05/10/2019

Iñaki Altuna
Estatuaren jokabideak bere kontakizuna gezurtatzen du

Kataluniakoak zer izan behar du, terrorismo arazo bat? Kontakizuna ez ote da izango Espainiak bai Euskal Herrian bai Katalunian arazo politiko bera duela?

Kontakizuna, errelatoa bihurtu da aspaldi hizpide nagusietako bat, askorentzat horixe baita kezka eta horren arabera aritzen baitira jardun politikoan, hamarkadotan gertatutakoari buruz bertsio jakin bat gailendu dadin, Francoren heriotzaren ondotik abiarazitako trantsizio politikoa zuritzeko eta hura zalantzan jartzen duen edozer baztertzeko. «Errelatoaren bataila» deitzen diote, egiarena izaterik ez baitu hainbeste gezurrekin. Ez genuen, bada, egiarik esperoko! «Bai, diktadura batetik gatoz estatu egiturak garbitu gabe. Botere faktikoek mugatutako Estatua da gurea eta indarkeria, modu eta era guztietan, erabili dugu horri eusteko; eta ez, ez diegu estaturik gabeko nazioei dagozkien eskubideak onartuko. Bai, herrien kartzela gara eta, behar izanez gero, torturatu egingo zaituztegu». Beste bat izan behar da, alafede, kontakizuna.

Kontakizun horrek bi oinarri ditu: zuzenbide estatu demokratikoa da Espainia eta hori zalantzan jartzen dutenek indarkeria erabiltzen dute, edo erabiltzeko asmoa dute. Euskal Herrian bistan da horrela izan dela, ETAk armak hartu zituela Estatu espainolari aurre egiteko, baina ez da horrela izan Katalunian azken urteotan garatutako prozesuan, eta horregatik saiatzen ari dira orain, berriro ere Auzitegi Nazionala erabiliz, «indarkeriaren» faktorea tartean sartzen, Katalunian gertatutakoa guztiz kontrakoa izan bada ere. Deigarria dena justu horixe da, hain erantzun bortitz gutxi egon izana Estatuaren gehiegikerien aurrean. Munduko edozein gatazkarekin edo liskarrekin alderatzea besterik ez dago. Harrika ere ez dute egin-eta manifestariek!

Nolanahi ere, indarkeriari buruzko aipamena munizio bilakatu dute, Auzitegi Gorenak kaleratuko duen sententzia justifikatzetako eta Kataluniako herritarrek sententzia horri emango dioten erantzuna zanpatzeko Estatuak hartu ahal dituen neurri errepresibo berriak justifikatzeko. Sarkasmoa ere bada Estatu espainolak besteei leporatzea indarkeriaren erabilera. Aitortu beharko diogu ETAri egia esan zuela Euskal Herrian indarkeria ez zela berarekin hasi eta borroka armatua utzi zuenean indarkeria ez zela desagertu esan zuenean. Katalunian indarkeria Estatuak baino ez du erabili.

Kontakizunaren guda irabazteko Estatua erabiltzen ari den guztiak, ordea, justu kontrako ondorioa izan dezake. Denborak esango du, baina bere ekinbidetik eta mezuetatik ondorioztatzen dena ez dator bat utzi nahi duen kontakizunarekin. Bistakoa da, adibidez, Euskal Herrian. Hemen ez zegoen konponbiderik behar zuen arazo politikorik. Gaizkile talde bat, hori zen dena. Eta nonbait, esate baterako, 47 lagunek Auzitegi Nazionalean ETAko kide izan izana formalki onartzeak errelato hori indartzen du, AVTk eta enparauek esan dutenez. Seguru? Auzitegi Nazionalak bideratu dituen prozedura judizialen arabera, ETAk milaka kide izan ditu, horietako asko pertsona ezagunak eta estimatuak; mugimendu zabalak egituratzeko gai izan da, hainbat herri ordezkari, intelektual eta ideologi ezberdineko hautetsi inplikatuz; kulturan, hezkuntzan, gizarte eremu guztietan eragina izan du… Seguru horrek denak Estatuaren bertsioa indartuko duela?

Eta, orain, Kataluniakoak zer izan behar du, terrorismo arazo bat, Torra eta Puigdemonten ardurapean? Azkenean kontakizuna ez ote da izango Espainiako Erreinuak bai Euskal Herrian bai Katalunian arazo politiko bera duela bi naziootako herritarrei bere etorkizuna erabakitzen uzten ez dielako? •