Isidro Esnaola

Facebooken diru berriak kontu ilun asko ditu

Facebookek beste multinazional batzuekin batera Libra proiektua aurkeztu zuen orain hilabete bat. Libra txanpon bat da, baina baita diru-zorro bat ere, hau da, enpresa handi horiek ez dute soilik txanpon berri bat sortu nahi, berarekin batera ordainketa sistema bat ere sortu nahi dute txanpon hori erabili ahal izateko. Iragarri dutenaren arabera, blockchain teknologian oinarrituko da. Hala ere, programazioan adituek esan dute ez duela zehatz-mehatz teknologia hori erabiliko, hau da, librak teknologia horren ezaugarri batzuk izango ditu, baina ez denak. Eta falta direnen artean, zentrala den bat: informazioa ez da beraien artean kateatuko diren blokeetan antolatuko. Ikuspuntu teknikotik ere nahiko harrigarria da bultzatzaileek iragarri duten asmoa: hasieran sistema itxia izango da eta gero irekiko dute. Horrelako garapenik izan duen sistemarik ez da ezagutzen; kontrakoa da ohikoa, hau da, sistemak irekiak izaten dira sorreran eta denboraren poderioz itxiak bihurtzen dira. Internet bera ere, neurri batean, horren adibide da.

Ikuspuntu teknikotik gauzak ez badaude argi, are gutxiago ikuspuntu ekonomikotik. Batetik, diru berria ez da, berez, txanpon bat izango, txanpon ezberdinen saski bat baizik. Hau da, dolarrak, euroak, yenak edo yuanak erabiliz erosiko dira librak. Diru berria sortuko duen partzuergoak beste txanpon horien gordailu ezberdinak izango ditu. Eta gordailu horiengatik interesik ordaintzen ez badu, antolatzaileak, Facebook eta enparauak alegia, interes horiekin geldituko dira. Hori soilik ez da ez irabazi iturri makala izango dagoeneko. Hori jakinda, galderak datoz: zergatik inbertituko du inork bere dirua interesak ordaintzen ez dituen txanpon batean? Hobe du jendeak zor publikoan inbertitzea. Hari horretatik tiraka, zer gertatuko da irabazi horiekin? Zergak ordainduko al dituzte nonbait? Aurrekariak ikusita, nekez.

Proiektu honetan, ordainketa sistema da beste gai garrantzitsuetako bat. Gaur egungo sistema pribatua da. Bankuek eta enpresa gutxi batzuek kontrolatzen dute. Transakzioak egiteagatik ordainsariak kobratzen dituzte, eta, kasu batzuetan, diru asko da. Visa, Mastercard, American Express eta bankuek operazio horiekin dirutza irabazten dute. Okerrena da ondoan ez dagoela eskaintza publikorik eta egoera guztiz kontraesankorra dela administrazio publikoak ezarritako betebeharrekin. Adibidez, kopuru batzuetatik gora salerosketak ezin dira eskudirutan ordaindu, baina, aldiz, ordainketok egiteko baliabide publikorik ez du eskaintzen Estatuak.

Askoz arriskutsuago da txanpon berriaren opakutasuna. Gaur egungo ordainketa sistema pribatua da, baina administrazio publikoak gainbegiratzen du. Horrek asko zailtzen du legez kontrako operazioak egitea (ustelkeria, droga-trafikoa, zerga-ihesa…). Joseph E. Stigliz ekonomialaria alderdi horren inguruan nahiko kezkatuta agertu da azken egunetan idatzi duen artikulu batean.

Ikuskatzaile publikoentzat ikusezinak izango dira libran egindako operazioak, ez ordea sistema eraiki dutenentzat. Horiek datu guztietara izango dute sarbidea. Informazio horrekin zer egingo duten kezka iturri garrantzitsu bilakatu da. Stiglizek dioen moduan, banku sistemak fidagarritasun galera ekarri dion historia luzea du atzean, baina Facebookek fidagarritasuna askoz azkarrago galdu du. Izan ere, sare sozialaren jabeek, promesen eta diruaren artean, beti azkena aukeratu dute. •