Maider Iantzi Goienetxe

Lau hitz lagungarri

Esaldi lagungarri bat bilatzen zuen, une on eta txarretarako, berarentzat eta maite dituenei emateko. Momentu batzuetan, Joseba Baleztenak kantu batean dioen bezala, “izate soilaren poz biluzia” sentitzen baitzuen, eta bertzetan, zintzurra idortu eta ixten zion angustia.

Poz biluzi horretan zegoenean, inspirazio uneak izaten zituen eta denak zentzua hartzen zuen bere barrenean. Semaforoak berde jartzen ziren bera pasatzeko; hitz aproposak ateratzen zitzaizkion istant aproposetan; argiak eta eguzkiak goxatzen zuten.

Eztarria itotzen sentitzen zuenean, ordea, gosea joaten zitzaion sabeleko korapiloa handitu ahala. Solasak ere lehortzen zitzaizkion, ez zela sekula bukatuko zirudien agonia desesperagarrian.

«Nola liteke halako aldaketa gorputz berean, batzuetan arrazoiarekin eta bertzetan gabe?», galdetzen zuen, eta halako batean, maiz samar gertatzen zitzaion bezala, propio berarentzat idatzia iruditu zitzaion esaldi bat irakurri zuen: “Hau ere pasatuko da”.

Naturala dela pentsatu zuen. Naturan hala da eta gu naturaren parte gara. Bakea eman zion horrek, lasaitasuna. Baina, bestalde, naturaren kontra joan nahi izaten dugula ohartu zen: gauzak betiko nahi ditugu, bizi nahi dugu baina ez zahartu... Alde horretatik, onartzea kostatzen zaigu.

Mezu horrek balio izan zion sufritzen ari zenean hori aldatuko zela jakiteko, eta pozez ezin kabitu zegoenean, are gehiago gozatzeko. Umiltasun lezio bat ere izan zen, “Hau ere pasatuko da” esaldiaren “hau” horretan bera ere sartzen zelako. Gaua eta eguna bezala, biak dira naturalak, biak gara gu eta biak behar ditugu. Hala aurkitu zuen azkena eta lehena zenerako esaldi lagungarria. •