Patxi Gaztelumendi
Entrevue
Iñaki Azanza
Argazkilaria

«Tourra parke tematiko bat bilakatu da»

Txirrindularitza eta argazkigintza uztartzen ditu. Argazkiak bildu, lasterketetan argazkiak egin, sarean hedatu... Euskal Herrian txirrindularitzak duen zaletasunaren lekuko, hemengo lasterketak jarraitzeaz gain, Girora edo Tourrera joaten da urtero ordiziarra. 1977tik Tourra zuzenean jarraitzeko ohitura dauka eta azken hamabost urteotan argazkilari profesional bezala akreditatuta egon da. Lasterketa handioi buruzko iritzia eskaini digu.

Gorka RUBIO | FOKU
Gorka RUBIO | FOKU

Tourrera joan aurretik egin dugu zita Iñaki Azanza argazkilariarekin. Txirrindularitza izugarri maite duen laguna da, eta hamaika pasadizo ditu kontatzeko. Azken 43 urteotan munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuena bertatik bertara jarraitu izan du eta Euskal Herriko bideak ere ondo asko ezagutzen ditu. Txirrindula gainean aritu zen gaztetan eta oraindik ere maite du bizikleta. Eta ibiltzen da. Argazki kamera soinean dela jarraitzen ditu orain txirrindulariak.

1977. urtetik jarraitzen duzu Tourra. Nola hasi zinen lasterketa jarraitzen?

1977an etapa bat Gasteizera heldu zen, eta, gainera, gure herriko Jose Nazabalek irabazi zuen; gure laguna eta Goierrin garai hartan bizikletan ibiltzen ginenon eredua zen. Igandea zen, eta goizean jubenil mailako lasterketa bat izan genuen guk, ostean bizikletak hartu eta Olagainera joan ginen, Irurtzun ondoan, eta bertan ikusi genuen bera bakarrik zetorrela; Gasteizera irabazle heldu zen Nazabal.

Bizikletaz joan zineten beraz etapa ikustera.

Goizean gure lasterketa egin ostean joan ginen, bai, bizikletaz. Biharamunean etapa Gasteiztik abiatzen zen eta Goierri osoa gurutzatu zuen, eta Tourra berriz Ordizian ikusteko parada izan genuen. Hori izan zen Tourrarekin gure lehen kontaktu fisikoa.

Hurrengo urtean Estatu frantsesera joan zineten.

1978. urtean hiru lagun batu ginen, eta batek bazuen jada gidatzeko baimena. 18 urteko bi eta gazteagoa bat ginen. Orduan pasaportea atera behar zen, paperak egin behar ziren Frantziara joateko-eta. Baina genuen ilusioa eta indarra geldiezina zen. Ate handi bat irekitzen zen abentura eta askatasunera. Garai hartako hamabi edo hamahiru etapa ikusi genituen: Pirinioak osorik, Erdialdeko Mendigunea... Orduan ere Jose Nazabalek parte hartu zuen. Gure lehen kontaktu zuzena izan zen Frantziako Tourrarekin, eta magia horrek guztiak harrapatu egiten zaitu. Zure bizitza arruntean egunero ikusten duzun pertsona bat, Alpe D’huez gainean sekulako beroarekin eta bizikletan iristen ikusten duzunean… Izugarria den iruditeria sortzen du horrek. Gerora oso modan jarri den kontua da Tourrera joatearena, baina garai hartan ere euskaldun asko joaten zen txirrindulari lasterketa handi hau ikustera. Aurten 43 urte egingo ditut Tourrera joaten, baina lehenagotik ere joaten zen jendea ezagutu dut han.

Txirrindularitzarekiko zaletasunari, argazkigintza ere gehitu izan diozu tarte honetan guztian.

Paraleloak diren zaletasunak dira. Baina independenteak ere bai. Nire etxean ez dago futbolzalerik. Gure anaia zaharra, gu baino hamabi urte nagusiagoa dena, 60ko hamarkadan txirrindularia zen, eta, noski, umea zarenean eta anaia eta bere lagunak bizikletan ibiltzen ikusten dituzunean... Garai hartan, zerbait berezia izan zen guretzat. Orduan ez zegoen txirrindularitza eskolarik eta guri pasio berezi bat sortu zitzaigun. Horrela sortu zen.

Azken batean, txirrindularitzarekiko maitasuna nagusiengandik jaso dugu; pentsa, 60ko hamarkadan ziklo-kros karreretara joaten ginen anaia animatzera. Etxetik jaso dut, 5 urte nituenean anaiak bere bizikletan, erdiko barran, eraman ninduen Euskal Herriko Itzulia ikustera, orduko Bicicleta Eibarresa. Umea nintzen baina pelotoiaren koloreak gogoratzen ditut, jendetza txirrindulariak animatzen. Orduko irudi hori betirako gorde dut gogoan.

Argazkigintza oso gaztetatik landu nuen. Banuen mendizalea zen beste anaia bat, eta Euskal Herrian argazkigintzara dagoen zaletasuna maila handi batean mendizaletasunak piztu duela iruditzen zait. 60ko hamarkadatik aurrera mendian argazkiak egiten zituen anaiak eta ni bere kamerarekin jolasten hasi nintzen, eta irudiek emozionatu egiten ninduten. Gaur da eguna argazki zahar bat eskuetan hartu eta informazio asko eskaintzen didana, eta ez soilik gertatzen den ekintzarena. Argazkiak eskaintzen dituen bestelako datuen bitartez gizarteaz edo bestelako kontuez asko ikas daiteke.

Argazkilari bezala aritzeaz gain, argazki zaharrak bildu eta gordetzen dituzu. Nola uztartzen dituzu bi alorrok?

Gogoan dut txikitan, batez ere Ordiziako “Prueba Villafranca” klasikoan, argazkiak erosten nituela. Nire idoloen hiruzpalau argazki erosten nituen urtero. Bi argazkilari zeuden orduan Ordizian, eta oso erreportaje politak egiten zituzten. Gabikaren-eta garaia zen, eta nik argazkiak erosten nituen. Gimondi ere etorri zen Ordiziara halako baten. Bada, orduko bilduma polita daukat. Eta 70. hamarkadatik aurrera neuk egin ditudanekin batera, Ordiziako karrerako bilduma osatzen joan naiz. Gainera, argazkilari horietako baten alabak, Jeronimo Ortiz ordiziarrarenak, behin komentatu zidan zelan ganbaran bazituen aitaren argazkien negatiboak. Hara joan nintzen, eta batu, garbitu eta digitalizatu egin nituen. Sekulako argazkiak zeuden ganbara hartan!

Ordiziako lasterketa aipatzen duzu behin eta berriro. Laster beteko da txirrindularitza proba horren mendeurrena ere. Goierriko txirrindulari eta zaleentzat oso esanguratsua da. Une honetan informazio hori guztia biltzen ari zara, ezta?

Ordiziako lasterketa 1922an egin zen lehen aldiz. Aurten 95. edizioa egingo da. Eta 2023an ospatuko da mendeurrena. Argazkiekin hasi eta historia arakatzen hasi nintzen, apurka harrapatu egiten zaitu eta sekulako datu bankua osatzen joan naiz. Hemeroteketara jo eta dokumentazio ugari biltzen joan naiz; zerbait polita egingo dugu mendeurrenerako.

Ordiziako probaren historiatik ulertu al daiteke euskal txirrindularitzaren historia eta gure zaletasunarena?

Harreman zuzena dauka. Ez hori bakarrik, txirrindularitza proba hau ikertzen eta orduko argazki eta egunkarietako albisteak irakurtzen konturatu naiz gure herriaren historia zelakoa izan den ulertzeko ere baliagarria dela; maila sozialean, politikoan, ekonomikoan eta jendearen ohiturak aztertzeko garaian. Arreta jartzea da, eta informazioa lotzen joatea.

Kirol mailan gorabehera asko izan ditu probak, oro har Euskal Herri mailan txirrindularitzak izan dituen antzera. Lasterketaren maila eta garaian garaiko egoera sozioekonomikoaren arteko harremana ere agerian jartzen du Ordiziako probak. Garai batean sekulako txirrindulariak eta figurak etortzen ziren, eta, aldiz, beste sasoi batzuetan, ez, ez zelako posible horiek gonbidatzea. Garrantzitsuena iraun izana da; oraindik ere proba hor daukagu. Euskal Herrian txirrindulari proba asko galdu dira, azkenerako ekonomikoki itota.

Tourra hasi da eta berriro joateko asmoa duzu. Nola bizi dituzu joan aurreko uneak? Nola prestatzen duzu lasterketa bera zaletu eta argazkilari moduan?

Denboraren poderioz Frantziako Tourra ez da jada niretzat karrera garrantzitsuena; urtean zehar lasterketa asko jarraitzen ditut, eta nolabait ezberdina da. Egun maleta ia beti dut prest, urrian dagoeneko jakiten dugu zeintzuk izango diren etapak eta informazio gehiena eskura izaten dugu. Eguna noiz helduko zain egon eta joan. Aurten bakarrik noa, eta han lagunekin elkartuko naiz. Azken hamabost urteotan lasterketan akreditatuta egon naiz argazkiak egiteko, baina lasaiago noa oraingoan. Zaletu bat gehiago izango naiz.

Tourra sekulako lasterketa da, baina Giroa ere ez da makala, ezta?

Tourra Tourra da, daukan historia eta nazioartean duen oihartzun mediatikoa itzela da. Probarik garrantzitsuena da dudarik gabe, baina Giroa sei urte geroago hasi arren, egun askoz erromantikoagoa da niretzat txirrindulari zalearen ikuspegitik. Tourra gaur egun parke tematiko bat bilakatu da. Duela berrogei urte bizi genuenaren eta egun ikusten dugunaren artean ez dago inolako zerikusirik. Souvenir bat da; Disneylandiara joango balira bezala bizi dute askok. Giroan, ordea, zaletasuna usaindu egiten da; italiarrak oso txirrindularitza zaleak dira. Giroa ikustera doan jendearen %90 txirrindularitza maite duen jendea da. Zerbait berezia duela esango nuke, poesia ezberdin bat dauka Giroak.

Eta euskal zalegoak nolako bilakaera izan du urte hauetan guztietan?

Munduko zalegorik onenetakoa dela esan daiteke, nahiz eta onenak garela pentsatzen dugun sarritan. Orain gauza asko entzuten dira euskal zaleei buruz, baina azpimarratuko nuke txirrindularitzaren historia osoan zehar izan dela zaletasun hori. Aurreko mendeko 20ko hamarkadako narrazioak eta argazkiak ikusi eta txunditzekoa da. Euskal Herrian txirrindularitza maite dugu txirrindularitza sortu zenetik, bizikleta marka handiak izan ditugu, antolatzaile oso onak... Agian erresistentzia kirolak gehiago maite ditugulako da. Ez dakit zergatik, baina beti izan gara txirrindularitza maite izan duen herria.

Ordiziatik Larrabetzura etorriko zara bizitzera. Txirrindularitzak batzen ditu bi herriok, beharbada.

Larrabetzu, Zaldibia eta Itsasondorekin batera, demografikoki txirrindulari profesional gehien eman dituzten herriak dira. Atentzioa eman izan dit beti horrek. Ordizia, adibidez, txirrindularitzarekin oso lotua egon da, karrerak egon dira, txirrindulari eskola ere bai, baina profesional gutxi eman ditu. Itsasondo, txikiagoa izanik, txirrindulari gehiago eman dituen herria izan da. Larrabetzun ere hori aipatuko nuke nik: Loroño, Aspuru eta Artetxe eman ditu. Pozik biziko naiz bertan, eta bizikleta alboan izango dut.

 

Zikliamatore.com, Iñaki Azanzak egin eta bildutako txirrindularien argazkiak sarean

Txikitatik izan du argazkietarako zaletasuna Iñaki Azanzak. Txikitan Ordiziako klasikoko argazkiak erosten, bere idoloak zuri-beltzean gordetzen eta anaiaren argazki kamerarekin lehen saioak egiten hasi zen unetik bertatik. Azken berrogei urteotan txirrindularitza errepidean eta bide bazterretik jarraitu du. Berdin ikus dezakezu nazioarteko lasterketa garrantzitsu batean motor gainean argazkiak egiten edota Euskal Herriko edozein karreratan txirrindulariak animatzen eta argazkiak egiten. Itzuli handiak, klasikoak, Euskal Herriko lasterketak... ondo baino hobeto ezagutzen ditu, eta euskal txirrindularitzaren artxibo aparta osatzen ari da apurka-apurka.

Zikliamatore.com webgunean jartzen ditu ikusgai Iñaki Azanzak egin eta biltzen dituen txirrindularitzako argazkiak. Gaur egungo lasterketak zein garai batekoak aurki daitezke bertan. Lasterka koloretsuak, Euskaltelen laranja kolorea jasotzen duten argazkiak edo garai bateko Kas ekipoarenak topatu daitezke bertan. Bilatzen hasita, Iñaki Azanza gazte-gazte bat ere ikusiko duzue bizikleta gainean, 1978. urtean Aretxabaletan jokatutako lasterketa batean.