Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Zoriontasunaren iruzurra

Ez dakizu zer norabide hartu zure bizitza profesionalean? Konfiantza galdu duzu zure garai bateko abilidade sendoetan? Ez zara ondo moldatzen ziurtasun-gabezia kudeatzerakoan? Azken boladan burumakur zabiltza, borrokarako gogoa eta kemena galduta?

Lasai. Inguratzen zaituen makineria kulturalak bere artefaktu guztiak sakabanatu ohi ditu zure helburu ahul, bigun eta zalantzatiak fundamentuz finka eta horni ditzazun.

Jarri ezazu arreta zure buruan, eta zure ametsa gaur hasiko da; horretarako nauzu hemen, zure esanetara beti, laguntzeko prest. Askotarikoak dira nik har ditzakedan izaerak: autolaguntza liburua, coach pertsonala, motibatze pertsonalerako lantegia, edota zure erronketan murgiltzeko à la carte asteburua. Zeinahi hautatutako formatua, jada antzeman dituzu gaurtik hasita epe laburrerako nirvana horretan dirdiratuko diren sentsazio goxoak, hitz neurrikoak, ekintza adimentsuak. Bai, dana izango duzu hor, zure muturraren aurrean, baldin eta zure burmuinean tekla halabeharrezkoa sakatzen baduzu. Klik! Halaxe da, azkenean ulertu duzu mezua: zure zoriona zure esku dago. Beste inon ez. Sartu ezazu hori buruan, faborez, inportantea da; iltzatu tinko ardura hori kaskoan, eta gainontzekoa fin-fin doituko da. Egidazu kasu.

Zoriona merkatu bat bilakatu da edo, hobe esanda, zorionari heltzeko nahia. Ego-paradisuaren logika hori bat dator pertsonen energiak, eskubideak, eta sosak husten dituen oinarri neoliberalekin.

Horixe duzu egia biribila, baina ez salatu inori nik esan dizudala. Egia osoa esaten hasita, sistemari zure zoriona bost axola zaio. Saltzen dizuten zoriontasun ideia horren atzean atsekabea baino ez dago, jomugara heltzea ez baita negozioa. Kontua da zu etengabe zoriontasun faltsu horrekin obsesionatuta egotea, hobeto egoteko formulekin temati, zure buruaren kudeaketarekin gora eta behera, gurpil zoro batean, biziki engantxatuta. Izan ere, makineria hori guztia zu diziplinatzeko kontrol-sistema bat da, besteak beste.

Hala dio, Sara Ahmed idazleak bere “La promesa de la felicidad” liburuan. Ahmeden hitzetan, «zoriontasuna, modu jakin batean bizitzeko promesa gisa, pertsonak zuzentzeko teknika bat da».

Beraz, arestian iltzatutakoari iltze indibidualistak kendu eta goazen pentsatzera hobe genukeela abiaraztea ororen ongizatea bermatuko luketen sentimendu, pentsamendu eta ekintzak. •