutzeko, Euskal Herri guztia gazteon bizi eremu naturala izaten laguntzeko eta elkarren artean sareak garatzen segitzeko».

Haritzak gogorarazi du Frankismoaren bukaeran UEU Ipar Euskal Herrian sortu zela, noizbait euskarazko unibertsitate bat sortzeko asmoz. «Beraz, UEU betidanik Iparraldean izan da, antolatzen dituen jardueren bidez; eta Ikergazte ez da salbuespena. Gainera, iduri zait garai batekin alderatuz geroz, harreman gutxiago badela orokorrean Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Inguruan ditugun herrialde handien hedabide erraldoiek eta administrazioak eragin handia dute egoera horretan». Haren ustez, UEU eta gisako erakundeek antolatzen dituzten ekitaldiak funtsezkoak dira Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubigintzan. Marierentzat, azkenik, kongresua Baionan izatea «pozgarria» ez ezik, «aldi berean normala» ere bada.

Astebete pasatxo barru hasiko da kongresua, egitarau oparoa dakarrena: hitzaldiak, lanen aurkezpen eta posterrak, tailerrak... eta ikertzaileen poza eta gogoa, inolako zalantzarik gabe euskal komunitate zientifikoarentzat ez ezik euskal gizarte osoarentzat ere onuragarriak izango direnak.

Eneko Bidegain

«Ikasi behar dugu unibertsitatea modu nazionalean ikusten»

Eneko Bidegain kazetari baionarra Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko irakaslea da gaur egun eta 2015etik UEUko Talde Eragileko kidea ere bai. Astebetetsu barru hasiko den Ikergazte kongresuaz aritu zaigu.

Nola ikusten duzu euskararen egoera unibertsitateetan, ikerkuntzan?

Euskarazko ikasketen eskaintza zabala da, baina oraindik anitz bada egiteko. Alde handiak daude unibertsitate batetik bestera, edo leku batetik bestera. Zenbait arlotan, euskara gutxietsia da, eta lehenesten da erdaldunentzako eskaintza. Ikerkuntzari dagokionez, euskarak arazo bikoitza dauka.

Alde batetik, euskarari bakarrik ez dagokion arazoa dago: unibertsitateko irakasleei eskatzen zaie ikerketa egitea eta argitalpenak lortzea, ahal bada indize handiko aldizkarietan, baina, paradoxikoki, gero eta baliabide gutxiago eskaintzen zaio ikerketari. Gainera, aukerak mugatuta daude ikerketa lan hori plazaratzeko, ez dagoelako ikertzen ari diren guztien lanak argitaratzeko adina argitalpenik. Euskaraz ere gutxi daude, eta daudenak ere ez dira indize oso altukoak. Horri lotuta dago euskararen bigarren arazoa: ikerlariek ingelesez idatzi eta argitaratu behar izaten dute, aldizkari aukera zabalagoa dagoelako eta indize altuagoa dutelako. Egia da hainbat ikerketa arlo ez direla mugatzen Euskal Herrira, eta beraz komeni dela ingelesez ere zabaltzea. Baina beste ikerketa askoren interes-eremua Euskal Herrira mugatzen da, eta ez dago behar adinako biderik ikerketa horiei zabalkundea emateko euskaraz.

Aurtengo Ikergazte kongresua Baionan egiteak zer esan nahi du?

UEUren eremuaren parte da, eta erabat naturala da Baionan ere antolatzea Ikergazte. Han ez antolatu izana litzateke anormala. Hori argi utzita, azpimarratu behar da ezinbestekoa dela euskal unibertsitatearen ekoizpena Lapurdira ere hedatzea. Erabat erdalduntzen ari da Lapurdi, eta euskara marjinala da Baionan. Beraz, Ikergazte han antolatzeak balio du euskarazko ikerketaren berri ezagutarazteko, euskara erabat zokoratua dagoen lekuan.

Halaber, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskaldunek ikusi ahal izanen dute Euskal Herrian badagoela aukera euskaraz ikasi eta ikertzeko. Ikasi behar dugu unibertsitatea modu nazionalean ikusten, eta Lapurdiko eskaintza eskala nazional horren barnean ulertzen. Horretarako, Euskal Herrian dagoen eskaintza egokitu behar da Euskal Herri osoko herritarrentzat. Muga administratiboak ezin dira traba izan. Baina mapa mentalak ere aldatu behar ditugu.

Zergatik da garrantzitsua Ikergazte bezalako kongresu bat?

Leku gutxi dago ikerketan hasiberriak direnek beren lanak plazaratu ahal izateko. Are gutxiago euskaraz. Beraz, Ikergaztek ematen du aukera bestela aukerarik ez luketen ikerlari gazte askoren lanak ezagutzeko. Gazteak bide bat egiten hasten laguntzen ditu Ikergaztek.

Zer nabarmenduko zenuke?

Ikergaztek ematen du aukera Euskal Herri osoko eta unibertsitate guztietako ikerlari gazte (edo ikertzen hasiberriak diren ez hain gazteak) elkartzeko. Hori aberasgarria da herri gisa.

Zergatik da hain garrantzitsua dibulgazioa? Ematen al zaio behar lukeen garrantzia?

Zertarako ikertu, gero ikerketa horiek «nehork» irakurriko ez dituen aldizkarietan gelditzen badira? Hau da, askotan, ikerketen emaitzak aldizkari zientifikoetan argitaratzen dira, eta mundu akademikoan gelditzen dira. Ikerketa asko gure gizarte hurbilari lotutakoak dira, eta han lukete eragina. Baina aldizkari zientifikoetara mugatzen bada haien hedapena, ez dute eraginik eragina behar luketen lekuan. Adibidez, gure ikerketa taldean egin dezakegu ikerketa bat euskal kazetaritzak konpondu behar duen arazo bati buruz. Emaitza horiek Erresuma Batuan, Japonian, Suedian edo Ameriketako Estatu Batuetan aurkezten baditugu, eta horretara mugatzen bagara, alferrik ari gara. Euskal Herriko aldizkari zientifiko batean argitaratuta ere, ez du askorako balio, ez badugu, gero, dibulgazio lanik egiten eta ez bagara euskal kazetaritzan ari direnengana joaten.