Pello Otxandiano

Tentazio errejonista

Gobernagarritasun eza estatu krisiaren sintoma bat baldin bada, agerian da Espainiaren krisiaren nolakoa. Denak airean jarraitzen du aste honetako albisteen arabera eta hauteskunde berri batzuen hipotesiak indarra hartu du. Nafarroan ere urte politikoa sanferminez harago luzatuko da ezohiko eran.

Egoerak argitzen diren bitartean arnas luzeko gogoetarako aukera eman du Iratzar fundazioak antolatutako “Askapen bide(ar)en haritik” ikastaroak. Burujabetzaren alde hainbeste borrokatu duen herrian ezin soberaniaren auziaren itzuleraz gogoetatzeko aukera galdu. Izan ere, globalizazioaren arrakastaren ospakizunak atzean utzita, burujabetzaren aldeko diskurtsoak indarrez datoz bueltan. Krisi-aroan geopolitikaren jokoa ardatz nagusi batek arautzen baitu, merkatu librearen ideologiaren gainetik: nork bere interesak/eskubideak nola babesten dituen bestearen mehatxuaren aurrean.

Iragan mendeetan bezala, garai honetan ere, Europan gertatzen diren joera ideologiko berdintsuak ari dira erreproduzitzen Euskal Herrian: independentismoak darraien burujabetzaren ezkerreko irakurketa positiboa mugimendu autodeterminista/independentista europarrekin erabateko sintonian aurkitzen da; neoaranisten pintadaren bat edo beste ikusi dugu gure kaleetan; eta Diego Fusaro, Salviniren ideologo eskuin-marxistaren planteamenduak gurean entzuten diren diskurtso batzuetatik hurbilegi ez ote dauden.

Garai nahasi eta arriskutsuotan euskal nazio egitasmoa nondik eta nola eguneratu, horixe izan da ikastaroaren aztergaia. Zein emari ideologiko geureratu eta berrikuntzok nola egin. Bigarren horri helduko diot hemen, azken hiru urteetan sumatu dudan joera bat mahaigaineratuz, iragana zama pisutsu bat zaigunaren uste edo sentsazio bat, gertatu zaigun txar eta on guztia ahaztu eta abiapuntu bat erabat berria jarri behar dugula dioskun ahots bat.

Horixe da establishment-aren tesi interesatua, iraganari lotuta gaudela alegia, berdin balio duena EH Bildu nafar gobernuaren osaketatik kanpo uzteko zein Gasteizko edota Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuetarako aukerak ahal beste oztopatzeko. Tesi hori interesatua zergatik den ez da gaurko gaia, luze hitz egin da horretaz. Interesgarriagoa deritzot euskal nazio egitasmoa birsortzeko behar ditugun etenez eta jarraidurez gogoetatzeari.

Etenak behar ditugu. Guztiz egia ez den arren abiapuntu batek balio digu: dena aldatu da. Erantzunak bagenizkiela uste genuenean galderak aldatu zizkiguten. Gaur, nazio askapen egitasmoaren oinarri programatiko eta sinbolikoak eguneratzea ezinbestekoa da, garaiko erronka globalekin sintonizatu eta Europako korronte eraldatzaileekin konektatzea.

Jarraidura behar dugu. Intuizio oso onak izan zituen herri honek iragan ziklo politikoan. Gaur, soberaniaren eztabaida bueltan dela, barrurantz begira mundura begira ere jar gintezke, Jon Maiak esan zuen legez. Ez baitiogu behar besteko arretarik jarri XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian garatu zen eraldaketa prozesuari –hizkuntzaren berreskurapenari, ekonomia sozialaren garapenari eta abar luze bati– eta eraldaketa horren oinarrian egon den balio-sistema erreproduzitu zuenari. Aldiz, Podemosek liluratu gaitu. Eta ikusitakoak ikusita, nago ezkerrak eta nazio askapen mugimenduek sustrai sendoak behar dituztela garai likidootan.

Nazio askapen mugimenduaren tradizio politikoaren emari intelektual-kulturala –bere konplexutasun osoan, azierto eta hanka sartze guztiekin– lurperatzeko deiak entzungo ditugu etikaren eta eraginkortasun politikoaren izenean. Bigarren horri dagokionez, ohar gaitezen gauza batez: aurrerabidea zailtzen digun erresistentzia hori ez dela hainbeste iraganaren zama pisutsua, kontra datorren korrontearen indarra baizik. Korrontearen kontra ari baikara, eta hala jarraituko dugu egitasmo emantzipatzaile baten eroale garen artean. Eta hala jarraituko dute botere mediatikoek ere, ETA, Venezuela, Iran, Eslovenia eta behar diren mamu guztiak jarriz zirkulazioan. •