Joxean Agirre

Gutunak

Gutuna da Internet aurreko belaunaldikook aldez edo moldez noizbait landu dugun literatura genero bakarra. Autobiografiaren adar xume, aitorpen intimo nahiz bestelakoak egiteko leku eroso, gutunak igorlearen lekuan berehala jartzen gaitu.

Egunotan irakurri ditut Garazi Goiak eta Goizalde Landabasok elkarri idatzi eta “1.362 km euri” liburuan bildutakoak (izenburua, egia esan, ez zait oso inspiratua iruditu). Etengabe lanean eta bidaiatzen ari diren emakumeak dira, presaka bizi direnak. Miresten dituzten emakumeez mintzo dira batez ere, baita beren lanaz, amatasunaz, irakurtzen dituzten liburuez eta beren ametsez ere. Gutunak ederrak dira. Gehien harritu nauena beren izaeraren irmotasuna izan da, beren pentsaeraren gotortasuna, beren burutazio, gogoeta eta pentsamenduetan zalantzak zeinen leku gutxi duen ikusteak, alegia.

Behinola Jon Sarasuak eta Andoni Egañak egindako “Zozoak beleari” paregabea ekarri didate gogora edo, atzerago joanda, Andima Ibinagabeitia eta Jon Miranderen arteko gutun truke harrigarri hura. Azken hauek, nolabait esateko, benetakoagoak dira, intimoagoak. Bertsolarienak literarioagoak izan zirela esango nuke eta idazle emakumeonak, borrokalariagoak.

Etxetik kanpo ere bada adibide gogoangarririk. Bada Flauberten edo Kafkaren gutunak beren obra “serioak” bezain interesgarriak direla uste duen irakurlerik. Lehen idazle guztiek gordetzen zituzten gisako gutun trukeak. Nik ez ditut irakurri, baina famatuak dira Virginia Woolfek eta Vita Sacville-Westenek trukatu zituztenak.

Oraingo idazleek argitaratzeko asmoarekin idazten dituzte. Interesgarria da, beste adibide bat aipatzearren, “Enemigos públicos” (“Ennemis publics”), Bernard-Henry Levy eta Michel Houllebecq-en arteko posta elektronikoen trukea biltzen duen liburua.

Generoak askorako ematen du. Hauteskunde emaitzen digestioa egin ezinik gabiltzan honetan pozik irakurriko nuke Atxagaren eta Larrionen arteko gutun truke bat edo Otegi eta Ibarretxeren arteko bat. Aurreiritziak izango ditut, baina ez nuke erosiko Iñigo Urkullu eta Idoia Mendiaren artekorik. •