Amagoia Mujika Telleria
HITZ EGIN DEZAGUN SEXUAZ

Zer-nolako pisua dauka jendarteak norberaren gorputzean eta desiretan?

Badirudi egun asko hitz egiten dela sexualitateaz. Zertaz ari gara sexuaz ari garenean? Garaian garaiko jendarteak norbanakoen sexualitatea arautzeko joera dauka eta debekutik betebeharrera pasatzen ari ote garen susmoa daukate adituek. Haien hitzetan, sexualitate onena norbere askatasunetik sortzen dena da.

Hitz egiten al dugu sexuaz? Zertaz ari gara sexuaz ari garenean? Nola hitz egiten dugu? Gurenduz psikologia integraleko zentroak antolatuta, sexualitatearen inguruko jardunaldiak izan dira Bilbon, gure bizitzan hain zutabe garrantzitsua den eta hain eskas kudeatu ohi den horri buruz hausnartzeko. «Birplanteatu egin behar dugu zertaz hitz egiten dugun sexuaz ari garenean. Ez gara ari bakarrik topaketa erotikoez; gure arteko harremanez, komunikazioaz, topaketa horietan dugun moldatzeko moduaz... horri guztiari buruz ari gara. Azkenean, sexua dena da. Jendartean nola mugitzen garen, hori da gure sexua», argitu du Ziortza Karrantza psikologo eta sexologoak.

Baina, badirudi, orain sexuaz hitz egiten dela, eta asko gainera. «Hor dago arazoa, sexuaz hitz egiten da, baina akaso ez behar bezala. Lehen sexualitate normatibo bat inposatzen zen, eta, orain, beste bat. Baina biak dira inposizioak». Izan ere, inposizio berriak sortu diren beldur da Karrantza. «Debekutik, erabateko tabutik, betebeharrera pasatu gara eta horri buruz hausnartu beharko genuke. Gure gazteek, adibidez, ez dituzte zalantzan jartzen pantailetan ikusten dituzten topaketa erotikoak. Horri buruz hitz egin behar da. Eta, horrez gain, gaur egun gizarteak markatzen dizkigun praktika normatiboei buruz ere hitz egin beharko genuke. Badirudi askatasunetik sentitzen ditugula behar berriak, ez direla inposatuak, eta hori da arazoa. Adibidez, orain asko hitz egiten da polimaitasunaren inguruan eta horrek inposizio berriak ekar ditzake. Badirudi monogamia ez dela positiboa. Dena da positiboa edo negatiboa, gauza da pertsonak erabakitzea zer egin nahi duen bere bizitzarekin, bere topaketa erotikoekin eta maitasuna bizitzeko bere moduarekin. Garrantzitsua da ez barneratzea gizarteak planteatzen dituen inposizio berriak».

Izan ere, Ziortza Karrantzaren begietara, egungo gaztea presionatuta senti daiteke bikote bakarra daukalako, adibidez. «Gizartearen presioaren ondorioz, senti dezake konformatu egiten dela edota zaharkitua dagoen eredu batean erosoegi dagoela. Gauzak probatzeko grina, beharra baino betebeharra izan daiteke eta hori ez da osasuntsua. Horregatik, ez dugu inoiz ahaztu behar gure askatasuna, ezin dugu edozein eredu guretzat baliagarria balitz bezala hartu gizarteak hala inposatzen duelako. Norberak erabaki behar du zein den bere eredua. Gizartearen presioa beti hor dago, norabide batean edo bestean, baina norberak hausnartu behar du gizarteak inposatzen diona bere neurrikoa ote den eta askatasunez aukeratu ote duen. Berdin balio du horrek topaketa erotikoak ez izateko mezuarentzat zein ahalik eta topaketa gehien izatekoarentzat. Gure gorputzekin egiten ditugun gauzak guk erabaki behar ditugu, ez merkatuak, ez gizarteak, ez kuadrillak... norberak erabaki behar du bere gorputzarekin eta bere desirekin zer egin. Eta horretarako ere hezi egin behar gaituzte».

Desirak ezagutu, ez epaitu

Feminismoak haize berriak dakartza, baita sexualitatera ere. Berez, pentsatzekoa da sexualitatea bizitzeko modu askeagoa arnasten duela emakumeak eta topaketa erotikoetan beste toki bat hartzen duela ahaldundutako emakumeak. «Hori da nik pentsatu nahi dudana, baina nire zalantzak dauzkat. Batzuetan eta nahi gabe, feminismo batzuk desiretan sartzen dira eta hori arriskutsua izan daiteke. Niri, adibidez, gizon cis batekin ditudan topaketetan gustatzen bazait berak agintzea, berak boterea hartzea, ez nuke hori epaitu behar. Askatasuna izan beharko nuke nire desira hori onartzeko. Feminismoak lagundu gaitzake gure desirak hobeto ezagutzen eta errespetatzen, baina ez epaitzen. Hor tentuz ibili behar dugu, desirak ez baitira epaitu behar».

Desirak identifikatzea eta errespetatzea, baina, ez da lantegi erraza mende askotan desira sexuala bera ukatu zaion emakumearentzat. «Atzeratutako lan handia dugu egiteko. Momentu horretan gaude. Gure desirak zeintzuk diren identifikatzeaz gain, horiek betetzeko eskatu behar dugu, partekatu egin behar ditugu. Lana daukagula diot, heteropatriarkatuak eman digun eredua oso zentratuta dagoelako genitaletan eta praktika zehatzetan. Kristautasunari mesede egin dioten praktikak dira, helburu zehatza dutenak; seme-alabak izatea. Gure topaketa erotikoak oraindik praktikak horietan oinarritzen dira», iritzi dio Karrantzak.

Era berean, hain errotuta dauden praktika horiek gustatzen zaizkigun edo ez esateko garaia dela uste dut. «Esan dezakegu jaso dugun eredua gustatzen ote zaigun edota gure desirekin bat datorren eredu berri bat sortzeko unean ote gauden. Gorputz osoa kontuan hartzen duen beste erotika bat planteatzeko momentuan gaude, sentsazio eta plazer guztiak kontuan izango dituen erotika bat».

Kontsumo produktu bihurtuta

Ziortza Karrantzak, Bilboko jardunaldi sexologikoetan, galdera interesgarria jarri zuen mahaiaren gainean: “Maitasuna, plazerak eta feminismoa. Kontsumoko produktu berriak?”. Sexologoak garbi dauka: «Kapitalismoak, bere indarrarekin, dena bereganatzen du. Edozer saltzeko orduan, feminismoa erabiltzen du, gaur egun feminismoak saldu egiten duelako. Zarak egun feminismoaren aldeko kamisetak saltzea, harrigarria da. Finean, feminismoa sistemaren kontrako mugimendua izanda, ez da normala sistemaren baitakoak eta bultzatzaileak direnek feminismoa marka bezala erabiltzea beren iragarkietan. Baina gertatzen ari da». Maitasunarekin gauza bera gertatzen ari dela deritzo: «Maitasunarekin lotutako produktu berriak sortzen dituzte, badakitelako gizakiak maitatua izateko beharra duela».

Gakoa, Karrantzaren esanean, sexualitateari «benetan daukan garrantzia» ematean datza. «Desira batzuk ezkutatu egiten ditugu, beldurragatik edo lotsagatik ez ditugu gainontzekoekin partekatzen. Erreprimitu egiten ditugu edo modu desegokian kudeatu. Horren inguruan gehiagotan eta naturaltasunez hitz egingo bagenu, zoriontsuagoak ginateke. Sexualitateari buruz modu irekian hitz egingo bagenu eta gizarteak inposatzen digun eredua zalantzan jartzeko jarrera kritikoa landuko bagenu, askoz zoriontsuagoak izango ginateke».

Borja Rodriguez

 

«Feminismoak sortzen dizkigun egonezin horiek guztiak modu kritikoan aztertzen hasi behar dugu gizonezkook»

Borroka feministak eta emakumeen ahalduntzeak bazter asko astindu dituzte, arlo asko mugiarazi. Sexualitatera ere iristen ari da iraultza eta falozentrismoaren bueltan eraikitako eredua balantzaka sumatzen da. Borja Rodriguezek egunero lan egiten du gizonezkoekin eta Bilbon emandako hitzaldi batean horixe izan du mintzagai: “Falozentrismoa parekidetasun sasoian”. Ondorioa garbia da; sexualitatea modu sanoagoan eraiki eta gozatuko bagenu, denontzat izango zen plazer. Horretarako, baina, dena deseraiki eta eraiki beharra dago, gizon zein emakume.

Zer da falozentrismoa?

Gizonak hezten gaituzten erotika mota dela esango nuke. Jendarte heteropatriarkal honetan oinarrian esaten digute harremanek koitozentristak izan behar dutela, koitoan eta sarketan oinarritutakoak. Eta falozentrismoak esan nahi du, era berean, ez dela kontuan hartzen bikotearen plazera. Harreman heterosexualen kasuan, dena zakilaren inguruan ematen da.

Bide berean, gizonezko askok estresatuta, larrituta edo estututa daudenean harreman sexualetara jotzen dute ihesbide modura. Eta nerabeak norabide berean hezten jarraitzen dugu, institutuetan ematen ditudan tailerretan garbi ikusten dut hori. Askotan esaten didate gizonezko nerabeek, «ni gai batekin kezkatuta nagoenean, masturbatu egiten naiz». Falozentrismoak bulkadei erantzuten die askotan.

Finean, falozentrismoaren ondorioz, erotika osoa, sexualitatea orokorrean, gizonezkoaren inguruan ematen da.

Gizonezkoen kasuan, maiz, ihesbide bat da sexualitatea. Eta emakumeen kasuan, baimendu al zaie bide hori?

Bada parte biologiko garrantzitsu bat. Zakila ugaltze-aparatua da, plazera ematen duen organoa da eta pixa egiteko balio du. Gainera, kanpoko organo bat da. Ondorioz, gizonezkook oso txikitatik gure gorputzaren kontzientzia indartsua daukagu eta gure sexu-organoarekin gertutasun handia daukagu. Baina, horrez gain, eremu sozialean ere asko bultzatzen da falozentrismoa; zakilaren garrantzia, gero eta handiagoa bada hobe den ideia, erekzioak, eiakulazioa… dena zakilaren inguruan gertatzen dela dirudi.

Emakumeen kasuan, sexu-organoen eta plazeraren kontzientzia oso zigortuta dago maila sozialean; emakumea ezin da masturbatu, ezin du bere sexu-organoa ukitu, klitoria ezezagun handi bat da… Maila sozialean ez dago hainbeste gertutasunik eta maila biologikoan ere zailagoa da, sexu-organoa ez delako kanpokoa. Emakumeek plazerari lotutako organo bat daukate, klitoria, eta inork ez die horri buruz hitz egiten. Eta gizonezkoei ere ez zaie klitoriaren inguruan hitz egiten.

Eskolan eta kalean ez da horri buruz hitz egiten eta, ondorioz, normalean emakumeak ez ditu bulkada horiek. Gainera, baldin baditu, oso gaizki ikusia da jendartean, bizio txarren zalea edo ninfomana balitz bezala hartzen da. Pentsa, jokaera horrek izena eta guzti dauka. Eta gizonezkoen kasuan, ez.

Zer pasatzen da falozentrismoarekin parekidetasunaren aroan?

Borroka feministak eta emakumearen ahalduntzeak aldaketak ekarri dituzte arlo guztietan, baita erotikaren eta sexualitatearen arloan ere. Egia da, hala ere, arlo hau azkenetarikoa izaten ari dela. Emakumea gero eta askeago sentitzen da gustatzen zaiona eta gustatzen ez zaiona esateko; masturbazioaz hitz egiteko; aurrea hartzeko; plazeraz hitz egiteko… Horrek guztiak heterosexualitate maskulinoan krisi bat sortzen du, oraintxe pil-pilean dagoena, parekidetasunaren lur horretan kokatzeko ariketa eskatzen duelako. Orain berdinetik berdinera harremandu behar gara, gizonak ezin du esan «orain eta hemen nik nahi dudalako». Eta testuinguru berri horretan, gizon asko noraezean daude, zer egin ez dakitela.

Tokiz mugitu behar horrek, norbanakoen egonezinaz aparte, krisi kolektibo bat ekarri al du?

Arazoa da ez daukagula krisi kolektibo horren kontzientzia. Gizonezkoen artean oso ezohikoa da sexualitatearen inguruan modu zintzoan hitz egitea. Tabernan lasai asko esan dezakegu atzo sekulako topaketa izan genuela, ordu erdiz jo eta su aritu ginela… baina ez dakigu kontatzen desio baxuarekin gabiltzala, eiakulazioa azkar samarra izan zela, aita izan berri garela eta kokatzen kostatzen ari zaigula… Gizonezkoek ez daukagu kontzientzia kolektiborik, emakumezkoek daukaten ahizpatasunik ez daukagu guk, batzuk besteetatik oso urrun egon gara konpainiari eta zaintzari dagokionez. Umorean, txantxa giroan, harrokerian lagunak gara, baina asko kostatzen zaigu serio hitz egitea, gure benetako arazoak partekatzea, zainduak izan behar dugula eskatzea… Nik hori oso garbi ikusten dut gizonekin egiten ditudan terapietan.

Egonezin horretatik ulertu behar al dira feminismoarekiko zenbait kritika eta erresistentzia?

Segur aski bai. Matxirulismoa-rentzat eta maskulinitate hegemonikoarentzat feminismoa eskubideak kentzera dator, boterea kentzera; eta horrek tokiz kanpo uzten ditu. Eta nola beren emozioak kudeatzeko sekulako zailtasunak dituzten, indarkeriara jotzen dute. Lanean, etxean, kalean… edonon izandako arazoak kudeatzeko gizon askok ezagutzen duten modu bakarra indarkeria da, eta, kasu honetan, berdin. «Feminista guztiak feminaziak dira, indarkeria sexistaren legea emakumeen mesedetan egina dago, esajeratu batzuk dira…» diskurtso hori darabilte askok. Alegia, ez dago pentsamendu kritikorik. Ez da pentsatzen jendarte bezala edo gizonezkoen kolektibo bezala zertan huts egin den, zer alda daitekeen… Alderantziz, gero eta ukazio handiagoa sortzen da eta gero eta erantzun bortitzagoak ematen dira. Eta oinarrian, aldaketak kudeatzen ez jakitea dago.

Horri guztiari buelta eman dakioke?

Ez dago erraza [barreak]. Hau guztia aldatzeko, hezkuntzarekin hasi behar dugu. Eskola formaletan sexu heziketa integrala eskaini behar da, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna oinarri-oinarritik lantzen hasteko. Hori egin ezean, gaur arte bezala segituko dugu betirako. Horrez gain, gizonezkoek badugu garaia ariketa garrantzitsu bat egiteko: feminismoak sortzen dizkigun egonezin horiek guztiak modu kritikoan aztertzen hasi behar dugu. Ezin dugu beste aldera begiratu. Entzun, aztertu, aditu eta gure buruari begiratu behar diogu, pasatzen ari dena ulertzeko. Finean, maskulinitate hegemonikoak gizonezkoak ere zapaltzen gaitu. Maskulinitate anitzek espazioak eskaintzen dituzte, hausnarketarako eta eztabaidarako guneak, eta horiek oso beharrezkoak dira. Beraz, aldaketak bi norabide oinarrizko ditu: genero ikuspegia duen hezkuntza eta gizonok gure tokia zalantzan jartzea eta feminismora batzea.

Sexualitatea modu sanoagoan bizitzea denon mesedetan litzateke, ezta?

Zalantzarik gabe. Pornografiarekin hezteari utziko bagenio, gure bizitza sexuala film pornografiko bat izango dela sinisteari utziko bagenio, dena askoz hobea izango litzateke. Behingoz ulertu beharko genuke ezin dugula sexu heziketa pornografiaren esku utzi, fikzioa delako, filmak, besteak diren bezala. Ondo dago pornografia kontsumitzea, norberak nahi duen moduan, baina ikuspegi kritiko batekin ikusi behar dira filmok, pelikulak direla ulertuta. Garbi izan behar dugu errealitatean gauzak beste era batera gertatzen direla.

Badirudi aurrerapausoak eman direla sexualitatearen arloan ere. Horrela al da benetan?

Nik tailerrak ematen ditut eskoletan eta jendarteak kontrakoa pentsatu arren, gauzak ez dira asko aldatu. Neska-mutikoek duela hamar urte zituzten zalantza eta galdera berak dituzte gaur egun. Egia da orain gauza berriagoak entzuten direla, polimaitasuna eta horrelakoak, baina oinarria lehengo bera da: oraindik institutuan neska batekin baino gehiagorekin ibiltzen den mutila heroi bat da, eta, gauza bera egiten duen neska, zerri bat. Eta askotan, gainera, neskek kritikatzen dute neska horren jokabidea. Hori guztia erabat ulergarria da, gizon zein emakumeak jendarte patriarkal berdinean hazi garelako eta horrek ezarritako ereduak eta balioak oso barneratuta ditugulako. Baina sexu heziketa eta emozioen heziketa pornografiaren esku uzten badugu, hori da emaitza.

Teoriatik praktikara bada koska. Egungo gurasoak, orokorrean, prest al daude beren seme-alaben sexu heziketa modu irekian lantzeko?

Jendartean oraindik erotika eta sexualitatea tabuak dira. Alde batetik tabua, lotsa eta beldurra daude, eta, bestetik, harrokeria, dena probatu beharra… Bada garaia lasai hausnartu eta jendarte bezala sexu heziketari dagokion tokia emateko. Pornografia eta kontuz ibili beharra –haurdunaldiengatik eta transmisio sexualeko gaixotasunengatik– ezin dira izan heziketa horren oinarriak. Zaintzaz hitz egin behar da, plazeraz, plazer hori partekatu beharraz, gorputzez hitz egin behar da, gorputza esploratu beharraz… Adibidez, ezin dugu jarraitu gizonezkoen masturbazioa goraipatzen eta emakumezkoena zigortzen. Horri guztiari buelta eman behar diogu.

Krisiak garai onak dira aldaketarako.

Noski, krisirik gabe ez dagoelako aldaketarik. Krisia baliatzen asmatzea da gakoa, krisitik ikasi egin behar dugu. Krisiek eredu berriak planteatzen eta zaharrak baztertzen laguntzen digute. Arazoa da lan mardul hori normalean emakumeek egin dutela. Orain, gizonei dagokigu horra batzea eta asko kostatzen ari zaigu. Orain gizonen kolektiboak hausnartu behar du, birpentsatu behar du, eta kostatzen ari zaio. Beharrezkoa da gizonak elkartzea, non gauden eta nora joan nahi dugun pentsatzea. Iraultza feministari hori falta zaio eta uste dut horretarako unea orain dela. Denbora gehiago edo gutxiago luza gaitezke, baina gizonek bai edo bai batu beharko dugu iraultza horretara.