GAUR8

WA GERRILLAREN INDAR ERAKUSTALDIA

Myanmarko gerrillarik ahaltsuenak, Wa Estatuko Armada Batuak (UWSA ingelesez), indar erakustaldia eginez ospatu du bere 30. urteurrena. Pentsa, gerrillak parada militar handi bat ere egin du Wa Estatuko Pangshang hiriburuan, Myanmar iparraldean, Txinako mugaren ondoan. Belgikako tamainako lurraldea da gerrillariek kontrolpean duten Wa Estatua.

Uneotan 25.000 soldadu ditu gerrillak eta beste 15.000 ere baditu erreserban. Desfilean emakume pelotoi batek eta frankotiratzaileen unitateak hartu zuten parte. Soldaduak ez ezik, artilleria astuna, ibilgailu blindatuak, droneak eta Gobernu birmaniarraren kontra borrokatzen duten beste erakunde armatuek ametsetan ere ez dituzten armak bildu zituen gerrillak desfilean.

Duela gutxi arte UWSAk isilpean izan ditu bere baliabide oparoak, baina, iragan apirilaren 17an, kazetariak eta diplomatikoak gonbidatu zituen lehendabiziko aldiz bere 30. urteurrenaren ospakizunetara, Thein Swe Myanmarko Lan, Immigrazio eta Populazio ministroa eta Txinako Atzerri Ministerioko goi kargu bat barne. Gerrillak kontrolpean duen lurraldetik milaka wa ere joan ziren.

Antolatutako desfilearekin UWSAk bete nahi zuen helburu argia zen: Myanmarko Gobernuari eta herrialdeko beste milaka etniei wa herriaren eta bere mugimendu armatuaren boterea erakustea.

Wa herria Myanmarko iparralde menditsuan bizi da. Luzaro atzeratutzat jotako herriak beti mantendu du egitez bere independentzia, baita Britaniar Inperioaren dominazio garaian ere. 1947an hurrengo urtean indarrean sartzekoa zen Myanmar independenteko konstituzioaz galdetu zietenean, honakoa erantzun zuten wa herriko buruek: «Ez dugu horretan pentsatu ere egin, basatiak garelako».

Birmaniako Alderdi Komunistaren CPB gerrillaren errautsetatik sortu zen UWSA. Hainbat urtez CPB izan zen wa lurraldea kontrolpean izan zuena, baina, behin gerrilla komunista desagertzear zela, 1989ko apirilean, wa etniako gerrillariek armak hartu eta armada berria osatu zuten. Urte horretan bertan su-etena negoziatu zuten Myanmarko Gobernuarekin.

Ordutik, eskualde autonomoa izatea lortu dute, betiere Txinaren babesarekin. Egun Wa Estatutan bizi diren 600.000 pertsonak «euren etorkizunaren jabe dira», Bao Youxiang UWSAko buruak ospakizunetan adierazi zuenez. Myanmarko 2018ko konstituzioak ere onartzen du wa herriaren «administrazio barruti autonomoa». Berez, UWSAk estatu independente bat bezala gobernatu du lurraldea.

Askotan Hezbollah talde xiitarekin alderatu dute wa gerrilla. Libanoko taldearen atzean Iran badago, Txina da wa matxinatuak babesten dituena, armak eta entrenamenduak emanez. Txinaren begietan, gerrillak kontrolatzen duen Myanmarko eskualdea bere atzeko patioa da. Bertako moneta ofiziala ere yuana da. Babes boteretsu horri esker, mugimenduak ez du arazorik izan sendotzeko. Myanmarko beste lurraldeetan, berriz, Gobernuak hainbat talde matxinaturen kontra borrokatzen du.

«Azken hamarkadetan ez dugu gatazkarik izan eta horri esker garapen handia izan dugu azken 30 urteotan. Baina prest egon behar dugu beti», adierazi zuen desfilean UWSAko ofizial batek.

Autonomiari esker, garapen ekonomiko handia izan du wa herriak. Besteak beste, munduko eztainu meategi handienetako bat eta kautxu-soro erraldoiak ditu kontrolpean. Hori bai, wa herriaren oparotasun iturri nagusietakoa droga merkataritza izan da, batez ere 90eko hamarkadan Myanmar munduko heroina ekoizle nagusia zenean. Ondoren, metanfetamina ekoizteko erabili zituzten droga laborategiak. AEBek narkotrafikatzaileen zerrendan ere sartu zuten UWSA.

Hala ere, azken urteotan, batez ere 2011n Myanmarko erregimen militarrak zenbait aldaketa onartu zituenetik, UWSA bere irudia hobetzen saiatu da. Droga ekoizpenaren aurka egin eta landaketak kautxurantz bideratzen ari da, betiere txinatar inbertsoreen laguntzaz. «Ez dugu berriro onartuko gure lurretan opio landaketak izatea», nabarmendu zuen Bao Youxiangek Pangshangeko desfilean. Armadaren, alderdiaren eta Gobernuaren burua da Bao, «eta kargu horietan guztietan bizitza osorako berretsi berri dute», Anthony Davis analistak azpimarratu bezala.

Drogaren aurkako ustezko borroka gorabehera, Wa Estatuko hiriburuan, kasino eta burdel ugari eta babestutako espezien organoak saltzen dituzten merkatu ugari daude. «Bost hilabete eman ditugu tentsio betean. Wa agintariak drogazaleak atxilotzen aritu da eta asko kartzelan daude. Gero konturatu ginen kanpotar asko etorriko zirela urteurrenera eta kaleak ‘garbitzen’ ari zirela», adierazi du Myanmarko etorkin batek.

Beste itzal bat ere badago wa gerrillaren gainean: ume soldaduak errekrutatzea. Urteurrena ospatzeko desfilean parte hartu zutenetako asko ere adin txikikoak ziren. «18 urte baino gehiagoko soldaduak baino ez ditugu onartzen, baina txikiak direnetik entrenatzen ditugu, eta, gero, adinez nagusi direnean, armadan sartzen dira», Nyi Paluak UWSAko ofizialaren arabera. «13 urte nituela egin nintzen soldadu. Nire anaia txikiena ere soldadua da», onartu du, berriz, egun 32 urte dituen UWSAko kide batek.

Gatazka etniko ugari bizi izan dituen Myanmarren, wa herriko ordezkariek ere parte hartu zuten Gobernuaren eta hainbat talde matxinoren arteko bake elkarrizketetan. Azkenean, baina, prozesua bertan behera geratu zen, su etenik nazionalik lortu gabe.