Pello Otxandiano

(Kontra)gailurra

Gauzak ez dira berdin bizi oporretan zaudenean, deliberatuki, behar eta merezi duzulakoan, egunerokotasunetik aldentzen zarenean. Egun gutxi barru berriz ere harrapatuko zaituela badakizun egunerokotasun politikoari bizkarra emateak plazer moduko bat ematen du. Erritmo frenetikoari “jango nauzu berriro ere, baina gaur ez!” esan ahal izatea, eta norberari eta ingurukoei denbora gehiago eskaini ahal izatea garaipen txiki bat da gaurko munduan. Twitter itzaltzen jakin behar horretarako. Bide batez, geroz eta argiago dut sare sozialen bidezko harreman-molde hauek, egungo gizartean nagusi direnak, gure kalterako baino ez direla.

Bukatu da G7a, joan dira agintariak. Ikusi ditut eztabaida sutsu batzuk euskal txiosferan. Bada penatuta dagoenik G7a baldintzatzea lortu ez delako. Galdera litzateke G7a baldintzatzerik ote zegoen, edo, are gehiago, G7a baldintzatzeak zer esan nahi ote duen. Denok dakigunez G7koek ez baitute erabakiak hartzeko Biarritzeko hotel baten beharrik. Beraz, agian, haserrea nahi beste adierazi ezinak haserretzen ditu, batez ere; iraganeko kontragailur batzuetan egon den erantzun mota eman ez izanak, alegia.

Hogei urte pasa dira Seattleko kontragailurretik hona. Globalizazioaren kontrako mugimenduak protesta molde era guztietakoak erabili ditu harrezkero egon diren gailur ezberdinetan, eta hogei urteotan izugarrizko atzerapausoak eman dira demokraziaren eta askatasunen ikuspegitik. Gehiago kezkatu beharko gintuzke ezkerraren panorama orokorrak: hamarnaka mila etorkin Mediterraneoan itota, krisi klimatikoa bertan, autoritarismoaren gorakada… eta Europan ez dago ordena alternatibo baten oinarriak jartzeko gai den ezkerrik.

Breakthrough Klimaren Leheneratzerako Australiako Zentroak maiatzean publikatu zuen “Klimarekin lotutako segurtasun arrisku existentziala: agertoki hipotetiko baten analisia” dokumentuak adierazten duenez, hamar urte ditugu krisi klimatikoaren aurrean erreakzionatzeko. Mende honetako hurrengo hamarraldia hil ala bizikoa izango da. Testuinguru historiko oso berezian aurkitzen gara, beraz. Kapitalismoaren antagonismoak muturrekoak bilakatu eta gizadi osoari eragingo dioten garaian. Egoera katastrofikoa da, edo oso hurbil dago hala izatetik.

Gizadiaren historian momentu singularra da honako hau. Arriskutsua eta beldurgarria bai, baina bere baitan esperantzaren hazia ere ekar dezakeena. Inoiz ez baita hain agerikoa izan hainbeste jenderen begietara, datozen urteetan izango den gisan, kapitalismoari errotik kontrajartzen zaion ordena baten beharra. Ordena berri horrek ezin lezake itxaron gainera: erreakzionatzeak sakoneko aldaketak egitea esan nahi baitu hondamendiari iskin egin nahi bazaio. Hortxe ezkerraren aukerak.

Agian, garaia da kontragailurrak egiteari utzi eta gailurrak egiten hasteko. Boterea eskuratu dezakegula sinisteko eta garai historiko honek eskatzen duen neurria emateko. Bestela, gureak (denonak) egin du. Uste dut Biarritzeko kontragailurraren intuizioak hortik joan direla: alternatibak erakusteko saiakera egin, konplizitateak josi eta ondoko hilabeteetarako aukerak erein, euskal eskala eraldaketa eskala gisa marraztu… Bere txikitasunean bai, ahal izan den moduan bai, eta herri gisa ditugun ahalmenetatik urrun, hori ere bai.

Iraultzaile on gehienok oporretan egon garen bitartean, birra hotz batekin itsasoari begira, beste jende bat (ez hain iraultzailea) lanean egon da. Iraultzailea ere bada lan egiten duen jende zintzoa zaintzea. Beste baterako utziko dut norbera egiteko prest ez dagoena besteei eskatze hori. •