Amagoia Mujika Telleria
Askekintza
{ animalien erabilpena jaietan }

Askekintza eta Sokamuturra Bai taldeak, aurrez aurre

Hernaniko San Juan Jai Batzordeak antolatuta, parean eseri dira hitzaldi publiko batean Sokamuturra Bai taldeko eta Askekintzako ordezkariak. Galdera berdinei erantzunez, hain sutsua den eztabaidaren zenbait korapilo bistaratu dituzte.

 

Aitor Jaurrieta. Askekintza

Sufrimenduaren inguruko dibertsioa?

Zezenak bere gogoaren eta borondatearen kontra parte hartzen du sokamuturrean eta praktika krudela eta ez beharrezkoa da. Ez da tratu justua ematen gizakiak animaliak bere dibertsiorako erabiltzen dituenean. Sufrimendua dago eta ez da zilegi, hori aldatu beharra dago.

Edozein animalia hil, gaizki tratatu eta jatearen kontra gaude eta horrekin koherenteak izaten saiatzen gara. Animalia guztiok berdin tratatuak izateko eskubidea daukagu, baita zezenak ere. Nerbio-sistema zentrala daukagun animaliei buruz ari gara.

Zezenak sokamuturrean parte hartu nahi al du? Animaliei galdetuz gero, ez dugu erantzun zuzenik jasoko, baina bere jarrerari erreparatuz gero, erantzun guztiak hor daude. Sokatik tira egiten diote ez duelako gizakiak nahi bezala erantzuten, oihu egiten du ez duelako hor egon nahi, beldurtuta eta estresatuta dagoela bistakoa da, akuiluarekin ziztatzen dute ez duelako gizakiaren nahia betetzen... Zezenak argi uzten digu sufritzen ari dela, ez duela hor egon nahi, hori ez dela bere tokia. Lur horretan ez da eroso mugitzen, irristatu eta erori egiten da, mina hartzen du... Hondarra botatzea proposatu dute. Tira, horrela ez da eroriko, baina beste guztia hor egongo da; sokarekin kateatuko da, zirikatu egingo dute, beldurtu eta estresatu... Gu sokamuturra desagerraraztearen alde gaude.

Ez zait iruditzen zezena askatu eta zuzenean joaten denik gizakia erasotzera, hori autodefentsa mekanismo bat da. Autodefentsa ez da dibertsioa, autodefentsa ez da errespetua.

Zilegi al da animalien egoeraren inguruan gizakien arteko eztabaida eta herri galdeketa egitea? Ez. Zilegi al da Kataluniako independentziari buruz Madrilen, Andaluzian edo Euskal Herrian erabakitzea? Nor gara gu beste batzuen izenean erabakitzeko? Zuzena al da guk erabakitzea beste baten sufrimenduak merezi duen edo ez gure dibertsio hutsagatik? Gure ustez, ez.

Gizarte plural baten alde gaude, ondokoa errespetatzen den askotariko gizarte baten alde. Beste norbaiten askatasuna edo eskubideak urratzen diren kasuetan, ezin da praktika horien inguruko galdeketarik egin.

Zer dago gaizki eta zer ondo sokamuturrean? Sokamuturrak, gure ustez, ez dauka asko naturatik. Beldurra neurtzen duela diote. Gizakiaren beldurra akaso, baina animaliaren azalean ez da inor jartzen, haren beldurra ez da aintzat hartzen.

Gizonaren ausardia ere neurtzen omen du. Egia da plaza testosteronaz beteta egoten dela. Horri buruz ere hausnartu beharko genuke.

Animaliaren estresa, tratu txarrak, sufrimendua... hori guztia gaizki dago.

Ondo? Jai giroa. Baina jai giro hori testuinguru horretan sortzen da, ez dugu uste justu sokamuturrak sortzen duenik giro hori. Hernaniko festetan txosnak itxi ondoren, jendea toki eta une zehatz batean biltzen da, festan segitzeko gogoz. Sokamuturraren ordez beste jardueraren bat egingo balitz, parte hartzailea eta inor gaizki tratatu gabe, arrakasta bera edo handiagoa izango lukeela seguru gaude. Alternatibak badaude eta ez badaude, sortu egin beharko dira. Sorkuntza prozesua ere oso interesgarria izan daiteke.

Guk garbi daukagu sokamuturraren inguruko eztabaida ez dela inoren gustuaren edo dibertitzeko moduaren ingurukoa, gizarte bezala daukagun moralaren eta etikaren ingurukoa baizik. Animalien eskubideen adierazpenak zehazten duenez, animaliak gosetik eta egarritik libre egon behar du; estresetik, egonezinetik eta sufrimendutik libre eta bere izaera naturala agertzera derrigortu gabe. Sokamuturraren kasuan, puntu guztiak urratzen dira.

Eta bai, guk mundu guztia aldatuko dugu eta sokamuturrarena aldaketa horren baitan joango da.

Chapu Apaolaza. Sokamuturra Bai

Gustatzen ez zaiguna debekatu?

Gure biziraupenarekin lotura ez duen guztia dibertsioa da. Dena da dibertsioa; sokamuturrean ibiltzea eta berdin-berdin haragia jatea. Ez dago frogatuta gizakiak bere biziraupenerako derrigorrezkoa duenik haragia, beraz, animalien doako sufrimenduak, dibertsioaren izenean ematen omen den horrek, aurpegi asko dauzka; Basque Culinary Center bera, sagardotegiko txuletak, herriko oilasko erretegia...

Zezenak sokamuturrean parte hartu nahi al du? Galdera hau sortzen da animaliak pertsonen pare tratatzen ditugunean; borondatea eta inguratzen dituen mundua ulertzeko duten gaitasuna gurearen parekoa dela ulertzen dugunean. Pisu batean bizi den eta egunean ordu erdiz parkera ateratzen duten txakurrak bizimodu hori erabaki al du? Nire txakurrek nirekin bizi nahi ote dute? Nahi dutena ematen al diegu animaliei? Galdera arraroak dira. Nola harremantzen gara inguruan ditugun animaliekin? Noiz izaten dugu kontuan haien borondatea? Badira inork zalantzan jartzen ez dituen bestelako praktikak animaliekin.

Sokamuturrean zezenak ez du hainbeste sufritzen. Zezenak berezko grina dauka, erasotzen dutenean aurre egiteko grina eta horregatik gustatzen zaigu hainbeste. Askekintzakoekin ados gaude gauza batean; sokamuturra egiten den plaza eta kaleetako lurra ez da egokia. Animalia ohituta dago belarretan eta bestelako lur motetan eta ez da eroso mugitzen herriko kaleetan. Horregatik, Udalari proposatu diogu garai batean bezala sokamuturra izaten den inguruan hondarra botatzeko, zezena erosoago mugi dadin. Guri ez zaigu gustatzen animaliak sufritzea eta mina hartzea, batzuek kontrakoa uste duten arte.

Zilegi al da animalien egoeraren inguruan gizakien arteko eztabaida eta herri galdeketa egitea? Une jakinetan, bai. Hernaniarrek animalien gaineko erabakiak hartzeko eskubidea duten edo ez eztabaidagarria litzateke egiten dutena legearen kontrakoa balitz. Organo legegileek arautzen dute gizakiok nola portatu behar dugun animaliekin eta arau horien baitan ari gara. Ez zaigu ondo iruditzen jendeari sokamuturraren inguruan galdetzea eta ez galdetzea, adibidez, haragi kontsumoaren inguruan. Animalismoak bere osotasunean aurkeztu behar du, bere ikuspegi osoarekin, ez bakarrik sokamuturrarekin.

Ez zaigu zilegi iruditzen gustu baten arabera, festetako alderdi garrantzitsu bat zalantzan jartzea. Hori ez da zuzena. Gustatzen ez zaiguna debekatzeko eskubidea al daukagu? Gizarte plural baten alde gaude gu. Ez da beharrezkoa denek guztiaren inguruko oniritzia izatea. Ez gaude gustuen araberako kontsulta festa baten alde.

Zer dago gaizki eta zer ondo sokamuturrean? Sokamuturrak herria batzen du, jende desberdina biltzen du ingurura; ideologia politiko eta familia askotarikoak. Naturarekin daukagun harremana irudikatzen du, maite dugun naturarekin lehian jartzen gaitu. Sokamuturraren sokak, garena irudikatzen du, gure nortasuna. Gure ohiturekin eta gure aurrekoekin lotzen gaitu soka horrek. Natura hirian sartzen da sokamuturraren bitartez, ahanzturan eta bazterketan erortzen ari den natura ekartzen du hirira. Gainera, beldurrarekin harreman desberdina sortzen laguntzen digu, beldurra ulertzen, gu geu ulertzen... nor garen eta gure mugak non dauden erakusten digu. Bizitza lezio bat da, bizitzan arazoren bat gertatuz gero, behin beldurra nola gainditu genuen gogoratuko dugulako. Zezena, bere dimentsio osoan, beldurraren metafora bikaina da, mundu osoan era unibertsalean ulertzen dena. Gizona izaki misteriotsua da, dena gainditu dezakeena. Gizonaren ausardia neurtzen da plazan. Sokamuturrak gizarte hobeago bat egiten du.