27/07/2019

Inma Romero Candon
Hazkuntza pertsonala eta «coaching»-a zaldiekin

Gizarte langilea da, sevillarra. Orain bost urte gurera etorri zenean hasi zen Moraima proiektua sortzen. Aurrena praktika izan zen, zaldiaren laguntza bizitzea. Gero ikasketa eta izena jartzea.

«Hori da zaldiaren ekarpen zoragarria: kontziente ez garen informazioa irakurri eta bere jokaeraren bidez itzultzen digu»
Maider Iantzi Goienetxe
Pd18_zaldia2

Egitasmoaren izena, Moraima, Morante zaldiaren eta Inma Romeroren batura da. Orain Getxon bizi den Sevillako gizarte laguntzaileak beti izan du jendeari hazten eta zailtasunak pasatzen laguntzeko bokazioa. Hortik jaio zen proiektua, orain bost urte gurera etorri eta lanbide mota hau bazela deskubritu zuenean.

Norbanako zein taldeei helburuak lortzen laguntzen die, ahalmenak deskubritzen; finean, ongi izaten. Sopelako lursail bat du lantoki. Txoko berezia da, ehun espezie botaniko baino gehiagoz inguratua dago. Bertan bizi da Morante zaldia, erdi libre. Giro desberdin bat arnasten da, giroa bera da terapeutikoa.

Kanpoan talde bat sortzen bada, edo zaldi gehiagoren laguntza behar duen talde handiago bat eratzen bada, beharren arabera beste lursail batzuetara mugitzen da. «Ez da trebakuntza berezirik behar, zaldiaren berezko sena aprobetxatzen dugulako. Horregatik, ez dut arazorik beste zaldiekin lan egiteko. Euren gainean ere ez gara ibiltzen», azaldu dio GAUR8ri.

Romerok 37 urte ditu eta Morante orain dela 11 urte baino gehiago ezagutu zuen. «Moxala zela oparitu zidaten. Gainean ibiltzen nintzen, bere hezieran parte hartu nuen, dena nirekin egin zuen. Oso harreman ona dut Moranterekin, asko eman zidalako. Pisu handia nuen bizitzan, momentu oso-oso gogorrak pasatu nituen eta zaldia hor izan nuen laguntzen».

Hala jakin zuen jendeari laguntzen ahal ziola gehien gustatzen zitzaiona, gizarte lana, eta zaldiak batuz. Eta hori ikasi behar zuela erabaki zuen. Lehenbizi praktika izan zen, berak bizitzea, eta gero ikasketa eta izena jartzea. «Zoragarria izan zen. Eta bai zaldia eta bai nire burua besteen zerbitzura jarri nituen».

Oso sentikorra

Morante nolakoa den galdetuta, «oso-oso zaldi lagunkoia» dela agertu du. «Hain tratu hurbila du nirekin, ezen jendea hurbiltzen denean ez baitu beldurrik. Jakin mina du, bat-batekoa da, eta oso sentikorra. Begirada bizia du, oso adierazkorra da. Odol hispano-arabiarra du eta izaeran asko du arabiarretik. Zaldi arabiarrek odol beroa dute. Oso sentikorrak dira. Bere mugimendu eta jokaeretan nabari da hori. Oso berezi egiten du horrek eta ez da nire zaldia delako. Toki askotan esaten didate oso ona dela, zintzoa».

Istorio ugari ditu Moranterekin. «Nire zaldia izanik, ezagutu behar dudala ematen du, baina pertsonaren eta unearen arabera oso ezberdin jokatzen du. Oso sentikorra delako gertatzen da hori. Lengoaia inkontziente hori, gugan dagoen emozio hori irakurtzeko gai da. Gu ez gara emozio horren kontziente baina zaldiak antzematen du, sen natural hori duelako. Zentzumenak oso garatuak ditu inguruan gertatzen den guztia sumatzeko eta erreakzionatzeko, ihes egiten duen animalia baita. Zaldiak jan egiten dituzte naturan eta eskapo egin ahal izateko oso adi egon behar dute, bizidunen energiak hautemanez».

«Saioan gaudenean bere inguruaren parte bilakatzen garenez, jakin gabe ematen ari garen informazio hori harrapatzen du. Ahozko hizkuntzak baino askoz informazio gehiago ematen du gorputzaren hizkuntzak», erantsi du.

Portaera sotilak dira

Adibidez, urduri gaudenean zerbait gertatzen da gure gorputzean, horretaz ez mintzatu arren. Izerdia erreakzio kimiko bat da, zerbait botatzen dugu izerdiaren bidez eta zaldiak hori sumatzen du. «Hori da zaldiak pertsonei egiten dien ekarpen zoragarria. Gu kontziente ez garen informazioa irakurri eta bere jokaeraren bidez itzultzen digu. Ez da pelikuletako jokaera magiko bat; portaera sotilak dira, agian zerbait esaten digutenak eta esnarazten gaituztenak. Erreflexu efektua da».

Horri bere esku hartzea gehitzen dio gizarte langileak, coaching-aren tresnan oinarriturik, hausnartzera gonbidatzen duten galderen bidez. Zaldiarekin ariketa bat egitea proposatzen dio pertsonari. Behatu eta batzuetan esku hartzen du; bestetan, bere kasa utzi eta bukatzen duenean galdetzen dio.

«Batek esan zidan pozik zegoela, ez zuela gehiago behar, baina zaldiak bultzadatxo bat eman zion buruarekin eta erlazio bat irudikatzen zuen uztai batetik atera zuen. Bizkarrean jasotako bultzada horren ondorioz, hanka atera zuen uztaitik eta erreakzionatu egin zuen. Kasualitatea izan daiteke, baina orduan kasualitate asko pasatzen zaizkit», adierazi du.

«Beste lagun bat oso uzkur agertzen zen. Une batean, berarentzat oso inportantea zen zerbait esaten ari zelarik, zaldiak ezpainekin belarri-gingiletik heldu zion. Pertsona hori negar batean hasi zen, ez zuelako hori espero. Beste saio batean, pertsona berarekin, zaldia ez zen berarengandik banatzen. Burua jartzen zion sorbaldan… Ez nuen sekula hala ikusi. Saioan gertatzen ari zenarekin zegoen lotuta».

Baliabidea, pertsonaren esku

Sinpleki, informazio bat jasotzen du zaldiak eta horren arabera jokatzen du. Romerok ez du zaldiaren jokaera itzuli edo interpretatzen, ez dakielako gertatzen denaren kausa-efektua zein den. «Jende ugari etortzen da ideia horrekin, baina ez dut hori egiten. Pertsonari eskaintzen diot baliabide hori berak esanahia hartzeko eta ulertzeko zer esaten dion berari gertatzen ari denak. Adibidez, zer esaten dizu bat-batean zaldia pistaren beste puntara joateak?».

Saioetan, esperientziaren bidez ikasten da, garun emozionalarekin. Kontzientziarako eta ikasketarako beste ate bat zabaltzen da. Sevillarrak dioenez, askoz indartsuagoa da zaldiarekin egitea. «Ikasketa mota ezberdin bat da, grabatua gelditzen da eta gehiago irauten du. Ez da gauza bera bata bestearen aurrean eserita solas egitea eta esaten ari zarena bizitzea. Zure emozioarekin zaude, zure gorputzarekin; faktore gehiago sartzen dira».

Galdera metaforikoekin ere lan egiten du. Adibidez, zaldia adi-adi kanpora begira ari dela, hala galdetzen dio gizarte langileak pertsonari: «Nora begiratzen duzu zuk gertatzen ari zaizunaren aurrean?».

Hazkuntza edo «coaching»-a

Hazkuntza pertsonala ume zein helduekin egiten du; coaching-a, helduekin. Hala azaldu du Romerok bien arteko ezberdintasuna: «Coaching-ean, pertsona aldatzeko xedearekin etortzen da. Aldaketa bat dakarren ekintzara zuzenduta dago. Hazkuntza pertsonalean, aldiz, barrena hustera etor daiteke. Besterik gabe, kontzientzia har dezake, ez dagoelako prest oraindik aldaketarako. Kezkatzen duen bere bizitzako alderdi batean lan egiten dugu eta pixkanaka, aurrerago agian, aldaketak egingo ditu. Pertsonari egokituagoa dago».

Bien oinarria antzekoa da. Hausnartzera gonbidatzen duten galderak erabiltzen ditu. «Norbera da bere bizitzaren protagonista. Gai da bere kasa erantzuna aurkitzeko. Ez da hartzailea, aktorea baizik. Orainetik gerora egiten dugu lan. Ez ditugu iraganeko gaiak lantzen, ezta arazo psikologikoak ere, ez bainaiz psikologoa. Horregatik, ez diot terapia deitzen. Badira zaldiekin egiten diren terapiak, baina hau ezberdina da, nahiz eta terapeutikoa den zaldiarekin eta inguru honetan egotea».

Zaldia laguntzailea da, kidea.

«Aske dago, ez badu pertsonarekin egon nahi ez dugu behartzen», agertu du.

«Mindfulness»-a

Erlaxazioa eta arreta osoa lantzen du, mindfulness-a. «Zaldia maisua da horretan, momentuari adi bizi baita, ihes egin ala ez erabakitzeko, segurtasuna baita garrantzitsuena berarentzat. Hortaz, zein bera baino hobe orain eta hemen egoteko. Zaldiaren gorputza ukitzen du pertsonak, sentitu… Meditazio gidatua ere egiten dut».

Proiektuaren harrerarekin kontent dela kontatu digu, nahiz eta hemen hain berria izanik jende gutxik ezagutzen duen. Ateak jotzen ari da, ezagutarazten. «Poliki-poliki, honek denbora behar duelako iristeko. Jendeak gainean ibiltzearekin edo arazoak dituzten umeekin identifikatzen du zaldia, baina bada beste modu bat. Zure ongizaterako da, hazteko, zerbaiten kontzientzia hartu eta aldatzeko, orain min egiten dizuten alderdiak hobetzeko. Mugatzen gaituzten sinesmenak aldatzea da. Halako sinesmen asko ditugu. Ez gara kontziente eta lan honek horretan laguntzen du. Blokeatzen gaituzten sinesmenak dira. Bidea zailtzen diguten pentsamendu negatiboak».

Onurak

Dioenez, jendea harrituta gelditzen da sotiltasun horrekin eta lan egiteko hain era ezberdinarekin ikuspegia nola aldatu zaien ikusita. Normalki mundua edo egoera jakin bat ikusteko modu bat dugu min ematen diguna eta esperientzia honek aukera sorta batez jabetzen laguntzen ahal du.

Lan kontuak, dolu baten zailtasunak, bizitzako aldaketa bortitz bat, erabaki garrantzitsuak hartzea, pertsonekin egoera zailak kudeatzea, ezetz esatea, mugak jartzea, mendekotasun emozionalak… Askotariko arazoekin lan egiten du.

Ekintzaileekin ere bai, gauza asko mugitzen delako prozesu horietan: «Blokeatzen gaituzten sinesmenak, laguntza eskatzeko trabak, zer uste dudan ari naizela transmititzen eta zer transmititzen dudan benetan, norbere buruan sinesteko zailtasunak…». Romerok agertu du pertsona batzuk arazo batekin baino gehiagorekin heltzen direla, bizitzaren arlo batean eta bestean kalte egiten ari dielako zerbaitek.

Edozeinentzat

Jaso duen formaziotik abiatuz, momentu zailetarako eta zerbait hobetu behar denerako laguntza eskaintzen du Inma Romerok. «Ez da ludikoa, nahiz eta bere parte ludikoa ere baduen. Ez duzu gainean ibiltzen jakin beharrik eta ezta dibertsitate funtzionala izan beharrik ere. Edozein etor daiteke, baita adinekoak ere. Uste baino eskuragarriagoa da».

Batzuek ez dute ulertuko zertarako jo honetara, besteek pentsa dezakete ez dela haientzat. Baina edozeinentzat dela azpimarratu du Moraimaren sortzaileak, estutasuna sortzen duen edozein alderdi hobetzeko. «Hain beharrezkoak ditugu laguntza hauek...».

Interesa duenak webgunean topatuko du informazio gehiago (coachingymasconcaballos.com), edo telefonoaren bestaldean (617 56 97 33).

«Normalki mundua edo egoera jakin bat ikusteko modu bat dugu min ematen diguna eta esperientzia honek aukera sorta batez jabetzen laguntzen ahal du»

«Pisu handia nuen bizitzan, momentu oso-oso gogorrak pasatu nituen eta Morantek asko eman zidan. Horregatik, oso harreman ona dut berarekin»