14/09/2019

Reportage
«OVERSHARING»
Sei hilabetez azpiko haurtxoen %81ek presentzia daukate sare sozialetan

Jaio aurretik haurren %23ek presentzia daukate sare sozialetan, gurasoek ekografiak jartzen dituztelako. Beren bizitzetako lehen sei hilabeteetan %81ek daukate presentzia, eta, koskortu ahala, gora egiten du ehunekoak. Adituek «oversharing» edo «sharenting» bezala izendatu dute joera eta, xaloa begitandu arren, ertz arriskutsuak izan ditzake.

GAUR8
0914_haurrak4

Dagoeneko izena jarri diote: oversharing edo sharenting esaten zaio gurasoek sare sozialetan egiten duten haurtxoen gehiegizko esposizioari. Instagramen eta Facebooken gertatzen da nagusiki eta modu inuzentean zintzilikatutako irudiek espero gabeko bide ilunagoa egin dezakete. Horixe adituek eman duten abisua.

Segurtasun informatikoaren alorrean lan egiten duen AVG enpresak galdeketa bat egin du hamar herrialdetan, tartean Estatu espainola. Inkestak jaso duenez, haurren %23k sare sozialetan presentzia daukate dagoeneko jaio aurretik, haurdunaldian zehar gurasoek ekografiak argitaratzen dituztelako. Haurtxoen lehen sei hilabeteetan izugarri hazten da ehuneko hori, %81era iritsi arte. Eta haurraren lehen urteetan presentzia hori areagotzen joaten da.

Nominet konpainiak Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, gurasoek urtean batez beste bost urtetik beherako seme-alaben 200 bat argazki zintzilikatzen dituzte sare sozialetan. Horrek esan nahi du bost urte betetzerako haur horien mila bat argazki egon daitezkeela sarean. Errepertorioa askotarikoa da; lo gozoan dauden haurtxoak, bainua hartzen gustura daudenak, pixontzi berrian eserita daudenak, parkean jolasean dabiltzanak edota gurasoen begietara zoragarriak gertatzen diren beste hamaika egoera jasotzen dituzten irudiak. Arazoa da irudi horiek zoragarriak izatetik arriskutsuak izatera pasa daitezkeela gurasoek uste baino aiseago.

Edukien kontrola galdu

Webgune batera, blog batera edota sare sozialetara igotzen den edozein edukiren gaineko kontrola galdu egiten da hori argitaratu orduko.

Silvia Martinez UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Social Mediako masterraren arduraduna da. Bere hitzetan, «pentsatzekoa da gurasoak direla beren seme-alaben irudia babesteko interes handiena dutenak eta haien ongizatea denaren gainetik zainduko dutenak. Horregatik, irudi bat zintzilikatu aurretik, adin txikikoen interesak eta eskubideak gailendu behar dira beste edozein interesen gainetik. Baina gurasoek seme-alaben argazkiak partekatzen dituztenean sare sozialetan –bereziki adin txikikoak baldin badira–, akaso ez dira horrek dakartzan arriskuen jakitun». Martinezen hitzetan, «maiz gurasoek pentsatzen dute irudi horiek beren inguruko lagunen artean baino ez direla zabalduko, baina askoz urrutirago irits daitezke». Adituaren arabera, gehienek profil publikoa dute eta edonork ikus ditzake irudi horiek. «Hala ere, nahiz eta gurasoek profil pribatuak erabili irudi horiek zintzilikatzeko, askotan ezagunak edo senideak dira gero argazki horiek zabaltzen dituztenak –askotan, gainera, gurasoen baimena izan gabe–. Beraz, profil pribatuan zintzilikatu arren, nahi baino urrutirago irits daiteke argazkia».

Sare sozialek berek araututakoaren arabera, plataforma teknologikoetan zerbait argitaratzen dugunean, informazio horren gaineko erabilera eta eskubide batzuk enpresa horien esku uzten ditugu. Adibidez, Facebookek zehazten duenez, «Facebooken eta Facebookeko gainontzeko produktuetan –Instagram horietako bat da– sortzen eta partekatzen dituzun edukiak zure jabetzakoak dira eta ezerk ez ditu baliogabetzen horien gainean dituzun eskubideak». Baina irakurtzen segituz gero, laster agertzen dira ñabardurak. «Facebooken argazki bat partekatzen duzunean, hori jasotzeko, kopiatzeko eta partekatzeko baimena ematen diguzu. Eduki hori edozein momentutan ezabatu dezakezu zure kontutik baimen hori bertan behera uzteko. Hala ere, ezabatutako eduki hori ikusteko moduan egon daiteke beste pertsona batzuekin partekatu baldin baduzu eta horiek ez badute borratu».

Datu gehiegi ematea

Adin txikikoen irudiak sare sozialetan zintzilikatzeak baditu beste arrisku hainbat. Esaterako, haur pornografiarako erabilia izan daiteke argazki hori mundu mailan. Horretarako, biluzik agertzen diren argazkietatik haurren genitalen irudiak eskura ditzakete eta nahieran erabili.

Komunikazio digitalean eta sare sozialetan aditua den UOCko Martinezek beste abisu bat ere ematen du: «Haurren inguruko edukiak partekatzeak, beren garapenaren berri zehatza emateak, gustatzen zaizkien gauzak aipatzeak, bisitatzen dituzten tokiak erakusteak edo, are, oso intimoak diren guneak erakusteak –beren logelak kasu–, arrisku handiagoak ekar ditzakete. Datu horiek guztiek informazio asko eskaintzen dute eta delituak egiteko asmoz edo adin txikiko horien kontra egiteko asmoz erabili ditzake norbaitek».

Horrez gain, seme-alaben haurtzaroa plataforma digitaletan kontatzean eta zabaltzean haien lehen aztarna digitalak inprimatzen ari garela dio Martinezek. «Argazki horiek argitara ematean, identitate digital bat sortzen ari gara eta akaso protagonista, adin txikiko hori, ez da gustura sentitzen identitate horrekin. Areago, lotsatuta ere senti daiteke informazio hain pertsonala publiko egiterakoan».

Bide horretan, Martinezek nabarmendutako ikerketa baten arabera, «gurasoen %56k beren seme-alabak lotsarazi ditzaketen edukiak partekatzen dituzte plataforma digitaletan, %51k haurrak lokalizatzeko moduko datuak eskaintzen dituzte eta %27k desegokiak diren irudiak zintzilikatzen dituzte».

Ondorioak uste baino larriagoak izan daitezkeela nabarmendu du adituak. «Jazarpena sufritu dezake edo irudi horiek modu okerrean erabili ditzakete beste batzuek. Horrek bere autoestimuan, izen onean eta harreman sozialetan eragin dezake».

Hartara, sare sozialetara irudiak zintzilikatzerakoan protagonistaren baimena eta oniritzia beharrezkoak direla dio Martinezek. «Arau hori gurasoei ere aplikatu behar zaie. Nahiz eta seme-alaben zaintza eta tutoretza beren eskuetan egon, adin txikikoaren iritzia aintzat beharko lukete bere aztarna digitala osatzeko orduan».

«Gurasoen %56k beren seme-alabak lotsarazi ditzaketen edukiak partekatzen dituzte, %51k haurrak lokalizatzeko moduko datuak eta %27k desegokiak diren irudiak»

Adituek ohartarazi dutenez, «maiz gurasoek pentsatzen dute irudiak beren inguruko lagunen artean baino ez direla zabalduko, baina askoz urrutirago irits daitezke»