Amagoia Mujika Telleria
SAGARARTE

Sagardotegiaren arima piztu eta artista gazteak bultzatu nahi dituen proiektua

Astigarragako Astarbe Sagardotegian badute kezka bat, beste sagardogile batzuen antzera seguruen; sagardotegia asteburuetara eta parrandara mugatzen ari ote den. Aurten 456 urte beteko dituen etxean XV. belaunaldia ari da lanean eta sagardotegia berriz kulturaz eta arimaz janzteko ahaleginean sortu dute SagarArte.

Astarbe Sagardotegiak bultzatutako SagarArte proiektuak bigarrena du aurtengoa. Joan den asteburuan ireki zuten sagardotegian bertan “Bigarren bizitzak” deituriko erakusketa. Hartara, normalean jateko eta edateko den tokia erakustoki bihurtu dute, arteari tokia eginez eta proiektuaren muinera joanez; sagardotegia jateko eta edateko toki bat baino gehiago izan dela eta hala izaten segitu behar duela defendatzen baitu SagarArtek.

Joseba Astarbe SagarArte ekimenaren zuzendaria eta Astarbe sagardotegiko XV. belaunaldiko kidea da. «Duela urte batzuk hasiak ginen konturatzen zein den sagardotegietako egungo joera, gero eta nabarmenago gainera; asteburuetako plana da, jantokira mugatzen da eta parrandarako tokia da. Garai bateko beste joera batzuk faltan sumatzen genituen; astean zeharreko martxa, bestelako kultur adierazpenak –bertsolariak, bolo jokoa, toka, trikitia...–. Sagardotegian, jateaz eta edateaz aparte, bestelako ekintzak ere izaten ziren. Azken urteotan, berriz, aste bukaerara eta parrandara ari zen mugatzen kontua».

Artista gazteentzat leihoa

Kezka edo hutsune batetik abiatu zen, beraz, SagarArte. «Sagardotegiak berezkoa duen arima berreskuratzen saiatzeko modu bat da SagarArte. Egia da, hala ere, aurreiritziak daudela eta badirudiela sagardotegian bertsolaritza eta trikitia bakarrik kabitzen direla. Gaur egungo euskal gazteek, baina, horiez gain bestelako mila talentu mota dituzte, bestelako hamaika sorkuntzatan dabiltza eta horiei begirada irekitzea erabaki dugu», azaldu du Astarbek.

SagarArtek, beraz, bi norabide dituela esan daiteke, bidean batzen direnak; sagardotegia kulturari berriz lotzeko nahia eta euskal sortzaile gazteei erakustoki bat eskaintzeko borondatea. «Euskal artista ezagunagoek badituzte bestelako aukerak. Hasten ari diren gazteentzat interesgarria izan daiteke sagardotegi bat erakustoki bezala. Hasteko modu bat da eta guretzat garrantzitsua da sortzaile berriei aukerak eskaintzea».

Artea gastronomiari gerturatzeko modu bat SagarArte. «Badirudi batzuetan kosta egiten dela artea eta kultura kontsumitzera joatea, espresuki horretara joatea. Sagardotegian, gastronomiaren aitzakian, arteaz gozatu ahalko du bisitariak», iritzi dio Astarbek.

Erakusketa ibiltaria izango da

Esanda bezala, joan den asteburuan zabaldu zuten “Bigarren bizitzak” erakusketa. Jatekoa, sagardoa, bisita gidatua, DJ baten erritmoek eta Nogen taldearen kontzertuak osatu zuten menua sortu zela 456. urteurrena ospatzen ari den Astarbe sagardotegian.

Aurtengo erakusketa Astarbe sagardotegian bertan egongo da ikusgai udara amaiera arte. Hortik aurrera, ibiltaria izango da. «Oraindik lotzeko ditugu tokiak eta datak. Baina asmoa da udara ondoren erakusketa toki desberdinetara eramatea». “Bigarren bizitzak” erakusketaren izenak berak kontatzen duenez, garai batean nekazaritza eta sagardotegien bueltan erabiltzen ziren elementuak ditu oinarri eta horien ikuskera gaurkotua eskaintzen du.

Sagardo denboralditik kanpo, asteburuetan izaten da irekita Astarbe sagardotegia, bestelako eskaintzarekin. Eta artea dago plater eskaintza horien artean.

 

Maria Altunaren zeramika

Tesiarekin ari da buru-belarri Maria Altuna artista, Arte Ederren eta Irakasle ikasketen artean. «Benetan betetzen nauena ikerkuntza da, ez bakarrik sortzeko garaian, baita teoriak josteko eta zertan ari naizen testuinguruan kokatzeko ere». Hain justu, SagarArtek EHUko Arte Ederren Fakultatearekin batera antolatutako ideia lehiaketa irabazi zuen zizurkildarrak eta bide horretatik iritsi da “Bigarren bizitzak” erakusketara.

«Proiektua aurretik buruan neukan ideia bat garatzeko aukera bat izan da. Etxean jasota nituen aitonaren apunteetatik tiraka ari nintzen aspalditik. Aitona arotza zen, baina bazituen sagarrondoak eta izugarri gustatzen zitzaion txertaketen kontua. Kalekumea naizen arren, badaukat naturarekin harreman berezi bat, aitonari esker. Sagarrak, sagarrondoak, txertaketak... hori guztia bazegoen nire baitan eta zeramikaren bitartez eman diot irtenbidea horri guztiari». Sagardo botiletatik abiatuta osatu du bere proiektu artistikoa Altunak. «Sagardotegia erakustoki berezia da eta izugarri polita iruditzen zait, denon eskura dagoelako», iritzi dio Altunak.

 

Udane Juaristiren lana, luxuzko mihisean

Udane Juaristi “Udatxo” artista azkoitiarrak luxuzko mihisea izan du egunotan Astarbe sagardotegian dagoen “Arbasoak” lana osatzeko. “Bigarren bizitzak” erakusketaren baitan ikus daiteke lana, argazkietatik abiatuta kupela batean egindako collage esanguratsua.

«Astarbe sagardotegian zeukaten kupela zahar bat izan da nire mihisea. Txukun-txukun jarri zuten nik bertan lan egin nezan. Garbiketa horretan, kupelean zenbaki batzuk agertu dira, kupela bakoitzak zenbaki bat baitzuen jatorrian. Gertatzen dena da urterik urte kupelak geruzak pilatzen dituela eta zenbaki horiek desagertu egiten direla. Polita izan da zenbaki horiek berriz bistara agertu izana eta bere horretan uztea erabaki dut, oso garbi erakusten dutelako kupela horrek aurretik beste bizitza bat izan duela». Finean, erakusketaren norabidea hori da; garai batean landan erabiltzen ziren elementuei balioa eman eta bigarren bizitza bat ematea, artistikoa kasu honetan.

«Kupelak berak sekulako xarma dauka. Horren gainean, Astarbeko hiru belaunaldi irudikatu ditut; aitita, aita eta birramona. Argazki horiek Astarbe sagardotegiaren historia jasotzen dute era batera edo bestera», azaldu du sortzaileak.

Sagardotegian hamarkada askotan gizona egon da lehen lerroan. Emakumea, bigarrenean, ikusten ez den arren, lehena bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa izan bada ere sagardotegiari eusteko. «Horrela kontatu didate Astarben ere, emakumeek belaunaldiz belaunaldi garrantzia eta pisua izan dutela proiektuan. Pena dut familia albumean batez ere gizonen argazkiak daudelako, emakumeenak apenas. Eta lan egiteko orduan hutsune hori sumatu dut, ni argazkietatik abiatzen bainaiz. Hutsune hori bera esanguratsua da».

Udatxo, esan bezala, argazkietatik abiatzen da bere collageak osatzeko. «Orain arte izan dudan mihiserik originalena izan da zalantzarik gabe. Kontuz ibili naiz, batzuetan mihise osoa betetzeko joera edota arriskua izaten delako, eta kasu honetan oso garrantzitsua iruditzen zait kupelari presentzia ematea, gauza asko kontatzen dituelako. Egurrari tokia utzi diot horregatik», azaldu du artistak.