Iñaki Altuna

Hauteskunde ziklo iraunkorrean murgilduta

Gauza jakinak ere albiste bilaka daitezke. Jakina baitzen PSOErentzat EAJ aliatu estrategikoa dela eta izan dela luzez, ia beti. Jakina izan arren, ordea, lehen orrialdeko titular bilakatu da aste honetan halaxe nabarmendu duelako Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak. Koiunturaz gaindi EAJ bidaide dutela azpimarratu nahi izan zuen Abalosek, jelkideen ordezkaritzak Pedro Sanchezekin eta presidentearen ondokoekin bilera egin ostean; Espainiako Gobernua osatze aldera edo, besterik ezean, hauteskunde kanpainara iritsi aurreko PSOEren antzezlana eszenaz eszena jarraitzeko egindako bileraren ondotik.

Izan ere, abiatu berri dugun urte politikoaren hasieran horixe da aipagai nagusia uneotan, baita Euskal Herrian ere: Espainian Gobernua osatuko ote den edo osatu gabe geratuko ote den; edo beste modu batera esanda, hauteskunde orokorrak errepikatuko ote diren edo bozketa eguna ekidin ahalko/nahiko duten.

Aste hasieran hipotesi nagusia azaroan hautetsontziekin hitzordua izango dugula genuen, PSOEren eta Unidas Podemosen harremana berriro bideratzeko aukera gutxi baitzegoen, ostegunean hasitako bileren zain. Artikulu hau bilerok eman dutena jakin gabe idatzita dago, betiere Sanchez inbestitzeko itxaropen gutxi bazegoen ere.

Akordiorik ezean, bazirudien bi lehentasun baino ez dituztela izango alderdiok, elkarloturik dauden bi lehentasun: gertatutakoaren kontakizunean norberaren bertsioa gailentzea, alde batetik, eta hauteskunde erronkarako ahalik eta hobekien kokatzea, bestetik. Eta, antza, Sanchez egoera hobean kokatuta etorri da oporretatik. Horregatik, hain zuzen, indartu da aurreko asteetan hauteskundeak egiteko aukera. Nonbait, Pablo Iglesiasek PSOE koalizio gobernua osatzeko proposamena egitera behartu zuenean lortu zuen egoerarik onena, baina hura baztertu ondoren gainbehera egin du egunetik egunera.

PSOE Unidas Podemos baino indartsuago dago, bai inbestidura jakin bat lortzeko –ez baitirudi uztaileko gobernu koalizioaren tamainako proposamenik egongo denik– bai hauteskundeetara jotzeko, Sanchezek Iglesiasi kosk egingo liokeelako bozetan. Kalkulu horiek guztiak, baina, bi alderdi horien arteko lehiaren arabera eginak daude, kontuan hartu gabe azken hauteskundeetan ultraeskuinari aurre egiteko mobilizatu zela hautesle asko, eta ondoren hauteskunde errepikapenarekin horrela aritu izanak xenofobia, matxismoa eta arrazismoa indartzeko arrisku horren larritasuna baretu egin duela. Fribolo samarra izan da dena.

Bertatik bertara ekiteko denbora galtzen

Hauteskundeen berriro egiteko aukerak, gainera, hauteskunde zikloen arteko tarteak laburtu egin ditu. Ziklo bakoitzaren ostean denboratxo bat egon ohi zen garai batean bestelako prozesu politiko batzuk bideratu ahal izateko, baina badirudi etenik ez duen hauteskunde aldi iraunkor batean murgiltzen ari garela berriz ere. Hurrengo urtean dira EAEko hauteskunde autonomikoak eta Ipar Euskal Herriko herri hauteskundeak, urrutira joan gabe. Eta errealitate horrek muga dezake Euskal Herrian egin behar diren zenbait eztabaidari (estatus politikoa, gatazkaren ondorioen aterabidea, iragartzen ari den krisi berria…) behar adina aukerekin eta denborarekin heltzea.

Azken finean, Euskal Herrian bertatik bertara pentsatzeko eta ekiteko hilabete eder asko joaten ari dira behar bezala aprobetxatu gabe, Espainiako Gobernuaren osaketa dela eta ez dela. •