Xabier Izaga Gonzalez
URUNDIRUA

Gasteizko hiriak bere jurisdikzioko nekazariei ezarritako zerga «gorrotagarria»

Gasteizko hiriak bere jurisdikzioan bizi ziren nekazariei, haien emazteei, zazpi urtetik gorako seme-alabei eta haien etxean bizi ziren guztiei zerga bat ordainarazten zien: urundirua. Hala azaldu zuen aspaldi Jose Ramon Diaz de Durana irakasleak. Orain, dokumentazio ugari aztertu ondoren, liburu bat argitaratu du EHUren eskutik.

XV. mendean Gasteizko hiriak bere jurisdikzioko herrixketako nekazariei zerga bat ezarri zien: urundirua. 1420tik 1760era bitartean egon zen indarrean. Euskal hiztunek, bereziki mendebaldekoek, badakite zer den “urun” eta zer “diru”; beraz, erraz pentsa zitekeen irinarekin zerikusia zuen zerga zela. Hala ere, haren inguruko ikerketak egin dituzten historialari gehienek zerga horrek XVI. mendearen amaieran hartu zuen izendapena baino ez zuten ezagutzen: “irundiru”.

Irinaren gaineko zerga

1998an, Jose Ramon Diaz de Durana Ortiz de Urbina Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak “Urundiru, que queryan desir dinerdo de harina. Acerca de una imposición medieval de la ciudad de Vitoria sobre los labradores de las aldeas de su jurisdicción” izeneko artikulu argigarri askoa argitaratu zuen “Sancho el Sabio” aldizkarian, Valladolideko Kantzelaritzan eta Gasteizko Udal Artxiboan dagoen epai betearazle baten berri emateko. 1513ko ebazpenean zergaren jatorrizko izena eta zergaren izaera ageri ziren.

Orain, hogei urte geroago, dokumentu hura eta beste hainbat aztertuta, “Urundiru. El dinero de la harina de las almas muertas de Vitoria” liburua argitaratu du, EHUko Argitalpen Zerbitzuaren eskutik. Dokumentazio guztia bilduta, ikuspegi orokor bat eman dio zerga haren historiari: historialariek urundiruaren inguruan esan dutena, mende haietako nekazarien eta hiriaren arteko harremanak, nekazarien eta kapareen antolakuntza, antzeko zergak non ezarri zituzten eta beste hainbat gai interesgarri jorratu ditu.

Liburua nolabait istorio pertsonala dela dio ikerlari arabarrak: «Betidanik Arabaren eta Gasteizen gaineko lanak egin izan ditut. Beste leku askoren gainean ere bai, baina nire ikerketen hasierako muina beti Gasteiz eta Araba izan dira».

Esan beharra dago Diaz de Duranak baino lehen gaiaz idatzi zutenak ez zeudela guztiz oker. Odon Apraiz historialari eta euskaltzainak 1929an “Heraldo Alaves” egunkarian irundiru delakoaren gainean idatzi zuen artikulu batean udal zerga batekin lotu zuen. Berdintsu iritzi zion Alfonso Otazuk ere 1974an, “Las almas muertas de Vitoria” artikuluan, Gabriel Arestiri iritzia eskatuta. Baina ondorio horretara abiapuntu okerretik iritsi ziren; ez euren erruz, baina. Valladoliden aurkitutako epaile betearazle hori Gasteizko Udal Artxiboan ere egon behar zuela uste zuen Diaz de Duranak, eta arrazoi zuen. Baina katalogazio hutsegite bat zela-eta 1990 arte ez zen eskuragarri egon, harik eta datu-basea berrikustean horretaz konturatu ziren arte. Valladolideko Errege Kantzelaritzako Artxiboko dokumentazioa, berriz, eskuragarri zegoen; edonola ere, oso zaila zen aurkitzea.

Zergaren jatorrizko izenak berak (“hurundiru”, 1484an) zalantza gutxirako tartea uzten du. “Urun” aldaera guztiz nagusi da gaur egun mendebaldeko euskaran, Bilbotik Oñatira eta Orozkotik Eibarrera. Aspaldi dago dokumentatuta, gainera. 1596an Iruñean argitaratutako “Refranes y Sentencias” errefrau bilduman, esaterako, “Hurunik eztan etsea, ezin lizate asea, ta bai gosea” ageri da.

Gatazka iturri

Urundirua, beraz, gari eta irin kontsumoari ezarritako zerga zen, baina ez ohikoa. Gasteizko hiriak harresiaren barruan bizi zirenei pisu publikoan irina pisatzen zuten aldiro diru kopuru bat ordainarazten zien, eta Gasteizko jurisdikzioko herrixketan bizi ziren nekazariek irina pisatzera eramaten ez zutenez, urundirua ezarri zien, gizonek, emakumeek, zazpi urtetik gorako neska-mutilek eta neskame eta morroiek, azken horiek kapare izanda ere, ordaindu behar zutena. Hiru mende eta erdian pertsonako bost marabedi biltzea izan zen ohikoena.

Zerga hark nekazarien protestak piztu zituen. 1508an, hiriaren aurkako demanda bat ezarri zuten Errege Kantzelaritzan eta epaileek hasieran nekazarien aldeko epaia eman zuten, baina auzia ez zen 1513ra arte amaitu. Urte hartako azaroan, hiriaren aldeko ebazpena eman zuen Kantzelaritzak.

1705era arte iraun zuen irundiruak; hala ere, 1753an, Gasteizko oligarkia XVIII. mendearen lehen erdian ordaindu ez zuten guztiei, biziei eta hilei, kobratzen saiatu zen. Ez zuten lortu, ordea, eta handik urte batzuetara Gaztelako Kontseiluak iraungitzat eman zuen zerga.

Duela 40 urte izan zuen Diaz de Duranak urundiruaren berri, bere irakasle Emiliano Fernandez de Pinedok 1979an, Gasteizko Letren Fakultatea sortu berritan, ikasleei urundiruaz hitz egin zienean. «Egia esateko, berak ‘irundiruaz’ hitz egin zuen, horrela esaten baitzitzaion zerga indarrean egon zen azken aldian, XVI. mendearen amaieratik edo», dio. Halaber, zerga haren gaineko artikulu bat zegoela esan zien, Alfonso Otazuk 1974an idatzitako “Las almas muertas de Vitoria” izenekoa, hain zuzen, urundiruaren historiaren bukaera kontatzen zuena. Baina gainerakoa ezezaguna zen.

Lekukoen hitzak

Hogeitsu urte geroago, Diaz de Duranak zerga haren izaera deskribatu zuen zehaztasunez. Izan ere, 1997an Valladolideko Kantzelaritzan «zerbait» topatu zuen, «inondik inora espero ez nuen zerbait», dio. Urundiruaren 1508tik 1513ra arteko auziaren gaineko informazioa zen, Valladolideko Errege Kantzelaritzaren epai betearazle bat, Gasteizko hiriak inguruko herrixketako nekazariei irabazi zien auzikoa, hain zuzen.

Auzi hartan lekuko gisa deklaratu zuten nekazariek esaldi ezin argigarriago hau errepikatu zuten: «Hes verdad que la palabra urundiru es vascuençe, e que en castellano quiere tanto dezir commo ‘dinero de harina’, porque urun quiere dezir ‘arina’ e diru quiere dezir ‘dinero’, e que todo junto, en romançe castellano, es commo si se dixese dinero de harina, e que lo sabe este testigo porque hes vascongado e sabe ansymismo romançe castellano, e que entre todos los vascongados se entiende e es público, notorio ansy» (‘urundiru’ euskara da [...] gaztelaniaz irinaren dirua esango balitz bezalakoa, eta lekuko honek euskalduna delako daki eta gaztelaniaz ere badaki, eta euskaldun guztien artean horrela ulertzen da, jakina eta nabarmena da).

«Zerga gorrotagarria»

Ordaintzen hasi zenetik desagertu arte, 1760 aldera, nekazarien haserrea sorrarazi zuen unrundiruak. Koroaren fiskalaren irizpen esanguratsu bat dago zerga horretaz, nekazarien iritziarekin bat datorrena: «tan odioso y reprovado, que de derecho no se halla que villa ni ciudad, la más distinguida de estos reynos, le tenga sobre los vezinos de las aldeas de su jurisdicción» (zuzenbidearen arabera ez dago bere eskumeneko herrixketako bizilagunen gainean hain zerga gorrotagarri eta gaitzetsia duen hiririk).

Urundirua zerga bitxia zen, eta Diaz de Duranak hain gorrotagarri egin zuen bitxitasun hori azaldu du: «Gasteizko Udaleko agintari ‘maitagarriek’ hiriko pisu publikoan irina pisatzeagatik ordainarazi nahi zieten herrixketako nekazariei, baina irina pisatzera eramaten ez zutenez, urteko diru kopuru bat kobratzen zien: bost marabedi laguneko, nekazariaren etxean bizi zen zazpi urtetik gorako lagun bakoitzeko, alegia». Dioenez, kapitazio zerga bihurtu izana zen haren alde ikaragarriena; hau da, lagun bakoitzeko zerga bihurtu izana, aberatsek eta txiroek, helduek eta haurrek berdin ordaindu beharra zeukatena. Horrexek haserretzen bide zuen gehien jendea, «berez ez baitirudi kopuru hura gehiegizkoa zenik».

Umiliazio eta menderatze ikur

Dokumentazioaren arabera, Udalak ezin zuen zerga hura bildu, nekazariek ordaintzeari uko egiten ziotelako; beraz, urtero akuratu egiten zen, normalean 6.000 edo 7.000 marabediren errentan; «izan ere, ez zen oso kopuru garrantzitsua. Bakoitzak ordaindu behar zuena bizpahiru kilo irinek balio zutena izan zitekeen, eta hamar senideko familia batentzat 30 kilo ziren urtean, baina kontua ez zen ordainketa hutsa, baizik eta baita horrek adierazten zuena ere. Esate baterako, nola jakiten da ume batek zazpi urte dituela? Badakigu umeek adin horretan aldatzen dituztela hortzak. Orduan ez zegoen umeen errolda bat, eta zerga-biltzaileak, herrixka batera zihoanean, haurrei ahoa irekiarazten zien hortzak begiratzeko, zaldiei bezala, eta horrek sutu egiten zituen nekazariak, normala denez. Umiliazio handia zen haientzat», azaldu du ikerlariak. Udaleko jende hura inguruko lur gehienen jabe zela dio, eta zerga horren arazo nagusia haren sinbolismoa, nolabait herrixken eta hango nekazarien gaineko kontrol eta menperatze ikurra baitzen.

Gasteizko arima hilak

Alfonso Otazuren “Las almas muertas de Vitoria” artikuluak garrantzi handia izan du Diaz de Duranak urundiruaren gainean egin duen lanean, eta Otazuk berak egin du haren liburuko hitzaurrea. Artikulu hartan gertakari harrigarri baten berri eman zuen: 1750ean Gasteizko Udala eta oligarkia 1700etik zerga ordaindu ez zuten guztiei ordainarazten saiatu ziren, bai bizirik zeudenei bai hildakoei. Diaz de Duranak bere liburuan gogorarazten duenez, Nikolai Vasilievitx Gogolen “Arima hilak” eleberriak iradoki zion Otazuri artikuluaren izenburua. Urundirua atzeraeraginez, «biziei eta hilei», ordainarazi nahi zieten Gasteizko herrixketako bizilagunen eta Gogolen eleberriko jopu errusiarren arteko konparazioa egiten zuen Otazuk. Izan ere, Gogolen obrako jopu errusiar haiek lur jabeen «arimak» ziren, eta bizirik ez ezik, hilik ere eros zitezkeen. Eleberriko protagonista Txitxikov “arima hilak” erosten hasiko da, bere maila sozialean gora egiteko asmoz.

Zerga 1760ean amaitu zen; hala ere, hiriak hainbat trikimailu erabili zituen, batez ere juridikoak, gatazka luzatzeko.

Bere liburuaren epilogoan, Diaz de Duranak dio beste hirietako irinaren pisuaren diruak ez zuela urundiruarekin zerikusirik, batez ere Gaztela eta Aragoiko erresumetako dokumentazioa aztertuta, eta erresuma haietan ez du inon antzeko zergarik topatu. Dioenez, Europako hiri guztietan ordaintzen zuten irina pisatzera eramateagatik, baina eramaten zuten bakoitzean baino ez zieten kobratzen. Modu horretan garestiagoa zen nonbait, baina inon ez zen pertsona bakoitzeko zerga bihurtu, bizilagunen maila soziala, adina, sexua eta beste edozein egoera dela ere ordaindu beharrekoa, alegia.

Aintzat hartzeko beste kontu bat zeukan zerga hark. Nekazaririk aberatsenek bazituzten beren zerbitzuko kapareak, eta kapare horiek ere ordaindu behar zuten zerga, nekazarien etxeetan lan egiteagatik. Harrigarria iruditzen zaio Diaz de Duranari. «Baina hala zen».

Salbuespena

Iberiar penintsulako eta Europako hainbat lekutako ikertzaileekin hitz egin ondoren, Italiako iparraldeko zenbait hiritan baino ez zuen antzeko kasurik topatu, «eta Gasteizkoa baino are okerragoak». Italiako leku haietan, bi urtetik gorako haurrek ere ordaindu behar zuten. Eta zerga haren zentzua berbera zen, jakina, «espazioaren kontrola eta espazio horretan bizi zen jendea mendean izateko asmoa».

Gasteizkoa eta Italiako iparraldekoak adibide bat dira, ohiz kanpokoa, baina, Diaz de Duranak dioenez, hirietako jendearen eta jurisdikzioko nekazarien arteko harremanak eta tentsioak islatzen dituena. Nekazari haiek etengabe borrokatzen ziren ordezkapen politiko handiagoa izateko, Udalean parte hartu ahal izateko...

Nekazariak, ondo antolatuta

EHUko irakaslearen ustez, ez da harritzekoa 1508an nekazariek abiatu zuten auzia bost urte geroago galdu izana, hiriak Errege Kantzelaritzara bere pisu politikoa eraman baitzuen: «Nafarroako konkistaren garaian izan zen, eta hiriak konkistaren alde egiten zuela argudiatuta, errazago zuen kantzelaritzaren mesedea lortzea. Hori ez da inongo dokumentutan agertzen, baina badakigu horixe zela testuingurua». Garaipen garrantzitsua izan zen hiriarentzat, horregatik egin zuten epai betearazlearen kopia dotore bat, letra gotikoz idatzitako pergamino bat, Gasteizko armarri eder batez apaindua.

Nekazariak ere ondo antolatuta zeudela dio Diaz de Duranak. Kapareek Elorriagan erakunde bat zuten bezala, nekazariek ere bazuten beraiena, Lasarteko batzarra. Ikerlari arabarrak idoro zuenez, hasieran Aretxabaletan biltzen ziren, Gasteizko hegoaldeko herrixkan, hain zuzen.

Hiru mende eta erdian auzi gehiago izan ziren zerga hura zela-eta. 1552an, urundiruarekin zerikusia zuten aldarrikapenak ez ezik, politikoak ere eraman zituzten nekazariek auzira. Bizitza publikoan parte hartze handiagoa eskatzen zuten, edo erregeak gerrara deitzen zuenean edo alarde bat zegoenean hirira ate nagusitik sartzen utz ziezaieten. Hiriak eskaera hari ezetz borobila eman zien. Edonola ere, «ondo zekiten zer nahi zuten, batxillerren eta abokatuen aholkularitza ona zuten… Horrek, jakina, dirua balio zuen, zerga bera baino garestiago ateratzen zitzaien, baina kontua da haientzat zerga umiliagarria zela».

 

Euskara, nagusi; «diruaren eta dokumentuen hizkuntza», Gaztelania

1508an hasi zen auzi luze hartan nekazariei egin zizkieten galderak jaso ditu Diaz de Duranak bere liburuan. Lekuko gehienak Gasteizko jurisdikziotik kanpoko herrixketakoak ziren eta, beraz, eurek ez zuten urundirua ordaintzen, baina zerga haren gainean zekitena kontatzen zuten. Galdekatzaileek bilatutako erantzunaren araberakoak ziren galderak; hartara, esate baterako, nekazarien abokatuak galdetzen zien ba al zekiten «‘urundiru’ hitza euskara dela, gaztelaniaz dinero de harina esan nahi duela...». Bilodako lekuko batek, esate baterako, gehienen antzera, erantzun zuen bazekiela zer zen, eta euskalduna zelako zekiela; «euskaldun guztien artean jakina eta nabarmena da dinero de harina esan nahi duela», adierazi zuen.

Ez dago zalantzarik garai hartan Araban euskara zela hizkuntza nagusia, baina zenbait testuingurutan gaztelania zen prestigio hizkuntza. Hala dio Diaz de Duranak: «Ditugun datuen arabera, hirian XV. mendearen amaieran eta XVI.aren hasieran euskaraz egiten bazen ere, gero eta gaztelania gehiago egiten zen. Inguruko herrietan, ordea, euskaraz egiten zuten». Auzian izan ziren lekuko batek baino ez zekien euskaraz, eta beste batek gaztelaniaz. Nabarmentzeko modukoa da, gainera, hiru lekukok ez dutela “jakin” aditza erabiltzen gaztelaniaren ezagutzari dagokionez, “ulertu” baizik; «euskara ere badaki», diote, baina «gaztelania apur bat ere ulertzen du» edo «gaztelania ere ulertzen du». Bereizketa horrek, EHUko irakaslearen ustez, gaztelaniaren ezaguera txikiagoaren seinale da. «Gaztelaniak, dirudienez, gizarte prestigio handiagoa du; diruaren, dokumentuen hizkuntza da. Euskara, berriz, etxerako eta bizilagunekiko harremanetarako geratzen da». Argi dago, hori bai, gehien-gehienak elebidunak direla. Bat dator garaiko beste beste lekukotasun batzuekin; esate baterako, Diaz de Duranak gogorarazten duenez, Andrea Navagiero veneziar enbaxadoreak hamabost urte geroago deskribatu zuen egoerarekin.