Xabier Izaga Gonzalez
Entrevue
Xabi Otero
Jauzarreako zuzendaria

«Argi ikusi nuen egokiena kanpoko jendeak eurek euskaldunen gainean egindako lanak kontatzea zela, eta ondoren guk liburu batean biltzea»

Nafar argazkilari ezagunak, besteak beste, Jauzearreak antolatutako Atlantiar kongresuaren eta bertan aurkeztuko dituzten proiektuen berri eman digu, betiere euskal kultura aztertu eta munduan barrena ezagutarazteko asmoz

Xabi Oterok bizitza osoa argazkigintzan eta liburuak argitaratzen jardun du. Bere lanak beste zenbait diziplinara eraman zuen, euskal kulturaren azterketa ipar. Gaur egun Jauzarrea euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsaren zuzendaria da. Luze hitz egin digu irabazi asmorik gabeko erakunde horren lanaz eta hark antolatuta datorren urriaren 18an Hernaniko Orona Fundazioa auditoriumean izango den Atlantiar kongresuaz.

Zergatik Jauzarrea?

Jauzarrea gure etxearen izena da, Jauregizarrea alegia. Gure amatxi baztandarra zen, eta Arraiozko etxe hori duela 30 urte erosi genuen emazteak eta biok, erortzeko zorian zegoela. Dorretxea da, egurrezkoa. Orduan ez genuen ez pisurik ez ezer, eta nahaspila honetara sartu ginen.

Zuen egoitza ere bada.

Bai, guztiaren egoitza da, Jauzarrearena, argitaletxearena [Txoria Errekan], eta kanpotik datorren jende guztia, kongresuetara ekartzen ditugun adituak-eta hemen hartzen ditugu. Etxe hau katalizatzailea izan da, gu batzeko, eta hau guztia sortzen den leku fisikoa; gainera, garrantzitsua iruditu zitzaigun hemen, Nafarroan izatea.

Nola sortu zen funtsa?

Berrogeitik gora urtean ehunka autorerekiko harremana izan dut neure lana zela-eta; horrek bideratu nau orain egiten ari garena bultzatzera. Oso bilakaera logikoa, naturala izan da, euskal kulturaren, historiaurrearen, antropologiaren eta abarren arloko hainbeste jenderekin harremana izanda, buruan ideia bat lantzen hasi nintzen: nola konta litekeen ondo gure historia. Horretan jardun dugu gure argitaletxearentzat edo eskatu diguten instituzioentzat. Egin ditugun liburuak euskal ondarearen ingurukoak dira, eta nik beti ikusi dut gabezia bat, jendearengana iristeko moduko azalpen erraz batena, gure historiaren kronologia modu homogeneoan kontatua faltan botatzen dut. Ezagutu dudan guztia hainbat eremutatik edo diziplinatatik ezagutu dut: arkitektura, antropologia, arkeologia, paleontologiatik… Beraz, kontua da nola batzen dugun dena jendeari ahalik ondoen azaltzeko.

Aspaldiko ideia duzue, ezta?

1997an “Euskal Herria. Esentziak” liburua egin genuen, herri honetan aldatzen ez dena, tradizionala bildu genuen. Liburu hori ez da zaharkitu. Bertan ez da autoen edo jantzi modernoen argazkirik. Artisauak, dantza tradizionalak, itsasontziak dira denak. Hori ikusita, pentsatu genuen gure liburuetan beti historiaurrera iristen ginenean huts handi bat topatzen genuela. Topiko asko daude, eginda dagoena behin eta berriro kopiatzen dugu, baina dioguna zuzena den ziur jakin gabe.

2004an, “Jose Rota. Aezkoa” ibar horren gaineko liburua egiten ari ginela, ibarreko familia asko ezagutu genituen eta gauza bera pentsatu genuen, zer edo zer egin beharra zegoela. 2006an, arkeologo batzuekin lanean ari nintzen ni Praileaitzen, eta, instituzioek oso gaizki tratatutako kontua zenez, hura babesteko kanpainari ekin genion. Han berretsi nuen politikaren eremu guztietan kulturarekiko sentsibilitate falta hori. Hura aberaste prozesua izan zen guretzat.

Ikertzaileak kanpokoak dira.

Esandako autore ugari horiek, kulturaren, batez ere ondarearen eremuko jende hori biltzeko prozesuan, argi ikusi nuen egokiena kanpoko jendea ekartzea zela, eurek euskaldunen gainean egindako lanak konta ziezazkiguten eta ondoren guk liburu batean biltzea. Oso jende garrantzitsua da. Oppenheimer, Vennemann, Dennis Stanford gonbidatzen baditugu, eurek emango digute euren lanaren berri, ez Xabi Oterok, ez Beatriz Etxeberriak [Oteroren emaztea], eurek baizik.

Momentu honetan mundu osoko 207 ikertzaile ditugu, eta haien lanen sintesia agertu nahi dugu liburuan, jendeak eskuan eduki ahal izateko moduan. Egin ditugun lau kongresuetara etorri den jendea badago, baina jende hori ez da azken urteetan antolatu ditugun 130 hitzaldietara etorri. Bestetik, mundu osoko kolaboratzaile horietako asko ezin izango dira urriaren 18an etorri, horregatik nahi ditugu denak argitalpen batean elkartu, gure giza taldearen, euskaldunon kronologia egin, Afrikako hasieratik gaur arte.

Urrian egingo duzuen kongresuaren ondoren argitaratuko duzue?

Bai. Aurten kalean beharko luke. Espero gabeko arazo bat izan dugu, eskuan tendinitisa daukat eta maketazioa-eta neuk egiten dudanez, orain horri dagokionez egonean gaude eta larri nabil, gehiegi atzeratuko den beldur; nolanahi ere, aurten bertan argitaratu nahi dugu, hasitakoaren zirkulu hori ixteko eta oinarri bat izateko. Izenburua nahi baduzu, probisionala bada ere, “Euskal Zibilizazioa. Euskaldunen 45.000 urte”. Liburu hau eta Jauzarrean egiten dugun guztia gure giza taldearen historiaren gainekoa da, Afrikatik Pertsiarantz eta Mesopotamian eta Anatolian barrena, Europatik honaino. Hori da gure interesa, ea gure Homo sapiens familiaren zuhaitz genealogikoa berreraiki ahal dugun, jendarteari azaltzeko, euskal identitatearekin azaldu ere. Oso zaila da zehaztea noiz sortzen den euskal identitatea, baina badakigu modu inkontzientean eraikitzen joan dela milaka urtean barrena. Orain dinamika politikoagoa dago, baina lehen biziraupenak berak markatzen zuen.

Jauzarreak identitatea aniztasunaren aberastasuna dela dio. Zenbait arlo ideologikotatik, ordea, bizikidetzaren eta demokraziaren etsaitzat jotzen dute.

Bai, baina horiek ez diote beren identitateari uko egiten. Guk beti esan dugu geure iragana ezagutzen badugu, hobeto ezagutuko dugula geure oraina; egin ditugun hutsen berri izanda, akatsok berriro egitea saihestu ahal izango baitugu. Jakin nahi dugu eta, diasporako jendea bere deitura nondik datorren jakitera datorren era berean, utz diezagutela jakin-mina asetzen gutxienez; ez baitigute hori egiten ere uzten. Extremaduran baten bati hango azterketa genetikoa egitea bururatuko balitzaio, gauza bikaina izango litzateke; euskaldunei bururatzen bazaie, «badabiltza, betikoak...». Baina guk ez dugu inolako konplexurik, eta uste dugu polita dela herritar libre gisa egitea. Kanadan, esate baterako, oso polita zen indiar komunitateetan egiten zizkiguten ekitaldietan, edo han egin genuen kongresuaren lehen egunean, han zirela agintariak, Unibertsitateko errektorea, Kanadako Osasun ministroa izandakoa, Eskozia Berriko Kultura ministroa, gure delegazioarekin zeuden guztiak, eta han ziren gure hogeitaka hizlariak. Guk ikurrina bat eman genien eta eurek guri Mi’kmaq-en bandera. Gu euskal herritar gisa joaten gara hara, hemengoak, Argentinakoak, Mexikokoak, Ameriketako Estatu Batuetakoak edo Kanadakoak; guk geuk ordaintzen dugu eta ez diogu inori konturik eman behar. Askatasun hori da gure abantaila, eta Europako indigenak garela aldarrikatzen dugu.

207 ikertzaile horiek Jauzarrearen kolaboratzaile finkoak dira?

Bai. 64 instituziotakoak dira, unibertsitate edo ikerketa elkartetakoak, eta 30 herrialdetakoak. Iaz, Kanadako kongresua egin genuen, guk antolatu baina Cape Bretongo Unibertsitateak ordaindua (Eskozia Berria, Kanada), eta deitu genituen guztiak joan ziren, Ingalaterratik, Alemaniatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Danimarkatik… Halako dinamika sortu dugu, eta horregatik jarraitzen dugu, hasi ginenean pentsatu baikenuen lau kongresu egin eta aktak argitaratuta gure eginkizuna bukatuta zela. Kontua da jende horrek esan zigun guztia entzun eta gero, eta esan ditzaketen beste asko daudela jakinda, pena ematen zigula. Kanpokoen erantzuna ikusita… baita barrukoena ere, zeren hasieran ez genuen inolako sostengurik, eta aurrera egiteko 400 lagunek kuota bat jarri genuen lau kongresuok eta hitzaldi piloa egiteko. Urtero batez beste 440 lagun biltzen genituen Ficovan, eta hura guretzat adore-txutea izan zen. Herri honetan interes handia dago.

Ez duzue bestelako laguntzarik izan?

Susana Soto San Telmo Museoako zuzendaria eta Karmele Barandiaran etorri zitzaizkigun euren laguntza eskaintzera. Sekulako laguntza: hiru urtean 26 hitzaldi antolatu genituen haiekin. Guk hizlariak eta publikoa eraman genituen, eta aretoa eta gainerako guztia eurek jarri zuten. Horri esker eutsi genien gure jarraitzaile askorekiko harremanei. Ondoren, Kanadan genituen kontaktuen bidez ikusi genuen hango Mi’kmaq indiarrekin kongresu bat egiteak merezi zuela. Cape Bretongo Unibertsitatean Unama’ki College dago, ikasketa indigenen fakultatea nolabait. Unibertsitatean hartu gintuzten eta, hemen egiten dugun bezala, astebete eman genuen taldeak eta hizlariek lanean. Han gastatu zuten dirua hemen ez dute gurekin 15 urtean gastatu. Horregatik konfiantza handiagoa izan dugu bazkideengan, bizirauteko baino ematen ez badu ere.

Zenbait proiektu aurkeztuko dituzue kongresuan.

Bai. Horietako bat “Soluzio Solutrensea” delakoaren hipotesia erakusten laguntzea da. Dennis Stanforden eta Bruce Bradleyren hipotesi horren arabera, duela 20.000 urtetik gora hemendik Ameriketara joaten hasi ziren, itsasontziz, izotzaren ertzetik, egun ere inuitek Groenlandian egiten duten bezala. 4.500 urtean izan zen Bordeletik gaurko Virginiarainoko izotzezko zubi hori. Han aurkitutako zenbait elementuk hala adierazten dute. Eta hori ez da duela 15.000 urte Siberiatik joandako migrazioa.

Kanadako nazio indiarrekin harremanetan jartzeko asmoarekin hasi zen proiektua, eta genetika azterketa bat egitea lortu dugu. Ingalaterrako Huddersfieldeko Unibertsitateak garatu du. Populatze harekiko harremana izan zezaketen lehen nazioetako lagin batzuen azterketa egin dute, ea hemengoekin parekagarriak diren.

Aurten euskal genetikaren gaineko beste ikerketa bat egingo da, inoizko zabalena. Euskal Herri osoko 550 odol lagin aztertuko dituzte Huddersfieldeko Unibertsitateko ikertzaileek. Giza eboluzioan eta migrazioetan adituak dira, eta eurek eskaini ziguten azterketa egitea. Kuota bidez ordainduko dugu; dirutza da. Gauza asko zehaztuko dituzte, duela 40.000tik gora urteko markatzaileak bilatuko baitituzte, eta erantzun asko emango dizkigute.

Beste proiekturik?

Bai; esate baterako, Txinako Txengduko unibertsitate batek abiatu duena. Munduko hamabi kulturaren gaineko kongresu batean eta erakusketa batean parte hartzera gonbidatu gaituzte, euskal kultura hamabi horietako bat baita, eta munduan barrena erakutsiko dute.

Eta beste bat hasita daukagu, Unama’ki-Louisbourg, Parks Canadarekin egiten ari garena. Parks Canada herrialde hartako parke naturalen eta ondare historikoaren kudeaketaz arduratzen den estamentua da. Bada Louisbourg izeneko gotorleku bat, 1744. urtean zen antzera birsortua. Hango bigarren hizkuntza euskara zen. Bi neska joan ziren hara, euskara, frantsesa eta ingelesa ondo dakitenak, euskal dantzak eta kulturaz dakitenak; XVIII. mendeko jantzi eder batzuk egin genituen, txistu bat eta danbolin bat, mende bereko modeloak kopiatuta. Ekainean hasi ziren eta harrera ezin hobea izan dute. Euskal abizenak dauzkan jendea joaten da, batzuk indioak, eta euskara entzuteak harritzen duen jende asko. Gure enbaxada moduko bat izan daiteke hura. Euskal kultura eta identitatea munduan barrena zabaltzeko modu bat da. Leku hartara 150.000 lagun joaten dira, eta arreta ematen dien guztiaren argazkiak eta bideoak egiten dituzte. Parks Canadaren bidez hedatzea estrategia polita iruditzen zait, ez baita Gasteizko Gobernua, ez Nafarroakoa; ez gara euskaldunak zuzenean geure kultura hedatzen dugunak.

 

Atlantiar kongresua, euskal kulturaz ikasteko eta munduan erakusteko

Lehen herriei eta euskaldunei buruzko ikerketa lanak izango dira urriaren 18an Hernaniko Orona Fundazioa auditoriumean Atlantiar Kongresuak jorratuko dituen gai nagusiak. 300 lagunentzako lekua dago aretoan; beraz, izena emateko epea denak betetzen direnean itxiko da. Hamabi orduan beren arloetan aitzindari diren hainbat hizlari entzuteko aukera izango da, 60 euroren truke; https://jauzarrea.com helbidean, Kongresuaren kartelaren azpian, erraz asko eman daiteke izena.

Kongresuaren eta oro har Jauzarrearen helburuaz, hauxe dio Xabi Oterok: «Barandiaranek-eta esaten zigutena, hortik zihoan dena, oso intuizio zuzena zen. Onena da orain hori zientifikoki berresteko aukera dagoela, eta horixe egiten ahalegintzen ari gara».

Kongresurako daukaten baliotsuena, dioenez, lanak lehen eskukoak izatea dela dio, ikertzaileek berek egindako lanak. «Terapia kolektibo moduko bat da». Gehienak ez dira gazteak, eta hainbeste urtez zenbait gauza modu batera azaldu ondoren, orain, baliabide eta datu berriak daudela, uste dute gauzak bestela kontatu behar direla, zuzendu beharra dagoela. Horregatik, Oterok aurten argitaratuko duten liburuaren hasieran, kontatzen dutena hipotesi bat dela dio, «egunero aurkikuntzaren bat baitago, gauzak etengabe zuzendu edo birplanteatzera behartzen zaituena». Jendeari gertatu denaren orientazio bat ematea da euren ideia.

Kongresua nazioarteko ikertzaile horien bultzada da, nolabait Jauzarrearen lanaren aitortza, eurek ere elkarte horren beharra dutela diote-eta. Hainbat diziplinatako ikertzaileak aste batean elkartzea beren lanak azkartzeko oso onuragarria dela diote. Kongresu baten ondoren, haietako batek Oterori esan zionez, astebetean hiru urtean baino lan gehiago egin zuten denak bilduta. Ba omen dira Ontarion Kanadako arkeologia enpresarik handiena duten senar-emazte batzuk, Kongresuari laguntzeko 5.000 dolar bidali dituztenak. «Denek nahi dute Jauzarreak jarrai dezan. Hori kanpoan, eta hemen inork ez digu jaramonik egiten», dio Oterok.

Baina Jauzarrearen helburua euskal kulturaren berri zabaltzea ere bada. Asmo hori dauka Unama’ki-Louisbourg proiektuak. «Nik 1983an ezagutu nuen Louisbourg, ikertzaile joan nintzenean. Ondoren joandakoetan euskal arrastorik islatuta ez zela ikustean, 1997an proposatu genien hara euskal ikasleak bidaltzea, han euskara entzun zedin eta harremanak sortzeko; hemen ere proposatu genuen, baina inork ez zigun jaramonik egin», dio Oterok. 2015ean, ordea, Parks Canadako arduradunetako batek, Lester Marchand Goynetche hango euskaldunak, Oteroren proposamena ondo ulertu zuen, berak sartu baitzuen gotorleku historiko hartan Mi’kmaq indiarren presentzia. 2018an, Kanadako Cape Breton Unibertsitatean Jauzarreak egin zuen kongresuaren ondoren, Eddie Kennedy Parks Canadako orduko zuzendaria joan zitzaion Oterori, kongresuan zegoen maila ikusita harrituta geratu zela esatera, eta proiektua abiatu beharra zegoela.

Dagoeneko hiru euskal ikasle daude Louisbourgen, hamar astez euskal kultura eta hizkuntza erakusteko. Haietako bik, Amets Aranguren eta Mirari Loyartek Parks Canadako ekipoan lan egiten dute, arrantzale etxe bateko alaben papera antzezten eta euskal kultura erakusten, eta hirugarrena, Marta Vazquez, antropologia lan bat egiten ari da. Proiektuaren gastu gehienak Jauzarreak ordaintzen ditu, eta Parks Canadaren eta Cape Breton Unibertsitatearen laguntza handia du.