Jon Garmendia
infraganti

ENRIKE AMILIBIA

Gertu izanagatik ezagutzen ez den edertasunaz mintzo da Enrike Amilibia Donibane Lohizunen, itsasoaren marrari so. Aniztasuna ere, gertu izanagatik, apenas ezagutzen den ondo, sakonean, zuzentasunaren azala zartatu eta barrutik. Aktore errenteriarrak antzerkian bezala egunerokoan, norabide garbi bat du: ondo pasatzea eta ondo pasaraztea.

Badira errespetua sortzen duten elkarrizketak, tarteka urduritasuna, eta apika beldurra, ez baita erraza harremanik ez duzun pertsonarekin lehen kontaktua egitea, mahai berean eseri eta parean jarrita itaunketa hastea, pausatutako galderaren batek ezinegona sortuko ote dion edo hitzen batekin saminik eragingo ote diozun hausnartuz. Denak ez gara berdinak, eta batzuetan, gehiago da parekoa nor den zer galdetu behar zaion baino.

Hala gertatu zaigu Enrike Amilibiarekin, eta erran gabe doa gure korapiloak berak askatu dituela naturaltasun osoz, “egun on” erran orduko; «ez gara modu batekoak edo bestekoak, denoi falta zaigu zerbait, ez daukagu dena gure eskuetan, beraz ez da nik urritasun bat dudala edo zuk duzula, baizik eta desberdinak garela gu biok, eta aniztasunean dago aberastasuna, pertsonak aniztasunez beteta gaude, hori da egiazko bizitza».

Sententzia bikaina iruditu zaigu eta hortxe datza lerro hauen sarreran aitortutako errespetua, ezagutu aitzin eta ezagutu ondoren horixe baita Enrikek transmititu digun sentsazio nagusia. Xarmanki mintzo da, gozoan, eta aktorea izanik dotore gainditzen du aktuazioaren marra kalakan ari denean, gertutasuna helarazi eta emotibitate handiz agertzen baititu hausnarketak.

Ez omen zen aurretik nehoiz etorri Lapurdiko kostara, eta Jokin Etcheverria “Puntu Koma” webserieko ekoizle eragileetako bat lohizundarra denez, hari egindako bisita profitatu dugu guk ere Enrike ezagutzeko.

Gertu izanagatik, ezezagun

«Enrike Amilibia Manaut naiz», erran digu serio begietara beha, «Down sindromea daukat eta ez dut ezkutatzen. Ez da gaixotasun bat, eta harro esaten dizut hori, edonoren aurrean aitortzen dut, ez baitut ikusten gauza txar gisa edo gutxiago banintz bezala. Mexiko Hirian sortu nintzen; bueno, ama han zegoenez kasualitatez sortu nintzen Mexikon orain dela 32 urte, baina txikitatik Errenterian bizi naiz. Pozik». Eta azken hitzak, Enrikeren «pozik» horrek, urratu du seriotasuna, zorroztasuna ekarri digu belarrietara eta alaitasunari leiho bat zabaldu dio bere irriñoak, Donibane Lohizuneko itsasadarretik itsaso zabaleraino doana.

«Ez dago oso urrun nire bizitokia; kilometro gutxi daude Donibane Lohizunetik Errenteriara, eta harrigarria da hau zein ederra den eta, gertu izanagatik ere ez nuen ezagutzen. Halaxe gertatzen zaigu denoi bizitzarekin, eguneroko gauzekin»; horra bigarren esaldi indartsu bat opari gisa. «Niri betidanik gustatu zait antzerkia, txikitatik eduki dut buruan, interpretatzea maite nuen eta horrela sartu nintzen mundu horretan. Nire lehen esperientzia Irungo Legaleon-T taldearekin izan zen eta ondoren ‘Martin’ telesailean hartu nuen parte, Euskal Telebistan ematen zuten kapituluka eta oso ondo pasa nuen han, gustura sentitu nintzen». Gustura pasatzea da justuki Enrikek bere konpainia eskainiz lortzen duen zerbait, halaxe iruditu zaigu orobat. «Geroago ‘Marioren bakarrizketa’ egin nuen; hori Youtuben ikus daiteke. Mario da pertsona bat katxondeoa maite duena, umoretsua, eta irri eginaz ondo pasatu nahi duena. Bueno, gonbita luzatzen dizuet eta bakarrizketa ikusi nahi duenak erraz ulertuko du nolakoa den Mario, bakarrik bere maitea falta du...»; ahapeka aipatu digu hau eta, maitasuna aipatu duenez, pentsamendua sakontzeko eskatu diogu. «Bikoterik gabe ere maitasuna izan dezakezu, zeure burua maite baituzu aurrena, eta ez da bilatu behar bikoterik, etorriko da nahi badu. Nik, halere, maitasunaz baino nahiago dut enpatiari buruz hitz egin: XXI. mendean oso berekoiak garela pentsatzen dut, horrela ikusten dut gizartea, ez dugu besteengan pentsatzen eta gure buruari begiratzen diogu gehiegi. Bestalde, desberdintasunak politak dira, baina itxuran jartzen dugu arreta denok, kanpokoan, itxura fisikoak bakarrik balio du hemen, bihotzak ez du balio ezertarako».

Aniztasunari buruz hitz egin

Horra ba, Enrike libre ageri da eta aipamen bakoitza mailuak jotako iltzea bailitzan nabaritzen dugu. «Enpatiarena nahita aipatu dizut. Lagun asko ditut homosexualak eta badakit epaitu egiten dituztela; hau da, ezagutu aurretik epaitu egiten da eta aniztasunarekin berdin gertatzen da. Alex Tello ezagutu nuen eta berak aukera eman zidan aniztasunaren inguruan lan egiteko; obra bat sortu genuen ‘Jendartean bidaide’. Irunen, Orion eta Usurbilen aurkeztu genuen eta oso ongi joan zen, dezente jorratu genuen gai hori eta nik uste dut beharrezkoa dela aniztasunari buruz hitz egitea eta mezua zabaltzea».

Natura, itsasoa, eta mendia maite dituela iradoki digu Enrikek inguruneari erreparatuz, eta aitortutako pasio horien erdian musika ere badago. «Musika ere asko maite dut, poztasuna ekartzen dit, eta batez ere euskal musika entzuten dut, baina baita latinoa ere. Beharbada, Mexikon sortzeak hurbildu nau mundu horretara, baina belarrietan goxoki sartzen zait dantzagarria den musika. Ainhoa Arteta ezagutzeko aukera izan nuen bestalde, eta asko miresten dut bera; orduan, musika klasikoa ere gustatzen zait, eta ez dut ahantzi nahi zer lan egin duen Ainhoak, nazioartean ezaguna izatea lortu baitu eta hori dena lana gogor eginda.».

Bere aisialdiko gauza guztiak aipatu dizkigula zirudien, baina azken momentuan beste hau gogora ekarri digu: «Ping-pong jokoa maite dut bereziki, mahai-tenisa, asko gustatzen zait eta psikomotrizitatearekin lagundu dit, bista hobetzen, kontzentrazioa... eta badakit hortik esaten dutela Espainiako txapelduna naizela mahai-tenisean, baina ez da egia». Irri- karkailaz segitu duenez, «umorea kutsakorra da, nik badakit irri eginda zuri ere irri eginaraziko dizudala eta hori da nire filosofia bizitzan, positiboa izan eta baikorra beti. Azkenean antzerkia bezala baita bizitzako egun bat, eta nik ongi pasatuko dut zuri ondo pasarazten badizut».

Ondo pasatzearena ondo ikasitako zerbait gisa daukala iradoki diogu, ikasgai bihurtu behar litzatekeela eskolan, eta berera eraman du gaia. «Esaten dute antzerkia egiteko titulu bat behar dela eta asko ikasi behar dela. Aurrena formakuntza bat dago eta gero gidoiak buruz ikasi behar dira. Alde batetik, ulertzen dut hori guztia, baina uste dut barnean eduki behar duzula antzerkia, bizimodu bat baita, sentitzen duzuna. Film labur bat egin nuen, ‘Aqui es posible’; urritasun bat duten pertsonekin lotua zen; Anjel Alkain eta Barbara Goenagarekin egin nuen lan hori, eta gidoia ikasi nuen eta naturaltasun osoz antzeztu. Zerbait ahanzten bazitzaidan aurrera ateratzen ikasi nuen, beste bide batzuetatik jotzen». Kosta ahala kosta bizitzan aurrera egiten ikasi duenaren ahapaldiak jarraipena izan du. «Mundua ez dago Pocahontas moduko jendez egina; ze filma ikusten dugu eta badirudi emakume perfektua hori bakarrik dela eta hemen ez dago perfekturik, baina aldi berean denak gara hala. Galdera bat egin nahi nuke: zergatik ez dugu ikusten Down sindromea duen Pocahontas bat? Zergatik ez dizkigute normaltasunez agertzen telebistan eta zineman gizartetik urrunduta edo ezkutatuta dauden desberdintasunak, aniztasun horiek guztiak?».

«Ez gintuzten ikusten»

Enrikek argi utzi digu transzendentziaren bideak maite dituela, filosofiarenak, eta elkarraldia plazerez luzatuz hitz potoloei buruz solastatu zaigu; urritasunak, normaltasunak, desgaitasunak… hedabideetan edo karrikan nahinoiz entzuten direnak. Horien inguruko bere posizioari tinko eusten dio berak; «aniztasuna» aipatzen du etengabe. «Lehen, ni bezalako pertsonak, esan nahi dut desberdintasun bat dugunak, desgaitasun bat… ez ginen kalean ibiltzen, ez gintuzten ikusten, ezkutuan egoten ginen beharbada. Eta aniztasuna polita da; nik hori soilik ikusten dut bazter guztietan, aniztasun intelektuala, aniztasun fisikoa, emozionala, psikomotrizitatekoa… ez dago besterik. Gainera, askok epaitu egiten gaituzte ezagutu aurretik eta pentsamendu horrekin bukatu behar da, ezabatu, zakarretara bota».

Esanda bezala, “Puntu Koma” websailean aritu da lanean, berriki ikusgai izan dena EITBn, eta Nahieran ikus daitekeena oraindik goiti. «Amaia Rojok eta Maialen Sorzabalberek sortutako telesail digitala da ‘Puntu Koma’, eta lantaldean ia denak emakumeak dira, eta ni horrekin asko poztu naiz, ze urritasuna dugun pertsonekin ahalegin berezia egiten den bezala, hein berean egin behar da berdintasunarekin ere. Uste dut gizonentzat errazagoa dela antzerki eta halakoetan ardurak izatea, agian oker nago, baina inpresio hori daukat». Next Station ikus-entzunezko plataformaren euskarazko web-telesail lehiaketa irabazi zuten bi zuzendariek; 10 minutu inguruko sei atalez osatua dago eta telesailak sari anitz eta errekonozimendua lortu ditu. Ospitale batean pasatzen da websailaren istorioa eta Enrike Amilibia aktoreetako bat da; Iñake Irastorza, Sara Cozar, Fariba Sheikan, Mikel Ibarguren, Iñigo Gastesi eta Iñaki Beraetxerekin batera.

Etorkizunean zer egin nahi duen galdetu diogu azkenik. «Ezer berezirik ez, bizi, irri egin eta irri eginarazi. Noski, nahi nuke film batean parte hartu edota antzerkiarekin lotutako edozertan; aukera ematen badidate, telebistan edo edozein obratan gustura egingo nuke eta jende interesgarria ezagutu, asko baitira lan honetan ezagutu ditudanak. Elkarren artean gauzak egitea inportantea da gainera, elkarri laguntzea, eta berdin du zertan den hori, zer lan edo zer arduratan, egiten duzun guztia egin behar da bokazioarekin eta errespetua eta enpatia behar da besteenganako, horrekin bakarrik lortuko dugu gizarte hobe bat».

Enrike bezalako gehiagorekin argi dago hala izango litzatekeela. •