Xabier Mikel Errekondo

Groucho Marx vs Ada Hegerberg

Guztiok dauzkagu printzipioak eta baloreak. Bakoitzak bereak, nahiz batzuenak “aldakorragoak” diren… Agintariak eta diru-goseak kutsatuta daudenak dira Groucho Marxen printzipioaren jarraitzaile sutsuenak. Badira, baina, txapela kentzeko moduko salbuespenak, zorionez.

Urrezko Botaren jabe den Ada Hegerberg Norvegiako emakume futbolari erreferentzialenak uko egin dio Estatu frantsesean jokatzen ari den Munduko Kopan bere selekzioarekin parte hartzeari, gizon eta emakumeen arteko aukera desberdintasuna salatzeko. Aurrez, agintariak eta federazioetako arduradunak mugiarazi zituen, baita hainbat hobekuntza ezarrarazi, baina guztiz eskasak izan dira Adarentzat.

AEBetako futbol selekzioko kapitain Megan Rapinoek mundu guztiaren aurrean desberdintasuna, arrazismoa eta jazarpen poliziala salatzeko, himnoa abestu ez eta belauna lurrean paratu du eta, bide batez, elkartasuna adierazi Colin Kaepernick futbolari beltz ezagunari, zeinak balore berak publikoki defendatzen dituen 2016tik. Donald Trump matxista eta arrazistarentzat, bi grano ipurdian: emakumea eta beltza.

Nire kasuan, aspalditxo jada, balore politikoak sustatzeko aukera apartekoa zela iritzita eta ukatzeak ekar lekizkidakeen arazo profesionalak ekiditearren espainiar selekziora joatea erabaki nuen; bestetik, elkarrizketak EAEn euskara hutsean eta Nafarroan ele bitan ematea. Zuzen egin nuelakoan nago.

Usteletik ere askotxo dute, ordea, selekzioek. Adibidez, hamar urtez errusiar selekzioan jokatutakoak egun batetik bestera Espainiakoan jokatzea… kirol mertzenarioa eta agintari balore-ustelak.

Groucho Marxen printzipioa nagusi den garai ustel hauetan, beharrezkoak diren iraultza soziopolitikoak nekez lortuko dira eliteko kirolarien konpromisoarekin soilik. •