Gorka Elejabarrieta

Betoak apurtzen

Espainiar telebista publikoak Arnaldo Otegiri egin dion elkarrizketa ikusi berri dut. Ez nekien horixe zenik inoiz telebista espainiarrak Arnaldori egin dion lehen elkarrizketa, eta datuak harritu egin nau. Nola da posible urteetan Arnaldo Otegiri buruz horrenbeste hitz egin duen komunikabide batek –publikoa dena, gainera– Arnaldo Otegi sekula elkarrizketatu ez izana? Berehala etorri zait burura Erresuma Batuko Gobernuak urteetan Gerry Adamsen ahotsa debekatu zuela komunikabideetan, eta, ondorioz, aktoreen ahotsak zirela Gerry Adamsen hitzak errepikatu behar zituztenak. Jarrera biak erridikuloak eta ezer onik ekartzen ez duten horietakoak dira. Aztertua eta ondorioztatua dago; arerioa, etsaia, demonizatu egiten dugu eta ariketa horrek izugarri zailtzen du etorkizun batean konponbidea lortzea. Edozein arazo edo gatazkaren konponbidea arerioen artean eman behar delako. Lagunen artekoak ez dira normalean beharrezkoak. Gerry Adamsekin hitz egiten, negoziatzen eta akordioak erdiesten amaitu zuen Erresuma Batuko Gobernuak. Arnaldo Otegirekin hitz egin eta negoziatu dute hainbat gobernu espainiarrek ere. Horregatik, harritzekoa da 2019an horrelako jarrerak mantentzea.

Elkarrizketan harritu nauen bigarren gauza zera da, ez gaituzte ezagutzen eta ez gaituzte ulertzen. Arnaldorekiko urteetan mantendu duten betoa adibide bat baino ez da, baina horrelako jarreren ondorio nagusietakoa hori da. Nelson Mandelak bere memorietan (“Long Walk to Freedom”) idatzi zuen kartzela denbora afrikaans hizkuntza ikasteko erabili zuela, besteak beste. Bere arerioa ezagutu nahi zuen, ulertu, jakin bai baitzekien azkenean etsai horrekin mota bateko edo besteko bakea eraiki beharko zuela. Euskal Herriko eta Kataluniako mapa politikoak eta estatukoa oso desberdinak dira. Diferentzia hori handituz doa eta handitzen den heinean bi gizarte oso ezberdin eraikitzen doaz, gero eta gehiago. Ezkerreko independentismoak jasotzen duen babesa handituz doa, gero eta jende gehiagok babesten du EH Bildu, eta hori ez dator bat urteetan eraiki nahi izan duten errelatoarekin. Eta gurean eskuin unionistak duen babesa behera doa, badirudi Kataluniako eta Euskal Herriko botoak galdutzat eman dituztela eta gurekiko jarrera indartuz pentsatzen dutela estatuan boto kopurua igoko dutela. Horrelako bide bat proiektu politiko sendorik ez izatearen ondorioa besterik ez da. Epe laburrean emaitza elektoral interesgarriak eman ahal dizkie, baina Katalunia eta Euskal Herria arerio bilakatzeak haien helburu politikoa, estatuaren batasuna, zaildu egiten du epe erdi eta luzera; eta gurea, independentzia, errepublika askeen sorrera, indartu.

Gure inguru hurbila –Europako eta, bereziki, Europako estaturik gabeko herrietako egoera– begiratuz gero, bi gauza ikusiko ditugu berehala. Batetik, Europan horrelako gatazken konponbidean bide demokratikoa gailentzen ari dela. Iraganean ez bezala, egun erreferenduma da eta izango da estaturik gabeko herri askoren etorkizuna erabakiko duena, ez besterik. Bigarrenik, eta datuak begiratuz gero, badirudi independentziaren aldeko babesak handitzen jarraitzen duela Europako estaturik gabeko herri hauetako askotan. Independentismoa inoiz baino osasuntsuago dago Europan. Europako mapa datozen urteetan berriz ere aldatuko da.

Gurean askotan errepikatzen dugu estatuaren jarrera ez-demokratikoa dela independentistak sortzeko lanabes garrantzitsuenetako bat. Baieztapen hau egia izan daitekeen arren, ez dezagun ahaztu estatuaren jarrera ez-demokratiko hori bera eta horrek sortzen duen ziurgabetasuna direla independentista asko etxean geratzera bultzatzen dituena. Geure buruari ondorengo hipotesi/galdera egin diezaiogun: estatu espainiarra zein frantziarra autodeterminazioa onartzeko prest balira eta Euskal Herriari inolako mehatxu eta zigorrik gabe independente izaten utziko baliote, zer erabakiko luke jendeak? Zeren arabera hartuko luke erabaki hori? Galdera horren erantzunak lagundu gaitzake independentziarako bide orri eraginkor bat marrazten. •