Ainara Lertxundi
JAIO ETA HIL, YEMENEN

Haurdun dauden emakumeak eta haien umeak dira gerraren beste biktimak

Egoera penagarrian daude Yemenen osasun zerbitzuak lau urteko gerraren ondorioz. 2016tik 2018ra, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko kideek 36 ama eta 1.546 haurren –1.018 jaioberriak– heriotzak zenbatu zituzten Ta'izzko Huban auzoko eta Abs hiriko ospitaleetan. Gerrak eragindako dramaren erakusle dira datuok.

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak “Haurdunaldiko zailtasunak: osasun arretarik jaso gabe hiltzen diren amak eta seme-alabak” txostena aurkeztu berri du. Jada lau urte irauten dituen gerrak Yemengo emakume eta haurrengan izandako eragina aztertzen da bertan.

Egoera humanitarioak nabarmen egin du okerrera lau urte luzeotan. Ekialde Hurbileko herrialde pobreenetarikoa da Yemen. 2015etik, osasun azpiegitura kolapsatu egin da biolentziagatik, biolentziak eragindako leku aldatzeengatik, aurrekontu murrizketengatik eta estatu erakundeen desagerpenagatik edo bikoizketagatik. Izan ere, herrialdea bi zatitan banatuta gelditu da, bata huthien kontrolpean eta bestea Saudi Arabiak babesten duen Gobernuaren esku.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2016. urtean Yemenen zeuden osasun azpiegituretatik (3.507) erdiak ez daude dagoeneko erabilgarri edo soilik partzialki erabil daitezke. 10.000 biztanleko 6,2 ospitaleko ohe daude, gutxieneko ratio gomendagarria 10.000 biztanleko 10 ohe direnean. Azterketa egin zen barrutien %42an bi mediku edo gutxiago zeuden.

Osasun azpiegituren gabeziak eta txertaketa programa publikorik ez egoteak txertoekin saihets daitezkeen gaixotasunen zabalkundea eragin du: difteria, kolera eta elgorria bezalako gaitzek gora egin dute, baita ekidin daitezkeen gaixotasunokin lotutako heriotzek ere.

Yemendarrek ia ezin dute osasun publiko zein pribatura jo, gatazkak herrialdearen ekonomia guztiz hondatu baitu eta herritarren aurrezkien balioa hondoratu egin baita. Herrialdeak behar duen fuel-olioaren erdia soilik sartzen da egun Yemenen eta horrek garraioa eta energia izugarri garestitu ditu. Ekonomiaren arlo guztiengan eragina du fuel-olio nahikorik ez izateak. Behar sanitarioak gizarte osoan nabarmenak badira ere, premiazkoagoak dira haurdunen eta haurren artean. 2015era arte osasun sistema ahula bazen ere, haurren eta amen heriotza tasak behera zihoazen modu tinkoan. Egun, berriz, pazienteen herenak ospitalera iritsi baino lehen hil ohi dira eta bizirik iristen diren jaioberriak ume goiztiarrak dira sarri edo oso gutxi pisatzen dute.

Ama eta umeentzako bi erietxe

2015eko amaieran, Ta'izz hiriko kanpoaldean kokatuko Huban auzoan zegoen hotel bat ospitale eta traumatologia zerbitzu bihurtu zuen MSFk, 130 oherekin. «Huban auzoa Ta'izz kanpoaldean dago. Guda fronteak hiria bitan banatu zuenean, zerbitzu mediku gehienak beste aldean gelditu ziren. Hubanen 263.871 pertsona bizi ziren, eta ez zegoen zaintza pediatrikorik eskaintzen zuen ospitale publikorik, ezta ama berrientzako azpiegiturarik ere. Gerra aurretik autoz hamar minututan egiten genuen ibilbide bera egiteko, orain zazpi ordu behar ditugu, mendien artean edo horiek inguratuz ibili behar baitugu ospitalera iristeko», adierazi du Karolina MSFko erizainak.

Maiz, gainera, osasun azpiegiturak erasoen jomuga izan dira Yemenen. 2015eko abenduaren 2an, aire eraso batek MSFko klinika zegoen ingurunea kolpatu zuen. Bederatzi zauritu egon ziren, tartean MSFko hezitzaile eta zaintzaile bana. Azken bi urteetan, Ta'izzen bonbardaketak gutxitu egin diren arren, Yemengo hiri arriskutsuenetarikoa da.

Indarkeriak gora egin aurretik, probintzian bederatzi ospitale publiko zeuden, horietatik bost Ta'izz hirian kokatutakoak. 2014ko erroldaren arabera, 615.000 pertsona bizi ziren hirian. Gaur egun ez dago %100ean erabilgarria den ospitale publikorik eta Ta'izz hirian zeuden bost erietxeetatik soilik hiru daude zabalik MSF eta bestelako nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen laguntzari esker. Baina ez dituzte gerra aurretiko zerbitzu berberak eskaintzen eta, gainera, herritar askorentzat ia ezinezkoa da ospitalera iristea bera ere. Tarteka, guda lerroa zeharkatzea lortu duten pazienteak iristen dira Hubaneko ospitalera eta ez soilik laguntza bila, baizik eta giro lasaiago baten bila, segurtasun bila.

Ama eta umeentzako Hubaneko erietxeak bost urte baino gutxiago dituzten umeei eta ugaltzeko adinean dauden emakumeei doako osasun zerbitzuak eskaintzen dizkie. Zabaldu zutenetik, paziente kopurua handituz joan da urtez urte. 2016an, 4.100 emakumeri eman zieten laguntza haurdunaldian, eta, 2018an, 8.443 haurduni. Urte horretan, 6.915 ospitaleratze izan zituzten eta malnutrizioa zuten 1.432 ume artatu zituzten.

Christian Katzer MSFko operazio arduraduna da Yemenen. Hubanera egindako bisitaren bueltan, honakoa adierazi zuen: «Emakume baten kontakizunak zeharo hunkitu ninduen. Haurdunaldia oso aurreratua zuen. Nahiko urruti bizi zen eta diru asko gastatu zuen garraioan MSFko ospitalera iristeko. Familiak bizilagunei eskatu behar izan zien dirua. Ospitalera iritsi zenean, lanez tope geunden, emakume mordoa baikenituen erditze gelatan. Harreran zain izan genuen gaixoa. 130 ohe ditugu eta guzti-guztiak beteta zeuden. Oso gogorra da horrelako egoera batean dagoen emakume bati ohe librerik ez dagoela esatea. Azkenean, lekua egitea lortu genuen, baina zoritxarrez ez da beti horrela izaten».

«Aspalditik, osasun zerbitzuek ez dute behar bezala lan egiteko modurik Ta'izzen. Nahi baino gehiagotan profesionalak falta dira, eta, egotekotan, ez dute prestakuntza berezirik. Gaitasun eta konfiantza falta horregatik eta bidaia benetan arriskutsua delako, haurdun dauden emakumeek azken unera arte itxoiten dute ospitalera joateko», azaldu zuen Hubaneko ospitaleko arduradun Rachelek 2018ko azaroan egin zioten elkarrizketa batean.

Gerra aurretik, Yemenen, emakumeak etxean erditzen ziren, emagin baten laguntzarekin. Arazorik izanez gero, hori bai, egun baino askoz errazagoa zuten gertuko erietxeren batera heltzea. Gaur egun, baina, gatazka eta biolentzia tarteko, azken orduko arazoek amaren edo umearen heriotza eragin dezakete. Hubaneko ospitalera iristen diren emakume gehienek (%70) hilgarriak izan daitezkeen konplikazioak pairatzen dituzte: eklanpsia, preeklanpsia, erditu ondorengo odol galtzea, umetokiko haustura...

Haurdunaldian egon daitezkeen arazoak garaiz antzeman ahal izateko baliabiderik ez dagoenez, askotan konplikazioak erditzeko unera arte ez dira detektatzen, beranduegi sarri. Jaio aurretiko diagnostiko egoki batekin malformazio eta gaixotasunak garaiz tratatu ahalko lirateke eta larrialdi gutxiago egongo lirateke.

«Lau seme-alaba ditut etxean. Bosgarrena ospitalean dago. Sei ordu kostatu zitzaidan iristea, bizi naizen lekutik oso urruti baitago. Gure herrian ez dago erietxerik», azaldu du Al Wa’shah herriko Khamisak.

Bidaia egitearen beldur

«Gogoan dut etxean erditu zen emakume bat. Konplikazioak egon ziren eta ez zuen modurik izan horiei aurre egiteko. Ospitalera ailegatu zenerako, haurra hilda zegoen eta berak umetokiko haustura zuen. Odol-galtzea geldiarazteko, larrialdiko ebakuntza egin behar izan zioten. Bera ere hilko zela uste genuen, baina bizirik atera zen», gogora ekarri du MSFko erizaina den Zainabek.

Hajjah gobernantzian ere egoera antzekoa da. MSFk Abs hiriko ospitaleari laguntza ematen dio 2015etik. Gerrak bereziki kolpatu du zonaldea. 2015eko martxoaren 26tik 2018ko martxoaren 24ra, 1.617 bonbardaketa egon ziren. 2015 aurretik ere malnutrizioa eta ur eskasia ohikoak ziren Hajjah gobernantzian. Gatazkaren ondorioz, bertako biztanleek eta beste leku batzuetatik ihesean heldutakoek eskasia eta oinarrizko produktuen garestitzea pairatzen dituzte.

Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio militarrak Absko ospitaleari eraso egin zion airez 2016ko abuztuan. 19 hildako eta 24 zauritu izan ziren. 2018ko ekainaren 12an, koleraren kontrako osasun zentroari ere egin zioten eraso. Oraindik zabaldu gabe zegoenez, ez zen inor hil bonbardaketan.

Gaur egun, Absko ospitaleak 200 ohe ditu. Larrialdi zerbitzuei, ebakuntza gelari, ama berrien sailari, elikatze terapeutikoko unitateari, laborategiari, esterilizazioko unitateari eta ospitalizazioko guneari laguntza ematen die MSFk. Kasu larrienak Hajjah edo Sanara bideratzen dituzte.

Sadeqa MSFeko emagina da Absen. «Abs inguruko zonaldeak menditsuak dira, eta, distantziak, handiak. Batzuetan, pazienteak beldur dira ospitalera etortzeko aire eraso eta borrokengatik. Bidaia oso arriskutsua da. Errepide asko asfaltatu gabe daude eta euria egin ostean oso zaila da horiek erabiltzea. Horrez gain, pazienteek ez dute bidea gauez egin nahi, erasoak jasateko beldur direlako. Behin, airetik jaurtitako bonba batek bete-betean jo zuen auto bat eta barruan zihoazen guztiak hil egin ziren».

«Imajinatu momentu batez nire egoera. Jarri zaitez nire lekuan. Imajinatu nola sentitu naizen, haurdun egonik, kontrol militar amaigabeetan eta asfaltatu gabeko errepideetan. Asko sufritu dut. Gerrarik egongo ez balitz, edozein ospitale publikotara joan ahalko nuke. Baina, egoera honetan, Hubaneko ospitalera guztiz izututa iritsi ginen», azaldu du Al Wazeera herriko Eftekarrek.

«Duela sei hilabete, emakume bat etorri zitzaigun umetokiko hausturarekin. Familiak ekarri zuen salbatuko zuten esperantzarekin. Oxitozina eman zioten beraien kabuz. Iritsi zirenerako, beranduegi zen. Atean bertan hil ziren ama eta semea». Safana emaginaren hitzak dira. Absko ospitalean lan egiten du.

Gerrak aurretik ere ahula zen Yemengo ekonomia gehiago ahuldu eta oinarrizko produktuen salneurria garestitu du. Prezioek gora egin dute eta familia askok ezin dute sendagairik erosi. «Gerra aurretik, osasun zerbitzu pribatuetara joateko gaitasun ekonomikoa zuten yemendarrek, nahiz eta aberatsak ez izan. Garraioa ere ordain zezaketen. Orain, aldiz, azken unera arte itxoiten dute, nahiz eta gure ospitalea doakoa izan. Sanako ospitale batean, semearen ebakuntza ordaindu zuen familia batek, baina gero ez zuen dirurik zaintzagatik ordaintzeko. Oxigenoa eta zain barneko zunda kendu zizkioten eta zortzi orduz gidatu eta gure ospitalera ekarri zuten. Gure ospitalean hil zen. Guk zaindu genezakeela uste zuten eta hala zen, baina jada beranduegi zen. Gure esku zegoen dena egin genuen, baina, zoritxarrez, umetxoa esku artean hil zitzaigun. Benetan penagarria da herrikideak horrelako egoera latzetan ikustea», nabarmendu du Sadeqak.

«Hajjah gobernantzian gelditzen diren zerbitzu mediku gehienak pribatuak dira. Publikoak diren bakarrak edo itxita daude edo ez daude behar bezala hornituta, bai materialari bai mediku kopuruari dagokionez. Ez daude prestatuta. Pribatuak, berriz, oso garestiak dira, herritar gehienak pobreak diren bitartean. Ordaintzeko diru nahikorik ez dutenez, ez dira etortzen», amaitu du Sadeqak etsita.