Amagoia Mujika Telleria
FRANKISMOAREN ITZALA

Andoaingo baserri batean haur prebentorio bat izan ote zen ikertzen ari dira

Andoaingo Sorabilla auzoko baserri batean pasatu zituzten hiru urte (1949-1952) sei eta hamabi urte bitarteko 25 neskatok, sei sekularren zaintzapean. Falangearen aginduetara zegoen zentroan bizi baldintzak txarrak ziren; jatekoa gutxi, tratua bortitza eta garbitasuna eskasa. Frankismoko haur prebentorio bat izan zitekeela igarrita, bertan egondakoen bila dabiltza.

Andoaingo Sorabilla auzoan bada istorio iluna ezkutatzen duen baserri bat. Herrian betidanik hitz egin da baserri horren inguruan, baina gutxi eta nahasi samar, auzoko kaskoaren goiko aldeko eraikinaren barruan benetan zer gertatzen zen jakin gabe edo jakin nahi izan gabe. Frankismoaren lehen urteetan, 1949 eta 1952 bitartean, sei eta hamabi urte bitarteko 25 neskato inguru bizi izan ziren baserri hartan, modu zorrotzak eta bortitzak erabiltzen zituzten sei sekularren esku. Tuberkulosia prebenitzeko zentroa omen. Hori zen haur prebentorioen inguruko bertsio ofiziala. Inork gutxik sinisten zuen hori, ordea. Eta Andoaingo kasuan, benetako egia, artean argitu gabe dagoena, gertuago dago haur kartzelatik edo erreformatoriotik.

Ezkutuan dagoen errealitatearen hari muturrari tiraka ari dira Xabier Arruti andoaindarra eta Ander Otaño zizurkildarra, lehendik memoria historikoaren inguruan arituak. «Jakin dugunez, neskato horiek Groseko zentro batean zeuden Sorabillara ekarri aurretik. ‘Haur desbideratuak’ esaten zieten, ‘bide okerretik joanak’. Komunisten alabak izan zitezkeen, aitarik gabekoak, kalean zeudenak... », agertu dute ikertzaileek. Izan zitezkeen, era berean, garaiko gizartearen arau zurrunak hautsi zituzten neskatoak edota haur askoko familia batean karga bihurtutakoak. «Zaldibiakoak, errezildarrak, donostiarrak, Hondarribikoak, Irungoak, andoaindarrak... herri horien bueltakoak ziren neskatoak», zehaztu du Xabier Arrutik.

Haur prebentorioak deitzen ziren Frankismoko zentroak Sorabillan ez ezik, Estatu espainoleko hainbat tokitan topa zitezkeen. Eta denetan historia errepikatu egiten da; bizi baldintza muturrekoak eta barruan gertatzen zenaren inguruko zalantza eta itzal handiak. Tratu txarrak, jatekoaren falta eta garbitasun oso eskasa eguneroko ogia ziren prebentorioetan. Eta hori gutxi ez eta sexu abusuen oihartzuna ere sumatzen da hain itxiak ziren eraikin horien paretetan.

Falange espainolaren agindura

«Haur prebentorioak zuzentzen zituzten ordenak zeuden. Ez ziren erlijiosoak eta hori ere susmagarria da. Andoainen eta Sorabillan esaten zen mojen esku zeuden neskatoak zirela han bizi zirenak. Baina emakume horiek ez ziren mojak, sekularrak ziren. Zentroaren barruan moja jantzita ibiltzen ziren, baina hortik kanpo uniformea kendu eta zibilez joaten ziren. Ordena horiek Falange espainolaren kultura-zentro femeninoaren agindura zeuden», azaldu du Arrutik.

Falangearen aginduetara zegoen ordena horrek erosi zuen baserria. Salerosketa agiria badago. Hala ere, ikerketan dabiltzanek nahiago dute oraingoz datu zehatzagoak ez ematea, horrek arazoak sortuko dizkielakoan. Frogatuta dago, era berean, Falangeak hilero diru bat ordaintzen ziola aipatu ordena horri Sorabillako zentroan zegoen ume bakoitzagatik.

Normalean haur prebentorioak herritik aparte egoten ziren eta inguru berdean, mendi aldean. Sorabillako bizilagunek kontatzen dutenez, neskato horiek gosea pasatzen zuten eta inguruko baserrietako baratzetatik arbiak hartu eta zuzenean jaten zituzten. Herrian, beraz, gauza jakina zen haur horiek ez zirela baldintza egokietan bizi.

Era berean, auzoko haurrei debekatu egiten zieten zentro horren ingurura gerturatzea edota bertako haurrekin jolasean aritzea. «Sorabillako haurrei ez zieten uzten haur horiengana gerturatzen, ezta zentro horretara hurbiltzen ere. Hor sekta bat zegoela esaten zieten etxean».

Igandeko meza

Sorabillako baserriko neskatoek auzoarekin zuten harreman bakarra igandeko mezan ematen zen. Binaka jarrita ilaran jaisten ziren neskatoak eta sekularrak Sorabillako elizara. Elizan, gainera, tokia zeukaten gordeta. Behin meza bukatuta, berriz zentrora. Ez zegoen beste harremanik.

Sorabillako baserri horren inguruan galderak erantzun ahala berriak sortzen zaizkie etengabe ikertzaileei. Esaterako, 1950. urteko Andoaingo erroldari begira, Sorabillako baserri horretan erroldatuta agertzen dira 25 neskato eta sei sekular. Baina, konturatu dira izenak ez direla han zeuden neskatoenak, ezta sekularrenak ere. «Gure hipotesietako bat da izenak ez direla benetakoak, asmatutakoak baizik. Baina, zergatik? Oso iluna den zerbait dago horren atzean».

Sorabillako zentroa 1952an itxi zuten, auzoko apaizaren bultzadaz. «Neskatoek konfesatu egin behar zuten apaizarekin komulgatu baino lehen. Neskatoetako batek apaizari esan zion lapurtu egin zuela eta zigortu egin zutela. Jateko arbi batzuk lapurtu zituela eta horregatik jipoitu eta zigortu egin zutela. Apaizak neskatoaren testigantza entzun ondoren, zentroa gidatzen zuen sekularrari hitz egin behar zutela esan zion. Pentsa, sekular horri echatortas esaten zioten. Bistakoa da zergatik. Apaizak kontuak eskatu zizkion haurrak tratatzeko zuten moduarekin inguruan. Behin zentrora bueltatu zirenean, aipatu sekularrak salataria nor izan zen galdetu zien neskatoei. Inork aitortzen ez zuenez, denei altxarazi zizkien gonak eta makilarekin hankak astindu zizkien. Azkenerako eskua altxatu zuen apaizarekin hitz egin zuen neskatoak eta zigortu egin zuten. Baina ordurako Sorabillako apaizak gotzainarekin hitz egin zuen zentro horren inguruan –gotzaina lehengusua zuen– eta zentroa ixteko agindua emanda zegoen». Eta horrelaxe itxi zuten Sorabillako baserria 1952. urtean. Baina neskato haien sufrimendu bidea ez zen han amaitu. Handik Donostiara eraman zituzten, antzeko beste zentro batera. Eta gogor lan egitera behartuak izan ziren.

Testigantzen bila dabiltza

Alicia, Petra, Miren, Teresa, Piedad. Inork kontatu gabeko istorio triste, ilun eta mingarri baten protagonista dira. Kasu askotan, etxekoek ere ez dakite asko haurrak zirela pasatu zutenaz. «Batzuek zerbait kontatu diete seme-alabei, baina oso gutxi. Pentsa, ondorengo batzuek esan digute guk askoz gehiago dakigula beren amak sufritu zuenaz beraiek baino. Horregatik nahi dugu haien ahotsa jaso, historia horrek kontatua izan behar duelako».

Ikerketan buru-belarri sartu diren Arrutik eta Otañok garbi daukate. «Hor barruan zer gertatu zen jakin nahi dugu, hori argitara atera. Eta barruan gertatu zena, noski, han egondako neskatoek kontatu behar dute. Horregatik ari gara deialdia egiten, bertan egondako haurrak topatzen, beren testigantzak jasotzeko».

Neskato horietako batzuk topatu dituzte, egun laurogei urteren bueltakoak, eta haien testigantzak jasota daude. Baina gehiagoren bila dabiltza. «Batzuek kontatzeko gogoa daukate, beste batzuek nahiago dute han pasatu zutena gogoratu ere ez egin. Eta badira memoria arazoak dituztenak ere. Baina gure helburu nagusia hor barruan gertatu zena argitara ateratzea da eta horregatik gabiltza haur haien bila». Horretarako ondoko posta elektronikoko helbidea jarri dute martxan: amigasdealicia1949@gmail.com.

 

Txostenetan existitzen ez diren muturreko egoera latzak

Haur prebentorioak urte askoan ezkutuan egondako errealitate gordina dira. Datu ofizialen faltan –ikertzaileei ezinezkoa egiten ari zaie garaiko artxiboak topatzea, dena desagerrarazia baitago–, kalkulatzen da 1945 eta 1975 bitartean dozena bat prebentorio izan zirela Estatu espainolean, batzuk neskatoenak eta besteak mutikoenak. Pentsatzen da milioi bat haur baino gehiago pasatu zirela urte tarte horretan zentro ilun horietatik. Gune osasuntsuak bailiran saltzen ziren –tuberkulosia sendatzeko, uda naturan gozatzeko...–, baina errealitatea oso bestelakoa zen, osasuntsua denaren kontrako muturrekoa, bai fisikoa eta baita psikologikoa ere.

Neskatoen prebentorioen kasuan, «bide okerretik» abiatutakoak «zuzentzea» omen zen helburua. Bide okerra zer zen? Edozer izan zitekeen bide okerrekoa; zigarro bat erretzea bezala haurdun geratzea, eta tartean beste hamaika ertz, frankismoaren begietara arriskutsuak emakumeak ibili behar zuen bidean. «Gorrien genea» ezabatzeko ere erabiltzen zituen Frankok prebentorioak. Hartara, errepublikanoen seme-alabak horietara eramaten zituzten, «zuzentzeko».

Bertan egondakoek kontatzen dutenez, prebentorio guztietan, gutxi edo gehiago, baldintzak eta praktikak parekoak ziren. «Umiliagarriena dutxak ziren. Ilaran jartzen gintuzten patioan, erabat biluzik, eta espartzu batekin garbitzen gintuzten». «Nik egunero botaka egiten nuen eta botatakoa jatera behartzen ninduten». «Zaplazteko bat eman zidaten mukiak kendu nituelako». «Arauak zorrotzak ziren. Gauetan, ezin zinen ohetik mugitu eta egunean gehienez bi baso ur edan zenitzakeen».

Zentro ilun horien inguruan bada beste zalantzarik. Bertan egondako batzuek kontatzen dutenez, egunero injekzioa jartzen zieten eta pilula bat eman. Historia ikertzen ari direnen hitzetan, «haurrok ez zeuden gaixo. Berez, tuberkulosia ez kutsatzeko sartzen zituzten zentroetan, prebentzio modura. Ez litzateke oso eroa pentsatzea haurrokin esperimentuak egin zituztela. Baina ez dago txosten mediku bakar bat ere jasota. Oso susmagarria da».

Benetan gogorrak dira umetan prebentorioetan egon zirenen testigantzak. Azken urteotan han eta hemen ari dira altxatzen hamarkadetan isilik egondako ahotsak. Kasu guztietan tratu txarrak, gosea eta garbitasun falta nabarmentzen dituzte.